Kontzeptua

Artearen Historia. Pintura

Informazio osagarria


         · Artearen historia
         · Historiaurreko artea
         · Erromatarren artea
         · Arte Erromanikoa
         · Arte Gotikoa
         · Errenazimendua


         · Barrokoa
         · Neoklasizismoa
         · Eklektizismoa
         · Modernitatea
         · Abangoardiak
         · Garaikidea


         · Arkitektura

         · Eskultura


Gora behera handiko historia da pinturarena Euskal Herrian. Paleolitoko aztarnen ugaritasuna eta kalitatea eta Aro Garaikideko egoera oparoaren artean, garai ahulagoak tartekatzen dira egoera ekonomiko eta sozial eskasagoei lotuta.

Hala ere, salbuespenak salbuespen, Euskal Herria ez zen izan pintore handien lurraldea, inguruko lurraldeen egoera ekonomiko aberatsagoarekin alderatzen badugu behintzat. Horrela, batez ere XV. mendetik aurrera Europako pinturak aukeratu zuen euskarri eramangarriari esker, arte zentro nagusietatik ekarritako pintura edo koadro asko ditugu Euskal Herriko elizetan edo museotan gordeta.

Frantzia eta Espainiako estatuetan pintura lan gehienak boterearekin lotuta egon ziren historian zehar, eta Euskal Herriak botere gune horiek bere lurraldean oso gutxitan izan zituen, Nafarroako gortea kenduta. Hain zuzen Erdi Aroko pinturak, gotikoak batez ere, garapen handi xamarra izan zuen Nafarroako erresuman.

Bestalde, XV. eta XVI. mendetan Euskal Herriko hiri eta herri batzuek Flandesko hiriekin izan zituen harremanak lurralde haietatik ekarritako pintura ugari gordetzearen arrazoia da.

Azkenik, XIX. mendearen bukaera aldera Euskal Herriak izan zuen industri iraultzak ekonomi sistema modernoa ezarri zuen, Bilbo aldean batez ere. Horrek pintura modernoaren hasiera ahalbidetu zuen eta horregatik produkzio zentro nagusi bihurtu zen, pinturaren protagonismoarekin gainera.

Homo Sapiensaren berezko ezaugarria omen da artea egitea. Hala ere, pintura eta grabatua dira guregana ondoen iritsi diren arte aztarnak. Labarretako pintura Historiaurreko artearen sinonimoa izan da luzaroan eta oraindik ere, gehien miresten ditugun artelanak gizakiak kobazuloetan utzitako pintura eta grabatuak dira.

Ez dakigu noiz hasi zen gizakia artea egiten, baina gure artean gorde diren arrastoei begiratzen badiogu Goi Paleolitoko Madeleine aroko data dutela esan ohi da orain dela gutxi arte (k.a. 17.000-10.000). Hala ere, azken ikerketek Euskal Herriko eta Kantauri itsas ertzeko beste kobazulotan pintatutako irudi batzuek erdi Paleolitora arte aurreratzea gomendatzen dute.

Gizakiak koloretako irudiak pintatzeko erabilitako teknika ugariak dira: hatzak, pintzelak, putz egiteko prestatutako tresnak, tanpoiak, e.a. Materiala berriz, sinple xamarra izaten zen: pigmentu mineralak eta egur edo hezur ikatza urarekin nahastuta.

Horren bidez Historiaurreko bi kolore nagusi lortzen zituzten: gorria eta beltza.

Gehienbat, irudiak kanpoko lerro beltzaren bitartez mugatzen ziren, nahiz eta horietako askori bolumena ematen zitzaien koloretako argi-itzalen bidez, sarritan bolumena kobazuloen paretek zituzten sartu irtenen bidez ematen bazen ere.

Gizaki haien kezka nagusiak irudikatutako gaietan ikusten dira. Alde batetik animalia da Euskal Herrian gehien irudikatutako gaia, Franko-Kantauri arte guztiaren antzera. Bi dira animali nagusiak: zaldia eta bisontea. Horiekin batera, ahuntza eta oreina. Ekaingo (Deba) kobazuloa da zaldi ederrenak dituena eta Santimamiñen (Kortezubi), aldiz, bisontea da nagusi. Alkerdin (Urdazubi), Xaxixiloagan (Altzürükü) eta Etxeberriko karbean (Gamere-Zihiga) ere bisontea azaltzen da. Areatzako kobazuloan (Galdames), berriz, tanponatuaren teknikaren bidez egindako orein emeak aipagarriak dira.

