Kontzeptua

Artearen Historia. Neoklasizismoa

1789tik aurrera gizadiaren historian Aro Garaikidea deritzogun eta egun arte iristen den aro berri bat hasten da. Aro honen hasiera historia-gertaera garrantzitsu eta sinboliko batez bideratzen da:Frantziar Iraultza. Hirugarren estamentuaren matxinada -burgesiak, eskulangileek eta nekazariek eratutakoa- Antzinako Erregimenaren oinarrien aurkako zuzeneko eraso garbia izan zen. Baina horrekin, gizartearen antolaketa bakarrik ez ezik, baita Elizak, nobleziak eta monarkiak zeukaten boterearen monopolioa ere zalantzan jartzen zen. Izatez, aldaketaren hasiera frantziar Iraultzaren eztanda baino lehenagokoa izan zen; aldez aurretik, burgesiak industria Iraultzaren bitartez ekonomia-aldaketa hasia zeukan eta, beraz, iraultza politikoa antzaldaketa askoz sakonago baten emaitza izan zen. Aro Modernotik Aro Garaikidera arteko aldaketa, ostera, ez zen baketsua izan; lehenengoz eta behin absolutisten -Antzinako Erregimenaren aldezleak- eta liberalen -burgesia- arteko aurkakotasuna, eta, geroztik, liberalen euren arteko aurkakotasun garbiak, XIX. mendean zehar Europa guztia astindu zuten istilu eta guda ugari sortaraziz.

Gertakizun horiek guztiak, gainera, ikaragarri azkar gertatu dira. XIX. mendearen erdi ingurutik, politika, ekonomia eta zientzia iraultzen baturaren eraginez bizitzak eraldaketarako gaitasun zorabiagarria lortzea ekarri du. Elementu berri honek gizartearen arlo guztietan eragin izan du eta, beraz, kulturan ere eta, zehatzago esate aldera, artean. Horregatik, beste garai batzuetan izandako estilo homogeneitatea desagertu egin da, eta etengabeko aldaketa prozesuan den gizarte baten beharrizanei erantzuten ahalegintzen diren ondoz ondoko eta, sarri askotan, aldibereko arte-mugimendu ugari sortu dira. Beraz, artistek ordura arte erabilitako lengoaiak bertan behera utzi ahal eta behar zutela jabetu ziren, euretariko bakoitzaren berezitasuna adierazi zezaten forma berriak sortzearen alde ekinaz zeren, azkenik, euren sormenerako gaitasuna askatua izan baitzen.

Hortik eratortzen dira XIX eta XX. mendeetan eman eta XXI. mendean jarraipena izango duten arte-estilo eta mugimenduen bat-bateko etorrera. Izan ere, neoklasikotasuna, erromantikotasuna, eklektikotasuna, modernismoa, modernitatea, abangoardia, postmodernitatea edo aniztasuna hitzak, askatasuna lortu duenetik artistaren berezitasunaren eta gizartearen arabera aldatuz doan artea izendatzeko ahaleginak baino ez dira. Azken finean artea, bere hastapenetan bezala, gizartearen konplizea da eta, hortaz, gizakiaren beraren adierazteko bidea.

Estilo neoklasikoa Euskal Herriko artearentzako oso garrantzitsua izan zen, aldi horretan gure lurraldean denboraren joanean europarraren estiloaren parekoa garatu baitzen eta ez, beste batzuetan bezala, hamarkadako atzerapenez. Hala ere, Aro Garaikidearen lehendabiziko aldi hau ez zen batere erraza izan; absolutisten eta liberalen arteko aurkakotasunak, XIX. mendearen lehen erdian zehar lurraldea astindu zuten gatazka eta guda ugari sortaraztea ekarri zuen. Zio horrek eraginda, Euskal Herrian hiru ondorengo gudak, hurrenez hurren, bizi izan ziren: Konbentzio-guda, Askatasun-guda eta lehen guda karlista. Baina gatazka ez zen politikoa bakarrik izan, ekonomia, gizartea eta kultura bezalako beste eremu batzuetara zabaldu baitzen. Liberalismoak, izatez, Antzinako Erregimenarekin identifikatu zen barrokoa izendatzen dugun aurreko aldiaren xehetasunen aldera, Ilustrazio bezala ezagutu zen ideario batetik abiatuta izatasunari aurre egiteko era berri bat proposatu zuen.

