Kontzeptua

Artearen Historia. Gotikoa

XII. mendearen hondarretik aitzina, hiriak hazi egin ziren, monarkiek indarra hartu zuten eta burgesia sortu zen. Horrek guztiak gizartearen pentsamoldea aldarazi zuen. Hortik, arte berri bat etorri zen: gotikoa. Arte hori gizakiagana eta naturara hurbildu zen emeki-emeki, eta erlijioaren monopolio esklusiboa izateari uzten hasi. Izan ere, monarkek, burgesek, nobleek eta Elizak, guztiek bultzatu zuten, batera, artearen gizatiartze prozesua. Horrek hurrengo aro historikoan, Aro Modernoan jo zuen goia: Errenazimentuan.

Gotikoa XII. mendearen hondarrean garatu zen Europan. Kultur mugimendu horrek erromanikoa ordeztu zuen. Europan sortu zen gizarte mota berriagatik jaio zen gotikoa. Izan ere, Erdi Aroko bigarren etapa horretan, Euskal Herriak, Europa osoak bezala, garapen ekonomiko handia izan zuen, artisautzaren -antolamendu-sistema gremial batekin- eta merkataritzaren berpizkundeari esker.

Arte

Garapen ekonomiko horrek biztanleriaren hazkunde handia ekarri zuen noski. Hiriak indartzea eta hiribilduak sortzea ere bai. Jakina, hiria eta burgesia, hots, garai horretan indartu zen klase sozial berria, oinarri berri bat bilakatu ziren. Oinarri horretan, eta monarkiak, Elizak eta nobleek aurretiaz jarritakoetan altxatu zen gotikoa. Garai horretan hasi zen beheraka sistema feudala. Hain zuzen ere, sistema feudalaren gainbehera hasi zenean, monarkiek ederki baliatu zuten abagunea, beren boterea handitzeko eta erresuma zabalagoak osatzeko.

Elizak ere erantzun beharra zeukan egoera berriari. Kultur mugimendu berri bat sustatu zuen, erromanikoa ordezteko eta sortzen ari zen gizarte berrira egokitzeko. Gizarte berri hori hiritarra zen batez ere, eta, erromanikoaren proposamen austeroen eta zorrotzen aurrean, bestelako lengoaia bat eskatzen zuen, lengoia hurbilagoa, zuzenagoa, gizatiarragoa eta naturalagoa. Elizak ederki sortu zituen, fedearen eta predikazioaren alorretan, ordena monastiko berriak, ordena irekiagoak eta klase sozial berriei nahiz mentalitate berriei egokituagoak -frantziskotarrak, domingotarrak-, eta, era berean, estilo humanistagoa bultzatu nahi izan zuen, hots, gotikoa, premia artistiko berriei hein berean erantzuteko. Horregatik, eta nahiz eta gotikoak ere erromanikoaren izaera homogeneoarekin eta didaktikoarekin jarraitu zuen, Elizak bazekien estilo berriak bestelako jarrera bat eduki behar zuela, hau da, gizarteagandik hurbilagoa eta elkarrizketazaleagoa.

Arte

Garai horretan, Euskal Herriak aldaketa garrantzitsuak ezagutu zituen, nahiz eta era desberdinetan gertatu. Izan ere, Nafarroako Erresuma gainbehera-prozesu batean sartu zen, eta, azkenean, Gaztelako tropek konkistatu zuten, 1515ean. Araban ere, atzerakada handia gertatu zen, lurraldea gelditu egin zen poliki-poliki. Bizkaia eta Gipuzkoa, aldiz, beren aurrerakada ikusgarriagatik nabarmendu ziren. Itsasertzeko bi lurraldeek gora egin zuten, burdina-mearen ustiaketari, arrantzari eta Gaztelako produktuekin Ipar Europarekin egindako merkataritzari esker.

XIV. mendetik aurrerako garapen ekonomikoak biztanleria haztea ekarri zuen, eta, horren ondorioz, hazi egin ziren, halaber, gizarte eta kultur oparotasuna. Hala, Arabak eta Nafarroak Erdi Aroko lehen fasean iritsia zuten aldea berdindu egin zuten itsasaldeko bi lurraldeek, eta, ordutik aurrera, iparraren garapena handiagoa izan zen hegoarena baino.

