Abeslariak

Gayarre Garjon, Sebastian Julian

1885eko uda bukaera zen eta Gayarre Parisera joan zen. Frantziako hiriburuko L´Opera national de Paris antzokia falta zitzaion. Frantses hizkuntza ondo ikasiz bere burua prestatu zuen, ahoskatze zuzena erdietsi nahian. Ahalegin handia jarri zuen horretan.

Baina Madrilek bere presentzia eskatu zuten. Madrilera iritsi zen eta, aurkezpena baino lehen, Erregea hil egin zen. Alfonso XII.aren hileta-elizkizunak San Fernandoko tenpluan une horretako gertakari garrantzitsuena bilakatu ziren. Musika Barbieri maisuaren esku gelditu zen eta honek Madrilera iritsi berria zen Gayarre lagunari deitu zion. Gayarrek Taedet animan meam kantu laua abestu behar zuen, inongo akonpainamendurik gabe. Gayarrek zalantzan zegoen, baina maisuaren berbaldia entzuten zuen heinean, geroz eta gehiago interesatu zen eta "Hau bikaina da" (Itzulpena gazteleratik moldatua) oihukatu zuen. Ikasgai erlijioso haren zentzua eta sakontasuna bereganatu zituen. Momentua iritsi zenean kapera-maisu trebeenak egingo lukeen bezala abestu zuen. Madrilgo  gotzainak zera esan zuen: "Bai ni bai presbiterioa betetzen zuten beste gotzainak, Gayarreren ahots liluragarria entzuteak eserlekuetatik altxa arazten zigun; ikasgaiaren azken hitza, tenpluaren gangetan galtzen zen, Goi-goikoaren Tronuraino iristen zen aingeru-oihartzuna zirudien" (Itzulpena gazteleratik moldatua). Gayarrek bere denboraldi bikaina Lucía abestuz bukatu zuen. Entzuleek ez zioten txalotzeari uzten. Orduan, Julian Gayarrek eszenara piano bat ateratzeko eskatu zuen eta Gernikako Arbola abestu zuen.

Ghaillard enpresariarekin konpromisoa zeukanez, 1886ko apirilaren 7ko gauean  Operan estreinatu zen L´Africaine lanarekin. Ez da ahaztu behar antzoki hura frantses artisten gotorleku zela, eta santutegia eurena zela kontsideratzen zuten. Hala ere, Gayarrek hasierako jarrera hotza urtu zuen: "Txaloaldia izugarria izan zen, itzela; entzulegoa Pays merveilleux erromantzearen laugarren ekitaldia abestu zuenean erabat berotu zen, modu zoragarrian esan baitzuen eta txalo zaparrada artean errepikatu behar izan zuen - J. Enciso-" (Itzulpena gazteleratik moldatua). Xenofoboek Gayarreren aurka egin zuten prentsaren bitartez. Baina horrek ez zuen arrakasta zapuztu. Paris guztiak entzun eta goraipatzen zuen Gayarre. "Le Figaro", "Le Temps", "La France", "Le Matin", prentsa arduratsu guztiak bere arrakasta ospatzen zuen. Zorionak jaso zituen: Mr. Freycinet Ministro Kontseiluko presidentea eta Mr. Floquet Diputatuen Ganberako presidentearen eskutik. Azken hori gauero eszenara igotzen zen Gayarre zoriontzeko. Denboraldi bukaeran oroitzapenezko urrezko domina eman zioten bere jarduera bikainagatik. Gayarrek 1886ko apirilaren 14an Encisori Parisetik bidali zion gutun batean bere aurka zegoen kanpaina xenofoboaren xehetasunak ematen zizkion: "Ez dakit zein egunkaritako kritikari kopetilun batek Musikako Akademian (Opera) sartu izanagatik kexu da, aztoratzailea naizelako eta, batez ere, izarra naizelako, eta gainontzeko guztia desagertu egiten da, beste artistentzat hori iraingarria da" (Itzulpena gazteleratik moldatua).