Kontzeptua

Artearen Historia. Arkitektura

Aurreko aldietan euskal arkitektura europar estilorik garrantzitsuenen gerizpean garatu zen bitartean eta beti nolabaiteko atzerapenez, egun, Euskal Herrian sortutako arte adierazpenak munduko beste hainbat tokietan sortutakoekin batera daude. Berez, gure arkitektura sorkuntzak eta beste toki batzuetan egindakoak ez dira oso desberdinak, batez ere homogeneizazioa eta globalizazio prozesuaren eraginagatik.

Arkitekturari so eginez, joera postmodernoak pentsamolde berria ekarri zuen, hau da, historia berreskuratzea proposatzen zuen diziplina bera testuinguru zehatz batean kokatzearren. Ondoren, laurogeiko hamarkadan, ezaugarri nagusia askatasun formala izan zen eta, arrazionaltasuna birsortu zen arren, nolabaiteko eklektizismoa nagusitu zen. Hala ere, oso tradizio ezberdinak bateratu ziren: funtzionalismoa, espresionismoa, historizismoa eta erregionalismoa. Laurogeita hamarreko hamarkadatik aurrera, arkitekturak lengoaia modernoaren arrazionalismoa berreskuratu du, irakurketa minimalista, erraz, urri eta soilaren bitartez, eta nazioarte mailan estilo arkitektoniko bakarra hori izan ez bada ere, Euskal Herrian arrakasta eta onarpenik handieran lortu duena izan da. Horrek gogora ekartzen digu berriro ere euskal arkitekturaren garapenean nagusia izan den sentsibilitatea, hau da, marra argiak, neurrizkoak eta errazak.

Garai honetako obra eta, arkitekto esanguratsuenei dagokienez, oso zaila da izen gutxi batzuk aipatzea, asko baitira nabarmentzekoak.