Kontzeptua

Artearen Historia. Barrokoa

Kulturari dagokionez, Aro Modernoan bi mugimendu ezagutu ziren: lehenik errenazimendua, XV eta XVI mendetan zehar eta, geroago, barrokoa, XVII eta XVIII mendeetan. Errenazimenduan, gizakia abiapuntutzat harturik kulturaren eta artearen ikuspuntu berri bat abiatu zen, Erdi Aroko ikuspuntutik at -garai honek Jaungoikoa eta Eliza zituen ardatz, nahiz eta gotiko jadanik gizakiari begira jarri zen-, eta Grezia eta Erromako antzinatasun klasikoaren ereduari jarraiki, arteak naturalismoa eta errealismoa, armonia eta proportzioa berreskuratu zituen.

Hurrengo aldian, ordea, Eliza gidari jarri zen berriro eta barrokoaren bitartez, sentimendua eta emozioa baliatuz herritarrarekin harreman zuzena izatea bilatzen zuen estilo berri bat sustatu zuen. Gortearen eta herritarren nahimenetik gertuago zegoen proposamen artistiko bat sortu nahi zuen arte dinamikoago eta espresiboago berri hau, estilo heterogeneo bilakatu zen, pentsamendu eta gustu garaikidearen aurrekari izan zena.

Arte

Barrokoaren garaian (izen honekin ezagutzen da Aro Modernoaren bigarren zatia), Euskal Herrian, Europan gertatu bezala, XVII. mende zaila eta gatazkatsua bizi izan zen. Erlijioaren beheraldiari krisi ekonomiko sakona eta estatuak zorretan sarrarazten zituzten Europako monarkien arteko gerra etengabeak erantsi behar zaizkio. Gainera, sasoi honetan, ohikoak ziren gizarteko hiru estamentuetako kideen arteko borrokak -monarkia, noblezia, Eliza, burgesia, artisauak eta nekazariak-. Horren ondorioz, ezegonkortasuna izan zen nagusi.

Horrenbestez, halako egoera gatazkatsuan, ez da harritzekoa artearekiko gustu berri bat sortzea. Gauzak horrela, sasoi honetan Elizak ekimena berreskuratu zuen eta bere erlijio-ordenen bitartez -jesuitak, kaputxinoak, karmeldarrak-, sentimenduak eta emozioak baliatuz herritarrarekin komunikazio zuzena bilatzen zuen estilo berri bat sustatu zuen. Dinamikoagoa eta adierazkorragoa zen estilo berri honek, Eliza katolikoa gizartearengana hurbildu nahi zuen, gortesauengandik eta herritarrengandik gertuago kokatzen zen proposamen artistiko baten bitartez. Hori dela eta, barrokoa estilo heterogeneo bilakatu zen, diziplina artistiko bakarrean ere ezaugarri formal kanonikorik gabea; aitzitik, irizpide orokor batzuk abiapuntutzat hartuz, eremu edo eskualde bakoitzak, artista edo eskola bakoitzak, askatasunez jardun zuen eta espazio eta garai bakoitzari egokitutako lengoaia artistiko bat garatu zuen. Bide honetatik, lengoaia berri honen jarraibideak Elizak ezarri bazituen ere, botere zibilak baliatu zuen egoera hobekien, estilo berrian herritarrengana iristeko eredu ideala ikusiz eta Elizak hedatutako sinbologiari aurka eginez.

XVII. mendea Euskal Herrian ere gatazkatsua izan zen. Aurreko sasoian aurrerapen ekonomikoaren sostengu ziren zutabeak krisian murgildu ziren eta atsekabe orokorra estamentu guztietara zabaldu zen. Erlijio-ordena berriek estilo barrokoa sustatu zuten erlijio katolikoa fededunengana hurbildu nahirik. Dena den, barrokoak Europa eta Euskal Herrian izandako arrakasta garaiaren berezko ezaugarriei ere zor zaio, zalantzaz betetako garaia zen, ondorioz arte emozionalagoa, dinamikoagoa eta adierazkorragoa sortu zen.

