Abeslariak

Gayarre Garjon, Sebastian Julian

Lamperti izan zen bere Milango irakaslea eta azterketa zorrotz baten ondoren onartu zuen. Madrilen hasi zen Gayarre italiera ikasten eta ondoren idazle eta olerkari entzutetsuenak irakurtzen jarraitu zuen. Hizkera garbia, esaldi argiak eta ahoskatze zehatza eskuratu nahi zituen. Erromantzeen letrak, behin eta berriz, ozenki irakurtzen zituen. Hitz guztiak letreiatzen zituen, buruz ikasi eta esaldiari intonazio egokia emanez deklamatzen zituen. Garaiko argumentu, letra eta musika guztiak ikasten zituen. Parisen, sistema bera errepikatu zuen opera frantsesekin ezin hobeto egin arte.

Halako egun batean, Lamberti irakasleak Juliani behar bezala prestatua zegoela esan zion. Behin ikasketak bukatu eta gero, Varesseko antzokian aritzeko kontratua aurkeztu zion. Feria denboraldia ehun eta hamar liraren truke, hogeita bi ogerleko, alegia. Gayarrek onartu egin zuen.

Debuta Verdiren I Lombardi operarekin egin zuen, bigarren mailako papera antzeztuz. Hondamenditik at gelditu zen bakarra bera izan zen. Publikoak tenorea gogoko zuenez, enpresak L'elisir d'amore (“Maitasunaren elixirra”) abestea proposatu zion. Gayarrek, bere buruaren jabe, gaitasun osoz abestu zuen. Lehen unetik auditorioaren jabe egin zen. Behin betiko epaiketa egiteko publikoa hirugarren ekitaldiko erromantza ospetsuaren zain zegoen, Una furtiva lacrima (“Malko iheskor bat”) delakoa. Esaten dutenez, eszenatokira irteteko zain zegoela Erronkaritik zetorren telegrama jaso zuen. Ezbehar baten berria zen: "Izugarrizko atsekabez, zure ama gaixoa hil egin dela adierazten dizut. Nire atsekabe sentikorrenarekin. Gregorio" (Itzulpena gazteleratik moldatua). Orkestra erromantzaren lehen konpasak jotzen hasi eta eszenara irten zen. Gayarrek bere mina adierazi zuen eta ez Nemorinok sentitzen zuena maite zuen emakumearen erdeinuagatik. Publikoa liluraturik gelditu zen sentimenduzko altxor guzti horren aurrean eta, bukatzean, izugarrizko txaloaldia eskaini zioten, zoramena izan zen. Gayarreren drama, notizia krudela, bastidoreetatik publikora zabaldu zen, ordurarte ezezaguna zen artistarekiko sinpatia sentimendu bortitza sortaraziz. Berekiko zuten estimua adierazteko artistaren gela bete zuten.