Ilustrazioak bizitza errealitatearen eremutik ulertu zuen eta ez sentimenduarenetik eta, arte-dastamenari dagokionez barrokoaren adierazkortasun emozionala eta forma gainkargatuak bertan behera utzi zituen, soiltasuna, marra zuzenak eta, batez ere, dekoraziorik eza nabarmentzen ziren urriagoa zen artearen kontzeptu berri baten alde jardunaz. Horretarako, tradizio klasikoa eta jakintza-arlo guztietan antzinate klasikoaren ereduak berreskuratu ziren; hori dela eta ilustrazioaren arte-estiloari neoklasizismoa deritzogu.

Edonola ere, arte-dastapenean aldaketa horren bultzatzailerik garrantzitsuena izan zen arren, gainerako botereek ere -monarkia, noblezia eta Eliza- estilo hori aldi berrietara egokitzearen zeinu bezala onartu zuten. Izatez, Euskal Herrian burgesia eta noblezia izan ziren Euskal Herriko kultura mailako enpresa garrantzitsuena izan eta arte-dastaketaren aldaketa babestu zuen Euskalerriaren Adiskideen Elkartea 1763an sortuz Ilustrazioaren izpiritua bultzatzeari ekin ziotenak.

Neoklasizismoak Euskal Herrian arrakasta handia izan zuen. Guda eta istiluak izan arren, Euskal Herrian arte-agerpen interesgarriak garatu ahal izan ziren, batez ere, arkitektura mailan, barrokoaren aurkako bere erreakzioan beste gainerako jakintza-arloei aurreratu zitzaien neurrian, zeregin garrantzitsua betez. Izatez, arkitekturak ikuspegi estetikotik bakarrik ez ezik, baita etikotik eta moraletik ere, geometria-forma funtsezkoetan oinarritutako marra zuzenen nagusitasunaren estetika soil baten berreskuratzearen aldeko Ilustrazioaren oinarrizko ideia oso ondo laburbiltzen zuen. Horrela, margolaritza eta zizelkaritza tradizio grekolatindarreko ereduak berreskuratzera mugatu ziren bitartean eta, izatez, Euskal Herrian neoklasikotasuna arte-agerraldi horietan errotu ez zen heinean, arkitekturari dagokion jakintza-arloan euskal arkitektoek, soiltasunaren eta xumetasunaren bitartez garai jakin bakoitzean arte-estiloa berrinterpretatu eta garatzen ohituta zeuden bezala egonda, hainbat aukera aurkitu zituzten. Denboran zeharreko bere luzapenaz, neoklasikotasuna Euskal Herrian XVIII. mende guztian zehar luzatu zen, eta estiloa XIX. mende guztian zehar luzatu bazen ere, bere gailurra XIX. mendeko lehen erdian nagusitu zen.

Bizi izandako aurkako inguruabar historikoak izan arren, Euskal Herrian eraikitako lanen kalitatea nabarmena izateaz gain gure lurraldeak eztabaida teorikoan lanetariko batzuk eta garaiko arkitektorik interesgarrienetako batzuen ekarpena eginez parte hartu zuen. Zentzu horretan, arkitektura neoklasikoa ez zen berandu eta zehar-bidez gure lurraldera iritsi zen estilo bat izan, arte-zaletasunean XIX. mendeko bilakaera historikori gehiago egokitzen zitzaion eklektikotasunaren estilo berria gailendu zitzaion arte hasieratik eskuratu eta aldeztu zena baino.

Arte

Arkitektura neoklasikoa geometrismo gordina sustatzera zetorren apaingarrien garbiketa eta egitura-argitasunagatik bereziki nabarmendu zen. Arkitekto neoklasikoentzako eraikina bolumen garbi, konpaktu eta hierarkizatutakoetatik, eta geometria soil eta simetrikotik definitzen zen. Horretara, barrokoaren gehiegikeriek ez bezala, arkitekto neoklasikoentzako marrak eta ingeradek ez zuten ez eten ez moztu beharrik, kanpo-bolumenak barrualdea argi erakutsi behar zuen, eta hutsuneak -ate eta leihoak- hormetan, ate-alborik gabe zabaldu behar ziren.

