Kontzeptua

Artearen Historia. XX. mendearen amaiera eta XXI. mendearen hasiera

Laurogeigarreneko hamarkadatik aurrera, guda hotza amaitu zenean, ekonomia kapitalista berriro ere aro liberal batean -neoliberalismoa- aurkitzen den eta herri aberats eta txiroen arteko desberdintasunak areagotu besterik egin ez diren hirugarren aro batean sartuak gara. Bestalde, zientzia eta teknologia iraultzak etengabeak dira, eta beraz, gizartea harrigarrizko abiadan antzaldatu eta aldatzen doa, aurrerabide horiek guztiak, oraingoz behintzat, gizarterik garatuenei berezitasunez eragiten dien arren. Batzuk aro hau globalizazioaren aro bezala izendatu dute, antzina banatzen gintuzten tarte eta aldeak ikaragarri gutxitzen baitaude, nahiz eta, berriro ere, horrelakorik biztanleriaren zati bati bakarrik gertatzen zaion.

Francoren diktaduraren desagerpenarekin eta demokraziaren etorrerarekin, joera postmodernoak ezarri zireneko hirugarren aro batean sartzen gara, eta ondorioz, ezin ditzakegu estilo edo mugimendu hitza erabili. Hirurogeigarren hamarkadatik aurrera, artearen eremuan bere ezaugarri orokorretan postmodernitate hitzez identifikatu izan den joera baten eragina ezagutu zen. Hitz hori jakintza-arloa testuingurutzeko helburuz historia berreskuratzea proposatzen zuen pentsamendu berri batek zehaztuta azaldu zen. Horrela, hamarkada horretako margolaritzan eta zizelkaritzan bezala figurazioa eta lengoaia narratiboa berreskuratu ziren bezala, arkitekturak berriz XIX. mendearen bigarren erdiko izpiritu eklektikoaren eta XIX eta XX. mendeetako mugimendu eta estiloak berrerabiltzearen bitartez historiara jotzea erabaki zuen.

Arte

Euskal Herrian, aurreko aldietan euskal artea europar estilorik garrantzitsuenen gerizpean garatu zen bitartean eta beti nolabaiteko atzerapenez, egun, Euskal Herrian sortutako arte-agerpenak munduaren gainerako tokietan sortutakoekin batera daude. Izatez, gure lurraldeko arte-sorkuntzak beste toki batzuetan egiten direnenganako desberdintasun oso gutxi dute, batez ere homogeneizazioaren eta globalizazio prozesuaren eraginagatik. Berririk garrantzitsuena, arte-diziplina desberdinen arteko mugak desagertzeaz gain, teknologia berriek gauzatutako diziplina berrien eransketa izan da. Bereizgarri horrek, bestalde nazioarteko gainerako eszena ere bereiztera datorrena dela, postmodernitatearekin batera aldi hau anitz bezala izendatzera garamatza, eta aldi berean ate berriak zabaltzen dizkigu, inolako zalantzarik gabe nazioarteko eta euskal artearen inguruarekiko etorkizuna berriro antzaldatzera etorriko baita.

Arte

Euskal Herrian Peña Gancheguik diziplina testuingurutzeko helburuz historia berreskuratzea proposatzen zuen pentsamolde berri batek zehaztutako joera posmodernoa jada bere lanean bereganatuta zuen arren, lengoaia berriaren sarreraren aitzindari José Ignacio Linazasoro eta Miguel Garay gipuzkoarrak izan ziren Hondarribiko ikastolaren egitasmoarekin; ikasgune horretan, Linazasorok eta Garayk denboraz kanpoko eta berezko klasikotasun berri bat proposatu zuten, instituzionala eta monumentuzkoa, arrazionalista izan arren arkitekturaren iraganarekin elkarrizketan diharduena.

Ondoren, laurogeiko hamarkadan, ezaugarri nagusiena askatasun formala izan zen eta, arrazionaltasuna birsortu zen arren, zorroztasun konposatzaileagatik nabarmendutako lanetan funtzionalismoa, espresionismoa, historikotasuna eta erregiotasunaz gain detailearen zaintza eta maila zorrotzeko kalitatea bezalako hain desberdinak ziren tradizioak elkartzen ziren nolabaiteko eklektikotasuna, batez ere, nagusitu zen.

