Kontzeptua

Artearen Historia. Errenazimendua

Aro Modernoa deritzogu, 1492an Amerikako kontinentearen aurkikuntzarekin hasi eta 1789an Frantziar Iraultzarekin amaitu zen historiako aldiari. Lau mende horietan zehar, sistema feudalaren ordez, ordura arte nobleen eta elizaren kontrolpean zegoen boterea hartu zuten monarkia indartsuak barneratu ziren eta azken hauek zenbait erakunde antolatzen hasi ziren. Modu horretan, nobleek etsi egin behar izan zuten, aldi horietan protagonista nagusi bilakatu ziren hirien bultzadaren aurrean: jarduera ekonomiko nagusiak antolatzeaz gain, sormen kultural eta artistikorako gune bilakatu ziren, behin-betiko. Elizari dagokionez, botere moral eta ekonomikoa mantendu zuen arren, Luteroren Erreformaren garapenaren ondorioz bere boterea murriztu egin zen.

Dena den, aldaketak ez ziren politikoak eta ekonomikoak soilik izan. Amerikaren aurkikuntzari, aldi honetako bizimodua errotik aldatu zuten beste asmakuntza eta aurkikuntza batzuk -astronomia, fisika, mekanika edo filosofia bezalako arlo ezberdinetan- gaineratu behar zaizkio. Kulturari dagokionez, Aro Modernoan bi mugimendu ezagutu ziren: lehenik errenazimendua, XV eta XVI mendetan zehar eta, geroago, barrokoa, XVII eta XVIII mendeetan. Errenazimenduan, gizakia abiapuntutzat harturik kulturaren eta artearen ikuspuntu berri bat abiatu zen, Erdi Aroko ikuspuntutik at -garai honek Jaungoikoa eta Eliza zituen ardatz, nahiz eta gotikoa jadanik gizakiari begira jarri zen-, eta Grezia era Erromako antzinatasun klasikoaren ereduari jarraiki, arteak naturalismoa eta errealismoa, armonia eta proportzioa berreskuratu zituen.