Kontzeptua

Artearen Historia

Informazio osagarria


         · Historiaurreko artea
         · Erromatarren artea
         · Arte Erromanikoa
         · Arte Gotikoa
         · Errenazimendua
         · Barrokoa


         · Neoklasizismoa
         · Eklektizismoa
         · Modernitatea
         · Abangoardiak
         · Garaikidea


         · Arkitektura
         · Eskultura

         · Pintura


Artearen historia artearen bilakaera denbora eta espazioan zehar aztertzen duen zientzia da, artearen hainbat historia planteatu baititzakegu garaia eta lekuaren arabera. Berez, artearen historia gizarte-zientzien disziplinetako bat da, izaera multidisziplinarra du eta historian zehar artearen azterketa objektiboa burutzen saiatzen, ezaugarri bereizgarriak aztertuz, estiloak sailkatuz eta garai desberdinak finkatuz. Arteari dagokionez, artea esaten diogu gizakiak bideratutako edozein produktu edo ekimenari, komunikazioa ahalbidetu eta ideiak eta emozioak aditzera emateko asmoz ekimenei alegia. Eta artearen definizioa denboran zehar asko aldatu bada ere, gaur egun artea bezala jotzen dugu gizakiaren sormenaren ia edozein adierazpen. Berez, XX. mendean zehar bederatzi arte mota bereiziki ziren -arkitektura, dantza, eskultura, musika, pintura, literatura, zinea, argazkigintza eta komikia-, eta gaur egun zerrenda horretan beste adierazpen artistikoak ere sartu dira, besteak beste, diseinua, publizitatea, moda edota gastronomia. Hala ere, zenbait erakundetara -unibertsitateak, museoak, artearen merkatua, argitalpenak- mugatutako disziplina akademikotzat jotzen den artearen historiak arte plastikoak edo bisualak haintzat hartzen ditu bakarrik -arkitektura, pintura eta eskultura bereziki, azkenaldi honetan argazkigintza eta bideoa ere gehitu badira ere-. Bestelako arte mota guztien ikerketa beste disziplinen esku geratzen da. Hala ere, artearen historiak harreman estuak mantentzen ditu beste ezagutza mota eta disziplinekin, esaterako, filosofiarekin estetikaren bitartez, soziologiarekin edo psikologiarekin.

Arte

Artearen historia Errenazimendu garaian hasi zen jorratzen lehendabiziko aldiz, bildumazaletasunak sortutako grinaren ondorioz. Zaletasun horrek lehenengo aldiz adierazpen artistikoen balizko funtzioa alde batera uzten zuen -funtzio erligiosoa edo politikoa alegia- eta aintzat hartzen hasi ziren horien ikuspegi estetikoa eta gizarte eragina. Aldi berean, balio ekonomikoa zuten gordailutzat hartzeak suposatzen zuen onura ere kontutan hartzen hasi ziren. Horrela, Aro Modernoan zehar eta bereziki Europako monarkia absolutoen goralditik aurrera, errege familientzat, nobleziarentzat eta elizarentzat artea bereizketa seinale bihurtu zen. Ondoren, burgesiak ere bide beretik jo zuen, beraien bildumetan arte lanak metatzen hasiz. Aldi berean, artearen historia biltzen zuten lehenengo liburuak idazten hasi ziren, mendebaldeko gizartearen ekoizpen artistikoa bakarrik aintzat hartzen bazuten ere. Gainera, gehienak azterketa garaiko artista garaikideek burutu zituzten.

Gero, iraultza bugesekin batera, museoen bitartez bilduma horietako batzuk jendearentzako erakusgai geratu ziren behin-betiko. Horrela, XIX. mendetik aurrera sortzen hasi zen egun ezagutzen dugun artearen historiari dagokion disziplina akademikoa. Ikuspegi berria jorratzen hasi ziren, ikuspegi zabalagoa artearen historiaren inguruan alegia. Aldi berean, zibilizazio guztietako artearen deskribapen orokorra egiten saiatu ziren eta ekoizpen artistikoak aztertzen kultura bakoitzeko ezaugarriak aintzat hartuz, ez bakarrik mendebaldeko artearen historiari zegozkionak. Berez, gaur egun artearen historiak gizartean onespen zabala dauka XX. mendean zehar artearen historia landu zuten erakundeak, fundazioak, unibertsitateak, museoak eta galeriak, publikoak zein pribatukoak, ugaldu egin zirelako; komunikabideen areagotzea ere oso garrantzitsua izan da artearen historiaren azterketa eta hedapenerako.