Hamarkada horretan, indargunerik eraginkorrena belaunaldi eta estilo desberdineko -Iñaki Usandizaga, Fernando Ruiz de Ocenda, Roberto Ercilla, Miguel Ángel Campo, Javier Mozas, Luis María Uriarte, José Luis Catón- arkitektoek osatutako talde arabarra izan zen. Talde horrek kalitate handiko lana egin zuen eta beste batzuen artean nabarmentzekoak dira Vitoria-Gasteizko gizarte etxeak eta Foru Ogasunaren bulegoak. Gipuzkoan, zeregin berbera egin zuen beste arkitekto talde batek -Javier Marquet, Luis María Zulaika, Xavier Unzurrunzaga, Francisco de León, Ángel de la Hoz, Joaquín Montero, José Antonio Pizarro, Manuel Iñiguez, Alberto Ustarroz-Euskal Unibertsitate Publikoaren campusa osatzen duten eraikinak edota Zumarragako hilerriaren lurpeko kripta bezalako lan estimulagarriak eginez.

Laurogeita hamarreko hamarkadatik aurrera, arkitekturak irakurketa minimalista, erraz, urri eta soilaren bitartez lengoaia modernoaren arrazionaltasuna berreskuratu du, eta nazioarteko arkitektura-esparruan estilo bakarra izan ez den arren -hortxe daude dekonstruktibotasuna edo informalismoa lekukotasuna emateko- Euskal Herrian arrakasta eta onarpenik gehien izan duena izan da. Inguruabar horrek berriro ere euskal arkitekturaren garapenean nagusia izan den sentiberatasunera garamatza, hau da, marra argi, neurridun eta errazetara alegia.

Hamarkada zabaldu eta bere ikur izan zen egitasmoa Donostian Rafael Moneok egindako Kursaaleko Entzunaretoa eta kongresuetarako jauregia izan zen. Eraikin harrigarri horretan, Moneok aurreko arkitektura-tradizio guztia -arrazionaltasuna, organizismoa-bildu zuen, eraikin funtzional, poetiko eta artistikoago bat egiteko urrats aurrerakoi bat gehiago ematen, tradizio minimalista eta land-art izenekoarekin bat egiten duelako, ausartuz. Horrela, Kursaalari jarraituz, -eta Moneo berak ere Donostian egin berria duen Loiolako Errebiretako elizan- azken urteotako egitasmorik interesgarrienek marra zorrotzen garrantzian nabarmendu dira, izaera abstraktudunetan, espresiorik gabekoak izan ez arren. Edozelan ere, narotasuna eta aniztasuna dira beste berezko bereizgarri batzuk, tipologia bereko eta antzeko datetan klasikotasun zorrotza berrinterpretatzen den Nafarroan Manuel Iñiguez eta Alberto Ustarrozek egindako osasun etxea eta moduluzko errepikatze abstraktoan oinarritutako eraikuntza den Luis Maria Uriartek Vitoria-Gasteizeko Ariznavarrako osasun etxea bezalako lanak aurki ditzakegu. Aldiz, Okako Iruñako kirol parkean, Roberto Ercillak eta Miguel Ángel Campok paisaia izaera nagusi den antolaketa nahiago dute, Ignacio Vicens eta Jose Antonio Ramosek Iruñako Nafarroako Unibertsitateko euren giza zientzietarako fakultatean izaera espresibodun bolumenen apustuaren aldeko diren bitartean. José Luis Catonek aldiz, Vitoria-Gasteizko Artium museoan arkitektura arrazionalista historikoa industria-estetikarekin elkartzen du.

Arte

Belaunaldi berrien artean lengoaia arrazionalista zehatz baina adierazgarria ondoen erabiltzen jakin izan duena Francisco José Mangado nafarra izan da. Horrela, Oliteko Bodegas Marco Real eta Carlos IIIaren enparantza, Lizarrako Foruen Enparantza, Zuastiko Club de Campo, Iturramako osasun etxea, Mendillorri haurtzaindegia, Iruñako Baluarte entzunaretoa eta kongresuetarako jauregia edo Vitoria-Gasteizeko Museo Arkeologikoa bezalako lanetan Mangadok lan neutro eta sendo batez egitasmoen esentzia, zailtasuna eta heterogeneotasuna jaso, erraztu eta garbitzen dakizkiala erakutsi du.

Bide beretik aritu da Eduardo Arroyo bizkaitarra, bere lanik oraintsukoenetan -Sondikako haurrentzako eskola, Barakaldoko Basamortuaren plaza, Barakaldoko Lasesarreko futbol zelaia- sinplifikazio formalari forma propioen elkartzearen emaitza den osagarri estetiko ukaezina eransten dion arren, forma propioak hiri-mosaiko arin eta aldakorra osatuko balute bezala.