Animali gehiago irudikatzen badira ere, tarteka eta salbuespen modura azaltzen dira Euskal Herriko kobazuloetan: artza (Ekain, Benta Laperra), azeria, hegaztiak, arrainak (Ekain, Alterri), sugea (Altxerri), uroa (Areatza).

Guretzat identifikagarriak diren irudiekin batera, beste zeinu eta irudi arraroagoak ere pintatu zituen Paleolitoko gizakiak, nahiz eta Euskal Herrian ugariak ez izan. Hala ere, badaude adibide bakan batzuk Isturitz-Otsozelai-Erberua kobazulo multzoko lerro uhintsu paraleloak eta eskuak, Benta Laperrako (Karrantza) zeinuak edo azken urtetan aurkitutako Praleaitzeko (Deba) puntu gorriak.

Giza irudiaren aztarna gutxi daukagu Euskal Herriko kobazulotan, Isturitz-Otsozelai-Erberua konplexuan bat eta Altxerrin (Aia) beste bat.

Pintura horiek egitearen arrazoia ez dago garbi, ikerlariak interpretatzeko ahalegin handiak egin arren. Ia guztiak ados daude sineskerekin harremana zuten erritoen euskarri izan daitezkeela esatean.

Badirudi, izozteekin batera Paleolitoko ehiztarien kultura desagertu zela eta berarekin batera egiten zuten pintura ere (k.a. 10.000 urte inguruan). Horregatik Paleolito ondoko garaia urria da pintura lanetan.

Arrazoi oso agerikoak ez badaude ere, Brontze eta Burdin aroetan kobazuloetako pintura berriz azaldu zen, nahiz eta forma eta kontzeptu aldetik Paleolitoarekin antza handirik ez izan. Irudi eskematikoak dira eta gizakia animaliekin batera azaltzen da, ulertzeko zailak diren zeinuekin batera. Arabako Solacueva (Koartango), Nafarroako Peña del Cantero (Etxauri) edo Bizkaiko Goikolau (Berriatua) aipatu daitezke.

Bestalde, Neolitoan pinturaren euskarri berria azaldu zen: zeramika; guk ezagutzen dugun pinturarako erabili zen lehen euskarri artifiziala eta hemendik aurrera izugarrizko garrantzia izan zuen arte mota.

Garai historikotan sartuta, suposatzen dugu pintura lan asko egin zirela erromatarren iristearekin batera. Hala ere, Erromako inperioan landu zen pintura mota euskarri hauskorretan eta galkorretan egiten zenez, ez da gure artean asko kontserbatu. Badirudi arkitekturaren apaingarri moduan erabiltzen zutela gehienetan, barnealdeko hormak estaltzeko batez ere.

Erroma ondorengo garaia ere ez zen oso aproposa izan pinturarako, beste arteentzat izan ez zen modura.

Erdi Aroko berreskurapen kulturalarekin eta materialarekin etorri zen pinturaren ugaritasuna. Kristautasunaren indartzeak monasterio eta eliza berriak eraikitzea ekarri zuen, eta, oro har, arkitekturak eskultura eta pinturaren beharra izan zuen, jainkoa goresteko eta erlijioaren egiak sinestunen artean zabaltzeko.

Berreskurapen horren lehen adibideak X. mendeko monasterioetan ilustratu ziren liburuetako miniaturak dira. Iruñako erresumaren antolaketak IX. mendean monasterioen fundazioak bultzatu zituen eta berehala kultura eta erlijio zentro moduan eratzen hasi ziren. Errioxako Donemiliaga eta Albeldako monasterioetan miniaturaz apaindutako liburu multzo ederra pintatu zuten, Codex Vigilanus (976. urtekoa) eta Codex Emilianensis (994) delakoak adibidez.

Era berean Nafarroako erresumak antolaketa politiko konplexuagoa garatzearekin batera, erromaniko betean sailkatu daitezkeen irudiz betetako eskuizkribuek jarraipena izan zuten, Amienseko Biblia, Leireko kartulario Zaharra, Fiteroko Sakramentarioa edo, itxuraz, 1200. urte aldera egindako Nafarroako beatoa, adibidez.