Arte

Euskal Herriko artearen historiari dagokionez, gure artean honako disziplina hau, beste askorekin gertatu den bezala, berandu garatu da eta modu eskasean. Berez, Euskal Herriko artearen historia osatzeko lehen saiakerak ez dira sortzen XX. mendeko bigarren hamarkadaren hasiera arte, Angel de Apraiz, Gregorio de Mujica, Juan de la Encina edo Flores Kaperotxipi bezalako adituak lanean hasten direnean. Jarraian, belaunaldi berri batek aurrekoaren testigua hartuko du eta ikerketa zorrotzagoak eta sakonagoak burutuko dituzte, Juan Maria Alvarez Emparanza, Mario Angel Marrodan, Juan Plazaola edo Edorta Kortadi bezalako adituei esker. Gaur egun, ikasketa unibertsitarioei esker arte historialarien kopurua asko handitu da eta horri esker adituen artean belaunaldi berriak sortu dira bertan Javier Gonzalez de Durana, Kosme Maria de Barañano Letamendia, Xabier Saenz de Gorbea edo Javier San Martin bezalako adituak nabarmenduz.

Artearen historia antolatzeko orduan hainbat aukera badaude ere, arruntena eta ohikoena denboraren zatiketan oinarritutakoa da; ondoren beste azpizatiketa bat gauza daiteke euskarri artistikoan, lurraldetasunean, estiloetan edo zenbait artistetan oinarrituz. Artearen historiaren inguruko zatiketa horrek historia beraren berezko zatiketarekin bat egiten du. Gure kasuan, Euskal Herriko artearen historiari dagokion atal nagusian zatiketa kronologikoa sortu dugu artearen historia hamaika garaietan sailkatuz -historiaurreko artea, arte erromatarra, erromanikoa, gotikoa, errenazimendua, barrokoa, neoklasizismoa, eklektizismoa, modernitatea, abanguardiak eta XXI. mendeko artea-. Jarraian, euskarri artistikoan oinarritutako azpizatiketa egin dugu -arkitektura, eskultura, pintura- eta azkenik, disziplina horietako bakoitzean beste zatiketa aurki dezakegu lurraldearen arabera.



Euskal Herrian barrokoa XVII. mende amaieran hasi zen finkatzen eta XVIII. mendean zehar hedatu zen. Garai honetan arkitektura izan zen diziplina artistiko garrantzitsuena, eta pinturak eta eskulturak atzera pausu nabarmena pairatu zuten krisi ekonomikoak eraginda. Ondorioz, orokorrean garai errenazentistan baino obra gutxiago mantentzen ditugu eta gainera kasu askotan, barrokoa bigarren mailako eraikuntza-elementutara mugatu zen, nahiz eta horiek ere garrantzitsuak izan, esate baterako, portadak eta, batez ere, kanpandorreak. Edozein kasutan ere, eraikin berrien adibide bikainak ditugu, eta horrekin batera arkitektura zibilaren garapen nabaria.

Beraz, beste behin, errenazimenduarekin gertatu zen moduan, barrokoak ibilbide laburra izan zuen gure lurraldean. Hori dela eta, orain ere ezin dugu euskal estilo barrokotzat hit zegin, ez baitu ezaugarri berezirik. Halere, erakinak gauzatzean eginiko interpretazioan, beste behin gehiegikeriak eta apaingarritasuna alde batera uzti zituzten. Eta estiloak laster neoklasizismoan ordezkoa bilatu bazuen ere, barrokoak arte ondarearen adibiderik onenetakoak utzi dizkigu.

Barrokoan arkitektura zibilak garrantzia gehiago hartu zuen erlijio arkitekturak baino, izan ere, eraikin kopurua handiagoa izateaz gain, eraikin horietan gizarteak bere behar eta kezkak islatzen zituen arkitektura eskura izan zuen, elizaren agintariek adierazitako jarraibideen baitan ibili beharrik gabe. Jauregiak eta, batez ere, udaletxeak izan ziren garai honetako arkitektura zibila osatzen zuten eraikuntzak.