Amaitzeko, gure lurraldean arkitekto kanpotarrek egindako lanak ezin ahaztu ditzakegu. Egun arte asko izan ez diren arren, gero eta gehiago dira -Jordi Garcés eta Enric Soria arkitektoek Iruñan egindako Nafarroako Museoa, Beatriz Matos eta Alberto Martínezek Basaurin egindako gizarte etxebizitzak, Federico Soriano eta Dolores Palaciosek Bilbon egindako entzunaretoa eta kongresuetarako jauregia, Santiago Calatravak egindako Loiuko aireportua, Fuensanta Nieto eta Enrique Soberano Donostian egindako San Telmo Museoaren handitzea-, eta azken urteotan euretariko bik guregan zirrara handia eragin dute. Lehendabizikoa, Norman Foster britainiarraren lanik interesgarrienetariko bat, ingeniaritza eta arkitektura maisutasunez elkartzen jakin duen Bilboko Metropolitarra da, zulatze-sistemaren beraren moldea adierazten diguten lurpeko galeria bihurgunetsuak azpimarratuz, eta bigarrena Frank Gehry estatubatuarraren Bilboko Guggenheim Museoa da. Itsasadarraren industria-ertzean eraikia, eraikinak hiri egitura zaila bereganatu eta hegazkin-industriaren informatika programa batetik abiatuz tamaina desberdineko pieza-sorta batzuk ezartzen diren beiradun atrio ikaragarri baten inguruan antolatzen da; pieza horiek titanio ezkataz estalita agertzen dira, eraikina, bakarra, berezia, bere ikur-ahalmenagatik eta bere izaera mintzodun eta zoragarriagatik ere miresgarri izatea bihurtuz.

Arte

Hirurogeita hamarreko hamarkadatik aurrera, euskal artea nazioarteko esparruan garatzen zihoazen mugimendurik garrantzitsuenen -pop art, minimalismoa, arte kontzeptuala- albiste zuzenak jasotzen hasi zen eta gure artean horiek guztiak eragin bera izan ez zuten arren, gutxienez, ezagutuak izan ziren eta euskal artistek nahiago zuten bidea hautatzerik izan zuten. Iruñako 1972ko Batzarraldiak, amaitu aurretik erregimen frankistak itxiak izan ziren arren, zeregin garrantzitsu bat izan zuten; batzarraldiotan, nazioarte mailako artistarik ospetsuenen azalpenaz gain, Euskal Herrian artearen egoera ere ikusterik izan zen eta euskal artean oraindik diren xehetasunetariko batzuk azaltzerik ere izan zen, alegia: margolaritzaren eta zizelkaritzaren arteko mugen desagerpena, euskal artistak bildu zitzan elkarte edo talderik eza nabarmena, euskal nortasuna bezalako gaiei buruzko jarreretatik urrundu, nazioarteko artearen egoerari buruzko ezagutza zehatza izatea -atzerrian izandako egotaldien bitartez- eta ageriko gizartearenganako inolako harremanik eza. Ezaugarri guzti horiek, nahiz eta sortzaile diren guztietan ematen ez diren, azken hamarkadetako euskal artean ohikoenak izan diren ezaugarriak izan dira.

Lehendabiziko aldi posmoderno honetan nagusi izan ziren korronteei dagokienez, eraginik nabarmenena izan duten mugimenduekiko hurbilpen bat egitea zaila den arren, artistarik gehienek egindako apustua nahiko kontserbatzailea izan zela aipatu beharra dago; izatez, euretatik gehienek, margolaritza eta zizelkaritza erabili zituzten adierazpide nagusi bezala, eta figurazioa eta abstrakzioa izan ziren hautatutako lengoaietatik gehien erabili izan ziren aukera biak.

Hirurogeita hamarreko hamarkadan, izatez, talderik osatu gabe hirurogeigarren hamarkadako tradizio abstraktuari aurre egiten ahalegindu zen artista-aldra bat sortu eta figurazioaren aldeko apustua egin zuen; artista horien artean hurrengoak nabarmentzen ditugu: Marta Cárdenas, Vicente Ameztoy, Andrés Nágel, José Llanos, Ramón Zuriarrain, Juan Luis Goenaga, Juan José Aquerreta, Pedro Salaberria, Xavier Morrás, Pedro Oses eta Clara Gangutia. Hala eta guztiz ere, urte bertsuetan, beste artista talde batek, ikuspegi pertsonalago batetik baina, arte abstraktua egiten jarraitzeari ekin zion; talde horretan Carlos Sanz, Gabriel Ramos Uranga, Carmelo Ortiz de Elgea, Santos Iñurrieta eta Juan Mieg aipatu behar dira.

