Udalak

Hondarribia (2003ko bertsioa)

Bai Enrike II.ak, bai Errege-erregina Katolikoek, bai Gaztelako Joana I.ak pribilegio eta salbuespen berriak eman zizkieten Hondarribiko ontziei eta merkatariei, merkataritza-abantaila horien helburua elkarren etsai ziren potentzien arteko mugan, Gaztela, Nafarroa, Ingalaterra eta Frantzia, egoteagatik ia etengabeko gerra-tentsioen mende zegoen komunitate batera ekintzaileak erakartzea izan zen. Hala, adibidez, 1374ko abenduaren 12an Enrike II.ak Toledon sinatutako agiri batek bere harresietako lanetarako Hondarribiari esleitzen zitzaizkion urteko hamar marabediak burdinolen eta itsasoko hamarrenen eskubideen bidez ordaintzeko agindu zuen. Errege-erregina Katolikoek antzeko beste agindu bat eman zuten Medina del Campon, 1489ko martxoaren 21ean,  Hondarribiko bizilagunen, egoiliarren eta bertakoen itsasontziei, “fustei” (masta bakar baten eta arraunen bidez mugitzen zen traineru zaharren antzeko ontzia)  edozein lekutatik ekarritako hornidurarik edo generorik ez galarazteko edo kentzeko, nahiz eta kontrako pribilegioa izan. Fernando erregeak berak beste bat eman zuen Zaragozan, 1498ko uztailaren 18an. Horren arabera, Hondarribiari urtero, hala nahi zuen bitartean, belengatik eta ateen zaintzagatik urrezko 250 florin ordaintzeko agindua eman zuen. Bada beste baten berri, 1516ko Errege Katolikoarena, Belateko batailan, gipuzkoarrek 1512an egindako zerbitzuengatik,  salerosketen zergetatik 112.000 marabediko sariarena. Valladoliden Joana erreginak emandako beste bat ere badu Hondarribiak (1527ko martxoaren 18a), zamalanetan herri horretakoak, beste inongoen aurrean, handiagoak izanagatik, lehenetsiak izan zitezen. 1527ko martxoaren 22ko erreginak erresuma osoko portu guztietan Hondarribiko ontziak ainguratzeagatik itsas-armadaren gastuak ordaintzeko ordaindu beharrekoa, zergak eta errege eskubideak ordaintzetik salbuetsita geratu ziren.