Arteari dagokionez, gotikoak sekulako arrakasta izan zuen Euskal Herrian eta, batik bat, Bizkaian eta Gipuzkoan, nahiz eta Nafarroan, Araban eta Iparraldean ere obra garrantzitsuak eta interesgarriak egin zituzten estilo horretan. Egia esan, gotikoak XVI. mendera arte iraun zuen Euskal Herrian, errenazimentuak ordeztu gabe, estilo berri hori XIV. mendearen azkenean sortu bazen ere. Beste behin ere, arkitektura izan zen gehien garatu zen diziplina artistikoa, nahiz eta eskultura ere independizatzen eta bere kabuz garatzen hasi zen. Euskal Herriko estilo gotikoak eragin ugari jaso zituen: Gaztelatik, Aragoitik eta Frantziatik aurrena, eta, gero, Erdialdeko Europatik, hau da, Flandriatik eta alemaniar erresumetatik. Azkenik, gorde diren obra ugariek eta haien kontserbazio-egoera onak lagunduko digute euskal gotikoaren ikerketan.

Euskal Herrian garatu zen arkitektura gotikoa bere bakuntasunagatik eta austeritateagatik nabarmendu zen batez ere, eta, bestalde, bere izaera hibridoagatik, ezaugarri erromanikoak atxiki baitzituen hasieran, eta ezaugarri errenazentistak hartu, azkenean. Erromanikoko, gotikoko eta errenazimentuko teknika, eraikuntza eta apainketa elementu horien nahasketa bi arrazoigatik gertatu zen: eraikinek luzaroan irauten zutelako, eta elementuak eta materialak eraikuntza-prozesuko une desberdinetan berrerabiltzen zirelako. Hain zuzen ere, hiztegi gotikoko oinarrizko elementuak -arku zorrotzak, gurutze-gangak, arbotanteak- ez dira beti ageri Euskal Herriko eraikinetan. Aitzitik, beste ezaugarri batzuk -zabaltasuna eta altuera espaziala, edo eraikuntza-elementu apaingarrien pieza eskultoriko falta-errepikatu egiten dira garaian zehar.

Arte

Arkitektura zibilean esan dugu, jadanik, arkitektura zibil erromanikoko hondar gutxi gelditzen direla. Gotikoan, aldiz, eraikin zibil ugari egin ziren. Egia da gehienak aldatuta heldu direla guganaino. Halere, nahikoa dira garai hartako bizitza zibila nolakoa zen asmatzeko. Gainera, eraikin gehienak Euskal Herriko familia garrantzitsuenen jauregiak eta dorretxeak diren arren, badira eraikin arrunten hondarrak ere, eta geroko euskal baserriaren egitura igartzen hasten uzten digute.

Nafarroan, oraindik hor dauzkagu garai horretako jauregi garrantzitsuenaren elementu batzuk. Erriberrin, Karlos III.ak errege jauregi bat eraiki zuen, XV. mendearen hasieran, bere gortearentzat, Europako errege jauregi handien antzera, bere erregealdiaren ospearen eta oparotasunaren agergarri. Eraikina gela edo barne txiki ugarien konbinazioa da, non eraikuntza-elementu gotikoak erantsi diren, gorteko irizpide estetiko bati, eta ez militar bati, jarraituta. Jauregiko gela guztiak apaingarri ugariz edertu ziren.

Arte

Frantses gustukoa zen hori, baina galdu egin zen, jauregia mende askoan egon baitzen bertan behera utzita. Egun, kontserbatzen dena zaharberritze baten emaitza da, eta, hor, urriak dira jatorrizko elementuak. Garai gotikoan eraiki zen baina jasan zuen esku-hartzeagatik itxuraldatuta dagoen beste eraikin bat Xabierko gaztelua da. Defentsarako multzo horretan, dorre nagusia gailentzen da; harresi bat du inguruan, angeluetan defentsarako kuboak dituela. Martzillako gaztelua dago hobeki kontserbaturik.

Bada bigarren arkitektura zibil mota bat Nafarroan: jauregiek, etxandiek eta dorretxeek osatzen dutena. Ugariak dira, batez ere XV. mendetik aitzina, baina ez dira kontserbatzen jatorrizko asko, Nafarroak XV. eta XVI. mendeetan jasan zituen gerra larriengatik. Ongien kontserbatu direnetan, hauek aipa daitezke: Aratzuriko jauregia; Bianako Printzearena, Zangozan; Aiantzeko dorre almenadunak, Longidako haranean; Zabaleta eta Minddurrinea dorretxeak, Lesakan, eta Zeliguetako dorretxea, angeluetan kubo zilindrikoak dituela.

