Kontzeptua

Artearen Historia. Arkitektura

Informazio osagarria


         · Artearen historia
         · Historiaurreko artea
         · Erromatarren artea
         · Arte Erromanikoa
         · Arte Gotikoa
         · Errenazimendua


· Barrokoa
         · Neoklasizismoa
         · Eklektizismoa
         · Modernitatea
         · Abangoardiak
         · Garaikidea


         · Eskultura

         · Pintura


Euskal Herriko lurraldetan garai honetako lehen ekoizpen arkitektoniko adierazgarrienak eraikin megalitikoak izan ziren, bai kopuruagatik eta barietateagatik -trikuharriak, harrespilak eta menhirrak- bai denboran tarte luzea iraun zutelako -Metalen Aroan horrelako adierazpenek egiten jarraitu egin zuten- baita aldez aurretik finkatutako espazioaren kontzeptu baten arabera eraikitako lehen eraikin arkitektonikoak izan zirelako, eta haien diseinuak xede praktikoari baino xede sinbolikoari erantzuten diotelako. Jatorriz era horretako eraikinak Europako iparraldekoak ziren, eta artzaintzarekin harremana zuten bizimodu berriekin izan zuten lotura.

Metalen Aroan aldaketa handiak gertatu ziren, material berri hori aurkitzeak eta aplikatzen hasteak aurrerapen handiak ekarri zituelako gizakion bizitzako esparru guztietan, esaterako, merkataritza sortu zen eta horrekin batera lehendabiziko herrixkak. Herrixkei dagokionez, Euskal Herriko hegoaldeko eremuan bakarrik aurkitu dira aztarnak, eta ondoen kontserbatu direnak Nafarroako Cortesko Alto de la Cruzeko bizilekua eta Arabako Biasteriko La Hoyakoa dira.

Erromako arkitekturari dagokionez, aztarnek eta agiriek adierazten dutenez, erromatarrak eremu zehatz batzuetan finkatu ziren, eta nolabaiteko kolonizazio prozesua abian jarri bazuten ere, ezin esan daiteke zenbaterainoko eragina izan zuten. Kontuak horrela, orduko adierazpen arkitektoniko gehienak Araban eta Nafarroan aurkitzen baditugu ere, Irunen, Hondarribian eta Oiartzunen (Gipuzkoa) aurkitutako aztarnak, Oiasso toponimoari dagozkionak, Bidasoa ibaiaren inguruan ere garrantzizko kokalekua bazela erakusten digute.

Idatzizko testigantza ugarik dioten arabera, erromatarrek Euskal Herrian hainbat hiri eta hiribildu sortu zituzten, baina arkitektura eta hirigintzarekin lotutako aztarnak oso urriak dira. Indusketa arkeologikoen bidez zenbait eraikinen arrastoak agerian utzi dira -etxeak eta tenpluak, batez ere-, baita galtzada erromatarren arrastoak ere, azken horiek bigarren mailakoak badira ere. Heldu zaizkigun testigantza gehienak erromatarrek beraiek sortutako herrietakoak dira, hala nola, Pompaelo (Iruña, Nafarroa), Andelos (Mendigorria, Nafarroa), Iruña (Araba) eta Oiasso (Irun, Gipuzkoa), eta landa inguruetako hiribilduetakoak, adibidez, Arellano eta Ledea (Nafarroa).

Amaitzeko, garai honetako kristau artearen lehen eredu aipatuko ditugu, hau da, Trebiñoko (Araba) konderriko zenbait herrietan harkaitzak zulatuz eraikitako basilikak dira. Multzo nagusiak Laño, San Julian, Peña de Santiago, Santorkaria, Montico de Charratu eta Harkaitzeko Andre Mari haitzuloetan aurkitu dira.