Arkitektura zibilean eraikuntza garrantzitsuenak honako hauek izan ziren, Arabari dagokionez Zurbanon kokatzen den Otazutarren jauregia, Zalduondoko Larrañaga jauregia eta Gasteizko Almeda, Nafarroan Iruñako apezpiku-jauregia, Miranda-Argako Colomo jauregia, Barasoaingo Azpilikueta jauregia, Tuterako Uharteko Markesaren jauregia, Oieregiko Reparacea jauregia, Elizondoko Arizkuena jauregia, Iruritako Gaston de Iriarte jauregia eta Corellako Kateen etxea, Bizkaiari dagokionez, Elorrioko Jara eta Tola jauregiak azpimarratu behar dira eta, batez ere, Ermuako Valdespina jauregia, Gipuzkoan Segurako Lardizabal jauregia, Azkoitiko Insausti eta Florida, Tolosako Idiakez, Mutrikuko Montalibet, Usurbilgo Saroe eta Atxaga, Urretxuko Ipeñarreta, Arrasateko Monterron Kondearen jauregia, Aretxabaletako Arratabe, Zarautzeko Portu eta Hondarribiako Zuloaga jauregiak azpimarratu behar dira, eta udaletxekiko Gipuzkoari dagokionez, Bergara, Zestoa, Oiartzun, Aretxabaleta eta Errenteriako udaletxeak nabarmen daitezke garai honetan.

Arkitektura erligiosoan Bastidako Jasokundeko Andre Mariaren eliza, Iruñako Karmeldar Oinutsak, Corellako Gizakundea, Bianako San Frantzisko eta Lizarrako Kontzepzionista Errekoletoen komentuak nabarmendu behar dira, Bilboko Santos Juanes eliza, Loiolako basilika, Donostiako Koruko Andre Mariaren basilika, eta kanpandorreak, non Gipuzkoan aurkitzen dira kanpandorre azpimarragarrienak -Elgoibar, Andoain, Tolosa, Eskoriatza, Bergara, Hondarribia, Ordizia, Usurbil, Hernani, Ibarra, Aretxabaleta, Aretxabaleta-, beste lurraldeetan ere adibideak ikus ditzakegun arren.

Eskulturari dagokionez, Euskal Herriko eskultura barrokoak ez zuen errenazentistak lortutako garrantzia eta osperik erdietsi, eta sarritan, Espainiako beste lurralde batzuetan zeuden lantegietara jo behar izan zuten. Berez, XVII. mendean nagusi izan zen estiloa erromanismoaren segida baino ez zen izan. Ondorioz, dinamismoa, adierazkortasuna, apaingarrien pilaketa eta konplexutasuna ezaugarri zituen estilo barroko berria ez zen XVIII. mendera arte iritsi. Dena den, benetako aldaketa Churrigueratarren lantegia Euskal Herrian lan egiten hasi zenean eman zen.

Pinturari dagokionez, Euskal Herriko museotan pintore espainiar barroko ugari ageri da, horien artean, Jose de Ribera, Francisco Zurbaran, Mateo Cerezo, Alonso Cano, Antonio Pereda eta Juan Carreño de Mirandaren lanak nabarmendu behar dira.

Euskal Herrian Historiaurreko sorkuntza artistiko zaharrenak Goi Paleolitoko garaikoak dira. Berez, zenbait tresnatan eginiko apaindurak dira, hasieran harrizko tresnak izanik eta jarraian egurrezkoak zein hezurrez egindakoak. Horiez gain, haitzuloetako pinturak ditugu. Gero, Neolitora igaro ostean, alde batetik zeramika bezalako euskarriak agertu ziren, eta bestetik, bestelako adierazpen forma berriak, esaterako, eraikin megalitikoak, harrizko bloke handiez eginiko lehen eraikinak alegia. Jarraian, Metalen Aroarekin batera, lehenengo herrixkak sortu ziren; horrelako adierazpen artistikoak Euskal Herrian ere sortu eta garatu ziren, baina gizakien bilakaeran gertatu zen bezala, gure lurraldera berandu heldu ziren eta Europako barrualdetik iritsi zitzaizkigun, eremu hartako iparralde eta sortaldetik. Gainera, garai horretatik aurrera lurralde batetik bestera garapenean desberdintasunak sumatzen hasi ziren; hala, Paleolito eta Mesolito garaiko artea, nagusiki, gure lurraldeko iparraldean garatu zen neurrian, Neolitoa eta Metalen Aroko artea, berriz, gehiago nabarmendu zen Euskal Herriko hegoaldean.

Arte

Euskal Herriaren historiaren lehen aro honetatik iritsi zaizkigun aztarna gehienak Goi Paleolitoko azken aldikoak dira, eta kantitatez urriak badira ere, garaiko Europako testuinguruan adierazgarriak eta garrantzitsuak dira. Honako lau haitzulo hauetan daude aztarna garrantzitsuenak: Galdamesko Areatza (Bizkaia), Kortezubiko Santimamiñe (Bizkaia), Aiako Altxerri (Gipuzkoa) eta, batez ere, Debako Ekain (Gipuzkoa), Santillana del Mar-eko Altamira (Cantabria) haitzuloarekin batera, Europa mendebaldeko labar-pintura multzo garrantzitsuenetakoa osatuz. Haitzuloetan grabatutako irudien eredu onenak Alkerdiko (Urdazubi, Nafarroa) eta Isturitzeko (Nafarroa Behera) haitzuloetan aurkitzen ditugu.