Araban, Gasteizen aurkitzen ditugu berriro arkitektura zibil gotikoko adibiderik onenetako batzuk. Bi aipatzeko: Kordoi etxea eta Arrieta jauregia. Halere, garai horretako eraikinik bikainenak hiriburuaren inguruetan daude. Lurraldean kontserbatzen diren jauregiez eta dorretxeez ari gara. Gebaratarren jauregia nabarmentzen da. Hona haren ezaugarri batzuk: oinplano angeluzuzena, lau dorre angeluetan eta hiru oineko bizitegia behe oinaren gainean. Gebaratarren jauregia gezileihoz eta modiloiz militarki prestatutako etxea zen, egurrezko defentsa-kadaltsoa muntatzeko prestatuta zegoena. Bigarren eraikin garrantzitsua Mendozatarren dorretxea da: barrunbe harresitu bat, dorreak lau angeluetan, eta lau oineko dorre bat erdian, gezileihoz hornituta. Gordetzen diren gainerako dorretxeek ere -Barona, Kexaa, Martioda, Mursa, Orgazko kondea eta Kondestable- defentsa izaera bera atxikitzen dute; oso eraikin serioak dira, eta austeroak apaingarritan.

Arte

Bizkaian eta Gipuzkoan, arkitektura zibileko adibideak ez dira ugariak, baina garai erromanikoan baino eraikin gehiago aurkitzen ditugu. Zoritxarrez, XIV. eta XV. mendeetan iparraldeko bi lurraldeetan sekulako borrokak izan ziren familia nobleen artean, eta, horregatik, eraikin gutxi heldu zaizkigu aldi hartatik, eta haiek, gainera, oso aldatuta beren egituran. Bizkaian, Muskizko Muñatones gaztelua eta, batik bat, Orozkoko Aranguren dorretxea dira garai gotikotik gordetzen diren adibide bakarrak, eta Aranguren dorretxea nabarmentzen da, bigarren mailako leinuen dorretxeen adibidetzat, hortik sortuko baitzen gero euskal baserrien egikera.

Gipuzkoan, eraikin gehiago gorde dira garai horretatik -Gebaratarren etxea Seguran, Legazpitarrena Zumarragan, Enparan jauregia Azpeitian eta Lili jauregia Zestoan- baina elementu gotiko gehienak gero erantsitako errenazentistekin batzen dira. Arkitektura zibil gotikoko eraikinik onenak honako bi hauek dira: Berriatua dorretxea, Mutrikun, eta Dorre Luzea, Zarautzen. Azken horretan, hareharri landuzko hormak nabarmentzen dira, leiho ajimezatuak, kanpoko eskailera eta fatxadetako modiloi ugariak, egurrezko kadaltsoa eransteko.

Beste tipologiei dagokienez, Euskal Herrian gehien garatu zen tipologia erlijio-izaerakoa izan zen, eta, egia esan, eraikin gehienak, bai kopuruan, bai garrantziagatik, tipologia horretakoak dira. Garatutako forma arkitektoniko nagusien artean, nabarmendu behar da erlijio-arkitekturan oinplano-eredu ugari zabaldu zirela, baina haietako bat erabili zela gehien, hots, hiru nabeko oinplano basilikala. Horrek gurutzadura garatua, presbiterioa eta girola zituen, eta, azken horren gainean, sekzio poligonaleko kaperak irekitzen ziren. Euskarriei dagokienez, pilareak bakunak eta austeroak ziren, sekzio zilindrikokoak gehienetan, fustea horzduna zutela pilarearen perimetroan, gangetatik eta tertzeleteetatik jasotzen zuten bultzadari dagokionez.

Arte

Garai horren azkenean, pilarea gehiago sinplifikatu zen, nerbiodurak pilarean lotzean; horrek pilare zilindrikoa erabiltzea ekarri zuen, askoz bakunagoa baitzen. Estalkien egituran ere, pilareetako bakuntasun eta austeritate bera kontzentratzen dugu, eta, oro har, gurutze-ganga nagusitzen da, ikuspegi sobrio batetik asmatua; apainketan lizentzia bakarra ametitzen zen, hau da, tirante kopurua handitzea, bultzadak deskonposatzeko, tertzelete gehiago sartuta. Garaiaren azkenean bakarrik aberastu ziren tertzeleteak, kopatzeak erabilita elementu apaingarritzat. Lurralde banaketari gagozkiola, garai gotikoan Nafarroan eraiki ziren eraikin gehienak, nahiz eta, Araban edo Iparralde barnealdean bezalaxe, eraikitze-erritmoa dezente moteldu zen, garai erromanikokoarekin alderatuta. Bi arrazoi nagusi ziren moteltze horren gibelean: batetik, lurralde horietako ekonomia ahuldu egin zen, eta, bestetik, baziren jadanik erromanikoan eraikitako eraikin ugari, eta ederki betetzen zituzten premiak. Aldiz, Bizkaian, Gipuzkoan eta Iparraldeko itsasbazterrean, zehazki Lapurdin, sekulako hazkundea gertatu zen eraikinen kopuruan. Garapen ekonomikoari eta hazkunde demografikoari esker, eraikin berriak egin ziren lurralde horietan.