Euskal Herrian sortu ziren lehen adierazpen arkitektoniko garrantzitsuak erromanikoa esaten diogun estiloari dagozkio. Izan ere, elizak, nobleziak eta erregeek sortu zuten honako estilo hau, Europa mendebaldeko kristau lurraldeen batasuna bideratuko zuten ikurrak behar zituztelako. Beraz, aniztasun geografikoa, ekonomikoa eta politikoaren aurrean, Elizak artea erabili zuen elementu bateratzaile gisa, bere boterea ahalik eta lurralde gehienetan ezartzeko.

Frantziako Cluny ordeneko monje beneditarrek sortu eta hedatu zuten erromanikoa. Estilo honek mendebaldeko kristau munduaren kohesioa eta batasuna bermatu behar zituen. Horretarako, monasterio, apezpikutza eta erromes-bide sare zabala eratu zuten; gure lurraldearen kasuan, Done Jakue bidearen inguruan. Gero, horren bitartez eta hortik bertatik abiatuta, adierazpen arkitektoniko ugari hasi ziren sortzen Euskal Herrian. Beraz, erromanikoa da Euskal Herrian garatu zen lehen estilo arkitektonikoa. Halere, Euskal Herrian landu zen erromanikoa oso ezaugarri xumeak zituen.

Erromanikoa indar desberdinez hedatu zen Euskal Herrian. Nafarroan hedapen handiagoa izan zuen, Done Jakue bide nagusia hortik baitzihoan. Araba eta Iparraldean ere bide nagusiaren ondoan egoteak erromanikoaren garapena lagundu zuen; Bizkaian eta Gipuzkoan, aldiz, erromanikoaren indarra apalagoa izan zen. Estiloari so eginez, Euskal Herriko lurraldearen arabera, Frantziako, Aragoiko eta Gaztelako erromanikoaren elementuak eta aztarnak aurkitzen ditugu nahasita. Dena den, esan genezake lurralde guztietan arkitektura arte plastikoei nagusitu zitzaiela, eta arte erlijiosoa, arte zibilari.

Garai honetako adierazpen artistiko garrantzitsuenei dagokienez, arkitektura arloan honako hauek nabarmendu behar dira: Lizarran dagoen Nafarroako Erregeen Jauregia, Biana, Arrada eta Artaxonako herri harresidunak, Leireko San Salbatore monasterioa eta Aralarko San Miguel eliza, Iratxeko monasterioa eta Uxueko Santa Maria eliza, Lizarran Ruako San Pedro eliza, Muruzabal herriko Eunateko Andre Maria eliza eta Torres del Rioko Hilobi Santua eliza, Estibalizko Andre Maria eliza eta Armentiako San Prudentzio eliza, eta Zuberoako Santa Graziko eliza.

XII. mendetik aurrera, fedearen eta predikazioaren alorretan, Elizak ordena monastiko berriak sortu zituen, izaera irekiagoa eta klase sozial zein mentalitate berrientzat egokiagoak suertatzen ziren ordenak alegia -frantziskotarrak, domingotarrak-. Era berean, estilo humanistagoa bultzatu nahi izan zuen, hots, gotikoa, premia arkitektoniko berriei hein berean erantzuteko. Horregatik, gotikoak erromanikoaren izaera homogeneoarekin eta didaktikoarekin jarraitu bazuen ere, Elizak bazekien estilo berriak bestelako jarrera eduki behar zuela, hau da, gizarteagandik hurbilagoa eta elkarrizketarako irekia.

Arkitekturari dagokionez, gotikoak sekulako arrakasta izan zuen Euskal Herrian, batez ere Bizkaian eta Gipuzkoan. Dena den, Nafarroan, Araban eta Iparraldean ere obra garrantzitsu eta interesgarriak gauzatu zituzten estilo horretan. Egia esan, gotikoak XVI. mendera arte iraun zuen Euskal Herrian, Errenazimenduak ordeztu zuelarik. Beste behin ere, arkitektura izan zen gehien garatu zen diziplina artistikoa, eskultura askatasun handiago lortu eta bere kabuz garatzen hasi bazen ere. Euskal Herriko estilo gotikoak eragin ugari izan zituen, hasiera batean Gaztela, Aragoi eta Frantziatik, eta, jarraian, Erdialdeko Europatik. Azkenik, gorde diren obra ugariak eta horien kontserbazio-egoera onak lagungarriak gertatu dira euskal gotikoa ikertzerakoan.

