Abeslariak

Gayarre Garjon, Sebastian Julian

Portugalerako bidaian Madrilen gorabehera bat eduki zuen. Errege Antzokian Londresko Marcela Sembrich lankideak abesten zuen. Gayarre agurtzera joan zen eta Rovira enpresariak modu txarrean jaso zuen. Gayarrek ez zuen jarrera hau onartu eta bien arteko liskarra sortu zen. Mindutako enpresariak hainbeste arrakasta eskuratu zituen antzokitik Gayarre bota egin nahi izan zuen. Bertako lagun batzuek istiluan esku hartu eta lehiakideak banatu egin zituzten. Haserrea zabaldu zen musika munduan eta enpresak ondorio latzak sufritu zituen.

1882ko azaroaren 6an, Lisboan egin zuen debuta La Favorite lanarekin. Betiko arrakasta eskuratu zuen eta eserleku guztiak aldez aurretik agortu ziren. Hiru hilabetez aritu zen abesten, Oportorekin txandakatuz. Gau batean, arrakasta unerik gorenean zegoenean, lora sorta eder bat erori zen eszenatokira. Gayarrek etxera eraman zuen. Loren artean kutxatila txiki bat aurkitu zuen eta bertan hiru harri-bitxi zituen (errubi, diamante eta zafiro) urrezko eraztun ederra zegoen. Hau izan zen Gayarrek hil arte erabili zuen eraztun bakarra.

1883. urtearen hasieran, otsailean alegia, Napoli hirira joan zen. Hemen hiltzeko zorian egon zen. Publikoa erabat erotu zen bere L´Africaine-rekin. Napoliko gazteek arrakasta ospatzeko Possilippon otordu ederra eskaini zioten. Napolira itsasontziz itzuli ziren. Gau-ihintz heze eta lazgarriak kalte egin zion. Malariaz gaixotu zen. Medikoek bere egoera oso larria zela baieztatu zuten. Lago maisua eta Enrique Laban laguna bere ondoan egon ziren sukarrak jota egon zen bi asteetan zehar. Torregreco herrian sendatu eta indarberritu zen. Diotenez, hil zorian zegoenean Pilareko Ama Birjinari zera agindu zion: sendatu ostean, lehen aldiz, bere aurrean abesteko zuela. Ez dakigu promesa hori benetakoa den, baina bere lehen emanaldia Pilareko eliza eta Ama Birjinaren aurrean izan zen.