Kontzeptua

Artearen Historia. Abanguardiak

Bigarren mundu guda amaitutakoan, mundua, maila politikoa eta gizarte zibila ekonomia-norgehiagokak eta krisialdia saihesteko mekanismoak -artean giza-ongizatearen Estatua- sortzen ahalegindu zireneko aldi berri baten sartu zen. Hala ere krisialdiak ezin eragotzi izan ziren, mundua guda otzaren eztandaren ondoren bi bloketan zatituta gelditu baitzen. Garai honen beste ezaugarri bereizgarrienetariko bat deskolonizazio-prozesua izan zen; europar kontinenteak bere koloniak galdu egin zituen eta, beraz afrikar eta asiar kontinentean herri berriak sortu ziren, estatu-kopurua bikoiztea ekarriz. Aro hau beste krisialdi berri batez bukatu zen, 1973an izandako petrolioaren krisialdia izenekoaz alegia.

Arkitekturarekin gertatu zenaren antzera, frankismoaren lehen bi hamarkadetan, arte plastikoek ere euskal artearen ingurutik joera eta korronte modernoak erabat desagertuz, ohiko eta kontserbatzailea zen estilo baten ostendu ziren. Margolaritzari dagokionez, artista gehienrk paisaiara jo zuten, inpresionismoak eta postinpresionismoak sortarazitako eraginaren oihartzunetariko batzuk sumatzen ziren margolaritza figuratiboari -eta ez errealista- ekinez. Estilo horretan, besteak beste, Menchu Gal, Mari Paz Jiménez eta Gonzalo Chillida bezalako margolariek jardun zuten.

Berriak, aldaketak eta, baita, etenak ere, beraz, hirurogeigarren hamarkadatik aurrera etorri ziren. Hamarkada horretan sortzen da Euskal Herrian lehen aldiko abangoardia historikoak berreskuratzearen aldeko apustua bakarrik ez ezik, une horretan sortuz zihoazen arte-mugimendu berriengatik -informaltasuna, espresionismo abstraktua- eragina jaso eta, gainera, antzaldatzen zihoan beharrizan berridun gizarteari hurbiltzen saiatzearen aldeko margolarien belaunaldi berri bat.

Programa horretan, lehen aldian bezala, bigarren honetan ere elkartekidetasunak toki erabat garrantzitsua izan zuen. Izatez, berrogeigarren hamarkadaren amaieratik euskal artisten elkarteek birsortzen hasi ziren eta artearen esparrua biziberritzerakoan garrantzi ukaezina izan zuten. Hirurogeigarren hamarkadan, beraz, hainbat izan ziren sortutako taldeak, nahiz eta talde horietatik gehienak bizitza laburra izan eta sortarazi zuten eragina mugatua eta unean unekoa izan zen.

Hirurogeigarren hamarkadan sortutako taldeen artean, osperik handiena izan zutenek 1965. urtean Jorge Oteizaren proposamen eta pentsamenduaren inguruan sortuak izan ziren. Gipuzkoan Gaur, Bizkaian Emen, Araban Orain eta Nafarroan Danok. Izatez, Euskal Herrian lehen abangoardia mugimenduak sustatzearen aldeko -Baita izenez Iparraldean bosgarren bat sortzeko egitasmoa ere izan zen- helburua izan zuten, taldeon bitartez jakintza-alorren arteko harremanaren aldeko apustua egiteaz gain, gizarte-errealitatearekin harremana galdu gabe modernitatea eta tradizioa bat egin zezan, artea sortzeko ekimena sustatzearen alde eginez.

Aipatutako taldeek aurrera egin ez zuten arren, euskal artearen esparrura lengoaia berriak ekarri eta figurazioa bertan behera uzteko apustua egin zuten euskal margolarien belaunaldi berri bat agertu izanagatik gorago aipatutako ekimena oso garrantzitsua izan zen. Hala ere, margolari horien artean abstrakziotik gizarte ikuspegi batetik interpretatutako errealismo mota berri batera arteko estilo-aukera ugariak aurki ditzakegu. Lehen estiloan, besteak beste, José Antonio Sistiaga, Rafael Ruiz Balerdi, Amable Arias, Bonifacio Alonso eta Ramón Vargas ditugu, bigarren estiloan Agustín Ibarrola, Dionisio Blanco eta Isabel Baquedano ditugun bitartean.

