Abeslariak

Gayarre Garjon, Sebastian Julian

Irailaren 25ean, San Petersburgora iritsi zen eta  Errusiako bi hiriburuetan bi hilabete eman zituen. Bere errepertorioan hainbeste arrakasta eskaini zizkion obra eraman zuen, La Favorite. Moskun Adelina Patti handiarekin abestu zuen. Publikoa erabat hunkiturik gelditu zen eta horrek 1874-1875eko kontratua sinatzeko aukera eman zion. Urte horretako udaberrian Vienan abestu zuen, berriz ere Pattirekin. Ondoren, Palermoko denboraldia. Gayarreren karrera bizkorrak Italiako lirika irauli zuen. Ordurako tenore handia deitzen zioten.

Baina titulu hau Scalan berretsi behar zen. Bere obrarik kutunenarekin, La Favorite, egin behar izan zuen debuta. Debutaren eguna iritsi zen, publiko adituaren eta beldurgarriaren aurrean. Tenore handiak titulua aise irabazi zuen, eta Milango biztanleak bere xarmarekin erakarri zituen. Filippo Filippe kritikariak horrela zioen bere epaian: "... hitz batean, atzo gauen Scalan ez ginen artista baten debut soil batean egon, kantu munduaren jenio baten kontsakrazioan baizik" (Itzulpena gazteleratik moldatua). Gau berean, Gayarre Biffi izeneko kafetegian zegoelarik, izugarrizko jendetza bildu zen, Victor Manuel Galerietan tenore miresgarria kafea hartzen eta jaten ikusteko. Hau guztia 1876ko urtarrilaren 2an gertatu zen.