Abeslariak

Gayarre Garjon, Sebastian Julian

Parisetik Turinera jo zuen, Erakusketa Nazionala ikusi eta Regio Antzokian abestera. Etengabeko arrakasta erdietsi zuen, Errege-erreginak eta Savoiako Amadeo jauna bera ikustera joan zirelarik. Uda iritsi zen eta kolera gaixotasunak agerpena egin zuen.

Gayarre, hainbeste maite zuen Erronkarira itzuli zen. Han egin beharreko proiektuak pentsatzen zituen: frontoi zoragarria, eskola berriak, Erronkari ibarra zeharkatzen zuen Nafarroako trenbide berriaren proiektua, Belagua-Kakuetatik Pirinioak zulatu, Zuberoan atera eta Frantziako trenbidearekin bat egingo zuen trenbidea alegia. Beste proiektua Navarzatoko ermitaren zaharberritzea zen. Bere bailara maitearentzat proiektuak pentsatuz gozatzen zuen. "Nigatik esan nahi duzuena, baina nire Erronkari ibarraz ez" esan ohi zuen (Itzulpena gazteleratik moldatua). Bizitza xumea zeraman, bere bizi poztasuna zabalduz. Bailarako biztanle guztien mirespena lortu zuen. Gaur oraindik irauten duen oroitzapen eta mirespena. Horren erakusgarria da 1982ko abuztuan, Erronkari Ibaxaren VI Eguna zela eta, zazpi herriek eman zioten omenaldia. Gayarrek adiskidetasuna gurtzen zuen. Adiskide zaharrak gonbidatzen zituen. Irunberriko errementari maisua, Quilleri zaharra, bere Erronkariko etxera eraman zuen.

Urriaren 20ean Bartzelonatik idatzi zuen. Lizeoan 30 agerraldiren berri ematen du, azaroa erdialdetik aurrera. L´Africaine lanarekin hasi zen, Liceoan abestu zuen lehen aldia. Erabateko arrakasta izan zuen, batez ere Oh paradisso! erromantzarekin. Bere errepertorio zabalak aldaketa asko onartzen zizkion, baina enpresari eta ikuslegoaren gustuek lanik ezagunenak errepikatzera behartu zuten.

Garai horretan gertatu ziren Andaluziako lurrikarak. Gayarrek bere partaidetza ongintzazko emanaldietara zuzendu zituen. Emaitzak apartak izan ziren. Fausto lanarekin agurtu zen, pianoaz lagundurik, Gounoden Ave María abestu zuen eta ondoren Gernikako Arbola. Entzuleak, zoramenez, zuziz lagundurik eta serenata bat abestuz, bere etxera lagundu zuten.

Bartzelonatik Valentziara, maitasunez hartu zuen. Ondoren Sevillara bidaiatu behar izan zuen non Aste Santua eta Feria pasa zituen bertan. Katedralean Eslava maisuaren Miserere abestu zuen. San Fernando antzokian arrakasta izugarria lortu zuen. Gayarrek oso ongi pasa zuen Gregorio eta Eugenio Garjon bere lehengusuekin eta Enciso, Lago, Elorrio, Delpit nobelagile frantsesa eta beraz ezer gutxi dakigun miresle eder batekin.