Zizelkaritzari dagokionez, XX. mendearen bigarren aldi horretan, joera berritzaileekin izandako harreman goiztiarrari esker, arrakasta eta garapenik gehien izan zuen arte-jakintza zizelkaritza izan zen. Izatez, Euskal Herrian berrogeita hamargarren eta hirurogeigarren hamarkaden artean euren lana garatu zuten zizelkari taldeari Zizelkaritzaren Euskal Eskola izena eman zaie.

Adiera hori ez da ideario komunez hornitutako antolaketa sistematiko bezala ulertu behar, berezitasun berdintsuak, desadostasunik izan zuten arren, izan zituzten zizelkari talde baten sentiberatasun komuna bezala baizik, hau da: burdinean, harrian edota egurra bezalako materialen erabilera, gizakiaren eta naturaren arteko harreman estua, monumentalitateagatiko zaletasuna eta lengoaia figuratiboagatiko baino abstraktuagatiko nagusitasuna. Hala ere, talde horrek ez zuen nazioarteko egoeraren azken joerekin bat zetorren arte garaikidearen mugimendu bat bakarrik sortu. Horrezaz gain, abangoardia artea egin nahi izan zuen; helburua, abangoardia mugimendurik garrantzitsuenen ekarpenak bertokotasunarekin elkartu zitzan arte-lengoaia berri bat garatzea zen gero gizarteari eskaini ahal izateko.

Berrogeita hamargarren hamarkadan hasitako zizelkari talde horren ekimena Jorge Oteiza Hegoamerikatik etorri izanarekin -guda aurretik joan izan zen bertara- eta Arantzazuko basilikako lanen hasierarekin batera gertatu zen. Eraikinaren eta eraikuntza osatzen zuten margo eta eskulturen eraiketak antzeko sentiberatasuna izan zuten artista-belaunaldi bat ekarri zuen, egitasmoaren inguruan eta lanen egile izan ziren Nestor Basterrechea, Agustin Ibarrola, Lucio Muñoz eta Eduardo Chillidarekin batera Oteizaren nortasun sendoaren inguruan bilduz.

Hirurogeigarren hamarkadan, Arantzazuko taldekideren batzuk Euskal Herriko lurralde eta jakintza-arlo desberdinetako artistak biltzen zituen arte mugimendu berri baten eraketan berriz ere topo egin zuten. Horretara eratu ziren Gaur, Emen eta Orain, lengoaia modernoak erabiltzearen ahalegina egin, tradizioa eta aro garaikidea bat egin, eta gizarteari hurbildu zedin artea burutzeko asmotan. Egitasmo horrek bat ez etortze formal eta ideologikoengatik porrot egin zuen baina euskal zizelkaritzak eta, oro har, arte garaikideak euskal gizartean presentzia ikaragarri bat izatea lortu zuen. Izatez, hainbat dira Oteiza eta Chillidaren -garai horretako bi zizelkaririk garrantzitsuenak-ildoari geroztik jarraitu dioten Remigio Mendiburu, Vicente Larrea, Ricardo Ugarte, José Ramón Anda eta Ángel Bados bezala nabarmentzen diren zizelkariak.

XX. mendeko bigarren aldi hori berezitasunez Euskal Herriarentzako oso zaila izan zen. Francoren diktadurapean, Euskal Herriak politika eta kultura-errepresio gogorra jasan zuen. Gudaren aurreko arte adierazpen guztiak gogortasunez zapalduak izan ziren -frankismoak modernitatea eta abangoardia demokraziarekin bat egiten zituen-, eta erregimen berriak espainiar Inperioaren mailarik distiratsueneko uneekin diktadurak identifikatzen zituen estiloak berreskuratu zitzan arte konbentzional eta historikorako iraganaren alde jardun zuen. Hala ere, berrogeita hamarreko hamarkadaren azken urteetatik aurrera, ekonomiaren garapenari esker inguruabarrak aldaketarako adierazgarriak eman zituen.

Arte
Eta nahiz eta esparru politikoan inolako aurrerabiderik egin ez zen arren, kultura mailan aurrera egin zen; berezitasunez Euskal Herrian, XX. mendeko lehen erdiko europar abangoardia historikoaren aire modernoak berriz arnastu eta nazioarte mailan orduan garatzen ziren estilo berrien oihartzuna sentitzerik izan zen.