Euskal Herrian egin zen lehen Erdi Aroko horma pintura ez dugu ezagutzen, eta baliteke hurrengo urteetan pintatutakoaren bidez ezabatuta desagertzea. Gainera, horma pintura izateak, eraikuntzen iraupenari lotuta egotea ekarriko luke.

Gotikoaren lehen urtetako horma pinturak aurreko garaiko pinturaren ohiturak jarraitu zituen tekniketan, funtziotan eta kokapenetan. Freskoa eta tenplea erabiltzen zen eliza barruko eta kanpoko hormak pintatzeko, eta espazio sakratuak goresteko eta erlijioaren mezuak irakasteko erabiltzen zen. Formetan ere, lehen pintura gotikoak erromanikoaren jarraipena erakusten du, Artaizko San Martin, Artaxoako San Zernin eta Erriberriko San Pedro elizetan ikus daitekeenaren arabera.

Frantziako gotikoa edo gotiko lineala izeneko pintura XIV. mendean iritsi zen Euskal Herrira. Iruñako katedralean pintatu ziren adibide onenak, gaur egun Nafarroako museoan gordetzen den Johanes Oliverrek Juan Perez de Estellaren eskaerari erantzuteko pintatutako klaustroko jangela estaltzen zuen horma izan daiteke gotiko mota horretako adibiderik ederrenetakoa.

Iruñako katedraleko klaustrotik ere iritsi zaigu Jesseren zuhaitza irudikatzen duen kolorerik gabeko horma pintura eta katedralean bertan jarraitzen du aldare nagusi atzeko ohola Kristoren gurutziltzatzearekin.Mota horretako pintura Nafarroako eta Arabako herri askotan azaltzen da: Artaxoan, Ekain, Erriberrin, Galipentzun eta Oletan Nafarroan, eta Abendañon eta Gazeon, Araban.

Aldare aurrekoak edo ohol gaineko lanak ere badaude Euskal Herrian, Bartzelonako museoan gordetzen diren Egillorko eta Artetako aldare aurrekoak, zatika gordeta dagoen Añastrako erretaula eta Chicagon dagoen Kexaako Adatsetako Andre Mariaren aldare aurrekoa eta erretaula.

Hurrengo urratsa Italiatik zabaldutako Giottoren eskolakoa da. Era horretara pintatutako irudi bakarrak iraun du Euskal Herrian, eta beste behin ere Nafarroako Museoan gordetako adibidea da. Azken Epaiketa irudikatzen duen horma pintura Iruñako katedraleko klaustrotik dator.

Aldiz, azken garaiko nazioarteko gotikoa izeneko adibide gehiago ditugu, batez ere erretaulak egitearen ohiturari esker. Iruñako katedrala garai horretan dekoratu zen eta Nafarroako gorteak eskaera handitu zuen.

Hala ere, aipagarriak dira Tuterako katedralerako garai hartan pintatutako erretaulak, Santa Katalinari eskainitakoa eta Bonanat Zaortiga pintore aragoitarrak 1412an Mosen Frances Villaspesa eta Isabel Uxuekoarentzat Itxaropenaren Amabirjinaren erretaula.

XV. mendearen bukaera aldera eta XVI. mendearen lehen urtetan, Flandesen egindako ohol gaineko pintura asko iritsi zen euskal lurraldeetara, merkataritza harremanak zirela eta.

Flandesko estiloa jarraitzen zuten bertako tailerretan egindako pintura motak ere arrakasta handia izan zuen hegoaldeko lurraldeetan; bai Gaztelako gortearen ingurukoak, bai Aragoiko koroaren ingurukoak.

Gainera, azken garai horretan horma pinturak garrantzia galtzen hasi zen, ohol gaineko pinturaren alde, eta bereziki koadro multzoez osatutako erretaulen alde. Eliza handiek, eta baita noble eta burges aberatsek, pintura lanak marko konplexuetan multzokatuta egiteko aginduak ematen zituzten, bai aldare nagusiak, bai kapera pribatuak apaintzeko. Adibide ikusgarriena Tuterako katedraleko erretaula nagusian daukagu, Pedro Diaz de Oviedo izeneko pintoreak egindakoa.