Nafarroan, Orreagako Santa Maria eliza da, dakigula, garai gotikoko lehen eraikina. XIII. mendearen hasieran eraiki zuten; Frantziako Paris eskualdeko lehen estilo gotikoari jarraiki, eta ez une horretan Gaztelako katedral nagusien eraikuntzan eragiten ari zen gotiko erradialari. Elizak bost ataleko hiru nabe ditu, erdikoa besteak baino goragoa. Burualdea pentagonala da, leiho handiz hornitua. Tenpluaren elementu gehienak frantziar arkitekturako kanonikoak dira. Honako hauek nabarmentzen dira: pilare zilindrikoak, triforioa eta Euskal Herrian lehen aldiz erabili zen elementu bat, hots, gurutze-gangen zama kanpoko kontrahormen gainean deskargatzen zuten arbotanteak.

Arte

Nafarroan, ordea, Iruñeko katedrala da gotikoaren adibiderik onena. Bi aldi bereizi behar dira haren eraikuntzan: lehenengoan klaustroa eraiki zen, eta bigarrenean, eliza, 1390ean eroritako tenplu erromanikoaren hondakinen gainean; bigarren fase horretan, Barbazana kapera ere eraikin zen klaustroan, non haren izar-gangaren trazatua nabarmentzen den. Elizaren egiturari dagokionez, garai horretako gotiko kanonikoaren egiturari jarraitzen dio. Aipagarriak dira kontrahormen artean eta alboko nabeen goiera berarekin irekitako kaperak, zeharkako nabe batek osatutako gurutzadura, zeina oinplanoan eta altxaeran nabarmentzen den, eta triforiorik eza, eraikinari itxura sobrioa eta bertikala ematen diola. Aipagarria da, baita ere, burualdearen osaketa. Hor, kaperek espazio unitarioa osatzen dute, eta espazio hori bakarrik gangen zatien antolaketan banakatzen da.

Nafarroako gainerakoan, eraikitako eliza gehienak bakunagoak dira. Hor ditugu, esate baterako, Erriberriko San Pedro eta Santa Maria, Artaxonako San Saturnino, eta Uxueko Santa Maria. XIII. mendearen azkena eta XIV. mendearen lehen erdia bitartean eraiki ziren. Eliza xumeak dira, nabe bakarrekoak. Antz handiagoa dute landa elizekin, hiri elizekin baino. Bilatortako Jasokunde eliza, Zizur Nagusiko San Andres edo San Martin Unxekoa ere Nafarroako landa gotikoaren adibide onak dira. Geroagokoa eta, beraz, hiru nabez eta eraikuntza-soluzio aurreratuagoez osatua da Bianako Santa Maria eliza.

Arte

Araban, garai horretan egindako eraikinak urriak dira, baina eraiki zirenak, zinez esanguratsuak. Gasteizko eta Biasteriko tenplu berriak nabarmentzen dira. Gasteizen, Santa Maria eliza dugu garai hartako eraikinik garrantzitsuena. Egun, Katedral Zaharra deitzen zaio. XIII. mendearen hondarrean hasi zituzten haren lanak, eta XV. mendearen azken aldera, osatu. Tenpluan, oinplano basilikal bat hobetsi zen. Bost ataleko hiru nabe dira, gurutzadura zabala eta burualdea, non girola zentrala -zeinetan hiru kapera poligonal irekitzen diren- lau kapera angeluzuzenekin konbinatzen baita. Tenpluaren elementu gehienak kanonikoak, sobrioak eta bakunak dira. Haietan, triforio estu bat nabarmentzen da, tenpluaren perimetro osoa korritzen duena. Gasteizen, estilo horretako beste eliza batzuk ere eraiki ziren garai hartan: San Bizente, San Miguel Goiaingerua eta San Pedro Apostolua. Azken hori nabarmentzen da, sarbide arkupeduna baitu burualdearen ondoan, tenplua harresiari erantsita zegoelako. Beste ezaugarri batzuk: lau absidedun burualdea, trazeriez apaindutako leihate zabalak, eta triforio-zati bakarra, gurutzaduraren hegoaldeko muturrean.

