Abeslariak

Gayarre Garjon, Sebastian Julian

Parisen Les Italiens Antzokian egin zuen debuta, 1884ko otsailaren bigarren hamabostaldian, Lucrecia Borgia lanarekin, Carolina de Cepeda artista espainiarrak lagundurik. Bukaeran, zutik jarrita publikoak txalo zaparrada izugarria eskaini zion. Aldizkarietako kritikariek Parisen artista ospetsu bihurtuko zuen epaia eman zuten. "Le Figaro"k kritika zabala argitaratu zuen. Victor Roger, Leon Kerst, August Vitu bezalako kritikariek Gayarreren artearen aurrean amore eman zuten. Arrakastak aurrera jarraitzen zuen. Gayarrek Frantziako hiriburuko areto guztietako gakoa zeukan. Leon Kerst-ek zera idatzi zuen: "Gayarre eta Pattik mundu lirikoetako Inperioa partekatzen dute" (Itzulpena gazteleratik moldatua). Gounod maisuaren etxean abestu zuen eta bere abesti batzuk entzundakoan hunkiturik besarkatu zuen. Denboraldia I Puritani eta Lucia lanekin jarraitu zuen. Gero, zenbait gautan Rigoletto.

Emankizun batera Victor Hugo joan zen, ordurako adineko gizon ilustratua zena, bere bilobekin. Hau Gayarrek arrakasta handitzat hartu zuen.

"Le Figaro"-k Gayarreren omenez antolatu zuen festa egundokoa izan zen. Gonbidatuak Pariseko talentu, letra eta arteetako gaina eta bikaina ziren. Festa hau "Le Figaro" egunkariak erredakzioan eskaintzen zuen bederatzigarrena zen. Aurrekoak erregeak edo errege-gaien ohoretan egin ziren. Augusto Vitu musika kritikariak harrera honen zergatia azaldu zuen: "Gayarre jauna kantuko erregea delako" (Itzulpena gazteleratik moldatua). Gayarrek harrera honetan bere errepertorioko pieza esanguratsuenak abestu zituen. Hurrengo egunean egunkarian gehigarria atera zen festaren berri emanez eta abeslaria eta gonbidatuen argazkiak eskainiz. Artista Dramatikoen Elkar Sorospenerako Elkartearentzat Trocadero Aretoan kontzertua eskainiz agurtu zuen Paris. Bertan Sarah-Bernhardek, Judit, Coquelindarrak, Delaunayk, Saint-Germainek eta Sibory biolin jotzaile famatuak hartu zuten parte. Gayarrek ikusleek eskatzen zutena abestu zuen. Bukaeran artistek oroitzapenezko urrezko domina eman zioten eta Elkarteko kide izendatzen zuen agiria eman zioten. Gayarrek Trocadero Aretotik eskuzapien kulunka artean eta herritarren txaloen artean atera zen.