Abeslariak

Gayarre Garjon, Sebastian Julian

Covent Gardenen Lucrecia Borgia lanarekin egin zuen debuta. Hiru opera zeramatzan arrakastaz abestuak, gaixotu egin zenean. Marrantak jota zegoen eta ezin zuen abestu. Gayarrek Parisko kanpaina urduriari egozten zion. Hala eta guztiz ere Lohengrin abestu zuen eta Faustorekin agur egin zuen.

Neguan Madrilera joan zen. 1886-87 denboraldirako kontratatua izan zen. Bere ohiko errepertorioaz gain, bi pieza berri zituen: Goldmarcken La Regina di Saba (“Sabako Erregina”) eta Italian dagoeneko abestutako Il Ducca d'Alba estreinaldiak. Azken hau bere errepertoriotik kendu zuen, entzuleari ez zitzaiola gustatzen iruditzen baitzitzaion.

Madriletik Alacantera, zortzi eguneko ibilaldia eta bi emanaldi. Bartzelonan beste emanaldi batzuk eman zituen. Ondoren Londresera joan zen, Victoria erreginaren jubileu festetara. Gabriela koinata eta bere seme-alabak festa horietara eraman zituen. Londresko arrakasta izugarria izan zen. Glinkaren Zhizn' za tsarya (“Bizia tsarraren alde”) partitura zoragarria estreinatu ahal izan zuen.