Udalak

Hondarribia (2003ko bertsioa)

Oiason erromatarra? Jaizkibelgo mendiguneko 543 kotaren E aldean, Gaintxurizketa-Guadalupe parean, J. M. de Barandiaranek bi trikuharri aurkitu zituen 1934-1935 aldian, eta, ondoren, errepideko lanek suntsitu egin zituzten. Azken hogei urteotan Higer lurmuturreko itsas perimetroan egindako aurkikuntzek berretsi egiten dituzte Berrotaran eta Diazen 1785eko susmoak (txostena Historiaren Akademiari), Serapio Mugicak jasotakoak, Bidasoako itsasadarrean portu motako establezimenduak zeudela, gaur egun kolmatazio prozesu azkarrean, baina erromatarren garaian Endarlazaraino estuario bat osatu zutela dirudi, nabigazio eta kabotaje agertoki aktiboa. Ez daude aztarna arkeologiko eta toponimikoak bakarrik Jaizubia, Ibarla eta Estebeneako zeharkako ibilbideetan. Mezquiriz, Hernandorena eta Rodríguez Salis Asturiagako ainguralekuan (Higer aldera) material arkeologiko erromatarrak aurkitu dituzte, zeramikoak bereziki, San Telmo gazteluaren parean. Horrek eta J. Rodríguez Salísen Irungo aurkikuntza garrantzitsuek I. bezalako ikerlariak pentsarazten dituzte "Junkaleko aztarnategia eta haren inguruan aurki daitekeena, hain zuzen ere, erromatarrekin Era aldaketaren ondorioz erlazionatzen zen Baskoien Oiason haren herriguneari dagokiola" susmatzera (Gipuzkoa antzinako aroan, CAP, 1973, 84. or.). Horrela, Oiason izen balioaniztun gisa agertzen da. Barandiaranen iritziz, hiri bati, lurmutur edo muino bati eta Iberia eta Akitania arteko pasabide bati legokioke. Adolf Schultenek, Avienoko Itsas Oraren pasarte baten interpretazioak eramanda, 1926an indusketa bat egin zuen San Telmo ermita zaharraren azpian, itsasoko Venuserako (Veneris iugum) tenplu baten bila. Arkeologo alemaniar ospetsuak antzinako eraikin bat aurkitu zuen, eta horrek bere tesia berrestera bultzatu zuen, nahiz eta hainbat egilek tesia aurkaratu zuten, Schultenentzako Muitz eta Les Briquets bi arroken aipuan oinarrituta. Arroka horiek hutsalak direla uste dute, kronikari klasikoak aipatzen dituenak izateko.