Abeslariak

Gayarre Garjon, Sebastian Julian

Denboraldi ospetsu horren ostean, Gayarre kontinente berrira joan zen. Isidoro de Fagoagaren hitzetan: "Colon Antzoki zaharrean urtero ospatzen zen denboraldi ofizialean parte hartzeko, 1876ko udaberrian, Milanetik abiaturik Buenos Airesera iritsi zenean, Gayarrek zazpi urteko karrera ikusgarria zeraman" (Itzulpena gazteleratik moldatua). Aurkezpena maiatzaren 14ko gauean egin zuen, Milango Scalan ospetsua egin zen La Favorite obrarekin hain zuzen. Publikoaren ikusmina izugarrizkoa zen eta ez zuen hutsik egin. Lehen hiru ekitaldietan zehar publikoaren berotasuna areagotuz joan zen. Azken ekitaldian, "ahots liluragarriarekin" Spirto gentil aria zaila abestu zuenean auditorio guztia zutik jarri eta izugarrizko txalo zaparrada beroa eskaini zioten. Estrada, Cane, Bosch, Wilde eta Hector Varela bezelako kritikariek goraipamen guztiak eskaini zizkioten. Gayarrek denboraldi guztian zehar irabazi zuen dirua Buenos Aireseko elkarte ongileei eman zien. Bere nahia bestelakoa bazen ere, Gayarre ez zen berrio Ameriketara bueltatu. Gai horrekin lotutako azken kontuak "Chiquito de Eibar" tenorearen lagun eta miresle zen pilotari ospetsuak bideratu zituen. Chiquito de Eibar, Indalecio Sarasqueta alegia, Erronkarira joan zen Gayarre ikustera, Colon enpresaren ordezkari gisa, eta, Erronkariko frontoian ere jokatu zuten. Arratsaldean herri bazkaria eta dantzaldia ospatu zituzten. Frontoian hoztu egin zen eta Alhama de Aragonera joan behar izan zuen sendatzera. Ameriketara egin zuen bidai bakarrean La Platan eta Rio de Janeiron ere arrakasta izugarria erdietsi zuen.