Errenazimenduko berrikuntzak -espazioaren irudikapen geometriko matematikoa, giza gorputzaren ezagupen anatomikoa eta greziar-erromatar kulturaren berreskurapena- bi bidetik iritsi ziren Euskal Herrira: inguruko erresumetara -Aragoi, Gaztela, Frantzia- iristen ari ziren Italiako eraginen bidez eta Flandesko pinturan gertatzen ari ziren aldaketen bidez.

Azken lurralde horretatik etorritako adibide asko gordetzen dira Euskal Herriko hiri eta herrietan, garai hartan izandako merkataritza harremanak zirela medio. Hiru oholez osatutako triptikoak ohikoak izaten dira eta Kristoren Pasioa eta Amabirjina gai nagusia irudikatuta izaten dute, olio teknika berriaren bidez, oro har.

Bestalde, erretaulen lanak, eskulturak nagusitasuna izan arren, pintura lan nekeza eskatzen zuen, urreztatze eta polikromatze teknika gero eta landuagoen bidez. Horregatik, XVI. eta XVII. mendetako pintore askoren lan handienak ez ziren koadroak pintatzea, erretaulak urreztatzea eta margotzea baizik.

Lan horiekin batera, horma pintura lan asko egin zela jakin dugu azken urtetan, eliza askoren zaharberritze lanek XVI. mendeko horma pinturak azalarazi dituztenean: Azpeitiko Bakardadearen Kapera edo San Telmo Museoko elizaren sabaiko dekorazioa, adibidez. Era berean, badirudi pintatutako erretaula asko egiten zirela egurrezkoak jarri baino lehen edo jarri ordez, azken urtetan egurrezkoen atzean azaldu direnen arabera.

Gainera, horma pintura eraikuntza zibiletan ere azaltzen da fatxadak edo areto handiak dekoratzerako orduan. Sarritan grisaila izeneko bi koloretako teknikan egindakoak izaten dira Orizko jauregitik Nafarroako Museora eramandako horma zatietan ikusten den bezala; Cruzat familiak pintore ezezagun bati eskatutako lan konplexua da eta tenplez eginda dago.

XVI. mendearen bigarren erdialdean Pietro Morone izeneko pintore italiarrak Tuterako San Adriango markesaren jauregiaren eskaileretako sabaia pintatu zuen errenazimenduko garaiko gai tipikoekin, hots, mitologiako jainko eta greziar-erromatar emakumeak.

Azkenik, erretaulak pintatzeaz gain asto gaineko koadroak pintatzen zituzten tailerrak aipatu behar dira. Gehienak familia tailerrak izaten ziren eta kalitate maila apalekoak, Frantziako eta Espainiakoekin alderatuta behintzat. Pedro de Aponteren, Joan Bustamante Iruñerrian lan egin zuen pintorearen, Rolan de Mois flandiarraren, Joan del Bosqueren edo Migel Baquedanoren tailerrak ezagutzen baditugu ere, Iruñan finkatutako Oskaritz familiakorena eta Pedro Pertus aragoiarra eta semearena Tuteran aipatu behar ditugu, Joan Landarenarekin batera. Araban berriz, Martin Oñate gipuzkoarraren familia tailerrak errenazimenduko berrikuntzak sartu zituen. Gipuzkoan, Oñatiko Bidaurretan gordetzen diren Sibilen 10 mihiseak egile ezezagunenak eta Bizkaian Beaugrantarrak eta Frantzisko Mendietak 1609an Fernando Katolikoak foruei zin egiten izeneko koadroa aipatuko ditugu.

Horrekin batera, gero eta gehiago ikusten da, Euskal herriko dirudunen joera kanpoko pintura lanak ekartzeko. Errenazimentuaren bukaera aldera oihal gaineko pintura nagusitzearekin batera, koadroak garraiatzea errazago bihurtu zen, eta Espainia eta Frantzia aldean pintura tailer kalitatezko asko zeudenez, bertakoek pintore famatuen koadroak ekartzen hasi ziren elizei eskaintzeko edo jauregiak apaintzeko.

Gainera, aipatu beharrekoa da euskaldunek Ameriketan bete zuten papera lehenbiziko pintura eskolak finkatzerako orduan. Hala nola, Baltasar Etxabe, Zaharra ezizenez, Mexikoko pintura eskola europarraren sortzaile modura hartu behar dugu.

