Abeslariak

Gayarre Garjon, Sebastian Julian

Uda horretan herrira itzuli zen, Erronkarira, Julian Gayarrek bere herritarrentzat Ezka ibai ertzean eraikitzea agindu zuen plaza-frontoi-pasealekuaren inauguraziora. Ondo landutako harri grisaz egina, ehun metro luze eta hogeita lau zabal zen. Pilota-modalitate ezberdinetan jokatzeko balio zuen. Garai hartako laurogei mila ogerleko balio izan zituen. Uztaila hasieran Gayarre, bere koinata, ilobak eta Pepe Elorriorekin iritsi zen. Bere etxean ostatu emanak zeuden betiko lagunak zain zeuzkan. Donostiako pilotari hoberenak joan ziren, eta beraiekin "Chiquito de Eibar" ezaguna. Bailarako herrietako pilotazale guztiak gonbidatu zituen. Iruñeako musika banda eraman zuen. Frontoia bedeinkatu ondoren, hiru egun iraun zuten festak hasi ziren. Dantza, pilota partiduak, su artifizialak, merienda herrikoiak eta zazpi herrietara zabaltzen zen alaitasuna nabaria zen.

Madrileko Teatro Reaen deiari ez-entzunarena eginez, 1888ko denboraldirako Milanera joan zen. Urtarrilaren lehen egunetan hasi zen. La Scala antzokian L´Africaine lanarekin berragertu zen. Hamar urtez kanpoan izan eta gero, lirika munduko ikuslego zorrotz eta adituenaren idoloa zen berriro ere. Milandarrak aurretik emana zioten nostro gran tenore titulua mantentzen zioten. Milango ospe erdian, Italiako gobernuak Erromara deitu zuen Victor Manuel erregearen hileta-elizkizunetan parte hartzeko. Panteoian Mascheroniren Requiem Meza abestu behar zuen. Gayarreren ahotsak sakonki hunkitu zuen. Bukatutakoan, Italiako gobernuburuak, Crispi jaunak, Italiako Koroaren Ordenako diploma eta intsigniak eman zizkion. Atzerriko artista bati ematen zitzaion lehenengoa. Scalako denboraldi itzelari amaiera eman zion. Gero Erromara, hilabete batez Teatro Argentina antzokian egon zen eta ondoren Bolognako Comunalean.