Horretara, euskal arteak bere kondaira guztian zehar lehendabiziko aldiz bere abangoardia propioa sortzerik izan zuen eta, horregatik darabilgu hitz hori, euskal artean lengoaia berriak sortzearen ahalegina bakarrik -sarritan, bertokotik, modernitatea eta tradizioa- egin ez ezik askatasun osoz sortzeko asmoa ere izan zelako, baina gizartearenganatzekoa ere, berarekin elkarrizketa bat izateari buruzko ahalegina alegia, Europan aldi horretan jada desagertua zen asmoa bestalde. Bigarren aro hori Francoren diktadura zorionez desagertu eta demokrazia ezarritakoan amaitu zen; Euskal Herria arlo guztietan, baita artearena ere, erabat garatu eta aurrera egin izaterik izan zuen aro berri bat izan zen.

Arte

Diktaduraren lehen urteetan zehar, erregimenak antzinako estiloen dekoraziora jo zezan sustrai historiko eta herrikoidun nazio-estilo bat aurkitu nahi zuen, bereziki escurialensea, batez ere abagune hori espainiar Inperioraren distirarik gorenarekin identifikatzen zelako. Horrela, garai horretan eraiki ziren eraikinik gehienetan -Iruñako alde nazionalagatik eroritakoei opatutako eliza, Donostiako Abadetegia, Gernikako Enparantza nagusia- exhibizionismoa eta eskala monumentalaren gehiegikeria eman zen. Nazio-estilo bat ezartzearen ahalegin horretan euskal arkitekto bik, Pedro Muguruza Otañok Arkitektura Zuzendaritza Nagusitik, eta Pedro Bidagor Lasartek Suntsitutako Lurraldeen Zuzendaritza Nagusitik funtsezko jarduna izan zuten. Hala eta guztiz ere, arau horiek kasu guztietan ezin izan ziren ezarri zeren ekonomikoki garestiegiak izateaz gainera, ez zioten ekonomia egoera larriak berreraikuntza azkar eta nagusia izatera behartzen zuen gizarte baten beharrizanei erantzuten. Horrela, berrogeita hamarreko hamarkadatik aurrera guda aurreko urteetan jardunean izan ziren arkitektoek zein belaunaldi berriek ere, lengoaia modernoa berreskuratzeari ekin zioten. Izatez, Bilbon, Pedro Ispizua, Fernando Arzadun, Pedro Guimón eta Manuel Ignacio Galíndez ditugu, Vitoria-Gasteizen Jesús Guinea eta José Luis López Uralde, eta Gipuzkoan, Ramón Cortazar eta José Antonio Ponte. Horiek guztiak etxebizitzetarako eraikuntzak eginez jarraitu zuten, beraietan art déco xehetasunak eta elementu espresionistadun arrazionaltasuna nahasiz.

Hala ere, berrogeita hamarreko hamarkada ere beste esperimentazio mota batzuentzako berebizikoa izan zen. Horrela, erlijio-arkitekturan II Vatikanoko Kontzilioa ospatzeke zegoen urteetan elizaren tipologiak eraberritze aldia bizi izan zuela azpimarratu beharra dago. Horretara, Francisco Javier Sáenz de Oíza arkitekto nafarrak Luis Laorgarekin batera Oñatin (Gipuzkoa) Arantzazuko basilika proposatu zuen. Eliza horrek, tradizioan sustraitutako elementu anitz mantentzen zituen arren, beste kasu batzuetan lengoaia modernoarekiko konpromiso nabarmena azaltzen zen. Aipatutakoa Vitoria-Gasteizen ere aurkitu dezakegu, Javier Carvajal eta José María de Paredesek egindako Los Angeles elizan, eta Miguel Fisac -en La Coronación; eliza biotan nabarmentzen da, dagozkien geometria irregulardun orubeetara egokitutako plastika eta eskultura-ahalmen handia transmititzen duten, eraikinen euren egitura.

Hirurogarreneko hamarkadatik aurrera, sentiberatasun berri bat agertu zen euskal arkitekturaren inguruan. Lengoaia modernoa eta arrazionala kurbei lehentasuna eman eta batez ere inguru naturalean zein historikoan eraikitako eraikinen integrazioari garrantzi handia ematera zetorren organizismo izeneko estilo berri baterantz garatu zen. Estilo honen hedakuntzan nabarmentzekoa da teoria mailan Juan Daniel Fullaondo bizkaitar arkitektoak izan zuen jarduera, eta Eugenio María de Aguinaga eta Saénz de Oízak estilo horretan, berezitasunez Duranako udalerrian azkenengoak egindako etxebizitza, egin izan zituzten lan mordoa ere.

