1365eko abuztuan merkataritza-itun bat egin zuen Hondarribiak Nafarroako Karlos II.arekin Itun horren arabera, honek Monzongo portuan, (Andara, Lesaka) etxe bat eraiki behar zuen, merkatari nafarrek salgaiak deskargatzeko itsasora eraman ahal izateko. Horretaz gain, zubi bat ere eraiki behar zuten portu horretatik hurbil, jendea, abereak eta salgaiak pasatzeko. Erregeak bere erresumako bideak etxe eta zubi horretaraino edertzeko konpromisoa hartu zuen, eta Hondarribiko Kontzejuak, etxe eta zubi horretatik, lurrez eta urez, bide on eta nahikoa egiteko konpromisoa hartu zuen, "derrocando las peinas et limpiando, et isanchando el rio, et los caminos, en manera que bajel de coranta cargas arriba llegue por agoa al dicho puerto, et liben las mercaderías salvament por tierra et por agoa fasta la dicha villa, ó fasta las grandes naves, pagando los mercaderes á los marineros, baxieillos e mulateros, su salario" (“haitzak beheratuz eta ibaia eta bideak garbituz eta zabalduz, berrogei kargako (16.000 kg. gutxi gorabehera) ontzi bat ibaitik portu horretaraino heldu ahal izateko, eta salgaiak lurretik zein uretatik aipatutako hiribilduraino edo itsasontzi handietaraino eraman ahal izateko, merkatariek marinelei, baxieillos? eta mandazainei ordaindu behar izanik”). Bidaia hori egiten zuten merkatariek ez zuketen inolako zergarik ordaindu behar izango karga bakoitzeko sei “cornado” (kobrezko balio txikiko txanpona) edo sei karlin (kobrez eta zilarrez eginiko aleazioa) kenduta, eta ez litzaieke berriro petxa, edo zergarik inposatuko, salbu eta Gaztelan hamarrenak ordaindu beharko lituzketen gauza debekatuak erosi edo salduko balituzte. Nafarroako ardoa, portu horretatik, eramaten zuten merkatariek, Hondarribian eta agindupeko eremuan nahi zuten ontzietan edo belaontzietan kargatu eta eraman zezaketen handizka edo upeletan, "non vendiendo á taberna, ni a menudo" (“tabernetan eta txikizka saldu gabe”), eta 6 espainiar diru ordainduz. Portuan kargatzen zuen burdin kintal bakoitzeko 4 marabedi ordaindu behar zituen.
