Kontzeptua

Artearen Historia. Arkitektura

Garai honetan, euskal arkitekturak historian lehen aldiz abangoardia propioa sortzeko aukera izan zuen eta, horregatik hitz hori erabil dezakegu. Euskal arkitekturan lengoaia berriak sortzeko ahaleginak burutu ziren eta horrekin batera sorkuntza prozesua askatasun osoz bideratzeko nahia agerian utzi zuten. Gizartera hurbiltzeko nahia ere agerikoa zen, gizartearekin berarekin elkarrizketa berria eratzeko.

Horrela, berrogeita hamarreko hamarkadatik aurrera lengoaia modernoa berreskuratzen saiatu ziren guda aurreko urteetan jardunean aritu ziren arkitektoen zein belaunaldi berrien eskutik. Hirurogeigarren hamarkadatik aurrera, sentsibilitate berria sumatu zen euskal arkitekturaren inguruan; lengoaia modernoa eta arrazionala aldatu egin zen estilo berriari lekua utziz. Estilo berriari organizismoa esaten zioten. Kurbei lehentasuna ematen zien eta, batez ere, eraikinen integrazioari garrantzi handi eman zioten, hau da, eraikinak bat egin behar zuen kokatzen zen inguru naturalarekin eta historikoarekin. Garai honetako azken urte horietan, organizismoa estetika berriena izan bazen ere, hainbat lanetan arrazionalismoarekin bat egin zuen, expresionismoaren osagaiak eta ezaugarriak ere ageri zirelarik.

Garai honetako obra eta arkitekto eta artista esanguratsuenei dagokienez, oso zaila da izen gutxi batzuk aipatzea, asko baitira nabarmentzekoak.