Europan ezagutu duen armadarik indartsuenetakoa habian jarri zen. “Hispaniam quam maximo poterat belli apparatu aggreditur (Eginhard, Vita Magni ad ann. 778). Bere eskura zeukan, gerra makinaria indartsuenarekin erasotu zuen Hispania. His innumerabilibus legionibus tota Hispania contremuit (Metzeko Urtekaria priorea). Hispania osoa uzkurtu zen legio kontaezinen aurrean. “… congregans Karolus rex exercitum magnum, ingressus est in Spania (Anian Urt.) Armada boteretsu bat bildu zuelarik Karlos erregea Hispanian sartu zen. Karlomagnok bere erreinuetako indar guztiak mugiaraziak zituen, menperatu berriak ziren lonbardiarrak barne, Hunaldoren garaian uztarpetutako akitaniarrak, eta bavariarrak, ez zirenak fidagarriak. Armada bi zati handietan banatzeak Zaragozara erreinuaren bi muturretatik iristea ahalbidetu zuen. Armada frankoaren borrokalarien kopuruari buruz gogoeta anitz egin dira. “Erromesen gida” ospetsuak (XII. mendea) Orreagako borrokan berrogei mila hil zirela dio, kristau eta musulmanen artean. Aski ezaguna da “Chanson de Roland” kantaren iruzurkeria historikoa euskaldunak musulmanez ordezkatuz. Beste autore batzuk uste dute armada frankoak hutsak, kanpaina garaian, 10.000 borrokalari izaten zituela. Kasu honetan Frantziako gudaroste eta uztarpetutako herri arrotzek, bavariarrak, akitaniarrak, septimaniarrak, proventzarrak, lonbardiarrak eta abar, osatutako bi armadaz ari gara. Horrengatik zaila da Zaragoza aurrean bildutako bi armaden zenbatekoa kalkulatzea eta gero Orreagan. Nolanahi ere, Carlos, bere gaztetasun loretsuan (36 urte) Inperioa gauzatze lanetan ari da erabat, eta armada indartsu honen buruzagitzan.