Biasteri izan zen Arabako bigarren gune garrantzitsuena. San Joan Bataiatzailea eta Santa Maria de los Reyes elizak eraiki ziren bertan. Lehena XIII. eta XIV. mendeen bitartean eraiki zen. Garai horretako eraikitze-modu gotikoen eskema klasikoei jarraitu zien. Hiru nabeak eta gurutze-ganga nabarmentzen dira. Santa Maria de los Reyes elizak, berriz, nahiz eta geroago eraiki zuten, hau da, XV. eta XVI. mendeen bitartean, bere arkitektura-egitura gotikoaren elementu gutxi atxiki ditu, baina garai hartako ongien kontserbatutako portada eskultoriko bat dauka.

Arabako gainerakoan, honako herri hauetan dira estilo gotikoan eraikitako elizak: Lasarten, Kanpezun, Bilarren eta Agurainen. Halere, ugari dira, Nafarroan bezala, landa gotikoan eraiki ziren baselizak eta eliza txikiak. Gotikoko eta erromanikoko elementuak nahasten dira horietan, eta, XVI. mendetik aurrera, errenazimentuari dagozkion elementu apaingarriak.

Arte

Iparraldeari gagozkiola, Baionako katedrala da estilo gotikoan egindako eraikin garrantzitsuena. XIII. mendearen hondarrean hasi zuten. Parterik handiena XIV. mendekoa da, eta Frantziako Champagne eskualdeko estilo gotiko erradianteari eta, zehazki, Reimseko eta Bordeleko katedralen proiektuen ereduari jarraituta egin zen. Katedralak XVI. mendera arte luzatu zituen eraikitze-lanak, eta XIX. mendean fatxadako dorreak eraiki zirenean eman ziren amaitutzat. Haren itxura ikusgarria nabarmentzen da. Bera da Euskal Herriko katedralik handiena eta gorena. Aipagarriak dira beste ezaugarri hauek ere: gurutze latindarrezko oinplanoa eta ez basilikala, nahiz eta orain geroago erantsitako alboko kaperek ezkutatu duten, eta klaustroa, hobekien eraikitakoetako eta kontserbatutakoetako bat, bai bere egituragatik, bai bere apaingarriengatik.

Bizkaiari eta Gipuzkoari doakienez, aurreko garaian ez bezala, garai horretan eraikin gehiago eta kalitate hobeagokoak eraiki ziren. Halere, berandu samar, XIV. mendera arte ez baitziren egin lehen eraikin esanguratsuak. Bilbon, Jakue Apostolua eta San Anton elizak dira Bizkaiko gotikoaren erakusgarri onak. Eredu bakun eta austero baten arabera eraiki zituzten, eta Frantziako nahiz Gaztelako estilo gotikoen eraikuntza-elementuak erantsi zizkieten. Hona, jarraian, Jakue Apostolua elizaren ezaugarri nagusiak: hiru ataleko hiru nabe, gurutzadura alienatua, presbiterioa, kapera nagusi poligonala eta girola, zeinak zazpi kapera dituen, pentagonalak gehienak. Eliza hori Iberiar penintsulako ipar aldeko beste eraikin batzuekin kidetzen da horrela: Burgo de Osmarekin, Palentziarekin, Santanderrekin eta Castro Urdialesekin. Gurutze-ganga erabili zuten eraikina estaltzeko, gurutzaduraren erdiko atalean -non tertzelete batzuk eta bost giltzarri erabili ziren- eta burualdean -zazpi giltzarriko izar-ganga ipini zuten- izan ezik. San Anton elizari dagokionez, haren hiru nabeetatik erdikoa nabarmentzen da, beste biak baino zabalagoa eta bi bider goragoa baita; absiderik ere ez da, barruko frontisa horma zuzen batekin itxi baitute; Bizkaiko beste eliza batzuek bezala, San Anton elizak ere triforio bat du.