Euskal Herrian garatu zen arkitektura gotikoa soila eta apaindurarik gabekoa izan zen. Bestalde, bere izaera hibridoa ere azpimarratu behar da, hasieran Erromanikoaren ezaugarriak hartu baitzituen eta amaiera aldean Errenazimendukoak. Teknika, eraikuntza eta apainketa mailan Erromanikoa, Gotikoa eta Errenazimenduaren arteko nahasketa bi arrazoigatik gertatu zen: eraikinak gauzatzeko denbora asko behar izaten zuten, eta eraikuntza-prozesuaren hainbat unetan elementu eta material berberak erabiltzen zituzten. Tipologiak aztertzerakoan, zera esan genezake, Euskal Herrian gehien garatu zen tipologia erlijioarekin lotuta zegoena izan zela. Dena den, erromanikoaren garaiko oso eraikin zibil gutxi geratzen badira ere, gotikoa garatu zen heinean eraikin zibil ugari gauzatu ziren. Egia da gehienak itxuraldatuta heldu direla gureganaino. Halere, nahikoa dira garai hartako bizitza zibila nolakoa zen ezagutzeko. Gainera, eraikin gehienak jauregiak eta dorretxeak diren arren, badira eraikin arrunten aztarnak ere, eta geroko euskal baserriaren egitura igartzen hasten uzten digute.

Eraikuntza nagusien artean honako hauek nabarmenduko ditugu. Arkitektura zibilean: Erriberrin Karlos III. erregearen jauregia, Gasteizen Kordoi etxea eta Arrieta jauregia, Araban Gebaratarren jauregia eta Mendozatarren dorretxea, eta Berriatua dorretxea Mutrikun eta Dorre Luzea Zarautzen. Erlijio arkitekturan: Nafarroan Orreagako Santa Maria eliza, Iruñeko katedrala, Erriberriko San Pedro eta Santa Maria, Artaxonako San Saturnino, Uxueko Santa Maria, Gasteizen Santa Maria eta San Pedro Apostolua elizak, Biasterin San Joan Bataiatzailea eta Santa Maria de los Reyes elizak, Baionako katedrala, Bilbon Jakue Apostolua eta San Anton elizak, Lekeition Andre Maria eliza, Getariako Done Salbatore, eta azkenik Hondarribiko Jasokundeko eta Sagarrondoko Andre Maria, Oñatiko San Miguel eta Donostiako San Bizente elizak.

Errenazimendua berandu sartu zen Euskal Herrian. Izan ere, XVI. mendera arte euskal probintzietan estilo gotikoa izan zen nagusi. Horrenbestez, Errenazimenduak mendearen azkenaldian azaleko presentzia besterik ez zuen izan, funtzio apaingarri eta sinbolikoa nagusituz. Halere, Errenazimenduaren iraupena murritza izan bazen ere, estilo honetan arkitektura adierazpen garrantzitsuak sortu ziren. Estiloari dagokionez, Errenazimenduak Europako -Italia, Herbehereak eta Alemaniako Printzerriak- nahiz Gaztela eta Aragoiko eragina jaso zuen. Horrela, ezin esan daiteke Euskal Herriko Errenazimendua autoktonoa zenik, baina ezaugarri bereziak garatu zituen. Arte plastikoak kanpoaldeko eraginen menpe zegoen eta arkitektura, aldiz, soila eta sinplea zen, apaingarriak alde batera utzita, monumentala bazen ere.