Arte

Euskal Herrian barrokoa XVII. mende amaieran hasi zen finkatzen eta XVIII. mendean zehar hedatu zen. Garai honetan arkitektura diziplina artistiko garrantzitsuena zen artean, eta pinturak eta eskulturak atzera pausu nabarmena pairatu zuten krisi ekonomikoak eraginda. Ondorioz, orokorrean garai errenazentistan baino obra gutxiago mantentzen ditugu eta gainera kasu askotan, barrokoa bigarren mailako eraikuntza-elementutara mugatu zen, nahiz eta hauek ere garrantzitsuak izan, portadak eta, batez ere, kanpandorreak, esate baterako. Edozein kasutan ere, eraikin berrien adibide bikainak ere aurkitzen ditugu, arkitektura zibilaren garapen berezi batez gain.

Beraz, beste behin, errenazimenduarekin gertatu zen moduan, estilo barrokoak ibilbide laburra izan zuen gure lurraldean. Hori dela eta, orain ere ezin dugu euskal barrokorik aipatu, izan ere ez da ezaugarri berezirik hautematen. Halere, egin zitzaion interpretazioan, beste behin gehiegikeriarik gabekoa eta apaingarritasunaren aldeko joerarik gabea ageri zaigu. Eta estiloak laster neoklasizismoarengan ordezkoa bilatu bazuen ere, barrokoak arte-ondarearen adibiderik onenetakoak utzi dizkigu.

Estilo barrokoan, arkitektura apaingarrien pilaketarekin lotu ohi da. Baina, barrokoak ez zuen gizartearengana eraikinetan apaingarriak erabiliz soilik gerturatu nahi, herritarrak artea eta bizitza ulertzeko modu berrira gerturatzeko asmoz egindako forma eta egiturazko eraketa konplexuekin -oinplanoak, aurretiko bistak, espazioak- ere, gizartea hunkitu nahi zuen.

Aldi barrokoan arkitektura zibilak garrantzia gehiago hartu zuen erlijio-arkitekturak baino, izan ere, eraikin kopurua handiagoa izateaz gain, bertan, gizarteak bere beharrizan eta kezkak islatzen zituen arkitektura islatu ahal izan zuen, eliza-agintariek adierazitako jarraibideen baitan ibili beharrik gabe. Jauregiak eta, batez ere, udaletxeak izan ziren garai honetako arkitektura zibila osatzen zuten eraikuntzak. Beranduago aztertuko dugu hauen tipologia.

Arte

Estiloari dagokionez, soiltasuna eta monumentaltasuna izan ziren arkitektura zibil barrokoaren ezaugarri; berez, elementu apaingarriak XVIII. mendean soilik barneratu ziren. Eraikin zibil barrokoak oinplano laukizuzena, exentua eta aglomeratua, eskailera-kaxa, teilatu-hegal monumentalak, egutera eta lorategia ditu. Fatxadan, inposta-lerroz eta hiru bao-ardatzez (erdikoan balkoia eta armarria kokatzen dira) bereizitako hiru motako eskema errepikatzen da. Jauregiei dagokienez, gehienak ez zituzten antzinako euskal noblezia lur-jabeek eraiki, noblezia berriak eta merkataritzari, koroan zituzten kargu administratiboei eta Amerikako egonaldiari esker aberastutako burgesiak baizik; hala, garai honetan zein beste garai batzuetan eraikitako jauregi asko indianoek, Ameriketan pilatutako aberastasunarekin euren jatorrira itzultzen zirenean, agindutakoak ziren.

Nafarroan eta Araban, garai honetako jauregi gehienak XVIII. mendean eraiki ziren. Arabari dagokionez Zurbanon kokatzen den Otazutarren jauregia, Zalduondoko Larrañaga jauregia eta Gasteizko Almeda nabarmendu behar dira. Nafarroan, Iruñako apezpiku-jauregia, Miranda-Argako Colomo jauregia, Barasoaingo Azpilikueta jauregia, Tuterako Uharteko Markesaren jauregia, Oieregiko Reparacea jauregia, Elizondoko Arizkuena jauregia, Iruritako Gaston de Iriarte jauregia eta Corellako Kateen etxea nabarmentzen dira; azken hau adreiluz eginda dago eta dekorazio geometrikoa eta paramentuetako pilastrak nabarmentzen dira.

