Monarkia eta noblezia

Nafarroako Karlos II.a Gaiztoa

Nafarroako errege titularra, Evreux-eko kondea. 1332an jaioa, 1349ko urriaren 7tik hil zen 1387. urtera arte, Nafarroako erregea izan zen.

Joana II.aren, Nafarroako erreginaren, eta Feliperen, Evreux-eko kondearen, semea izan zen. Harekin inauguratu zen Nafarroan Evreux-en etxea. 17 urte zituela amaren ondorengo bihurtu zen. 1350eko maiatzean etorri zen Nafarroara, nahiz eta bere errege xedapenak lehenagokoak izan, horien artean, eta Conflans-en zela (1349ko urriaren 7a), Joan de Conflans, Champagneko mariskala, Nafarroako gobernadore izendatu zuen. Erregealdia Miluzeko  urkatuen gertaerarekin (1351) inauguratu zuen. Zigor eredugarria amaren erregealdian eta bera kanpoan zegoela azpiko jokoan aritu zirenen aurka: las juntas y hermandades de Navarra se levantaron en mal son; e fue fecha justicia de algunos ( "Nafarroako juntak eta ermandadeak matxinatu ziren; batzuentzat justizia eguna izan zen", dio Vianako Printzeak hitz gutxitan).

Karlos nerabea Iruñeko Andra Mari katedralean koroatu zen 1350eko ekainaren 27an. Bere lehen erabakietako bat Aragoiko Pedro IV. Zeremoniatsuarekin bere amak itundutako aliantza- eta laguntza-ituna (1350eko ekainaren 5a) berrestea izan zen. Hala ere, ez zuen Gaztelako Pedro I.arekin, Zeremoniatsuaren etsairik okerrenarekin, haserretu nahi izan, eta harekin adiskidetasuna berretsi zuen Burgosen (1351). 1351ko abuztuan Pirinioez gaindiko bere lurraldeetara abiatu zen, García Dianiz gobernadore utzita. Hala, Europa mailako politikari ekin zion, eta, horren ondorioz, Ehun Urteko Gerraren protagonistarik eta Pizkunde-aurreko Europako estatu politikaririk garrantzitsuenetako bat izan zen.