Beste behin, aldi honetan arkitektura bilakatu zen diziplina nagusia. Eskulturak eta pinturak arkitekturarekiko askatasun handiagoa erdietsi arren, sasoi honetan diziplina hori izan zen nagusi eta, oinarrizko ezaugarriak finkatu zituen. Errenazimendu garaian Euskal Herrian eraiki ziren obra ugarietan forma aldetik koherentzia nekez ikus badaiteke ere, ia leku guztietan etengabe errepikatu zen ezaugarria forma tradizional eta klasikoen arteko nahasketa izan zen.

Kopurua eta gizarte mailako garrantziari dagokionez, erlijio-tipologiak garrantzitsuena izaten jarraitu bazuen ere, arkitektura zibila indarra hartuz joan zen, izan ere, gero eta eraikin garrantzitsuagoak gauzatu baitziren arlo horretan. Dena den, sasoi horretako erlijio-arkitekturan, Errenazimenduaren eragina izan zuten elizez gain, Euskal Herriari dagokion berezko estiloa ez bada ere gure lurraldean hedapen handia izan zuen bestelako eliza mota aztertuko dugu, euskal gotikoa izenez ezagutzen dena alegia. Berez, horren adibide ugari daude gure lurretan.

Zenbait adibide eta eredu aipatzerakoan, honako hauek dira adierazpen nagusiak arkitektura zibilean: Lizarrako San Kristobal jauregia eta Tuterako San Adrian Markesaren jauregia, Narros Zarautzen eta Ubillos Zumaian, Gasteizen Bendañako jauregia, Montehermoso jauregia eta Eskoriatza-Eskibel jauregia, eta Oñatiko Sancti Spiritus unibertsitatea. Arkitektura erligiosoari dagokionez, Arabako Eltziego eta Lapuebla de Labarcan eraiki ziren elizetako fatxadak aipatu behar dira, Nafarroan ere portada adierazgarrien hiru adibide aurki daitezke Kaseda, Urantzia eta Vianako elizetan. Komentuei dagokienez Orreagako, Fiteroko eta Iratxeko monasterioetan, Iparraldean Gotogeño, Undureiñe, Altzuruku eta Zalgizko elizak, Oñatiko San Miguel eliza eta Bidaurretako monasterioa, eta Bilboko domingotarren Gizakundea komentua eta Donostiako San Telmo.

Euskal Herrian barrokoa XVII. mende amaieran hasi zen finkatzen eta XVIII. mendean zehar hedatu zen. Garai honetan arkitektura izan zen diziplina artistiko garrantzitsuena, eta pinturak eta eskulturak atzera pausu nabarmena pairatu zuten krisi ekonomikoak eraginda. Ondorioz, orokorrean garai errenazentistan baino obra gutxiago mantentzen ditugu eta gainera kasu askotan, barrokoa bigarren mailako eraikuntza-elementutara mugatu zen, nahiz eta horiek ere garrantzitsuak izan, esate baterako, portadak eta, batez ere, kanpandorreak. Edozein kasutan ere, eraikin berrien adibide bikainak ditugu, eta horrekin batera arkitektura zibilaren garapen nabaria.

Beraz, beste behin, errenazimenduarekin gertatu zen moduan, barrokoak ibilbide laburra izan zuen gure lurraldean. Hori dela eta, orain ere ezin dugu euskal estilo barrokotzat hitzegin, ez baitu ezaugarri berezirik. Halere, erakinak gauzatzean eginiko interpretazioan, beste behin gehiegikeriak eta apaingarritasuna alde batera uzti zituzten. Eta estiloak laster neoklasizismoan ordezkoa bilatu bazuen ere, barrokoak arte ondarearen adibiderik onenetakoak utzi dizkigu.

Barrokoan arkitektura zibilak garrantzia gehiago hartu zuen erlijio arkitekturak baino, izan ere, eraikin kopurua handiagoa izateaz gain, eraikin horietan gizarteak bere behar eta kezkak islatzen zituen arkitektura eskura izan zuen, elizaren agintariek adierazitako jarraibideen baitan ibili beharrik gabe. Jauregiak eta, batez ere, udaletxeak izan ziren garai honetako arkitektura zibila osatzen zuten eraikuntzak.

