Abeslariak

Gayarre Garjon, Sebastian Julian

1881eko bukaeran  Julio Enciso eta Luciano Urízar enpresari bizkaitarra Bartzelonara joan ziren. Urizarrek Gayarre Bilbon aurkezteko konpromisoa hartu zuen. Gayarrek ez zuen bilbotarraren sekulako baldintzak onartu nahi izan, baina hitza eman zion. Agurrean, zera erantzun zion Gayarrek: "Apirilaren 9ra arte, orduan hasiko baita denboraldia. Bertan izango naiz. Erregearen hitza daukat" (Itzulpena gazteleratik moldatua). Erromako denboraldia ohorez josirik bukatu ostean, Bilbora iritsi zen Pepe Elorriorekin. Aurreko egunean Urizar enpresaria hil egin zen. Julio Enciso eta Marcelino de Goicoecheak hartu zuten Gayarre eta gertatutako guztia azaldu zioten. Gayarre oso hunkiturik gelditu zen ezbehar horregatik eta Luciano Urizarren familiaren egoerarengatik, artisten kontratuak zirela medio horren egoera ez baitzen batere xumea. Gayarrek guztiaren ardura hartu zuen, entseguena ere. Denboraldiak iraun zuen hilabetean hogei emanalditan abestu zuen. Bilboko publikoak begi onez jaso zuen, gizon eskuzabala baitzen eta artista ospetsu gisa mirespena adierazi zioten.

Baina Bilbon ez zuen debuta antzokian egin, San Nicolas elizan baizik. Bilbo osoa zegoen Luciano Urizarren hileta elizkizunean. Korotik abestu zuen Stradellaren Aria di Chiesa melodia ederra. Denboraldi horrek Bilboko antzokian une garrantzitsua suposatu zuen. Azkeneko gauean, opari, txalo eta lore-koroen ondoren, etxera lagundu zioten kandela handi, musika eta koheteekin batera, kalean zegoen jendeak zoramenez txalotzen zuen bitartean.

Gayarrek Bilbon lagun bikainak zituen. Baina aipatzekoa da Domingo Sagarminaga jauna, musika izugarri maite zuena, Gayarrerekiko benetako idolatria sentitzen baitzuen. 1890eko urtarrilaren lehen egunetan hil ziren biak. Bilboko denboraldi horretako Gayarreren argazki bat gordetzen da ondorengo autograforekin: "Maria Antoniari, bere lagun Julian Gayarreren oroigarri. 1882ko maiatzak 15, Olaveaga." (Itzulpena gazteleratik moldatuak).

Bilbon Gayarre Antzokia zegoen baina 1890an eraitsi zuten. Hemendik gertu izen bereko beste bat eraiki zen, gaur egun zinea delarik.