Abeslariak

Gayarre Garjon, Sebastian Julian

La Favorite, I Puritani di Scozia (“Eskoziako Puritanoak”) eta La Lega antzeztu ostean, Ponchielli maisu ospetsuaren La Gioconda estreinaldia etorri zen. Ponchielli Gayarreren lagun handia zen eta entseguak hasi baino lehen astiro entzutea proposatu zion. Ponchellik pianorako entzunaldia eskaini zuen. Maisuaren galderen aurrean Gayarrek esan zuen ez zela opera bat epaitzeko gai. Sekulakoa iruditzen zitzaion, hala ere huts larri bat zuen: opera guztian zehar ez zegoen tenoreak bakarrik abesten zuen unerik. Maisuak lanari ekin zion eta bigarren ekitaldirako Enzoren erromantza ederra idatzi zuen,. Estreinaldia Gayarrarekin eta Mariani-Masi ospetsuarekin izan zen. Entseguetan, Gayarre eta Ponchielli eta operako zuzendaria zen Faccio maisuaren artean tira-birak sortu ziren. Aipaturiko erromantza oroitarazlearen ondoan abestu behar omen zen publikoak hobeto entzuteko. Gayarrek, aldiz, itsasontzi gainean abestu behar zela mantentzen zuen, atzealdean eta eszenaren testuingurutik irten gabe. Tenoreak, artista dotorea zela erakutsiz, amore eman zuen. Baina momentua iritsi zenean, lasai-lasai, itsasontzira igo zen, zuzendariaren keinuei batere kasurik egin gabe. Publikoaren artean sortarazi zuen zirrara egundokoa izan zen. Errepikatzea eskatu zioten eta itsasontziko erromantza, orduan deitu zioten bezala, gaueko ospakizunik handiena bihurtu zen. Denboraldia bukatu zenean Gayarre Hegoamerikara joan zen.