Bizkaiari dagokionez, Elorrioko Jara eta Tola jauregiak azpimarratu behar dira eta, batez ere, Ermuako Valdespina jauregia, izan ere XVIII. mendean eraikitako jauregi honek, Itailako eragina erakusten du, kupulaz estalitako barneko eskailera edo galeria bikoitza bezalako elementuekin. Gainerakoan, probintzia honetan Gueñeseko Hurtado de Amezaga, Mallabiko Arana, Markina-Xemeingo Solartekua, Balmasedako Urrutia, Lezamako Larrako, Lekeitioko Uriarte eta Ispastergo Zubieta jauregiak nabarmendu behar dira, azken honetan, bere kupulak eta dorrez hornitutako fatxadak dinamismo handiago bat ematen dute.

Arte

Gipuzkoan garai honetan eraikitako jauregi ugari topa daitezke. Garrantzitsuenak probintziaren barnealdean daude, eta, batez ere, haien soiltasuna eta bai egitura mailan eta bai apaingarriei dagokienez, elementu barroko adierazgarrien gabezia ditu ezaugarri. Segurako Lardizabal jauregia, Azkoitiko Insausti eta Florida, Tolosako Idiakez, Mutrikuko Montalibet, Usurbilgo Saroe eta Atxaga, Urretxuko Ipeñarreta, Arrasateko Monterron Kondearen jauregia, Aretxabaletako Arratabe, Zarautzeko Portu eta Hondarribiako Zuloaga jauregiak azpimarratu behar dira, besteak beste. Lazkaoko Lazkano da garai honetako jauregi bitxiena, bere sinpletasun eta monumentaltasuna direla-eta; Kortetako escorialeko soiltasunari jarraituz eraiki zen XVII. mendean eta bere atari laukia eta fatxada klasizista nabarmentzen dira jauregian.

Jauregiaz gain, udaletxea izan zen garai honetako arkitektura zibilaren adibiderik arrakastatsuena. XVI. mendeaz geroztik Euskal Herrian udal-boterea indartzen hastearen ondorioz, baliabide ekonomiko gehien zuten herriek eraikin berriak egin zituzten, kontsistorioak zituen zereginak jorratzeko. Dena den, ez zen hau izan eraikin mota hauek eraikitzeko arrazoi bakarra; soiltasuna ezaugarri badute ere, kontsistorioak erlijio-boterearekin lehiatzeko nahia ageri da udaletxeengan, hainbeste non, eraikin hauek fisikoki herriko plazan bertan eraikitzen baitzituzten. Gogoan izan behar da, aurreko garaietan udalbatzak elizetan egiten zirela, ondorioz, orain, eraikin berri bat eraikitzeko aukera eta borondatea dagoelarik, alde batetik, udalerriak duen beharrizan bat betetzen da eta, beste alde batetik, erlijioari botere zibila kentzen zaio.

Arte

Udaletxeek egitura eta antolamendu sinplea dute. Hala, arkupean dagoen beheko solairua herritarrekin egingo diren zereginetara bideratua dago, lehen solairuan kokatzen da estantzia nagusia, bilkuren aretoa eta bandera jasotzeko erabiltzen zen balkoi jarraitua, hain zuzen ere, gainera, agintariak balkoi horretatik zuzentzen ziren herritarrengana. Normalean azkena izaten zen bigarren solairuan, bulegoak eta artxibategia kokatzen ziren, udalerriko armarriarekin eta erlojuarekin batera. Kanpoaldetik eraikin soilak ziren apaingarri askorik gabeak; honakoak dira normalean aurki daitezkeen elementuak: pilastrak, balkoi bakoitzean frontoi txiki batzuk eta eraikinaren zati gorenean, udalerriko armarria babesten duen hiruki formako frontoi bat.

