Aragoirekin egindako bake-itunak: 1369 eta 1370. Bi erregeek, Karlos eta Pedro IV.ak lehen ituna 1369ko apirilaren 30ean sinatu zuten, azken gerraren konkistak trukatuz. Bigarren ituna, 1370eko otsailaren 4an sinatua, garrantzitsuagoa izan zen. Yanguasek dioenez:
"aliantza berria egin zuten etsai guztien aurka, Aita Santua, Frantziako eta Ingalaterrako errege-erreginak, Portugal, Sizilia, Granada eta Benamarin, Galesko Printzea eta haren seme-alabak eta Foxeko kondea izan ezik; azken horiek Aragoikoaren aldetik, eta Nafarroakoaren aldetik Durazoko eta Bretainiako dukeak. Hau adostu zuten: Gaztelako Henrikek Aragoiren edo Nafarroaren aurkako gerra egingo balu, elkarri lagunduko lioketela; Aragoiko hiribilduren edo gazteluren bat setiatuz gero, edo borroka egin behar izanez gero, Nafarroako erregeak, pertsonalki eta bere botere guztiarekin Pedrori lagunduko liokeela; eta ezinezkoa gertatuko balitzaio, bere zutoihala bidaliko lukeela. Eta hori bera egin beharko luke Pedrok Gaztelako Henrikek Nafarroako gazteluren bat setiatuko balu".
