Kontzeptua

Artearen Historia. Arkitektura

Errenazimendua berandu sartu zen Euskal Herrian. Izan ere, XVI. mendera arte euskal probintzietan estilo gotikoa izan zen nagusi. Horrenbestez, Errenazimenduak mendearen azkenaldian azaleko presentzia besterik ez zuen izan, funtzio apaingarri eta sinbolikoa nagusituz. Halere, Errenazimenduaren iraupena murritza izan bazen ere, estilo honetan arkitektura adierazpen garrantzitsuak sortu ziren. Estiloari dagokionez, Errenazimenduak Europako -Italia, Herbehereak eta Alemaniako Printzerriak- nahiz Gaztela eta Aragoiko eragina jaso zuen. Horrela, ezin esan daiteke Euskal Herriko Errenazimendua autoktonoa zenik, baina ezaugarri bereziak garatu zituen. Arte plastikoak kanpoaldeko eraginen menpe zegoen eta arkitektura, aldiz, soila eta sinplea zen, apaingarriak alde batera utzita, monumentala bazen ere.

Beste behin, aldi honetan arkitektura bilakatu zen diziplina nagusia. Eskulturak eta pinturak arkitekturarekiko askatasun handiagoa erdietsi arren, sasoi honetan diziplina hori izan zen nagusi eta, oinarrizko ezaugarriak finkatu zituen. Errenazimendu garaian Euskal Herrian eraiki ziren obra ugarietan forma aldetik koherentzia nekez ikus badaiteke ere, ia leku guztietan etengabe errepikatu zen ezaugarria forma tradizional eta klasikoen arteko nahasketa izan zen.

Kopurua eta gizarte mailako garrantziari dagokionez, erlijio-tipologiak garrantzitsuena izaten jarraitu bazuen ere, arkitektura zibila indarra hartuz joan zen, izan ere, gero eta eraikin garrantzitsuagoak gauzatu baitziren arlo horretan. Dena den, sasoi horretako erlijio-arkitekturan, Errenazimenduaren eragina izan zuten elizez gain, Euskal Herriari dagokion berezko estiloa ez bada ere gure lurraldean hedapen handia izan zuen bestelako eliza mota aztertuko dugu, euskal gotikoa izenez ezagutzen dena alegia. Berez, horren adibide ugari daude gure lurretan.

Zenbait adibide eta eredu aipatzerakoan, honako hauek dira adierazpen nagusiak arkitektura zibilean: Lizarrako San Kristobal jauregia eta Tuterako San Adrian Markesaren jauregia, Narros Zarautzen eta Ubillos Zumaian, Gasteizen Bendañako jauregia, Montehermoso jauregia eta Eskoriatza-Eskibel jauregia, eta Oñatiko Sancti Spiritus unibertsitatea. Arkitektura erligiosoari dagokionez, Arabako Eltziego eta Lapuebla de Labarcan eraiki ziren elizetako fatxadak aipatu behar dira, Nafarroan ere portada adierazgarrien hiru adibide aurki daitezke Kaseda, Urantzia eta Vianako elizetan. Komentuei dagokienez Orreagako, Fiteroko eta Iratxeko monasterioetan, Iparraldean Gotogeño, Undureiñe, Altzuruku eta Zalgizko elizak, Oñatiko San Miguel eliza eta Bidaurretako monasterioa, eta Bilboko domingotarren Gizakundea komentua eta Donostiako San Telmo.