Hona hemen XVII. mendean eraiki ziren lehen udaletxeen ezaugarriak: trazaketa sinple eta funtsezkoak, arkuperik gabeak, eta planteamendu errenazentista eraikinaren egituran; Gipuzkoari dagokionez, Bergara, Zestoa, Oiartzun, Aretxabaleta eta Errenteriako udaletxeak nabarmen daitezke garai honetan. XVIII. mendean egindako udaletxetan, deskribatu berri diren ezaugarri guztiak aurkitzen ditugu, mende honetan honako udaletxeak nabarmen daitezkelarik: Arabari dagokionez, Bastida, Arespalditza, Aramaio, Eltziego eta Araiako udaletxeak; Nafarroari dagokionez, Biana, Bera, Lesaka eta Iruñako udaletxeak; Bestalde Bizkaiari dagokionez, Balmaseda, Bermeo, Otxandio, Orozko, Durango eta Lekeitioko udaletxeak nabarmendu behar dira, eta Gipuzkoan Elgoibar, Andoain, Alegi, Oñati, Asteasu, Astigarraga, Azkoitia eta Arrasateko udaletxeak dira estilo honen adierazgarri.

Erlijio-arkitekturari dagokionez, nahiz eta beste garai batzuekin alderatuz eraikin gutxiago eraiki, oraindik eraikin garrantzitsuak eraikitzen ziren elizaren beharrizanak asetzeko. Hala, garai barrokoaren hasieran zehar Euskal Herriko herri nagusietan hainbat komentu finkatu zirela nabarmendu behar da. Gainera, aldez aurretik eliza garrantzitsuak zituzten herrietan, portada berriak eta, batez ere, kanpandorreak erantsi zitzaizkien, eraikinak Elizak markatutako helburu sinboliko berrietara egokitzeko xedez; horregatik, arreta berezia eskaintzen diegu kanpandorreei, izan ere, eraikin mota hau Euskal Herriko arkitektura-paisaian barneratzen den arkitektura-elementu nagusietako bat da.

Euskal Herriko barrokoaren ezaugarriei dagokienez, espazioaren ikuspuntu berriak garaiz txertatu zirela esan daiteke, erlijio-ordena berriek hainbat komentu finkatu baitzituzten. Eraikin hauetako elizetan arkitektura barrokoaren lehen ezaugarriak ikus ditzakegu: laukizuzen batean gurutze latindarra inprimatua daramaten oinplanoak, burualde zuzena, alboko kaperak kontrahormen artean eta koru garaia elizaren aurrean. Barnealdeari dagokionez: luneta-gangaz edo kanoi erdiko gangaz estalitako nabe bakarra dago, kupuladun gurutzadura petxina gainean kamonatua, eta alboko kaperek ertz-gangak dituzte. Kanpoaldean aldiz, frontoi batekin amaitutako lau angeluko fatxadak nahiz kutsu eszenografiko eta urbanoa izanik, fededunak erakarri nahi dituzten portadak aurki ditzakegu.

Arte

Lurraldeei so, estilo honi dagokionez ezberdintasun nabarmenak daude Euskal Herriko probintzien artean. Eraikuntza-berrikuntza nagusienak Gipuzkoan eman ziren, Bizkaian ere berrikuntzak sartu zirelarik; tipologia eta egitura ikuspegitik nahiz apaingarriei dagokienez, bi lurralde horietan aurki daitezke obra eta berrikuntza adierazgarri gehien. Berez, kostako bi probintzien artean ere bada ezberdintasunik, hala, Gipuzkoan, Euskal Herriko eraikuntza garrantzitsuenak -Loiolako basilika- egiten zuen itzalaren ondorioz, barroko joera gehiago duten proposamenak egin ziren, formari kutsu plastikoagoa emanez; Bizkaian, ordea, barrokoak ez zuen hainbeste apaingarri izan. Nafarroa, Araba eta Iparraldeari dagokienez, askoz eraikin gutxiago eraiki ziren, izan ere, beste garai batzuetako eraikinak egonik ez zen berrien beharrik, hori dela eta, estilo barrokoan elementu osagarriak eraiki ziren nagusiki, portadak, kanpandorreak eta kaperak, hain zuzen ere.

Beraz, estilo barrokoan erabat egindako eraikinei dagokienez, erretaula klasizista formako portada duen Bastidako Jasokundeko Andre Mariaren eliza, eta Iruñako Karmeldar Oinutsak, Corellako Gizakundea, Bianako San Frantzisko eta Lizarrako Kontzepzionista Errekoletoen komentuak nabarmendu behar dira Nafarroa, Araba eta Iparraldean; komentu hauen fatxadetan Il Gesú, eliza erromatarraren eragina nabari da, eta Gasteizko San Antonio komentuak Madrileko Gizakundearen komentuko fatxada klasizistaren eragina jaso zuen, kutsu herreriatar argiekin, bere eliz atarian esaterako.