Arte

Hirurogeigarren urteko margolaritza-arteen nagusitasunaren aurrean, hurrengo hamarkadan, zizelkarien belaunaldi gazte batek euskal artearen oinordetzari heldu eta berrinterpretatu bakarrik ez ezik, azken joera posmodernoak sartuz zizelkaritzaren jakintza-arloa egunean jarri zuen; Txomin Badiola, Pello Irazu eta Juan Luis Moraza dira une horretan nabarmendu ziren izenetariko batzuk. Bestalde, Darío Villalba, Esther Ferrer, Elena Asins, José Ramón Morquillas, Fernando eta Vicente Roscubas, Pablo Donezar, Prudencio Irazabal, Iñaki Cerrajería, Pablo Milicia, Txupi Sanz, Juan Ugalde, Koldobika Jauregi, Cristina Iglesias, Dario Urzay edo Jesús Maria Lazkano bezalako beste artista batzuk -margolariak eta zizelkariak- ez ditugu ahaztu behar, inolako mugimendu zehatzetan ibili ez diren arren, hamarkada horretako euskal plastikari eraberritze-arnasa eta lengoaia garaikide berriak ekarri zizkiotelako.

Aldiz, laurogeita hamarreko hamarkadak pluraltasun handiagoa ekarri du. Aurreko hamarkadan aipatutako ezaugarriak mantendu eta ezaugarri horiei argazkigintza, bideoa edota ordenagailua eta artistari egoki begitantzen zaion beste edozein eratako material, burutazio edo kontzeptu bezalako jakintza-arlo berrien erabilera gehitzen zaizkio.

Azken urteotako artista gazte garrantzitsuenen hautaketa bat egitea, ikuspegirik ez izanagatik askoz zailagoa da, baina sarituak edo hautatuak izan diren abaguneen kopuruari eta euren lana euskal eremuan zein estatu mailan erakusteko hautatua izan denari jaramon egiten badiogu, zerrendan, besteak beste, hurrengoak aipatuko genituzke: Javier Pérez, Ana Laura Alaez, José Rekalde, Francisco Ruiz de Infante, Aitor Ortiz, Javier Balda, Javier Alkain, José Ramón Amondarain, Manu Muniategiandikoetxea, Jesús María Corman, Raúl Urrutikoetxea, Edu López, Dora Salazar, Luis Candaudap, Fernando Pagola, Leopoldo Ferrán, Agustina Otero, Maider López, Andoni Euba, Alberto Peral, Pepo Salazar, Jon Mikel Euba, Txuspo Poyo, Asier Mendizábal, Iñaki Garmendia, Sergio Prego, Gema Intxausti, Alfonso Ascunce, Estibaliz Sadaba, Itziar Ocariz, Iratxe Jaio, Azucena Vieites, Abi Lazkoz, Ibon Aramberri eta Juan Pérez Agirregoikoa.

  • AGIRRESAROBE, I. Euskal Herriko Artea. Donostia: Lur, 1997.
  • BARAÑANO LETAMENDIA, K.; GONZÁLEZ DE DURANA, J.; JUARISTI, J. Arte en el País Vasco. Madril: Cátedra, 1987.
  • CASTAÑER LOPEZ, X. (ed.). Arte y Arquitectura en el País Vasco. Donostia: Nerea, 2003.
  • HH.EE. Nosotros los vascos: Arte. 5 libk. Donostia: Lur, 1987-1994.
  • HH.EE. Euskal Artearen Historia. 14 libk. Donostia: Kriseilua, 1992.
  • HH.EE. El arte en Navarra. 2 libk.. Iruña: Diario de Navarra, 1994.
  • KORTADI OLANO, E. Gipuzkoako artea irudietan. Donostia: Kutxa Fundazioa, 2000.
  • MAS SERRA, E. 50 años de Arquitectura en Euskadi. Vitoria-Gasteiz: Argitalpen Zerbitzua. Eusko Jaurlaritza, 1990.
  • PLAZAOLA, J; AYERBE, E. Euskal Artearen Historia. 5 libk. Lasarte-Oria: Ostoa, 2002-2004.
  • "Revisión del Arte Vasco entre 1975-2005 = 1975 eta 2005 bitarteko Artearen Berrikuspena". Ondare. Cuadernos de artes plásticas y monumentales / Eusko Ikaskuntza. Donostia. 26 zbk. (2008). Edukia: Euko Ikaskuntzak aurkeztutako eta 2008an ospatutako jardunaldietako txosten, komunikatu eta bibliografia.