XVI. mendetik aurrera pinturaren egoerak ia aldaketa handirik gabe jarraitu zuen Barrokoko mendetan. Lehen aipatutako hiru joera nagusiak jarraipena izan zuten: erretaulak margotzeko lanak, horma pintura elizetan nahiz jauregietan, eta kanpoko pinturaren ekartzea.

Agian, azken honen indartzea izan daiteke garaiko ezaugarririk aipagarriena. Barrokoan pinturak garrantzi handia hartu zuen, Kontrarreforma katolikoaren ondorioz elizak eskaera handitu zuelako eta lurralde protestanteetan burgesiak neurri ez oso handiko eta gai ezberdinetako pintura lanak eskatzen hasi zelako. Horrela, Flandesko, Italiako, Parisko, Gaztelako, Andaluziako, Valentziako, eta beste gune aktiboetako pintura lanak iritsi zitzaizkigun XVII. eta XVIII. mendetan.

Jatorrizko tokitan gordetzen direnen artean, Mutrikuko Zurbaranen Kristo gurutziltzatua eta Iruñako Agustina Errekoletoen Vicente Carduchoren Ama Birjina aipatu daitezke. Gasteizko bilduma partikular batean berriz Murillok pintatutako Antonio de Salcedo y Hurtado de Mendoza delakoaren erretratua dago.

Museotan, bestalde, elizetatik, komentuetatik eta bilduma partikularretatik iritsitako lan ugari daude, adibidez Berantevillako Alonso Canonen Ama Birjina eta Riberaren hiru koadro Gasteizko Santo Domingo komentutik iritsita Arte Sakratuko Museora.

Hala ere, Bilboko Arte Ederretako Museoan, Baionako Bonnat Museoan, Nafarroako Museoan, Gasteizko Arte Sakratuko Museoan, Donostiako San Telmo Museoan eta beste museo partikularretan, Europako Barroko garaiko artelan ugari ikusi daitezke.

Bertako pintore eta tailerrei dagokionez, erretaulak margotzen jarraitu zuten, koadroak eta horma pintura lantzearekin batera.

Agian Nafarroako Erriberan kokatu behar ditugu garaiko tailerrik aktiboenak. Aragoiko jatorria zuen Vicente Berdusan pintoreak Tuteran tailerra jarri zuen eta kalitatezko lan asko egin zituen Madrilgo estiloari jarraituta.

Hala ere, lurralde guztietan egon ziren pintura tailerrak, baina kalitate eskas xamarrekoak. Aipagarria da Iparraldean XVII. eta XVIII. mendetan erretaulagintzaren garapenak pintore tailerra bultzatu izana, batez ere pintatutako oholak eskatzen zirelako erretauletan kokatzeko. Dartigacave izeneko familiak lan asko egin zuen Nafarroa Behereko Oragarreko elizako erretauletan ikus daitekeenaren arabera.

Euskal Herritik kanpo lan egindako euskal pintoreen artean, Baltasar Etxaberen jarraitzaileak aipatu behar dira Mexikon eta Ignazio Iriarte Sevillan, azken horren paisaiak azpimarratu daitezke, garaiko pintura generoaren garapena dela eta.

Esan bezala, XIX. mendea baino lehen Euskal Herria pintura inportatzailetzat har dezakegu; ez dugu tailer nabarmenik ikusten edo ereduak eta berrikuntzak emateko indarra duen tailerrik edo pintorerik.

XIX. mendearen lehen urteek ildo horretatik jarraituko dute. Hala ere, Euskal Herriko pintore batzuek Parisko eta Madrilgo Akademietara joaten hasi ziren, nahiz eta oso gutxik nazioarteko mailara edo ezagun egitera iritsi. Akademiatik irtendako pintorearen eredutzat har dezakegu Leon Bonnat baionarra (1833-1922). Akademian ikasi ondoren, Erroma zen pintore guztien egin beharreko egonaldia, gero beraien hiri edo herrietara itzultzerakoan eredu klasikotan oinarritutako pintura egiteko, gaia edozein zela ere. Bonnatek, bost urte Erroman pasa ondoren, Parisera bueltatu zen pintatzera eta ordutik Baiona eta Paris artean izan zuen bere tailerra. Erretratuak, historia koadroak, alegoriak eta Euskal Herriko paisaia eta ohiturak irudikatzen zuen genero pintura egin zuen Parisko eta, oro har, Europako aberatsen artean saltzeko.