Arte

Hiru lurralde hauetan XVIII. mendekoak diren gainerako eraikinetan, barrokoaren eragina antzeman dezakegu elementu apaingarrietatik haratago. Hala, Araban, Aguraingo San Joan elizan eta Tuterako katedraleko Santa Ana eta Espiritu Santu kaperetan, Nafarroan, apaingarri naroaz gain, hausturak eta dinamismoak topa ditzakegu formetan. Espazioei dagokienez, Nafarroan, Tuterako Mariaren Lagunartea elizak oinplanoa oktogonala dauka, Milagroko Zaindaritzaren elizak, guretze grekoa inprimaturik duen oinplano eliptikoa du. Dena den, portadetan hauteman daitezke erlijio-arkitektura barrokoaren adibiderik onenak, Sorladako San Gregorio Ostiense basilika nabarmentzen delarik, Nafarroan, exedra forman eta esfera laurden batekin amaitua.

Bizkaian ere, erlijio-ordena berriek eraikitako komentuen bidez barneratu zen estilo barrokoa. Bilboko Santos Juanes eliza da eraikin interesgarrienetako bat, Euskal Herrian Il Gesúren ereduari jarraitu zion lehen tenplua; barnealdean, zantzu errenazentistak mantentzen ditu, altuera ezberdinak dituzten hiru nabeko oinplanoarekin, baina elementu barrokoak ere badira bertan, gurutzadura eta, haren gainean, petxinak dituen kupula bat, esaterako. Oinplano eredu hau Uribarriko Durangoko Andre Mariaren elizan, Urduñako Familia Santuaren elizan eta Markina-Xemeingo Karmengo elizan ere aurki dezakegu. Portadei dagokienez, Bilboko, Güeñes, Turtzioz eta Gizakundea elizek Escorialeko ukituak dituen eskema sinpleko portadak dituzte. XVIII. mendean Bilboko San Nikolas de Bari eliza nabarmendu behar da, espazio kontuetan adibiderik onenetakoa zalantzarik gabe, oktogono bihurtutako lauki batean txertatutako gurutze grekozko oinplano batekin eta kupula batekin. Portadei dagokienez, Balmasedako San Severino elizan dagoena, eta Durangoko Uribarriko Andre Marian egurrez eraikitako eliz ataria eta Bilboko Santiago elizan harriz eraikitakoa nabarmendu behar dira.

Halere, Gipuzkoan aurki ditzakegu eraikin barroko gehien eta garrantzitsuenak. Lurralde honek, hazkunde ekonomiko eta demografiko handiagoa ezagutu zuen. Azkoitiko Santa Clara komentua izan zen estilo barrokoaren eragina jasotzen lehenengotakoa. Komentu honek, lehen estiloaren tipologiari eusten dio, eraikuntza soila du eta fatxadaren tipologiari dagokionez, laukizuzena da, erabateko biluztasunez gauzatua. Gurutze latindar oinplanozko komentuen eredua eta apaingarrien tradizio klasizista, Alegia eta Pasai Donibaneko parrokietan ere gauzatu zen, eta baita Getaria, Errenteria eta Segurako elizetako portadetan edota Donostiako San Vicente elizako portadan.

Arte

XVIII. mendean, Gipuzkoa, bere esanahia zela-eta Euskal Herriko aldi barrokoko eraikuntza garrantzitsuena izango zen eraikin batek baldintzatzen du. Loiolako basilikaz ari gara, barroko erromatarrarekin duen lotura dela-eta eraikin berezienetakoa dena, inguru hauetan oso ezohikoa. Italiako Carlo Fontana arkitektoak, Berniniren dizipuluak, diseinatu zuen eraikuntza hura eraikitzeaz lan-maisu euskaldun ugari arduratu ziren, horien artean Martin de Zaldua, Sebastian de Lecuona eta Ignacio Ibero nabarmendu behar dira; Basilikan parte hartu zuten artista hauek eta beste hainbat artista euskaldunek, apaingarritasunari soilik zegokion proiektu batean, multzoaren oinplanoak aldatu zituzten, Euskal Herrian garatzen ari zen estilo barrokoaren soiltasunera egokituz. Basilika da multzo guztiko eraikin garrantzitsuena, bertan, sarbide eskalinata, eliz atari ganbila, errotonda formako oinplano zentralizatua eta kupula izugarria nabarmentzen dira, azken honek gainera, haren baitako dorreen artean tiranteak ditu. Loiolako basilikak utzitako eragina oso garrantzitsua izan zen, hala, Bilboko San Nikolas de Bari elizak eta Andoaingo San Martin de Tours elizak, Loiolako basilikaren eragin hori erakusten duten elementu apaingarriak dituzte.

