Abeslariak

Gayarre Garjon, Sebastian Julian

Spirto gentil abestuz, beka irabazi zuen. Borondatea zen Gayarraren ezaugarri nagusienetakoa. Zerbait eskuratzeko asmoa zuenean, mugarik gabeko iraunkortasuna eta sendotasuna erakusten zuen. Lazaro Maria Puig Kontserbatorioko bere kantu irakaslea izan zen. Gayarrek ederki aprobetxatu zituen horren aholku eta ikasgaiak, baita maiz ikusten zuen Hilarion Eslavarenak ere. Madrilen Pepe Gainza Nafarroako pianista gaztea ezagutu zuen. Honek Tuterako jaietan Gayarreren debuta antolatu zuen, Luz y Sombra zarzuela abestuz. Erdietsitako arrakasta ekonomikoari esker Zaragozara joan zen, bertan hondamendia gertatu zelarik.

Gayarre hirugarren mailako bagoi batean ezkutaturik iritsi zen Madrilera. 1868ko iraileko iraultzak Kontserbatorioko beka guztiak bertan behera utzi zituen. Kale gorrian gelditu zen inolako baliabiderik gabe eta ezin zuen Hilarion Eslavarengana jo, hori ere pobrezian bizi baitzen. Bere ideal aurrerakoiak zirela eta, errepublikarren alde egin zuen hauteskundeetan. Hizlari modura aritu zen eta Saladeroko kartzelan egon zen preso.

Egoera eskas horren aurrean, Iruñara itzuli zen. Indar boteretsu batek arrakasta eta ospera eramango zuen sakrifizioaren bideari berriz ekitera behartzen zuela zirudien. Conrado Garcia eta Joaquin Maya, hasierako babesleak, bere susperraldiaren sustatzaileak izan ziren. Bi kontzertu antolatu zituzten eta kontzertu horietan Gayarrek bertako abeslariekin aritu zen. Lorpen handia eta arrakasta ekonomikoa erdietsi zituen.

1869an Nafarroako Foru Aldundiak Italian ikasketak egiteko mila pezeta eman zizkion. Irten aurretik bere Erronkariko familiari laguntzeko bi mila erreal bidali zizkion. 1869ko maiatzaren 25ean iritsi zen Milanera.