Madrilgo Akademiara joan zirenen artean, Pancho Bringas, Eduardo Zamacois, Antonio Lekuona, Juan Barroeta, Jose Etxenagusia, Eugenio Azkue, Alejandrino Irureta, Eugenio Arruti eta Ricardo Ugarte aipatu behar ditugu.

Horietako gutxi batzuek pixkanaka Bilbon biltzen hasi ziren, hiria jasaten ari zen aldaketa ekonomikoen babesean.

XIX. mendearen azken urtetan Bilbo pintura zentro izateko urratsak ematen ari zen: artea eskatzen zuten burges aberatsak mezenas lana egiteko prest zeuden, artea salerosketarako produktu bihurtzen ari zen, arte azpiegiturak garatzen ari ziren -Arte eta Ogibide Eskola, saltzeko tokiak, artisten topaketak, erakusketak-, eta arteari gero eta babes sozial handiagoa ematen ari zitzaion.

Aldaketa hauek guztiek arte modernoaren aldaketekin bat egin zuten XIX. mendearen azken urtetan eta XX. mendearen hasieran. Jadanik artistek ez zuten Akademiak inposatutako bidea jarraitu nahi izan eta hegoaldetik Madrilera jo beharrean, Parisko berrikuntzak ikusi eta ikasi nahi zituzten. Horregatik Adolfo Guiardek Akademiako bideari uko egin zion eta 1878 Parisera jo zuen. Bitartean, euskalduna ez zena baina Euskal Herriarekin lotura zuen Dario de Regoyos pintorea, Bruselasen zegoen bertako berrikuntzen parte hartzen. Bi pintore hauen berezitasuna ikasitako guztiarekin Euskal Herrira bueltatzea izan zen. Horrela pintura modernoa Euskal Herrira iritsi zen.

Akademiaren kontrako bide inpresionista eta inpresionismoaren ondorengoak bat egin zuten lehen aipatutako Bilboren aldaketa ekonomikoekin; horrela, hiria Euskal Herriko pintura zentro garrantzitsuena bilakatu zen.

Guiarden eta Regoyosen bideari jarraitu zioten XIX. mendearen bukaeran pintore gazteagoak: Ignazio Zuloaga, Manuel Losada eta Frantzisko Iturrino, adibidez. XX. mendearen hasieran, berriz, Angel Larroque, Alberto Arrue, Jose Arrue, Aurelio Arteta, Gustavo Maeztu, Antonio Gezala, Juan Etxebarria, Julian Tellaetxe eta, modu batera edo bestera, Valentin eta Ramon Zubiaurre.

Mendearen hasierarekin batera Regoyosek, Guiard eta Losadak arte modernoko erakusketak antolatzen hasi ziren; zertxobait beranduago, 1911n, lehen aipatutako artista askok Asociación de Artistas Vascos delakoa osatu zuten, gizartean eragin handiagoa izango zutelakoan.

Mende hasieran Parisen ibilitako artista belaunaldi honen asmoa tokiari lotutako arte modernoa, baina ez puskatzailea, egitea zen. Horrela, hasi zen euskal pinturari buruz hitz egiten, batez ere, Juan de la Encina -Ricardo Gutierrez Abascalen ezizena- arte kritikoak La Trama del Arte Vasco izeneko liburua argitaratu zuenean 1919an. Ordutik aurrera euskal artearen balizko izateari buruzko eztabaidak ugaritu ziren, nahiz eta ia beti arteari baino gehiago pinturari buruz hitz egiten zuten. Hain zuzen, pinturaren nagusitasuna da garai horretako artearen ezaugarrietako bat.

Pintura modernoa eta, aldi berean, tradizioan oinarritutakoa lortzearen aldeko joerak jarraipena izan zuen 20ko eta 30eko hamarkadetan, gazteagoak ziren pintoreen eskutik. Hala ere, inpresionismoaren ondorengo berrikuntza plastikoak nagusi izan arren, abangoardien ekarpen oso puntualak ikusiko ditugu garai honetako pintura lanetan, adibidez, Jose Maria Uzelai, Juan Aranoa, Jose Benito Bikandi, Jeronimo Urrutia, Asuncion Garcia Asarta eta abarren koadroetan.