Arte

Halere, Bizkaiko estilo gotikoko eraikinik bitxiena Lekeition dago. Herri horretako Andre Maria elizak XIII. mendeko gaztelar estiloaren traza orokorrei jarraitzen die, baina haiek sinplifikatuta. Hona tenpluaren ezaugarri arkitektoniko nagusiak: hiru ataleko hiru nabe, gurutzadura, hiru kapera burualdean, pinakuludun arbotante-bateria bikoitza, nerbio baten presentzia estalkiaren luzera osoan, hari sendotasuna ematen diola, eta haren atzeko partearen ardatza ipar alderantz desplazatzea dakarrela, eta leihateetako trazeriak, zeinak ingelesen eraginaren pean egin baitziren.

Bizkaiko gainerakoan, Gernikako Santa Maria eta Ondarroako Santa Maria elizak nabarmendu behar dira; azken horretan, batez ere, gurutzadura eta abside falta, eta apainketa arkitektonikoa, trazeriak baititu baotan eta erlaitzetan, eta pinakulu eta gargola adierazkorki apainduak. XV. eta XVI. mendeen bitartean, Bizkaiko gainerako eliza gotiko nagusiak eraiki ziren. Honako hauek dira aipagarrienak: Urduñako Santa Maria, Begoñako Andre Maria, Portugaleteko Santa Maria, Balmasedako San Severino, Galdakaoko Santa Maria eta Ziortzako Kolegiata, Markina-Xemeinen.

Azkenik, Gipuzkoak ere, Bizkaiak baino gutxiago eduki arren, baditu gotikoko eraikin aipagarri batzuk. Guztietan, gotikoa ez da bakarrik garatzen Gaztelako ereduari jarraiki, Bizkaian gertatu zen bezala, baizik eta frantses gotikoaren eragina ere nabari da. Hark lehenik Nafarroan eduki zuen eragina, eta gotiko mota austeroago eta bakunago bat hartu zen lurralde horretatik, non erromanikotik hartutako eraikuntza-elementu eta elementu estetiko batzuk ere gordetzen diren.

Getariako Done Salbatore da lurraldeko elizarik bitxiena. XIV. mendean eraiki zuten. Hiru ataleko hiru nabe ditu, erdikoa goragoa, eta atalak, berriz, zutabeak datxezkien pilare zilindrikoz daude bereizita. Tenplua gurutze-gangez dago estalia; bakunak dira alboetakoak, eta izar-gangak, erdiko nabekoak. Horien bultzada dagozkien horma-hortzek jasotzen dute barruan, eta kanpoko kontrahorma batzuetara bidaltzen, arbotanteen bitartez.

Arte

Daukan planimetria irregularra da, haatik, elizaren elementurik harrigarriena, hormak ez baitira paraleloak, eta ez baitago korrespondentzia simetrikorik eraikinaren luzerako ardatzarekin; gainera, oinen eta burualdearen artean metro beteko desnibela dago hegoaldeko aterantz. Trazatu irregular hori da eraikinaren alderik originalena, eta, horrekin batera, eraikinaren horma perimetralak korritzen dituen triforioa. Garai horretan, Debako Santa Maria eliza ere hasi ziren eraikitzen Gipuzkoan. Hiru nabeko tenplua da, eta burualde zuzenekoa. Bertan, portada eskultoriko eta polikromatua nabarmentzen da, Biasteriko Santa Maria de los Reyes elizan bezala.

Hondarribiko Jasokundeko eta Sagarrondoko Andre Maria, Oñatiko San Miguel eta Donostiako San Bizente elizak, berriz, hiru gauzagatik nabarmentzen dira, hots, beren itxura militar eta defentsakoagatik, gangei eusten dieten pilare zilindrikoengatik eta, hiru nabe eduki arren, alboetakoak ia erdikoa bezain gora iristen direlako. Gotorleku itxura dauka Zumaiako San Pedro elizak ere, nahiz eta kasu honetan lau ataleko nabe bakarra daukagun, abside poligonala, eta estalkia, berriz, nerbio nabarmeneko tertzeletedun gurutze-gangez hornitua. Gotorleku itxurako gotiko bitxi horrek garapen handia eduki zuen Gipuzkoan XV. mendetik aurrera eta XVI. mendean zehar, eta herri hauetako parrokia-elizetan ikus dezakegu: Eibar, Segura, Oiartzun, Elgeta, Alkiza, Ezkio, Asteasu, Zegama eta Berastegi. Herri horietako elizetan, gotiko sobrio, bakun eta elemental bat erabili zen, nahiz eta ez zitzaion falta monumentaltasunik, aurrerapen ekonomikoek eta sozialek aise onartzen baitzuten era horretako eraikina egiteak zekarren gastua. Eraikinei uniformetasun eta erregulartasun handiagoa ematen dizkien eraikuntza-formula horrek jadanik hallenkirche motako eliza iradokitzen digu. Eliza mota horrek izugarrizko transzendentzia izan zuen Euskal Herrian garai errenazentistan, eta "euskal gotiko" gisa ezagutzen dugu.

