Kontzeptua

Artearen Historia. Arkitektura

XX. mendean, Euskal Herrian bertan burutu ziren lehendabiziko adierazpenak arkitektura modernoarekin lotutakoak izan ziren. Hala ere, garai honetan Europako beste lurralde batzuetan zehar garatutako kultura zein arte esparruko abangoardiako mugimenduak hemen ez zuten eraginik izan. Berez, Euskal Herrian garai honetan zehar ez ziren abangoardiako mugimenduak sortu. Aitzitik, kanpotik etorritako artea, berandu ailegatzen bazen ere, moldatu eta egokitu egiten zen, hemen burutzen zenaren berezitasunak oinarritzat hartuz. Europan abangoardia garaia esaten zaio XX. mendearen lehen zati horri, baina Euskal Herrian modernitate aro bezala ezagutzen dugu.

XX. mendeko lehendabiziko hamarkadetan zehar, eklektizismoa izan zen Euskal Herrian egindako arkitektura lanetan nagusitu zen estiloa. Hala ere, garai honetako ekarpenik garrantzitsuena lengoaia modernoaren agerpena izan zen. Hasieratik honako lengoia honek forma eta funtzioa bateratu nahi izan zituen, material berriak erabili, eraikinetan beharrezkoa ez zen dekorazioa kendu, formei dagozkien balore adierazgarrien estetika azpimarratu eta geometria formak erabili. Garaiko gizartearen beharretara moldatzen zen arkitektura-erantzun bezala egituratu zen.

Garai honetako obra eta arkitekto esanguratsuenei dagokienez, oso zaila da izen gutxi batzuk aipatzea, asko baitira nabarmentzekoak.