Abeslariak

Gayarre Garjon, Sebastian Julian

Berriz Lisboan. Bilbotik Donostia, Irun eta Hondarribira bere lagunekin udara pasatzera. Garai honetakoa izan behar du Amute auzoan Gayarreri gertatutakoa,  Teófilo de Arbeiza aitak, Pedro Garcia praktikanteari entzundakoa, honek bere gurasoei entzuna. Julian Gayarrek Amuten abestu omen zuen, kaputxinoen komentu aurreko plazan zegoen egurrezko gurutze baten aurrean. Gayarre lagunekin musean jokatzen ari omen zen. Eta partida bukatutakoan abesteko eskatu zioten. Gaueko hamar eta erdiak aldera plazara irten zen. Gurutzearen aurrean La Favorite-ren Spirto Gentil erromantzea abestu zuen, ahots-korda bikoitzen erresonantzia izugarriarekin, ahotsa gauaren isiltasunean Hendaiatik ere entzuten zelarik. Fraide kaputxinoak euren geletako leihoetara atera eta txalotu egin zuten. Bere gurasoei entzun zieten lekukoak oraindik bizi dira.

Garai horretan antzoki handietan abesteko jaso zituen eskaintza guztiak baztertu egin zituen; zenbait probintziatan abestu nahi zuen. Urriaren hasieran Zaragozara joan zen. Lehen agerraldia, zin egin zuelako edo bere aitaren aspaldiko nahiagatik, Pilareko Ama Birjinari eginiko bisita batean hala adierazi baitzion, Gounoden Ave María eta Righiniren La Salve abestu zituen, eliza gainezka zegoela. Leku sakratuari jendeak errespetua bazion ere, mirespeneko murmurioa nabaritzen zen. Kabildoko apaizek Ama Birjinaren zilar trinkozko irudi zoragarria oparitu zioten, eskaintza eta guzti.

Goya antzokian arrakasta izugarria izan zen. Inguruko kafetegiko aretoan egoteagatik ere sarrera ordaindu behar zen. Zaragozatik Malagara eta gero Granadara jo zuen. Hemendik Lisboara, San Carlos antzokira, eta aurreko denboraldian bezala arrakasta izan zuen. Erregeak Santiagoko Ordenako zaldun izendatu zuen, intsigniak oparitu zizkiolarik. Sari hau artista bati ematen zitzaion lehen aldia zen.