Arkitektura zibilean eraikuntza garrantzitsuenak honako hauek izan ziren, Arabari dagokionez Zurbanon kokatzen den Otazutarren jauregia, Zalduondoko Larrañaga jauregia eta Gasteizko Almeda, Nafarroan Iruñako apezpiku-jauregia, Miranda-Argako Colomo jauregia, Barasoaingo Azpilikueta jauregia, Tuterako Uharteko Markesaren jauregia, Oieregiko Reparacea jauregia, Elizondoko Arizkuena jauregia, Iruritako Gaston de Iriarte jauregia eta Corellako Kateen etxea, Bizkaiari dagokionez, Elorrioko Jara eta Tola jauregiak azpimarratu behar dira eta, batez ere, Ermuako Valdespina jauregia, Gipuzkoan Segurako Lardizabal jauregia, Azkoitiko Insausti eta Florida, Tolosako Idiakez, Mutrikuko Montalibet, Usurbilgo Saroe eta Atxaga, Urretxuko Ipeñarreta, Arrasateko Monterron Kondearen jauregia, Aretxabaletako Arratabe, Zarautzeko Portu eta Hondarribiako Zuloaga jauregiak azpimarratu behar dira, eta udaletxekiko Gipuzkoari dagokionez, Bergara, Zestoa, Oiartzun, Aretxabaleta eta Errenteriako udaletxeak nabarmen daitezke garai honetan.

Arkitektura erligiosoan Bastidako Jasokundeko Andre Mariaren eliza, Iruñako Karmeldar Oinutsak, Corellako Gizakundea, Bianako San Frantzisko eta Lizarrako Kontzepzionista Errekoletoen komentuak nabarmendu behar dira, Bilboko Santos Juanes eliza, Loiolako basilika, Donostiako Koruko Andre Mariaren basilika, eta kanpandorreak, non Gipuzkoan aurkitzen dira kanpandorre azpimarragarrienak -Elgoibar, Andoain, Tolosa, Eskoriatza, Bergara, Hondarribia, Ordizia, Usurbil, Hernani, Ibarra, Aretxabaleta, Aretxabaleta-, beste lurraldeetan ere adibideak ikus ditzakegun arren.

Neoklasizismoak Euskal Herrian arrakasta handia izan zuen. Guda eta istilu ugari izan arren, Euskal Herrian arte-agerpen interesgarriak garatu ahal izan ziren, batez ere, arkitektura mailan, barrokoaren aurkako erantzuna agerian uzterakoan gainerako jakintza-arloei aurrea hartuz eta funtsezko papera bereganatuz. Izatez, arkitekturak Ilustrazioaren oinarrizko ideia oso ondo laburbiltzen zuen, hau da, apaindura gutxiko estetikaren alde egin zuen, forma geometriko sinpletan oinarritutako marra zuzenak nagusitzen direlarik. Berez, Ilustrazioaren oinarrizko ideia horiek alor estetikoan ez ezik, morala eta etika mailan ere txertatzen saiatu ziren. Aitzitik, arkitekturari dagokionez, euskal arkitektoek halako ideiekin bat egiteko aukera ugari izan zuten, aurretik ere soiltasuna eta apaindura urria nabarmenduz bestelako estilo artistikoak garatzen eta interpretatzen ohituta baitzeuden. Iraupenari dagokionez, Euskal Herrian neoklasizismoa XVIII. mendearen amaiera aldean sartu zen, eta XIX. mende guztian zehar luzatu bazen ere, bere gailurra XIX. mendeko lehen erdian gertatu zuen.