Errepublikaren urteetan abangoardien joera batzuek eragina izan zuten Espainiako eta Euskal Herriko artearengan, batez ere Surrealismoak. Artista gazteagoak, tradizioaren zama kentzeko edo tradizioarekin beste moduko harremana izateko gogoa zuten. Oteizaren eskulturan jatorrira buelta ikus daitekeen modura, Nikolas Lekuonaren pinturan lurrarekin duen harreman suma daiteke; Juan Cabanas Erauskin, Jesus Olasagasti eta Carlos Riberarekin batera Madril aldean surrealismoarekin zegoen harremana erakusten du. Aurreko urtetako pinturaren eragin handiagoa jasan zuten Gaspar Montes Iturriozek, Bienabe Artiak eta Flores Kaperotxipik.

Gerra Zibilak Europako pintura joerekin lotzeko aukera zapuztu zuen. Pintore askok atzerriko bidea hartu behar izan zuten, gerraren ondorioz zuzenean hil ez zirenen kasuan behintzat. Beste asko Frankoren diktaduraren menpe isilik egotera zigortuta zeuden.

Ez zen erraza gerra ondorengo egoera pinturarentzat. Francok inposatu nahi zuen gizarte berrian arte garaikidea ez zen begi onez ikusten, ezta XX. mendearen hasierakoa ere. Arte akademiko atzerakoiak nagusitasuna hartu nahi izan zuen, nahiz eta ekimen batzuen ondorioz ez lortu.

Hain zuzen, gerra ondorengo lehen urtetan, artista eta ekimen pribatu batzuek, artearen egoera bizi berritzeko ahalegina egin zuten, Menchu Gal margolariak, Studio galeria eta Café Suizo eta Asociación Artistica Vizcaina elkarteek adibidez. Goizegi zen horrelako ekimenetarako, baina 50eko hamarkada bukaerako aldaketak finkatzen eta gerrak eta gerra ondorengo urteak eragin zuten geldialdia gainditzen lagundu zuten.

50eko hamarkadaren bukaeran Arantzazuko eliza eraikitzeko proiektuan Euskal Herriko artista berritzaile asko elkartu ziren: Oteiza, Txillida, Basterretxea, Ibarrola, e.a. Hala ere, Nestor Basterretxeak kriptan marraztutako zirriborroak ez zuen denbora asko iraun agintari erlijiosoen aginduz ezabatu arte.

Arantzazuko artisten elkarketa horrek Euskal Eskolen Mugimendua bultzatu zuen, hau da, artistak taldetan antolatzeko eta gizartean eragina izateko bultzada. Gipuzkoako eta Arabako artista askok Parisen egindako egonaldiek informalismoarekin eta Ameriketako Estatu Batuetako abstrakzioarekin harremanetan jarri zituzten: Amable Arias, Jose Antonio Sistiaga, Rafael Ruiz Balerdi, Jose Luis Zumeta, Joaquin Fraile, Juan Mieg eta Carmelo Ortiz de Elgea. Horiekin batera, Bizkaiko eta Nafarroako taldeko kideek figurazioaren bidea gogokoagoa zuten, Estampa Popular mugimenduari lotuta lehenak: Agustin Ibarrola, Dionisio Blanco, Mari Dapena, adibidez, eta pop artearen inguruan zabaltzen ari ziren joaera figuratiboekin besteak: Xabier Morras eta Isabel Bakedano, adibidez.

Hala ere, pinturaren egoera askotarikoa zen Euskal Eskolaren Mugimendutik kanpo. Maria Paz Jimenez, Gonzalo Txillida, Bonifacio Alfonso, Carlos Sanz, Jose Mari Askunze, Julio Martin Caro pintoreek taldeekin harremana izan arren ibilbide independentea jarraitu zuten.

70eko hamarkadak joera figuratiboen nagusitasuna ekarri zuen. AEBetatik eta Ingalaterratik zabaldu zen Pop artearekin batera, Europako beste joera batzuekin bat egin zuen Euskal Herrian eragina izateko. Gure artean gazteagoak ziren artistak mota horretako pinturen interpretazioak egin zituzten: Vicente Ameztoi, Ramon Zuriarrain eta Mari Puri Herrero beste modu batera. Nafarroako taldeak 60ko hamarkadako bukaeran hasitako bideari jarraipena eman zion eta Juan Jose Akerreta eta Pedro Oses moduko pintoreak aipatu behar ditugu.