Edozelan ere, aro horretako arkitektorik garrantzitsuena Luis Peña Ganchegi gipuzkoarra izan zen. Izatez, Zarautzeko Vista Alegre Dorrea bezalako bere hasierako lanetatik aurrera, Peña Ganchegik plastizismoaren eta organizismoaren onuratan paisaiara eta ingurura egokitzeaz gain, tokiko historiara ere doitzen zen arrazionaltasun zehatza gainditzearen aldeko apustua egin zuen. Bere hainbat lanen artean Mutrikuko Imanolena Etxea, gipuzkoar udaletxe berean egindako Iparragirre etxebizitzetarako eraikina, Vitoria-Gasteizko Foruen Enparantza eta San Francisco eliza, eta Donostiako Hirutasun eta Tenisaren enparantzak azpimarratu beharra dago; azken honetan, Peña Ganchegik, lursail marjinal baten berreskurapenetik abiatuz, beti paisaiaren zati izan den sentsazioa ematen duen arritmia esanguratsu eta testura adierazgarridun harmailatutako aztarna minimalistadun enparantza azaldu zuen.

Arte

Aldiaren amai horretan, organizismoa estetikarik berritsuena izan zen arren, lan askotan arrazionaltasunarekin nahastuz jarraitu zuen, eta xehetasun eta elementu espresionistarik ere izan zen. Estilo horretan lanean jardun zuten arkitektoen artean Fullaondo, Fernando Olabarria, Álvaro Líbano, Rufino Basañez, José Erbina, Miguel Mieg, Miguel Oriol e Ibarra, Francisco Javier Guibert, Fernando Redón eta Félix eta José Luis Iñiguez de Onzoño anaiak nabarmendu behar dira. Lan aipagarrien artean, Bilbon Txurdinagako irakaskuntza ertainerako institutuak, Donostian kokatutako Deustuko campusa, Iruñako Santiago Apostoluaren eliza, eta eskola-taldeekin zerikusirik duten beste hainbat lan, kultura ekipamenduak eta etxebizitzetarako eraikinak. Halere aldi hori egokien ordezkatzen duen eraikina Rafael Moneo arkitekto nafarraren lehen lan handia den Donostian egindako Urumea etxebizitzen eraikina da. Bertan, Javier Marquet, Javier Unzurrunzaga eta Luis Maria Zulaikarekin batera, paisaia eta hiriburuaren iragana bereganatzen du, lerro uhindunez bateratutako behatokiak zabalgunearen etxadia zehaztu eta laukitzen duten kantoi oktogonalekin elkartuz.

  • AGIRRESAROBE, I. Euskal Herriko Artea. Donostia: Lur, 1997.
  • BARAÑANO LETAMENDIA, K.; GONZÁLEZ DE DURANA, J.; JUARISTI, J. Arte en el País Vasco. Madril: Cátedra, 1987.
  • CASTAÑER LOPEZ, X. (ed.): Arte y Arquitectura en el País Vasco. Donostia: Nerea, 2003.
  • HH.EE. Nosotros los vascos: Arte. 5 libk. Donostia: Lur, 1987-1994.
  • HH.EE. Euskal Artearen Historia. 14 libk. Donostia: Kriseilua, 1992.
  • HH.EE. El arte en Navarra. 2 libk. Pamplona: Diario de Navarra, 1994.
  • KORTADI OLANO, E.: Gipuzkoako artea irudietan. Donostia: Kutxa Fundazioa, 2000.
  • MAS SERRA, E.: 50 años de Arquitectura en Euskadi. Vitoria-Gasteiz: Servicio Central de Publicaciones. Gobierno Vasco, 1990.
  • PLAZAOLA, J; AYERBE, E.: Euskal Artearen Historia. 5 Vol. Lasarte-Oria: Ostoa, 2002-2004.
  • Revisión del Arte Vasco entre 1939-1975 = 1939 eta 1975 bitarteko Artearen Berrikuspena. En: Ondare. Cuadernos de artes plásticas y monumentales / Eusko Ikaskuntza. Donostia. Nº 25 (2006). Edukia: Euko Ikaskuntzak aurkeztutako eta 1996an ospatutako jardunaldietako txosten, komunikatu eta bibliografia.