Nolanahi ere, Euskal Herriko lurraldetan garai honetako ekoizpen artistiko adierazgarrienak eraikin megalitikoak izan ziren, bai kopuruagatik eta barietateagatik -trikuharriak, harrespilak eta menhirrak- bai denboran tarte luzea iraun zutelako -Metalen Aroan horrelako adierazpenek egiten jarraitu egin zuten-

Arte
baita aldez aurretik finkatutako espazioaren kontzeptu baten arabera eraikitako lehen eraikin arkitektonikoak izan zirelako, eta haien diseinuak xede praktikoari baino xede sinbolikoari erantzuten diotelako. Jatorriz era horretako eraikinak Europako iparraldekoak ziren, eta artzaintzarekin harremana zuten bizimodu berriekin izan zuten lotura.

Azkenik, Metalen Aroan aldaketa handiak gertatu ziren, material berri hori aurkitzeak eta aplikatzen hasteak aurrerapen handiak ekarri zituelako gizakion bizitzako esparru guztietan, esaterako, merkataritza sortu zen eta horrekin batera lehendabiziko herrixkak. Herrixkei dagokionez, Euskal Herriko hegoaldeko eremuan bakarrik aurkitu dira aztarnak, eta ondoen kontserbatu direnak Nafarroako Cortesko Alto de la Cruzeko bizilekua eta Arabako Biasteriko La Hoyakoa dira.

Erromako arteari dagokionez, aztarnek eta agiriek adierazten dutenez, erromatarrak eremu zehatz batzuetan finkatu ziren, eta nolabaiteko kolonizazio prozesua abian jarri bazuten ere, ezin esan daiteke zenbaterainoko eragina izan zuten. Dena den, bistakoa da euskal lurraldean Historiaurretik aurrera ezarri zen bereizketa nabarmenagoa bilakatu zela; horrela, Inperio Erromatarra berak ager vasconum izena eman zion Mediterraneo aldeko isurialdeari, hau da, erromatarren eragin handiena jasan zuen lurraldeari, eta saltus vasconum Atlantiko aldeko isurialdeari, Erromatik zabaldutako antolaketa moldeek eragin gutxien izan zuten lurraldeari alegia.

Arte

Kontuak horrela, orduko adierazpen artistiko gehienak Araban eta Nafarroan aurkitzen baditugu ere, Irunen, Hondarribian eta Oiartzunen (Gipuzkoa) aurkitutako aztarnak, Oiasso toponimoari dagozkionak, Bidasoa ibaiaren inguruan ere garrantzizko kokalekua bazela erakusten digute. Euskal Herriko lurraldetan garai honetan garatu ziren diziplina artistikoei dagokionez, bi sail bereiziko ditugu. Alde batetik, arkitektura dugu -iritsi zaizkigun eta mantentzen diren azpiegituren bidez azalduko duguna- eta, bestetik, arte plastikoak, arrasto eskultorikoak nabarmenduz, eta bereziki, mosaikoak. Azkenik, Euskal Herriko artearen historiaren bigarren zati hau amaitzeko, kristautasuna Euskal Herrira heltzearekin harremana duten sorkuntza artistikoak ere aztertuko ditugu.

Idatzizko testigantza ugarik dioten arabera, erromatarrek Euskal Herrian hainbat hiri eta hiribildu sortu zituzten, baina arkitektura eta hirigintzarekin lotutako aztarnak oso urriak dira. Indusketa arkeologikoen bidez zenbait eraikinen arrastoak agerian utzi dira -etxeak eta tenpluak, batez ere-, baita galtzada erromatarren arrastoak ere, azken horiek bigarren mailakoak badira ere. Heldu zaizkigun testigantza gehienak erromatarrek beraiek sortutako herrietakoak dira, hala nola, Pompaelo (Iruña, Nafarroa), Andelos (Mendigorria, Nafarroa), Iruña (Araba) eta Oiasso (Irun, Gipuzkoa), eta landa inguruetako hiribilduetakoak, adibidez, Arellano eta Ledea (Nafarroa).

