Monarkia eta noblezia

Nafarroako Karlos II.a Gaiztoa

Karlos infantearen itzulera eta Brionesko Itunaren berrikuspena, 1382-1383. 1379tik aurrera, Karlos, oraindik ia 47 urte zituela, fisikoki eta moralki kaltetuta geratu zen. Brioneseko hondamendia behin eta berriz aurka agertzen zitzaion patu baten azken erdeinua izan zen. Yanguasek hemeretzigarren mendeko sinpletasunez trauma psikiko izugarria izan zitekeena azaldu zuen: «Dirudienez, bere egitasmo guztietan izan zuen zoritxarra bere izaeraren indarkeria baino handiagoa izan zen, eta, bere egoera fisikoan ere izan zuen eragina, zorigaiztoek dena beren nahiaren mende jartzeko grinarekin talka egitean». Nahiko larri gaixotu zen, beraz. Bien bitartean, Karlos infantea  askatua izan zen eta Frantziako errege berriak, Karlos VI.ak, Joan «Zintzoak» konfiskatutako ondasunak itzuli zizkion. 1382ko abenduan, aitarekin —seguru asko bere onera etorrita—  zegoen eta semea iritsi zen egunean, burdinazko kapela jantzita zeukan, perlazko batez eta lili lorez harriekin apainduta(Comptos). Gaztelarako bidaian, Karlos infanteak beste poz handi bat eman zion aitari: Brionesko ituna aldatzea lortu zuen El Espinal Itunaren bidez (1383ko urriaren 19a). Bertan Gaztelako Joan I.ak bahituta zituen gotorleku guztiak, Tutera eta San Vicente izan ezik, itzultzea, eta azken bi horietan nafarrak gaztelu buruak izendatu ahal izatea, infanteak, pertsonalki eta gudariekin, Gaztelakoari Portugalgo ondorengotza gerran laguntzea, eta beste xehetasun batzuk. Handik hilabete batzuetara, Karlos infantea Portugalera joan zen (1384ko urtarrila).