Testu karolingiarrak iruzkinduz, Louis Colasek dio soldadu frankoek “brog ne edo broigna” zeramatela soinean, metalezko xaflak josita zituen larruzko jantzi astuna, motots eder bat, lantza, buruan jarrita kopeta, masailak eta kokotza estaltzeko burdinazko kaskoa, larruzko kaputxa lodi bat zuena, begiak eta ahoa besterik ez zituztelarik agerian. Etsaiak, baskoiak, aldiz arinki armaturik zeuden. Ez zituzten ez kaskorik ez halakretik. Bere janzkera kapa motza, borobila, mahuka luzedun soingainekoa, prakak zabalak. Oinetan ezproidun botak. Bere arma ohikoenak trebetasun haundiz jaurtikitzen zituzten xabalinak- azkonak- ziren. Azken batean, bere jendea oso aspalditik bizi zen lurreko semeak, arintasun izugarrizkoak ziren (L. Colas, la Voie romaine de Bordeaux á Artorga. Biarritz, 1913 35-37 orriak). Baskoien janzkera Aimonioren ohar bati esker ezagutzen dugu, 5 liburua, 2. kap., zeinetan kontatzen du Ludovico hark (bere aitak) agindutakoa zehazki betez bere aitarengana azaldu zen baskoiez jantzita…bere adinako gazteak ere, hau da, jantzi motza, alkandoraren mahukak laxatuak, oinetakoetan ezproiak josita, eskuetan buiraka zutelarik. Horrela ezarri zuen bere aitaren, Karolo Magnoren, apetak. Nabarmendu beharra dago ezproien berezitasuna, garai hartako euskal gudarostean zalduneriak zuen garrantzia baieztatzen duena.