Lizarrako kapitulazioak, 1386. Karlos II.a bere egoera hobetzen saiatu zen, bai erreinuko iparraldean bai hegoaldean. Lehen auzirako, 1384ko irailaren 14an Frantziaren eta Ingalaterraren artean sinatutako Boulogneko su-etenean parte hartu zuen. 1385ean, Arnanton Saumoneko ezkutaria Ingalaterrara bidali zuen, Cherbourgen itzulketa kudeatzeko. Baina Karlos VI.ak, Frantziako erregeak, 1385eko martxoaren 20an, Karlos infanteari egindako Nafarroako ondasunen itzulketa ezeztatu zuen. Bitartean, infantea 1385eko uztailetik aurrera Portugalgo gerrara joan zen. Handik itzulita, Gaztelak eta Nafarroak beste urrats bat egin zuten lagunarteko harremanak berrezartzeko. 1386ko urtarrilaren 16an, Pedro de Luna Aragoiko kardinalak eta Gonzalo Moro Gaztelako erregearen prokuradoreak, alde batetik, eta Karlos II.ak eta Orreagako prioreak, bestetik, sinatutako kapituluak izan ziren Lizarran. Gaztelak 1383an Karlos infantearekin hitzartutakoa berretsi zuen. El Espinalen aipatutako gazteluak eta lekuak itzuli egin ziren. Tuterak eta San Vicentek urtebete gehiago eman zuten Gaztelaren menpe.
