Udalak

Hondarribia

XIX. mendearen hasieran mutikoentzako oinarrizko eskola bat zuen, 4.400 errealez eta beste bat neskatilentzat 1.500 errealez hornituak. Lehenera 100 mutiko inguru joaten ziren. Maisua arma plazako errege jauregi ondoko etxean bizi zen. Mendearen erdialdean, Marinan, neskatilentzat bigarren eskola zabaldu zen inolako hornikuntzarik gabe. Serapio Mugicak horrela azaldu zuen XX. mendearen hasierako hezkuntza egoera.

"Hiriko alde zaharrean eskola oso misto bat dago, Pedro Viteri gipuzkoar filantropoak ordaindutako eraikin sendoa; Marina auzoan haur hezkuntzako eskola bat dago andereño baten ardurapean eta Jaizubia auzoan beste eskola misto bat beste andereño baten ardurapean. Gurutzen eta Gaintxurizketan bi eskola misto partikularrek funtzionatzen dute” (…) Hauetaz gain, hiru elkarte erlijiosoek, aita Kaputxinoek, Betharramekoek eta Jesusen Bihotzekoek ikasle askori hezkuntza ematen diete eta apaizak izateko prestatzen dituzte. Badaude beste lau ikastetxe mojek zuzenduak, Hijas de la Cruz, Siervas de María, Pabeko Ursulinak, garai bateko Hotel Miramar-en eraikina erabiltzen dutenak eta Damas de Saint Maur”  (…) “Aipatutako ikastetxe eta komentu guztiak, aita Kaputxinoena izan ezik, frantsesak dira eta Hondarribian kokatu dira Waldeck-Rousseauren 1901eko dekretuak ondoko naziotik kanporatuak izan zirelako”.