Bizi izandako aurkako baldintza historikoak ugariak izan arren, Euskal Herrian gauzatutako eraikinen kalitatea eta kopurua apartekoa izan zen. Bestalde, gure lurraldeak eztabaida teorikoan ere esku hartu zuen garai horretako obra eta arkitektorik interesgarrienetako batzuren bitartez. Zentzu horretan, arkitektura neoklasikoa ez zen berandu eta zeharbidez gure lurraldera iritsi zen estiloa izan. Aitzitik, hasiera hasieratik jorratu zen eta artearen inguruan beste estilo berria nagusitu zen arte neoklasizismoari eutsi egin zioten. Berez, estilo berri hori eklektizismoa izan zen, XIX. mendearen bilakaera historikoarekin bat zetorren estiloa alegia.

Gure garaietaraino heldu diren adibideen artean nabarmentzekoak dira, arkitektura zibilean Gasteizen Plaza Berria eta Arkupetxoen etxeak Justo Antonio de Olaguibel arkitektoaren lanak, Gipuzkoan Pedro Manuel de Ugartemendiak Donostiarako diseinatutako hiri-egituraketa, Bizkaiari dagokionez Otxandio, Ondarroa eta Balmasedako udalak, Gabriel Benito Orbegozoren Atxuriko Ospitalea eta Antonio Echeverriak egindako Gernikako Batzar Etxea; arkitektura erligiosoan nabarmenduko ditugu Iruñako katedralaren aurrealdearen eraikuntza Ventura Rodriguezen lana, Araban Justo Antonio de Olaguibelen Ariñez, Berantevilla, Alegria eta Antoñanako eliza-dorreak, Gipuzkoan Silvestre Perez arkitektoari dagokion Mutrikuko Jasokundearen eliza, Bizkaian Larrabetzuko eta Bermeoko Santa Maria elizak, lehendabizikoa Ventura Rodriguezek egindakoa eta bigarrena Silvestre Perezek diseinatutakoa, eta azken lurralde honetan ere hilerriak nabarmendu behar dira, Elorrio, Aulesti, Abadiño, Dima eta Markina-Xemeingo udalerrietakoak.

Arkitekturaren esparruan, erromantizismoaren eragina Euskal Herrian ere sumatu zen, berandu eta indar gutxirekin izan bazen ere. Sentsibilitate berri horren adibiderik onena arte plastikoetan aurkitzen ditugu, historizismoak arkitekturaren alorrean ere arrakasta handia izan zuen arren. Egia esan, garai horretan Euskal Herriko hiri nagusiak, bereziki kostaldean zeudenak, izugarrizko hazkundea bizi izan zuten. Hazkundea Industria Iraultzaren eraginez gertatu zen, garai horretan lehen urratsak eman baitzituen, eta horrez gain bestelako eragileak izan ziren, turismoa bera esate baterako. Ondorioz, Donostia, Baiona, Biarritz edo Bilbao bezalako hiriek euren harresiak suntsitu egin zituzten eta hazten hasi ziren, aldi berean behar berriekin bat zetorren artea eskatuz.

Horregatik, XIX. mendearen bigarren erdian zehar garatu zen estiloari eklektizismoa esaten diogu. Berez, nagusi izan zen sentsibilitate erromantikoa izan arren, garai horretan zehar hainbat estilo sortu eta konbinatu ziren, bat ere nagusitu ez bazen ere. Berez, arkitektura mailan, historizismoaz gain, modernismoak ere eragina izan zuen Euskal Herrian. Hala ere, punturik interesgarriena zera litzateke, garai hartako arkitektura guztiz aldatu zuten estilo eta forma berriak -burdinaren arkitektura, adibidez- Euskal Herrira ere ailegatzen hasi zirela.

