Monarkia eta noblezia

Nafarroako Karlos II.a Gaiztoa

Karlos II.ak bere menpeko jarraitzaileen kopurua handitu zuen, 1363-1364. Ituna sinatu zen egun berean, Karlosek Ribagorzako eta Deniako kondearen omenaldia jaso zuen, eta zin egin zuen, berari zegokionez, ituna beteko zuela:  Item le comte de Denia jurará de consentiment del rey de Aragon, sobre el cors de nostre senior Jesucristi, tenir é fer tenir et complir, de son poder, todas las cosas de sus dictas, el renunciará á todas dispensaciones, haudes et por haber; et en cas que el rey de Aragon será de fallen en fer, et complir las cosas desus dictas, lo dit comte será de la part del rey de Nav. contra lo dit rey de Aragon (“Era berean, Deniako kondeak Aragoiko erregearen borondatea bermatuko du, Jesukristo gure Jaunaren gorputzaren gainean, eta beteko eta betearaziko du hitzartutako guztia, eta dauden eta egongo diren pribilegio guztiei uko egingo die. Eta Aragoiko erregeak hitzartutakoa betetzeari uko egingo balio, aipatutako kondeak Nafarroako erregearen alde egingo luke Aragoiko erregearen aurka”).

Aragoiko erregearen inguruan zeudenen leialtasuna sendotzeko, Karlosek honen idazkariari urtero 100 florin esleitu zizkion. Baina hori ez zen nahikoa izan: gaskoiek, gipuzkoarrek, ingelesek eta abarrek Karlosen menpekoen zerrenda zabaldu zuten. Muxidango jaunak, Seguin Mortautekok, Menanton Vilerresekok, Menduc Pauxederrekok, Rocabertingo kondeordea zen Dalmanek, Guilen Azpalaukok, Joan Muruakok, Pedro Lopez Urkiolakok  eta Migel Ibañez Uzkiolakok omenaldia egin zioten. Azken hirurak gipuzkoarrak ziren, beraien lurrak utzita, Nafarroako erregearen menpeko izateko, Beotibarko batailatik 42 urtera.  Karlosi fideltasun zina egin zioten ingelesen artean John Karferval, Gilen Boatller eta Norman Suinford zeuden. 1364ko otsailaren 26an Arnalt Amanieu, Labriteko eta Tartaseko jauna izan zen nafarrarekin omenaldia eta elkarri laguntzeko ituna egin ziona.