Monarkia eta noblezia

Nafarroako Karlos II.a Gaiztoa

"Erregea gorputz txikikoa zen, baina buru-argitasun eta ausardia handikoa, begirada bizikoa eta elokuentzia limurtzailekoa, besteengan bere borondatea inposatzen zuena; maitatua izateko trebea eta, horregatik, herriak oso maitatua",

idatzi zuen Saint-Deniseko monjeak (Grandes Chroniques de France).

Mercierrek (Portraits des rois de France) hau gehitu zuen:

"Izaera txar batek kaltegarri bihurtzen dituen ezaugarri on guztiak zituen: kemena, elokuentzia, ausardia, asmamena, liberaltasuna",

Simeon Lucek (B. Du Guesclin et son époque, Paris, 1888, or. 240), hemeretzigarren mendeko joerari jarraituz, alde txarrak azpimarratu zituen:

"Katu keinuko gizontxoa, begi argikoa, begirada kontrolatzailea, hitz-jario agortezinekoa, sugearen eta tigrearen izaeran parte hartzen zuena".

Historialari frantsesek "Gaiztoa" deitu zioten, eta beraien betiko erara, eurenari "Zintzoa" deitu zioten. Hala ere, badago (Duverge) ezizen hori nahiko modernoa izan daitekeela uste duenik, Avalos de la Piscina luma erresuminduaren eskutik. Nolanahi ere,  Moretek bete betean asmatzen du esaten duenean ezizen horretan "norberaren akatsak adina izan zirela inoren gorrotoak". Karlos II.arengan Lokusta ospetsuaren gizonezkoen baliokidea ikusi nahi izan da; baina historiografia frantsesak ahaztu egiten du XI. mendetik XV. mendera bitartean toxikoei buruzko lanak ugaritu egiten zirela (adibidez, Maimonides); horrek frogatzen du pozoitzea maiz egiten zela, batez ere pozoitzaile on bat ordain zitekeenean. Shakespeareren —poetaren aurreko garaiak berreraikitzen  zuena—   drama gutxi izango dira heriotza-tresna zentzugabe hori agertzen ez dutenak. Urrutira joan gabe, nola hil ziren Vianako Printzea, Lope García de Salazar, Nafarroako Andre Maria Zuria, Francisco Febo, etab.?

"Pozoia arma gisa erabiltzearen famak —zenbaiten ustez egiaztatua— asmatutako krimenak egoztea ekarri zuen. Bestalde, historiografia ofizial luze batek, guztiz kontrakoa, propaganda adimentsu baten emaitza besterik ez zena egiatzat ematen lagundu zuen.

(Lacarra: Historia política del..., or. 151).

Laburbilduz, ahaltsuek gaizto deitu zioten, ez baitzuen utzi “zintzoki” bera gabetzen eta  babes ofizialaren egarri ziren luma mertzenarioei ordaintzeko bezain aberatsa ez zelako. Baina zer pentsatzen zuten Goi eta Behe Nafarroako, Gipuzkoako, Arabako eta Gaskoiniako nobleek, arazo guztien gainetik, fideltasun osoz bere esanetara egon zirenek? Zer pentsatzen zuten laguntza materiala 1357an eta 1359an eman zuten apaizek eta herriak? Zer 1361eko testamentuan onura izan zuten onuradunek eta opari apartak jaso zituzten komentu eta elizek, eta  beren txirotasunaz errukituta ordaindu beharreko zergak barkatu zizkien nekazariek (1368an erreinuko guztiei, 1386an Allingo haranekoei, 1362an berriz guztiei, 1376an Tuterako musulmanei...)? Kritika mindulina alboratuta,  Castrorekin esan liteke:

"ez da bidezkoa nafarrarengan  egokitu zitzaion garaiko bizio, biolentzia, desleial eta irain guztiak pertsonalizatzea"

(Carlos II "El Noble", rey de Navarra. Iruñea, 1967, or. 15).