Kontzeptua

Artearen Historia. Pintura

Errenazimenduko berrikuntzak -espazioaren irudikapen geometriko matematikoa, giza gorputzaren ezagupen anatomikoa eta greziar-erromatar kulturaren berreskurapena- bi bidetik iritsi ziren Euskal Herrira: inguruko erresumetara -Aragoi, Gaztela, Frantzia- iristen ari ziren Italiako eraginen bidez eta Flandesko pinturan gertatzen ari ziren aldaketen bidez.

Azken lurralde horretatik etorritako adibide asko gordetzen dira Euskal Herriko hiri eta herrietan, garai hartan izandako merkataritza harremanak zirela medio. Hiru oholez osatutako triptikoak ohikoak izaten dira eta Kristoren Pasioa eta Amabirjina gai nagusia irudikatuta izaten dute, olio teknika berriaren bidez, oro har.

Bestalde, erretaulen lanak, eskulturak nagusitasuna izan arren, pintura lan nekeza eskatzen zuen, urreztatze eta polikromatze teknika gero eta landuagoen bidez. Horregatik, XVI. eta XVII. mendetako pintore askoren lan handienak ez ziren koadroak pintatzea, erretaulak urreztatzea eta margotzea baizik.

Lan horiekin batera, horma pintura lan asko egin zela jakin dugu azken urtetan, eliza askoren zaharberritze lanek XVI. mendeko horma pinturak azalarazi dituztenean: Azpeitiko Bakardadearen Kapera edo San Telmo Museoko elizaren sabaiko dekorazioa, adibidez. Era berean, badirudi pintatutako erretaula asko egiten zirela egurrezkoak jarri baino lehen edo jarri ordez, azken urtetan egurrezkoen atzean azaldu direnen arabera.

Gainera, horma pintura eraikuntza zibiletan ere azaltzen da fatxadak edo areto handiak dekoratzerako orduan. Sarritan grisaila izeneko bi koloretako teknikan egindakoak izaten dira Orizko jauregitik Nafarroako Museora eramandako horma zatietan ikusten den bezala; Cruzat familiak pintore ezezagun bati eskatutako lan konplexua da eta tenplez eginda dago.

XVI. mendearen bigarren erdialdean Pietro Morone izeneko pintore italiarrak Tuterako San Adriango markesaren jauregiaren eskaileretako sabaia pintatu zuen errenazimenduko garaiko gai tipikoekin, hots, mitologiako jainko eta greziar-erromatar emakumeak.

Azkenik, erretaulak pintatzeaz gain asto gaineko koadroak pintatzen zituzten tailerrak aipatu behar dira. Gehienak familia tailerrak izaten ziren eta kalitate maila apalekoak, Frantziako eta Espainiakoekin alderatuta behintzat. Pedro de Aponteren, Joan Bustamante Iruñerrian lan egin zuen pintorearen, Rolan de Mois flandiarraren, Joan del Bosqueren edo Migel Baquedanoren tailerrak ezagutzen baditugu ere, Iruñan finkatutako Oskaritz familiakorena eta Pedro Pertus aragoiarra eta semearena Tuteran aipatu behar ditugu, Joan Landarenarekin batera. Araban berriz, Martin Oñate gipuzkoarraren familia tailerrak errenazimenduko berrikuntzak sartu zituen. Gipuzkoan, Oñatiko Bidaurretan gordetzen diren Sibilen 10 mihiseak egile ezezagunenak eta Bizkaian Beaugrantarrak eta Frantzisko Mendietak 1609an Fernando Katolikoak foruei zin egiten izeneko koadroa aipatuko ditugu.

Horrekin batera, gero eta gehiago ikusten da, Euskal herriko dirudunen joera kanpoko pintura lanak ekartzeko. Errenazimentuaren bukaera aldera oihal gaineko pintura nagusitzearekin batera, koadroak garraiatzea errazago bihurtu zen, eta Espainia eta Frantzia aldean pintura tailer kalitatezko asko zeudenez, bertakoek pintore famatuen koadroak ekartzen hasi ziren elizei eskaintzeko edo jauregiak apaintzeko.

Gainera, aipatu beharrekoa da euskaldunek Ameriketan bete zuten papera lehenbiziko pintura eskolak finkatzerako orduan. Hala nola, Baltasar Etxabe, Zaharra ezizenez, Mexikoko pintura eskola europarraren sortzaile modura hartu behar dugu.