Hurrengo hamarkada pinturaren nagusitasunaren urteak izan ziren mundu mailako arte merkatuetan, Alemaniako espresionismo berriaren eta Italiako transabangoardiaren itzalean. Jarrera postmodernoek modernitatea zalantzan jarri zuten eta abangoardietako artea modu pertsonalean erabiltzeko aukera zabaldu zen.

Figurazioaren barruan Clara Gangutia, Dario Urzai, Jesus Mari Lazkano, Alfonso Gortazar, Daniel Tamayo eta Alberto Rementeria aipatu ditzakegu garai hartan sona handia hartu baitzuten.

80ko hamarkadan erakunde autonomiko berriak eratu zituzten eta hezkuntza eta zabaltze azpiegitura egituratzen hasi ziren EAEn. Aurreko urtetan gero Fakultatea izan zen Bilboko Arte Ederren Eskola sortzeak bultzada handia eman zien belaunaldi gazteagoei eta 80ko hamarkadaren bukaeran Artelekuren sorrerak Gipuzkoako Aldundiaren babesean eta Eusko Jaurlaritzak Gure Artea sariak antolatzeak pinturaren, eta oro har, artearen suspertzea lortu zuten. Horregatik 90eko hamarkada garai oparoa izan zen pinturarentzat, beste arte guztientzat bezalaxe.

Hala ere, pinturak baliabide autonomo moduan jarraipena izan bazuen ere, beste baliabide batzuekin elkartzeko eta nahasteko joera izan zuen. Beraz, askotan ez da erraza pinturari buruz hitz egitea hemendik aurreko artelan batzuek izendatzeko.

  • BARAÑANO, K.M.; GONZALEZ DE DURANA, J.; JUARISTI, J. Arte en el País Vasco. Madril: Cátedra, 1987.
  • CASTAÑER, X. (ed.). Arte y Arquitectura en el País Vasco. El patrimonio del románico al siglo XIX. Donostia: Nerea, 2003.
  • Egile askoren artean: Euskal Artearen Historia: Historiaurrea, Erromanikoa, Gotikoa, Errenazimendua, Barrokoa, Neoklasikoa eta Egungo Artea. Donostia: Kriseilu, 1989-1992.
  • Euskal Artea. Dnostia: Erein, 1982.
  • PLAZAOLA, J. Euskal Artearen Historia. Lasarte-Oria: Ostoa, 2002.
  • Revisión del arte medieval en Euskal Herria/Erdi Aroko artearen berrikusketa Euskal Herrian. Cuadernos de Sección, Artes Plásticas y monumentales, 15. zbk. Donostia: Eusko Ikaskuntza, 1996.
  • Revisión del arte del Renacimiento /Errenazimentuko artearen berrikusketa. Ondare. Cuadernos de Sección, Artes Plásticas y monumentales, 17. zbk. Donostia: Eusko Ikaskuntza, 1998.
  • Revisión del arte Barroko/Arte Barrokoaren berrikusketa. Ondare. Cuadernos de Sección, Artes Plásticas y monumentales, 19. zbk. Donostia: Eusko Ikaskuntza, 2000.
  • Revisión del arte Neoclásico y Romántico/Arte Neoklasiko eta erromantikoaren berrikuspena. Ondare. Cuadernos de Sección, Artes Plásticas y monumentales, 21. zbk. Donostia: Eusko Ikaskuntza, 2002.
  • Revisión del arte vasco entre 1875-1939/1875-1939 bitarteko euskal artearen berrikusketa. Ondare. Cuadernos de Sección, Artes Plásticas y monumentales, 23. zbk. Donostia: Eusko Ikaskuntza, 2004.
  • Revisión del arte vasco entre 1939-1975/1939-1975 bitarteko euskal artearen berrikusketa. Ondare. Cuadernos de Sección, Artes Plásticas y monumentales, 25. zbk. Donostia: Eusko Ikaskuntza, 2006.
  • Revisión del arte vasco entre 1975-2005/1975-2005 bitarteko euskal artearen berrikusketa. Ondare. Cuadernos de Sección, Artes Plásticas y monumentales, 26. zbk. Donostia: Eusko Ikaskuntza, 2008.
  • USABIAGA, J.J. Euskal Herriko pintura. Ibaizabal, 2003.