XVIII. mendean Gipuzkoan eraiki ziren elizen artetik, Donostiako Koruko Andre Mariaren basilika da interesgarriena; bertan, aretozko oinplanoa nabarmentzen da, altuera bereko hiru nabeekin eta ganga gotikozko estaldurarekin. Segurako Jasokundea, Azkoitiko Andre Maria, Oñatiko San Migel eta Hernaniko San Joan Bataiatzailea elizetako portadak ere Gipuzkoan mende honetan egindakoaren adibide paregabeak dira. Horietan, fatxada laukizuzena, triangelu formako frontoi bat sostengatzen duten eta arku bat osatzen duten bi pilastraz barneratzen da. Pasaia San Pedroko elizari dagokionez, bertako portadaz gain, hiru nabeko aretozko oinplanoa nabarmendu behar da, eta orokorrean, neoklasizismora hurbiltzen gaituen kubo formako bolumena bera.

Erlijio-arkitekturarekin amaitzeko, Euskal Herriko paisaia arkitektonikoa osatzen duten elementu arkitektoniko bereizgarrienetako bat kanpandorrea dela azpimarratu behar da. Hasiera batean, elizetako kanpaiak kokatzeko eraikiak, dorre mota hau aldi barrokoan zehar eliza katolikoaren ikur eta euskal gizartearen gain zuen boterearen ikur bilakatu zen. Berez, kanpandorreek kanpai-hotsen bitartez egunerokotasuna antolatzen zuten.

Arte

Kanpandorrea lau ataletan antolatzen da. Lehenik eta behin oina dago, bazter bakoitzean pilastra banaz apaindutako oinplano koadro bat du eta haren gainean altxatzen da lehen gorputz baxu hau. Jarraian, bigarren gorputza dago, bertan, kanpaiak kokatzen dira eta honek ere angeluetan pilastrak erakusten ditu eta pinakulu apaingarriz hornitzen da. Ondoren taulamendua, erlaitza, eta zenbaitetan, balaustrada kokatzen dira, hauek hirugarren gorputza osatzen dute eta beste bi ataletan agertzen den dekorazioa aurki daiteke. Azkenik, eraikina, kanpaien gorputzak daraman dekorazio berdina (apaingarri gutxiagorekin) daraman linterna batekin bururatzen den kupula batekin bukatzen da.

XVII. mende amaieran eraiki ziren lehen kanpandorreak. Oso sinpleak izan ziren dekorazioari nahiz egiturari dagokionez, azken hau Escorial tradizioko kubo soilekin gauzatua; garai honetakoak dira Araban, Kanpezu, Bilar eta Bastidako dorreak, Markina-Xemein eta Portugaleteko dorreak Bizkaian eta Eibarkoa, Gipuzkoari dagokionez. Dena den, Euskal Herriko paisaia arkitektonikoan garrantzitsuenak eta adierazgarrienak diren dorreak XVIII. mendean eraiki ziren. Dorre hauek deskribatu berri dugun tipologiari jarraitu zieten eta agerian geratzen da Loiolako basilikaren egitura eta dekorazioak utzitako eragina. Gipuzkoan aurkitzen dira kanpandorre azpimarragarrienak -Elgoibar, Andoain, Tolosa, Eskoriatza, Bergara, Hondarribia, Ordizia, Usurbil, Hernani, Ibarra, Aretxabaleta, Urretxu-, beste lurraldeetan ere adibideak ikus ditzakegun arren. Hala, Bizkaiari dagokionez, Portugaletekoa, Elorriokoa, Otxandiokoa, Durangokoa, Balmasedakoa, Ermuakoa eta Gezalakoa dira aipagarri, Araban Gasteizko San Migel eta San Pedro elizetakoak eta Lesakan aurki daitekeena Nafarroan. Azken lurralde honetan, Erriberan, bestelako kanpandorreak aurki daitezke. Hauek, materialari eta egiturari dagokionez, tradizio mudejarraren ondorio dira; modu honetako dorreak aurki ditzakegu, Villafrancako Santa Eufemia elizan, San Julian eta Santa Basilia elizetan Andosillan, Santiago elizan Funesen, Desojoko Andre Maria elizan eta Tuterako katedralean.