Tipologiei dagokienez, barrokoaren garaian zehar eta politika, ekonomia eta kultura bezalako beste eremu batzuetan ere arinago gertatu zen bezala, neoklasikotasunean tipologia zibilak erlijio mailakoak baino garrantzi handiagoa hartu zuen eta adibide ugariago eta garrantzitsuagoek horrela adierazten dute. Ildo horretan, neoklasikotasunean elizak ere eraiki eta, batez ere hilerriak bezalako tipologia eredu berri interesgarriak garatu ziren arren, botere zibilarekin paraleloan sortu eta bilakatutako estilo bat izan zen.

Gainera, eremu zibila ospitaleak, museoak, antzerkiak edo kaiak bezalako tipologia berriekin aberastu eta hedatu zen, Industria Iraultzarekin, ekonomia garapenarekin eta demografia hazkundearekin batera sortu eta handitzen zihoan eskaria eta aginte zibilari lotutako eraikuntza berezi batzuen inguruko eskabidea asetuz.

Arkitektura zibilaren eraikuntza neoklasikoak xehetasun formalei dagokienez, moldura, mentsula eta karelak bezalako apaindura osagarriak ere baztertzeari ekin zion. Bestalde, egituraren itxura bolumetriko eta trinkoa eta tamaina nabarmentzen ziren. Horretarako, aipamen konposatzaile bakarra izatera iritsi ziren horman zuzenean hustutako kofadura etzanen marrak eta ondo landutako harlandu handiak erabili ziren.

Arte

Nafarroan, Ventura Rodriguezek lan zibil baten bitartez estilo neoklasikoa sartu zuen, Noaingo ubidea. Beste gainerako eraikinei dagokienez, Iruñean antzoki Nagusia -egungo Gayarre antzokia- eta Nafarroako Aldundiaren jauregia aipatu behar dira. Lehendabizikoan, Pedro María de Ugartemendia eta Jose de Nagusia gipuzkoarren lana, bere estilo soila eta kanpo bolumenak barne antolaketa antzematen duen xehetasuna nabarmentzen dira. Bigarrenean berriz, Jose de Nagusiak egindakoa, zaletasun erromantikoa adierazten duten errenazimendu-xehetasunak nabarmentzen dira. Hala ere, Nafarroan garai horretan zehar gauzatutako egitasmorik handizaleena Tafallako Enparantza Nagusia izan zen. Martin de Saracibar arabarrak garaiaren amaieran egindakoa, laukizuzeneko forma dauka, bere beheko solairuan diren aterpeak eta laukizuzen itxurako hutsune xumedun goiko solairu biak nabarmentzen direlarik.

Baina Araban dira berririk gehienak aurkitzen ditugun tokia, Justo Antonio de Olaguibelen lanean hain zuzen. Arkitekto arabar hori, Ventura Rodriguezekin batera, Euskal Herrian, antzinate klasikoa ezagutu bakarrik ez ezik Gasteiz bezalako hiri baten beharrizanei erantzunez inguruan integratzen zekiena erakutsiz, lan xume, zorrotz eta oinarrizko baten bitartez neoklasizismoa sartzearen arduradun nagusia izan zen. Bere bi lan garrantzitsuenak, tipologia horretan, Plaza Berria eta Arkupetxoen etxeak izan ziren, nahiz eta Armentian ere Diaz Espada gotzainaren jauregia egin, non bere xehetasun aipagarrienetako bat bere aurrealde nagusia den. Plaza Berria udalak udaletxe berria egin eta beratatik hiriaren hegoalderanzko zabalgune berria bultzatzearekiko helburu bikoitzez egindakoa izan zen. Oin karratuko enparantzaren diseinua enparantza barrokoen egiturarekin bat zetorren. Berez, etxaurre lauak zituzten lau soilarutan banatuta, bi arkupeetan eta beste biak horien gainean. Aldiz, Arkupetxoen etxeetan helburua hirigune zaharraren eta enparantza berriaren arteko malda atontzea zen; irudi xumezko lengoaiaz eta bere izena hartzen duen arkuteriadun igarobide arkupetuen gainean eraikitakoa dela, eraikin horrek dakarkigun berria, lurraren presioa arintzea ekarri zuten ganga-itxurako espazioetan aurkitzen da. Espazio horiek biltegi bezala erabili ziren.

