Kontzeptua

Artearen Historia. Pintura

Homo Sapiensaren berezko ezaugarria omen da artea egitea. Hala ere, pintura eta grabatua dira guregana ondoen iritsi diren arte aztarnak. Labarretako pintura Historiaurreko artearen sinonimoa izan da luzaroan eta oraindik ere, gehien miresten ditugun artelanak gizakiak kobazuloetan utzitako pintura eta grabatuak dira.

Ez dakigu noiz hasi zen gizakia artea egiten, baina gure artean gorde diren arrastoei begiratzen badiogu Goi Paleolitoko Madeleine aroko data dutela esan ohi da orain dela gutxi arte (k.a. 17.000-10.000). Hala ere, azken ikerketek Euskal Herriko eta Kantauri itsas ertzeko beste kobazulotan pintatutako irudi batzuek erdi Paleolitora arte aurreratzea gomendatzen dute.

Gizakiak koloretako irudiak pintatzeko erabilitako teknika ugariak dira: hatzak, pintzelak, putz egiteko prestatutako tresnak, tanpoiak, e.a. Materiala berriz, sinple xamarra izaten zen: pigmentu mineralak eta egur edo hezur ikatza urarekin nahastuta.

Horren bidez Historiaurreko bi kolore nagusi lortzen zituzten: gorria eta beltza.

Gehienbat, irudiak kanpoko lerro beltzaren bitartez mugatzen ziren, nahiz eta horietako askori bolumena ematen zitzaien koloretako argi-itzalen bidez, sarritan bolumena kobazuloen paretek zituzten sartu irtenen bidez ematen bazen ere.

Gizaki haien kezka nagusiak irudikatutako gaietan ikusten dira. Alde batetik animalia da Euskal Herrian gehien irudikatutako gaia, Franko-Kantauri arte guztiaren antzera. Bi dira animali nagusiak: zaldia eta bisontea. Horiekin batera, ahuntza eta oreina. Ekaingo (Deba) kobazuloa da zaldi ederrenak dituena eta Santimamiñen (Kortezubi), aldiz, bisontea da nagusi. Alkerdin (Urdazubi), Xaxixiloagan (Altzürükü) eta Etxeberriko karbean (Gamere-Zihiga) ere bisontea azaltzen da. Areatzako kobazuloan (Galdames), berriz, tanponatuaren teknikaren bidez egindako orein emeak aipagarriak dira.

Animali gehiago irudikatzen badira ere, tarteka eta salbuespen modura azaltzen dira Euskal Herriko kobazuloetan: artza (Ekain, Benta Laperra), azeria, hegaztiak, arrainak (Ekain, Alterri), sugea (Altxerri), uroa (Areatza).

Guretzat identifikagarriak diren irudiekin batera, beste zeinu eta irudi arraroagoak ere pintatu zituen Paleolitoko gizakiak, nahiz eta Euskal Herrian ugariak ez izan. Hala ere, badaude adibide bakan batzuk Isturitz-Otsozelai-Erberua kobazulo multzoko lerro uhintsu paraleloak eta eskuak, Benta Laperrako (Karrantza) zeinuak edo azken urtetan aurkitutako Praleaitzeko (Deba) puntu gorriak.

Giza irudiaren aztarna gutxi daukagu Euskal Herriko kobazulotan, Isturitz-Otsozelai-Erberua konplexuan bat eta Altxerrin (Aia) beste bat.

Pintura horiek egitearen arrazoia ez dago garbi, ikerlariak interpretatzeko ahalegin handiak egin arren. Ia guztiak ados daude sineskerekin harremana zuten erritoen euskarri izan daitezkeela esatean.

Badirudi, izozteekin batera Paleolitoko ehiztarien kultura desagertu zela eta berarekin batera egiten zuten pintura ere (k.a. 10.000 urte inguruan). Horregatik Paleolito ondoko garaia urria da pintura lanetan.

Arrazoi oso agerikoak ez badaude ere, Brontze eta Burdin aroetan kobazuloetako pintura berriz azaldu zen, nahiz eta forma eta kontzeptu aldetik Paleolitoarekin antza handirik ez izan. Irudi eskematikoak dira eta gizakia animaliekin batera azaltzen da, ulertzeko zailak diren zeinuekin batera. Arabako Solacueva (Koartango), Nafarroako Peña del Cantero (Etxauri) edo Bizkaiko Goikolau (Berriatua) aipatu daitezke.

Bestalde, Neolitoan pinturaren euskarri berria azaldu zen: zeramika; guk ezagutzen dugun pinturarako erabili zen lehen euskarri artifiziala eta hemendik aurrera izugarrizko garrantzia izan zuen arte mota.

Garai historikotan sartuta, suposatzen dugu pintura lan asko egin zirela erromatarren iristearekin batera. Hala ere, Erromako inperioan landu zen pintura mota euskarri hauskorretan eta galkorretan egiten zenez, ez da gure artean asko kontserbatu. Badirudi arkitekturaren apaingarri moduan erabiltzen zutela gehienetan, barnealdeko hormak estaltzeko batez ere.

Erroma ondorengo garaia ere ez zen oso aproposa izan pinturarako, beste arteentzat izan ez zen modura.