Arte

Garai barrokoan pinturak eta eskulturak atzera pausu aipagarria eman zuten krisi ekonomikoaren ondorioz eta arte-sorkuntzarako bildutako dirua arkitekturan erabiltzea lehenesten zelako, izan ere, arte adierazpen hau lagungarri suertatzen zitzaien, bai erlijio botereari eta bai botere zibilari sozialki garrantzia lortzeko asmoan.

Horrenbestez, Euskal Herriko eskultura barrokoak ez zuen errenazentistak lortutako garrantzia eta osperik erdietsi, eta sarritan, Espainiako beste zonalde batzuetan zeuden lantegietara jo behar izan zen. Berez, XVII. mendean nagusi izan zen estiloa erromanismoaren segida baino ez zen izan, eta Juan Antxietaren jarraitzaileak izan ziren sasoi honetan nagusi. Ondorioz, dinamismoa, adierazkortasuna, apaingarrien pilaketa eta konplexutasuna ezaugarri zituen estilo barroko berria ez zen XVIII. mendera arte iritsi.

Arte

Are gehiago, XVII. mendean, Euskal Herrian aldi errealista bat ere izan zen, bertan Gregorio Fernandezen lanak utzitako eraginaren ondorioz; Valladolideko eskultoreak hainbat erretauletan esku hartu zuen, horien artean azpimarragarriak dira, Gasteizko San Migel elizako erretaula Araban eta Bergarako San Pedro elizakoa Gipuzkoan. Bestalde, Hernaniko San Joan Bataiatzailearen elizako erretaulan eta Oiartzungo San Esteban elizakoan, Gipuzkoan biak ere, erromanismoaren eragina hauteman daiteke oraindik. Nafarroan, Bianako Andre Maria elizako erretaula, Carcargo San Migel elizakoa eta Los Arcoseko Andre Maria elizakoa nabarmendu behar dira garai honetan.

XVIII. mendeko lehen erditik aurrera, euskal eskultoreen belaunaldi berri bat agertzen da -Felipe de Arizmendi, Juan Bautista de Suso, Juan de Apeztegui,Martin Bidatxe - eta ezaugarri barroko batzuk txertatzen dituzte hainbat obretan, esate baterako, Oñatiko San Migel eta Andoaingo San Martin elizetako erretaulan Gipuzkoari dagokionez eta Donibane Lohitzuneko parrokiako erretaulan, Iparraldean.

Arte

Dena den, benetako aldaketa XVIII. mendeko bigarren erdian eman zen Churrigueratarren lantegia Euskal Herrian lan egiten hasi zenean. Modu honetan, gure lurraldera rococo estiloa iritsi zen. Estilo honetan apaingarritasuna apur bat urritzen da eta erretaularen egiturari ezegonkortasun eta mugimendu gehiago ematen zaio, izan ere, lerro zuzenak eta kurbak nahasten dira eta frontoi zatikatuak, apur bat ateratako erlaitzak eta moldura gainean sostengatzen diren zutabe konplexuak erabiltzen dira. Estilo honetan, Churrigueratarrez gain, euskal eskultore ugarik ere parte hartu zuten -Tomas de Jauregui, Francisco Vergara,Miguel de Yrazusta - honako erretauletan: Elorrioko Andre Maria elizakoan Bizkaian, Leringo Jasokundearen elizakoan eta Lesakako San Martin elizakoan Nafarroan eta, Gipuzkoari dagokionez, Oñatiko Bidaurreta monasterioko elizetako erretaula nagusietan, Loiolako Basilikan, Pasai Donibaneko San Joan Bataiatzailea elizan eta Donostiako Andre Maria elizan.