Arte

Gipuzkoan, neoklasizismoaren lengoaia berritzailearen etorrera ezohiko arkitekto baten eskutik etorri zen: Pedro Maria de Ugartemendia. Bere egitasmorik interesgarriena eta berritzaileena Donostiarako diseinatutako hiri-egituraketa izan zen arren, azkenean egin ez zena, hiri berbereko Konstituzioaren Enparantzan arkitektura neoklasikoarekiko bere kontzepzioa era soil eta xumean ikus dezakegu. Enparantzaren hegaletariko baten eraiki zen Udaletxeari dagokionez, Silvestre Perezen lana izan zen eta bertan, aurrealdea nabarmentzen da. Gainerako Lurraldeari dagokionez, Jose de Eleuterio de Escoriazak egindako Tolosako Euskal Herria Enparantza eta Ordizia eta Orendaingo Udaletxeak, lehenena Alexo de Mirandak egindakoa eta bigarrena Justo Antonio de Olaguibelek egindakoa, aipatu beharko lirateke. Bi eraikin hauetan eredu barrokoa soiltasunez berrinterpretatu egin zehn.

Bizkaiari dagokionez, aroaren hasieratik puntu erdiko arkudun arkupedun eredu barrokoa errepikatzen den Otxandio, Ondarroa eta Balmasedako udalak eta Urduñako eraikin handi baina zurrun eta gogorra den Aduanen etxea eta Gabriel Benito Orbegozoren Atxuriko Ospitale xume, soil eta funtzionalaren eraikuntza bezalako lan garrantzitsuak egin ziren. Ospitaleari dagokionez bata bestearengandik banandutako pabilioien eredu britainiarra hartu zen, ospitale-tipologia berria sartuz. Hala ere, estilo horretan lurraldean egindako asmo handieneko lana Antonio Echevarriak egindako Gernikako Batzar Etxea da; akropoli bat bezala antolatutako eraikuntza-multzo desberdin horretan, erromatarren panteoiaren sarrera bezalako aurrealdearen diseinuari jarraituz egindako Zintokia nabarmentzen da. Arkitekto berarena da ere eredu toskanarreko puntu erdiko arkudun arkupeengatik nabarmentzen den Bilboko Plaza Berria.

Erlijio-arkitekturan garatu ziren forma nagusien artean, planimetriari dagokionez, laukizuzen batean txertatutako gurutz grekoaren formako oinplanoa dugu. Berez, horrela eskalinata eta aurreko atariaren ondoko espazioa guztia bateratzen duen ardatz nagusia indartzen da, eraikin osoaren handitasuna areagotuz. Barrualdean erdiguneko kupula, espazioa esanahi bakarrez hornitzeko elementu nagusi bezala, eta kanpoaldean, estalkien konbinazioak.

Arte

Erlijio-arkitekturan, eraikitako eraikinen kopurua eremu zibilean direnen besteko ugaria ez den arren, eredu interesgarriak aurkitzen dira. Aldia Euskal Herriari dagokionez Nafarroako lurraldean hasten da Iruñako katedralaren aurrealdearen eraikuntzarekin; Ventura Rodriguez arkitekto madrildarrak, San Fernandoko Arte Ederren Akademiako Zuzendariak, eraikitakoa, lan hori barrokoaren eta neoklasikotasunaren arteko iraganaldikoa da, eta antzinako erromatar jauretxeetan iradokituta dago.

Aipatutako aldi horretan Nafarroako lurraldean egindako beste gainerako eraikinen artean Santos Angel de Ochandategui arkitekto nafarrak egindako lana nabarmendu beharra dago; berari zor diogu Garesko Santiago eta Mendañako San Juan Bautista eliza-dorreen eraikuntza, Iruñako San Lorenzo elizako San Fermin kapera, Alloko Andre Mariaren eliza eta oinplano zentralizatuagatik -lauki baten oinarrian egindako gerkar gurutzea- eta erabilitako geometria zorroztasunagatik bere lanik garrantzitsuena Mañeruko San Pedro eliza.

