Abeslariak

Gayarre Garjon, Sebastian Julian

Errege Antzokian Bizeten Les Pêcheurs de Perles estreinatu zuen. Nadirren papera eginez arrakasta izugarria lortu zuen. Lorpen horien erdian, euforia haren artean, Gayarrek bere bukaera zetorrela aurreikusi zuen. 1889ko azaroaren 8ko Gayarreren eskutitz lazgarria: "Hau bukatu da". Abenduaren 8ko goizean Julio Enciso lagunari idatzi zion: "Gau honetan abestuko dut nire azken funtzioa, ondoren hilabete edo bi hartuko ditut atsedenerako, abestea eragozten didan gaitz hau sendatzeko eta uste dut lortuko dudala". I Puritani abestu zuen. Oso ondo hasi zen eta baritonoarekin duoa errepikatu arazi zioten txalo zaparrada artean. Erromantzea iritsi zenean, zerbait arraroa nabaritu zioten batzuek ahotsean. Erromantzako nota altu bat bukatu zuenean laringea hautsi zitzaion. Estuasun hartan, eskuak burura eraman zituen: "Ezin dut abestu" (Itzulpena gazteleratik moldatua) eta eszenatokian zeuden pertsonek lagundurik erretiratu egin zen. Zaintza eta botika egokiekin osatu zen. Emanaldiak jarraitu zuen eta azken ekitaldian erromantza abestu zuen eta esfortzu handi batekin nabarmendu zen, baina ez betiko garbitasunez. Txalo sutsuak eta eszenatik sartu-irtenak. Gayarreren entzulego sutsu hark ez zekien betiko ari zela agurtzen. Baina Gayarrek bazekien bukaera gertu zegoela. Oihala azken aldiz jaitsi zenean, arimaren barren-barrendik eta azentu minberaz oihu egin zuen: "Hau bukatu da!" (itzulpena gazteleratik moldatua). Angel morroiak bazekien Julianen benetako egoera zein zen. Bere izpirituaren aldaketa ikusten zuen, bere tristura, bere ahulezia. Gripeak jota gaixotu zen. Erronkariko Evarista eta Gregorio familiakoak bakarrik libratu ziren. Abenduaren 31n Encisok Pepe Elorrioren ohar latza jaso zuen: "Julian larri". Erromatik, Mariano Benlliurek egunero galdetzen zuen bere osasunaz. Berriak bata bestearen atzetik zetozen: "Julian azkenekotan" (Itzulpena gazteleratik moldatua). "Baliabideak bukatzen ari dira". "Salbazioa, ezinezkoa". Azkenean, Urtarrilaren 2ko goizean Encisok telegrama bat jaso zuen: "Gure Julian maitea goizeko laurak eta laurdenetan hil da, familiarteko eta lagunez inguraturik eta zientziako baliabide guztiak agorturik zeudela". Julio Encisok Erronkariko tenoreari buruz idatzi zuen "Memorias de Julián Gayarre" liburuan, Pepe Elorriori bidali zion gutun sentikor eta luzea argitaratu zuen, xehetasun hunkigarriekin. Han zeuden Gabriela koinata, Fermina eta Valentin ilobak, Gregorio eta Evarista lehengusuak. Hilzorian, negar-zotinak bakarrik entzuten ziren isiltasun hartan, honela zioen: "Orain esango dute ez dakidala hiltzen...Hau ez da antzerkia!" (Itzulpena gazteleratik moldatua). Ondoren etzanda gelditu zen azken hats estertorea soilik entzuten zelarik. Azken momentua hurbil zegoen: "Fernando!... Fernando!" (Itzulpena gazteleratik moldatua) esan zuen -La Favorite-ko pertsonaia gogoratuz. Hil egin zen. "Momentu batzuk lehenago minez erotu beharrean zeuden emakumeak erretiratu genituen. Nik begiak itxi nizkion. Gregoriok ahoa itxi zion. Denak belauniko egin genion negar, Echevarria buru zela azken otoitzak errezatzen zizkion bitartean" (Itzulpena gazteleratik moldatua).