Pinturari dagokionez, krisi ekonomikoa gehien pairatu zuen diziplina artistikoa izan zela esan behar da. Hori dela eta, mantentzen diren adibideak, ugariak ez izateaz gain, gehienak Europako beste zonalde batzuetatik hartutakoak dira. Gaiari dagokionez, erlijioak du indar gehien, izan ere, bai euskal nobleziak eta bai euskal burgesiak elizetara emateko agintzen zituzten obrak.

Arte

Euskal Herriko museotan pintore espainiar barroko ugari ageri da, horien artean, Jose de Ribera, Francisco Zurbaran, Mateo Cerezo, Alonso Cano, Antonio Pereda eta Juan Carreño de Mirandaren lanak nabarmendu behar dira. Baina Euskal Herrian atzerriko pintoreak ere aritu ziren, hori da Pedro de Obrel flandestarraren kasua, dena den, garai errenazentistako adibideak dauden bezalaxe, garai honetako adibiderik ez da geratzen. Berez, Vicente Berdusan nafarra izan zen euskal pintore barroko aipagarri bakarra. Erlijioaren gaiari jarraituz egin zituen bere koadroak eta, bertan, argiaren efektua eta azterketa atmosferikoa nabarmentzen dira, lerro klasizista bati jarriki. Dena den badakigu beste euskal pintore batzuk ere, Antonio Gonzalez Ruizek eta Ignacio Huartek, Espainiako beste lantegi batzuetan lan egin zutela, erlijio-eszenak eta paisaiak eginez.

Baina panorama eskas honek ez du esan nahi Euskal Herrian beste pintura lanik egin ez zenik. Berez, mantentzen diren aztarnei esker, badakigu, eliza askotan, erretaulak agintzeko adina baliabide ekonomikorik ez zegoenean, eliza pintura bidez apaintzen zela, eta beranduago erretaulekin edo bestelako apaingarriekin ordezkatzen zirela pintura horiek. Aztertu ditugun jauregi batzuetan ere, pintura muralak egin ziren, baina gehienak ez dira mantentzen; Gipuzkoan dagoen Ordiziako Barrena jauregiko pinturetan ikus daiteke adibide eskas bat; bertan, motibo geometriko eta loredunak baliatuz egindako dekorazioa da nagusi, eta ohiko erlijio gaietatik urruntzen hasten diren gaiak ikus daitezke, horrek, artearen zimenduak aldatu zituen sentiberatasun artistiko garaikide berri bat zetorrela adierazten du.

  • AGIRRESAROBE, I. Euskal Herriko Artea. Donostia: Lur, 997.
  • "Arte Barrokoaren Berrikusketa = Revisión de Arte Barroco". Ondare. Cuadernos de artes plásticas y monumentales / Eusko Ikaskuntza. Donostia. Nº 19 (2000). Edukia: Euko Ikaskuntzak aurkeztutako eta 1996an ospatutako jardunaldietako txosten, komunikatu eta bibliografia.
  • BARAÑANO LETAMENDIA, K.; GONZÁLEZ DE DURANA, J.; JUARISTI, J. Arte en el País Vasco. Madril: Cátedra, 1987.
  • CASTAÑER LOPEZ, X. (arg.). Arte y Arquitectura en el País Vasco. Donostia: Nerea, 2003.
  • HH.EE. Nosotros los vascos: Arte. 5 libk. Donostia: Lur, 1987-1994.
  • HH.EE. Monumentos Nacionales de Euskadi. 3 libk. Zamudio: Elexpuru, 1985.
  • HH.EE. Euskal Artearen Historia. 14 libk. Donostia: Kriseilua, 1992.
  • HH.EE. El arte en Navarra. 2 libk. Pamplona: Diario de Navarra, 1994.
  • KORTADI OLANO, E. Gipuzkoako artea irudietan. Donostia: Kutxa Fundazioa, 2000.
  • PLAZAOLA, J; AYERBE, E. Euskal Artearen Historia. 5 libk. Lasarte-Oria: Ostoa, 2002-2004.