Arte

Araban izan zen garaiko euskal arkitektorik garrantzitsuena den Justo Antonio de Olaguibel arabarra aurkitzen dugu. Bere lanik ezagunenak esparru zibilean egin zituen arren, erlijio-arkitekturan ere Ariñez, Berantevilla, Alegria eta Antoñanako eliza-dorreak, Elciegoko San Andresen sakristia berria, Gamarrako Jasokundearen eta Aberasturiko San Esteban elizen eta Arriagako parrokia-elizaren elizpeak, eta Gasteizko Magdalena lekaimetxea bezalako egitasmo aipagarriak gauzatu izan zituen. Azken honetan, Magdalena komentuan, aurrealdeko antolaketa erabat nabarmentzen da, madrildar lekaimetxeen aurrealde barrokoak soiltasunetik berrinterpretatzen baititu..

Gipuzkoan, lehenengoz eta behin aurreko aldietan egindako elizen osagarri diren elementu formalen eraikuntza da aipatu behar dena. Ateak eta dorreak izan ziren elementurik eginenak, eta euren artean Manuel Martín de Carrerak egindako Oñatiko San Miguel elizako kanpandorrea eta Azpeitian Soreasuko San Sebastian elizako Ventura Rodriguezek diseinatu baina gauzatu gabeko portada ere berezitasunez azpimarratzekoak dira; bertan barrokoaren aztarna bezala arkuek eta zutabeek sortzen duten argi eta itzalen jokoa nabarmendu beharra dago, planteamendu neoklasikoa frontoiaren marren gardentasunean nabaritzen den bitartean.

Hala ere, eredurik garrantzitsuena Silvestre Perez aragoar arkitektoari dagokio. Mutrikuko Jasokundearen eliza aipatutako tipologia horretan, bai bere soiltasun formalarengatik bai bere bolumenen artikulazio modernoarengatik ere, interesgarrienetariko bat da. Tokiko hiri-egituraren erreferentzia sinboliko bezala diseinatuta, lehenengoz eta behin mailadia eta soiltasun muturreko portiko doriko hexastilodunez osatutako bere aurrealdea nabarmentzen da. Lau zutabe doriko exentudun laukidunetik abiatuta diseinatutako oinplanoari dagokionez, erdiguneko espazioa nabarmentzen da, toral motako lau arkutatik barrualdeari espazioaren esanahi bakarra ematen dion ganga esferiko bat sortuz. Kanpoan, horman zuzenean ebakitako kofadura termalek, estalkien jokoak eta bolumenen antolaketak, soiltasuna adierazten dute.

Arte

Bizkaiari dagokionez, oinplano berridun eraikin gehiago aurkitzen ditugun lurraldea dugu. Garrantzitsuenak diren biak Larrabetzuko eta Bermeoko Santa Maria elizak ditugu. Lehendabizikoak, Ventura Rodriguezek egindako jatorrizko diseinu batetik abiatuz egindakoa, laukizuzen baten txertatutako gurutze batez zentralizatutako oinplanodun eredua sartu zuen. Baina lurraldeko egitasmorik garrantzitsuena Silvestre Perezek diseinatutakoa izan zen; Bermeoko Santa Maria elizan laukizuzen baten txertatutako grekar gurutzea eta erdiguneko kupula handi batez estalitako espazioa aipatu behar dira. Garai horretako beste eliza batzuk Aldeakueba, Murueta eta Nabarnizen aurkitzen ditugu.

Hala ere, Bizkaia Euskal Herriko hilerrien eredurik hoberenetariko batzuk zaintzearren nabarmentzen da. Horma-hilobietan hobiratzen den ateburututako eta zutabetutako elizpeko hilobi-sistema bat bezala asmatua, erdigunea baratzerako gordetzen zelarik, mota horietako hilerriak erromatar hirien ereduari jarraitzen dio. Garai horretan neoklasikotasunaren eraikuntza eta dekorazio elementuekin eraiki ziren hilerriak ugariak izan ziren arren, Bizkaian zaintzen ditugun ereduak Elorrio, Aulesti, Abadiño, Dima eta Markina-Xemeingo udalerrietakoak besterik ez dira; Mariano Jose de Lascurain arkitekto arabarrak garaiaren azkenean egindako azken udalerri horretako hilerrian eklektikotasunera hurbiltzen gaituen grekar eta egiptoar tradizio historikoaren irudiak txertatu zituen.

