Kontzeptua

Artearen Historia. Erromanikoa

K.o. V. mendetik aurrera eta germaniar herrien inbasioarekin hasi zen Europan Erdi Aroa deitzen dugun garaia. Orduan, erromatar inperioa desegin egin zen, eta erresuma andana batek ordeztu zuen. Lehen mendeetan, ezegonkortasun handia eragin zuten europar kontinentean, inbasioari barne borroka ugari jarraitu baitzitzaizkion. Gainera, VIII. mendetik aitzina, arabiar inbasioa ere heldu zen Europara, eta Iberiar penintsula ia osoa azpiratu zuen. Nolanahi ere, aldi horretan, Europan, boterea ez zen monarkien eskuetan izan, baizik eta jaun feudalen eta Elizaren eskuetan. Egia esan, Elizak sustatu zuen kultur sorkuntza, eta, handik aurrera, kultura erlijioaren zerbitzura egon zen.

Erdi Aroan, bada, ordena monastikoak izan ziren estilo berri bat sortzea bultzatu zuten lehenak. Erromanikoa deitu zuten. Mendebalde kristau osoan zabaldu zen, X. mendetik aurrera. Lehenagoko zenbait herentzia artistiko integraturik, arte erromanikoak ederki erantzun zien une horretako premia material eta espiritualei.