Arte plastikoek ere garapen handiagoa izan zuten garai horretan. Kontserbatzen diren adibideak, gainera, ugariagoak dira, eta aldaketa garrantzitsuak nabari dira erabiltzen den teknikan eta erakusten diren gaietan.

Estilo gotikoko eskultura independizatzen hasten da esparru arkitektonikotik, eta modu exentuan egindako obra aipagarriak aurkitzen ditugu. Teknikari eta tematikari dagokienez, erromanikoak laga zituen naturalismoa eta errealismoa berreskuratzen ditu eskultura gotikoak, eta, bestalde, humanismo handiagoa errebindikatzen du itxuratutako motiboetan, garatzen ari den gizarte hiritar berrira zuzenago eta modu hurbilago batean hurreratzeko.

Arte

Alabaina, elizetako portadetako eskultura apaingarriak artean bere garrantzia atxiki zuen, eta oso adibide onak dauzkagu Nafarroan, Araban eta Gipuzkoan. Nafarroan, Erriberriko Santa Maria eta Uxueko Santa Maria elizetako portadak nabarmentzen dira, eta Iruñeko katedraleko klaustroko apaingarri eskultorikoak. Araban, Gasteizko Santa Maria katedralak eta San Pedro elizak ere portada interesgarriak atxiki dituzte, nahiz eta adibiderik ikusgarriena lurraldeko hegoaldean aurkitzen dugun, Biasterin, Santa Maria de los Reyes elizaren portadako multzo eskultorikoak bere jatorrizko polikromiaren parte handi bat gorde baitu, arkitekturak berak babestu duelako. Gipuzkoan, Debako Santa Maria la Real elizaren sarrera nagusiko multzo eskultorikoak ere baditu polikromia hondar batzuk oraindik, baina gutxiago eta egoera kaskarragoan, agerian egon baita denborarik gehienean, eta inongo elementuk babesten ez zuela. Elizen barruan, berriz, nahiz eta pintura agerpenek protagonismo handiagoa zuten eskultorikoek baino, garai horren azkenean multzo eskultorikodun erretaulak aurkitzen hasten gara: Lekeitioko Santa Marian bat, flandestar eragin garbikoa.

Eskultura exentuari gagozkiola, Nafarroak gordetzen ditu, garai erromanikoan bezala, adibiderik onenak. Kasu horretan ere, naturalismoranzko eta errealismoranzko joera nabari da, Ama Birjinaren gaia aukeratzen da, eta Kristo Gurutziltzatuaren itxurapena baztertzen. Horrek guztiak erakusten du eliza-erakundeek gizartera hurreratzeko gero eta nahi handiagoa zutela. Anitz dira garai horretan egindako Ama Birjinaren irudiak. Honako hauek nabarmenduko ditugu: Orreagako Ama Birjina haurrarekin, Uharteko Andre Maria Zuria, Olaztiko Ama Birjina, Erriberriko Ama Birjina eta Urantziako Ama Birjina.

Arte

Garai horretako obrarik adierazgarrienak, ordea, garaiaren azkenean egin ziren, eta tipologia berriei jarraituta. Hala, XIV. mendetik aurrera, lehen hilobiak aurkitzen ditugu. Karlos III.arena eta haren emazte Leonorrena nabarmentzen dira, Iruñeko katedralean; Villaespesa kantzelariarena, Tuterako katedralean, eta Oñatiko kondearen hilobia, Oñatiko San Miguel elizan. Hiru adibideetan, aipagarriak dira sarkofagoetako erliebeak, non pertsonaia batzuk ageri diren hilen alde otoitz egiten.

Bitxigintzak aurreko garaian bezalako garrantzia atxiki zuen, eta, kasu honetan ere, obrarik esanguratsuenak Nafarroan daude. Honako pieza hauek gailentzen dira: Karlos III.ak Uxueko elizari eman zion kaliza -egun Nafarroako Museoan dago- eta erlikiak gordetzeko erlikiontziak; Karlomagnoren Xakea deritzana, tartean, bere diseinu koadrikulatu bereziagatik deitzen baitiote horrela.