Aldi honetako protagonista nagusia arkitektura eklektikoa izan zen arren, XIX. mende bukaeran Europako burgesiak estilo berri baten aldeko apustua egin zuen, modernismoaren alde alegia. Modernismoak eklektizismoa gainditzea aldarrikatzen zuen eta inspirazioa landare eta forma organikoetan oinarritzen da. Euskal Herrian, hain berritzailea zen estilo horrek eragin arina izan zuen, eraikuntzetako etxaurretan eta batez ere, arte aplikatuen eremuan. Hala ere, modernismoari esker Euskal Herriko arkitekturak dekorazio mailan hizkuntzaren erabilera soilagoa erdietsi zuen eta horrekin batera materialen erabilera trebeagoa.

Burdina eta porlana bezalako material berrien erabilera, arkitekturaren esparruan benetako iraultza baten ataria izan zen. Berez, material berri horien erabilerak eraikitzeko modua antzaldatu eta baldintzatu egin zuen, eta horrekin batera estetika ere aldatu egin zuen, formen diseinuan soiltasuna eta marra zuzenen aldeko apustua egitea ekarriz. Hala ere, euskal industriagintzak bere garapen ekonomikoa metal preziatu horretan oinarritu zuen arren, zutik dirauten garai horretako eraikinak gutxi dira, burdinez edota beste material berritzaileak erabiliz burutuak alegiak.

Garai honetako obra eta arkitekto esanguratsuenei dagokienez, oso zaila da izen gutxi batzuk aipatzea, asko baitira nabarmentzekoak.

XX. mendean, Euskal Herrian bertan burutu ziren lehendabiziko adierazpenak arkitektura modernoarekin lotutakoak izan ziren. Hala ere, garai honetan Europako beste lurralde batzuetan zehar garatutako kultura zein arte esparruko abangoardiako mugimenduak hemen ez zuten eraginik izan. Berez, Euskal Herrian garai honetan zehar ez ziren abangoardiako mugimenduak sortu. Aitzitik, kanpotik etorritako artea, berandu ailegatzen bazen ere, moldatu eta egokitu egiten zen, hemen burutzen zenaren berezitasunak oinarritzat hartuz. Europan abangoardia garaia esaten zaio XX. mendearen lehen zati horri, baina Euskal Herrian modernitate aro bezala ezagutzen dugu.

XX. mendeko lehendabiziko hamarkadetan zehar, eklektizismoa izan zen Euskal Herrian egindako arkitektura lanetan nagusitu zen estiloa. Hala ere, garai honetako ekarpenik garrantzitsuena lengoaia modernoaren agerpena izan zen. Hasieratik honako lengoia honek forma eta funtzioa bateratu nahi izan zituen, material berriak erabili, eraikinetan beharrezkoa ez zen dekorazioa kendu, formei dagozkien balore adierazgarrien estetika azpimarratu eta geometria formak erabili. Garaiko gizartearen beharretara moldatzen zen arkitektura-erantzun bezala egituratu zen.

Garai honetako obra eta arkitekto esanguratsuenei dagokienez, oso zaila da izen gutxi batzuk aipatzea, asko baitira nabarmentzekoak.

Garai honetan, euskal arkitekturak historian lehen aldiz abangoardia propioa sortzeko aukera izan zuen eta, horregatik hitz hori erabil dezakegu. Euskal arkitekturan lengoaia berriak sortzeko ahaleginak burutu ziren eta horrekin batera sorkuntza prozesua askatasun osoz bideratzeko nahia agerian utzi zuten. Gizartera hurbiltzeko nahia ere agerikoa zen, gizartearekin berarekin elkarrizketa berria eratzeko.

Horrela, berrogeita hamarreko hamarkadatik aurrera lengoaia modernoa berreskuratzen saiatu ziren guda aurreko urteetan jardunean aritu ziren arkitektoen zein belaunaldi berrien eskutik. Hirurogeigarren hamarkadatik aurrera, sentsibilitate berria sumatu zen euskal arkitekturaren inguruan; lengoaia modernoa eta arrazionala aldatu egin zen estilo berriari lekua utziz. Estilo berriari organizismoa esaten zioten. Kurbei lehentasuna ematen zien eta, batez ere, eraikinen integrazioari garrantzi handi eman zioten, hau da, eraikinak bat egin behar zuen kokatzen zen inguru naturalarekin eta historikoarekin. Garai honetako azken urte horietan, organizismoa estetika berriena izan bazen ere, hainbat lanetan arrazionalismoarekin bat egin zuen, expresionismoaren osagaiak eta ezaugarriak ere ageri zirelarik.