Arte

Euskal Herrian aldi horretan zehar jardun zuten euskal arkitektoen kopuru ugariaren aurrean erabat urria da eskultore eta margolariei buruz dugun albiste-sorta eta kopurua ere. Horretan guztian, zalantza izpiririk gabe, eragin handia izan zuen Elizak bizi zuen egoera larriarekin batera erlijio-ikonografia iradokitzerakoan eredu klasikoen egokitasun -greko-erromatar mitologian oinarrituta-- urriak, eliza-agintariek elizetan beste garai batzuetakoak ziren artelan kopuru handiak elizetan gorde izanak eta baita eliza berrien izaera soil, urri eta apaindurarik gabekoak -espazioen argitasun eta zabaltasuna bultzatuz- bezalako beste inguruabar mota batzuek ere.

Inguruabar horietan, berriro ere erretaulen pieza eskultorikoen eta diseinu berrien taxutzean zizelkaritzarena izan zen nabarmendu zen jakintza arlo bakarra.

Arte
Estilistikoki, eredurik hoberenak Gipuzkoan zaintzen dira, Diego de Villanuevak egindako Donostiako Andra Maria basilikako erretaula nagusia, Errenteriako Jasokundearen Gure Ama parrokia-elizako erretaula nagusiaren egilea ere izan zen Ventura Rodriguezek diseinatutako Donostiako basilikako albo-erretaulak, eta Silvestre Perezek egindako Tolosako Andra Mariaren erretaula nagusia nabarmenduz. Erretaula horietan eta beste batzuetan lanean izan ziren euskal eskultoreen artean Francisco de Azurmendi eta Miguel Antonio Jauregui aipatu ditzakegu. Lanotan diseinuen apaindura eta eskultura-atalen adierazpena ere ahalik eta gutxienera arte murrizten dira.

Margolaritza arloa, askoz hobea izan gabe, etorkizun itxaropentsuago bat agertzen hasi zen. Lurralde-erakundeek, udal agintariek eta geroago eta nabarmenagoa zen burgesia, XIX. mendean argazkiak eskatzen hasi ziren, horretara gizaldiaren bigarren erdian berezitasunez garatu zen eskari berri bati hasiera emanez. Edozein kasutan ere, aldi honetako zaindutako lanik gehienek Gortean euren zerbitzuak eskaintzen zituzten margolarienak dira; euren artean Antonio Carnicero, Vicente Lopez eta Luis Paret. Gure lurraldean lanari ekin ziona dakigun margolari bakarra, Gasteizera hainbat ikustaldi egin zituen Juan Angel Sáenz izan zen.

  • AGIRRESAROBE, I. Euskal Herriko Artea. Donostia: Lur, 1997.
  • BARAÑANO LETAMENDIA, K.; GONZÁLEZ DE DURANA, J.; JUARISTI, J. Arte en el País Vasco. Madril: Cátedra, 1987.
  • CASTAÑER LOPEZ, X. (ed.). Arte y Arquitectura en el País Vasco. Donostia: Nerea, 2003.
  • HH.EE. Nosotros los vascos: Arte. 5 libk. Donostia: Lur, 1987-1994.
  • HH.EE. Monumentos Nacionales de Euskadi. 3 libk. Zamudio: Elexpuru, 1985.
  • HH.EE. Arkitektura Neoklasikoa Euskal Herrian. Bilbo: Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Turismo Saila, 1990.
  • HH.EE. Euskal Artearen Historia. 14 libk. Donostia: Kriseilua, 1992.
  • HH.EE. El arte en Navarra. 2 libk. Pamplona: Diario de Navarra, 1994.
  • KORTADI OLANO, E. Gipuzkoako artea irudietan. Donostia: Kutxa Fundazioa, 2000.
  • PLAZAOLA, J; AYERBE, E. Euskal Artearen Historia. 5 libk. Lasarte-Oria: Ostoa, 2002-2004.
  • "Revisión del Arte Neoclásico y Romántico = Arte Neoklasiko eta Erromantikoaren berrikuspena". Ondare. Cuadernos de artes plásticas y monumentales / Eusko Ikaskuntza. Donostia. 21 zbk. (2002). Edukia: Eusko Ikaskuntzak aurkeztutako eta 2002an ospatutako jardunaldietako txosten, komunikatu eta bibliografia.