Pinturari dagokionez, gotikoan zehar agerpen piktorikoen hondarrak aurkitzen ditugu Euskal Herrian. Erdi Aroan, eta baliabide ekonomikoak zeuzkaten guztietan, erlijio-irudiez eta beste apaingarri batzuez apaintzen zituzten elizak. Tamalez, kasurik gehienetan ez dira ongi kontserbatzen, zeren beste apainketa mota batzuez ordeztu baitzituzten gero, edo kendu egin baitzituzten, besterik gabe, beste irizpide estetiko batzuk nagusitu zirelako eta elizetako horma-irudiak kentzea hobesten zelako, batez ere XIX. mendean.

Garai horretako lan piktorikoek funtzio didaktiko bat dute, eskulturaren kasuan bezalaxe. Sinestunari irakastea zen xedea, eta, horregatik, gai gehienek erlijio-gertakariak edo Bibliako pasarteak erakusten dituzte. Kontserbatzen ditugun obrarik zaharrenak XIV. mendekoak dira, eta, nahiz eta oro har europar korronteek -protogotikoa, lineala, italogotikoa, nazioartekoa eta hispanoflandestarra- ezarritako pautak jarraitzen diren, Euskal Herrian estilo horien interpretazio bakuna eta eskematikoa egin zen.

Arte

Iruñeko Nafarroako Museoak dauzka obren hondarrik garrantzitsuenak. Aragoiko fokuaren eragina da nagusi horietan. Lehen garai protogotikoan, honako hauek sartzen dira: Artaitzeko San Martin elizako, Artaxonako San Saturnino elizako eta Erriberriko San Pedro elizako pinturak. Iruñeko katedralak, eta Ekaiko, Olletako, Arletako, Eriztaingo eta Galipentzuko elizek geroagoko garaietako hondarrak gordetzen dituzte, gotiko linealekoak bereziki. Flandestar eragina beranduagokoa da, eta Lizarrako San Miguel elizan nabari da, eta zenbait taulatan eta erretaulatan, Tuterako nagusian barne.

Araban, dokumentatutako pintura gotikoko lekukotzen artean, bi adibide nabarmenduko ditugu: Alaizako Jasokunde elizan, pintura hondar garrantzitsuak baina denboran sailkatzen gaitzak kontserbatzen dira; bai estiloan, bai garatutako gaietan, elementu eta ezaugarri ugari nahasten dira, eta horrek bigarren mailako eta garai horretako ezaugarriak berandu bereganatu zituen tailer bat salatzen digu. Gazeoko elizan kontserbatutako hondarrak, aldiz, gotiko linealaren fasekoak dira, eta garatutako programa ikonografikorik onenetako bat osatzen dute.

  • HAINBAT EGILE. Nosotros los vascos: Arte. 5 libk. Donostia: Lur, 1987-1994.
  • HAINBAT EGILE. Monumentos Nacionales de Euskadi. 3 libk. Zamudio: Elexpuru, 1985.
  • HAINBAT EGILE. Euskal Artearen Historia. 14 libk. Donostia: Kriseilua, 1992.
  • HAINBAT EGILE. El arte en Navarra. 2 libk. Iruña: Diario de Navarra, 1994.
  • AGIRRESAROBE, I. Euskal Herriko Artea. Donostia: Lur, 1997.
  • BARAÑANO LETAMENDIA, K.; GONZÁLEZ DE DURANA, J.; JUARISTI, J. Arte en el País Vasco. Madril: Cátedra, 1987.
  • CASTAÑER LOPEZ, X. (arg.). Arte y Arquitectura en el País Vasco. Donostia: Nerea, 2003.
  • "Erdi Aroko Artearen Berrikusketa = Revisión de Arte Medieval en Euskal Herria". Ondare. Cuadernos de artes plásticas y monumentales. Eusko Ikaskuntza. Donostia. 15 zbk. (1996). Eusko Ikaskuntzak antolatutako eta Donostian 1996 urtean ospatutako jardunaldietako txostenak, komunikatu eta bibliografia ditu.
  • KORTADI OLANO, E. Gipuzkoako artea irudietan. Donostia: Kutxa Fundazioa, 2000.
  • PLAZAOLA, J; AYERBE, E. Euskal Artearen Historia. 5 libk. Lasarte-Oria: Ostoa, 2002-2004.