Garai honetako obra eta arkitekto eta artista esanguratsuenei dagokienez, oso zaila da izen gutxi batzuk aipatzea, asko baitira nabarmentzekoak.

Aurreko aldietan euskal arkitektura europar estilorik garrantzitsuenen gerizpean garatu zen bitartean eta beti nolabaiteko atzerapenez, egun, Euskal Herrian sortutako arte adierazpenak munduko beste hainbat tokietan sortutakoekin batera daude. Berez, gure arkitektura sorkuntzak eta beste toki batzuetan egindakoak ez dira oso desberdinak, batez ere homogeneizazioa eta globalizazio prozesuaren eraginagatik.

Arkitekturari so eginez, joera postmodernoak pentsamolde berria ekarri zuen, hau da, historia berreskuratzea proposatzen zuen diziplina bera testuinguru zehatz batean kokatzearren. Ondoren, laurogeiko hamarkadan, ezaugarri nagusia askatasun formala izan zen eta, arrazionaltasuna birsortu zen arren, nolabaiteko eklektizismoa nagusitu zen. Hala ere, oso tradizio ezberdinak bateratu ziren: funtzionalismoa, espresionismoa, historizismoa eta erregionalismoa. Laurogeita hamarreko hamarkadatik aurrera, arkitekturak lengoaia modernoaren arrazionalismoa berreskuratu du, irakurketa minimalista, erraz, urri eta soilaren bitartez, eta nazioarte mailan estilo arkitektoniko bakarra hori izan ez bada ere, Euskal Herrian arrakasta eta onarpenik handieran lortu duena izan da. Horrek gogora ekartzen digu berriro ere euskal arkitekturaren garapenean nagusia izan den sentsibilitatea, hau da, marra argiak, neurrizkoak eta errazak.

Garai honetako obra eta, arkitekto esanguratsuenei dagokienez, oso zaila da izen gutxi batzuk aipatzea, asko baitira nabarmentzekoak.

  • AGUIRRESAROBE, I.: Euskal Herriko artea. Donostia: Lur, 1997.
  • Arkitektura Neoklasikoa Euskal Herrian. Bilbo: Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Turrismo saila, 1990.
  • BARAÑANO LETAMENDIA, K.; GONZALEZ DE DURANA, J.; JUARISTI, J.: Arte en el País Vasco. Madrid: Catedra, 1987.
  • CASTAÑER LOPEZ, X.: Arte y Arquitectura en el País Vasco. Donostia: Nerea, 2003.
  • El arte en Navarra. 2 liburuki. Pamplona: Diario Navarra, 1994.
  • Euskal Artea. Donostia: Erein, 1982.
  • Euskal artearen historia. 14 liburuki. Donostia: Kriseilu, 1992.
  • FERNANDEZ ALTUNA, J.J.: Euskal Herriko Arkitektura. Bilbao: Ibaizabal, 2004.
  • KORTADI OLANO, E.: Gipuzkoako artea irudietan. Donostia: Kutxa Fundazioa, 2000.
  • MAS SERRA, E.: 50 años de Arquitectura en Euskadi. Vitoria-Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia, 1990.
  • Monumentos Nacionales de Euskadi. 3 liburuki. Zamudio: Elespuru,, 1985.
  • Nosotros los vascos: arte. 5 liburuki. Donostia: Lur, 1987-1994.
  • LAZAOLA, J.; AYERBE, E.: Euskal Artearen Historia. 4 liburuki. Lasarte-Oria: Ostoa, 2002-2004.