Monarkia eta noblezia

Nafarroako Karlos II.a Gaiztoa

Karlos II.a, kulturaren eta artearen maitalea. XIV. mendea Nafarroako artearen urrezko aroa izan zen; pinturak, eskulturak, musikak eta arkitekturak ibilbide berriak izan zituzten sofistikazioaren eta fintasunaren alorrean.

"Artean eragin frantsesa da nagusi oraindik ere. Arkitektura erlijiosoak atzerantz botatzen du txano aszetikoa eta apaindu egiten da gorteko damen buruzapiarekin. Harria Malinaseko parpailarekin lehian...",

dio Kanpionek bi Karlosen erregealdiaz, aita-semeena, alegia. Lehenaren erregealdian, Uxueko eliza, Los Arcoseko (Urantzia) Andre Mariaren klaustroa, Obanosko parrokia-eliza, Gareseko San Pedro eta abar daude. Karlos II.ari egokitu zitzaion bere garaiko musikaririk onena, Guillaume de Machaut (1300-1377), erregealdia hasi zuenetik, bere zerbitzura egotearen loria.

"Guillaume de Machaut, XIV. mendeko musikari nagusia, errege gaztearen irudi atseginaz maitemindu izanak Karlos II.a musikaren maitale sutsua eta berezkoa, musika-artearen benetako mezenas zela adierazten du ".

(G. Angles).

Urte horretan (1349) “Jugement dou rois de Navarre” idatzi zuen harentzat, eta 1357ko urrian Le confort d'ami eskaini zion errege gazteari, Arleuxeko ziegetan kontsolatzeko. Bere beste musikari batzuk hauek izan ziren: Guillem eta Llorens, tronpeta-joleak, Guillot Bertran eta Guyon,  baionar musika-joleak, Bonxaffos eta haren seme Gento, bardoak; Perrin de Badet, Joan de Romans, musika-joleak, Pierre du Bar eta bere semea, harpa-juglareak, etab. Hala ere, Higinio Anglések ez du uste musika polifonikoa jotzeko kapera bat izan zuenik, beste monarka batzuek zuten bezala. Foixeko Gorteko musikariak, Aragoikoak eta Gaztelakoak sarritan joaten ziren Nafarroako Gortera, eta han egiten zitzaien harrera. Era berean, erregearen lekualdaketak bere musika-joleena eta juglareena ere eragiten zuen, Anglések agiri bidez frogatzen duenez. Frantziako musika izan zen, Pizkunde aurreko Europan nagusia, Karlos II.aren aretoetan entzuten zena; harpa, Iruñean eta erregearen kokapen ziren beste hiri batzuetan oso erabilia, nagusia zen. Zentzu estetiko horrekin bat eginez, Karlos liburu berriez ere arduratu zen. Horrela iritsi ziren Nafarroara Donatoren De Regimine Principium eta Gramatica ezagunak, eta Juan de la Esclusa (1383) saritu zuen Confort D'ami liburua idatzi zuelako. Gaztelarekin gerran (1378), bere proiektu garestienetako bat gauzatzea galarazi zion: Uxuen unibertsitate bat sortzea.