Arte

Eskulturari dagokienez, Erromatarren garaiko arrasto eskultorikoak ez dira esanguratsuak. Berez, harrizko eta brontzezko zatiak besterik ez dira gorde Euskal Herriko museotan, kapitel apainduekin eta inskripzioz hornitutako botozko aldareekin batera; eredu onenak Iruñan eta Oiasson aurkitu dira. Hala ere, erromatarren presentziaren garaian elementu eskultoriko garrantzitsuena estela funerarioa da.

Baina garai hartako adierazpen artistiko nagusia mosaikoa da. Tenpluetako zein etxeetako zoruak eta paretak apaintzeko erabili zuten, bereziki Nafarroako hegoaldean, eta adibide ugari heldu zaizkigu. Gainera aztarna horiek oso ondo kontserbatuta daude. Horren ondorioz, argi dago Euskal Herriko hegoaldean landa giroan finkatutako hiribilduek oso sare garrantzitsua osatzen zutela.

Amaitzeko, garai honetako kristau artearen lehen eredu aipatuko ditugu, hau da, Trebiñoko (Araba) konderriko zenbait herrietan harkaitzak zulatuz eraikitako basilikak dira. Multzo nagusiak Laño, San Julian, Peña de Santiago, Santorkaria, Montico de Charratu eta Harkaitzeko Andre Mari haitzuloetan aurkitu dira.

Euskal Herrian sortu ziren lehen adierazpen artistiko garrantzitsuak erromanikoa esaten diogun estiloari dagozkio. Izan ere, elizak, nobleziak eta erregeek sortu zuten honako estilo hau, Europa mendebaldeko kristau lurraldeen batasuna bideratuko zuten ikurrak behar zituztelako. Beraz, aniztasun geografikoa, ekonomikoa eta politikoaren aurrean, Elizak artea erabili zuen elementu bateratzaile gisa, bere boterea ahalik eta lurralde gehienetan ezartzeko. Hortik dator arte erromanikoaren izaera homogeneoa eta horren funtzio didaktikoa. Izan ere, orduko gizartea landa giroan bizi zen, nekazaritzan eta abeltzaintzan oinarrituz; biztanle gutxi ziren, eta egoera politikoa beti kolokan zegoen: agintariak etengabe aldatzen ziren. Erromanikoa kultur erreferentzia nagusia bihurtu zen, bestelako estilo guztiak batuz.

Arte

Frantziako Cluny ordeneko monje beneditarrek sortu eta hedatu zuten erromanikoa. Estilo honek mendebaldeko kristau munduaren kohesioa eta batasuna bermatu behar zituen. Horretarako, monasterio, apezpikutza eta erromes-bide sare zabala eratu zuten; gure lurraldearen kasuan, Done Jakue bidearen inguruan. Gero, horrren bitartez eta hortik bertatik abiatuta, adierazpen artistiko ugari hasi ziren sortzen Euskal Herrian. Ekimen horiek, batetik erlijioaren hainbat premia asetzen zituzten, eta, horrez gain, hainbat estilo eta printzipiorekin bat egiten zuten, baliabide artistikoen bitartez helburu zehatz batzuk lortu nahi zituzten printzipioekin alegia. Beraz, erromanikoa da Euskal Herrian garatu zen lehen estilo artistikoa. Halere, Euskal Herrian landu zen erromanikoa oso ezaugarri xumeak zituen.

XII. mendearen hondarretik aurrera, beste kultur korronte bat heldu zen, eta, poliki-poliki, erromanikoa ordezkatu zuen, gotikoa alegia. Ordura arte, erromanikoa indar desberdinez hedatu zen Euskal Herrian. Nafarroan hedapen handiagoa izan zuen, Done Jakue bide nagusia hortik baitzihoan. Araba eta Iparraldean ere bide nagusiaren ondoan egoteak erromanikoaren garapena lagundu zuen; Bizkaian eta Gipuzkoan, aldiz, erromanikoaren indarra apalagoa izan zen. Estiloari so eginez, Euskal Herriko lurraldearen arabera, Frantziako, Aragoiko eta Gaztelako erromanikoaren elementuak eta aztarnak aurkitzen ditugu nahasita. Dena den, esan genezake lurralde guztietan arkitektura arte plastikoei nagusitu zitzaiela, eta arte erlijiosoa, arte zibilari.

Arte

Garai honetako adierazpen artistiko garrantzitsuenei dagokienez, arkitektura arloan honako hauek nabarmendu behar dira: Lizarran dagoen Nafarroako Erregeen Jauregia, Biana, Arrada eta Artaxonako herri harresidunak, Leireko San Salbatore monasterioa eta Aralarko San Miguel eliza, Iratxeko monasterioa eta Uxueko Santa Maria eliza, Lizarran Ruako San Pedro eliza, Muruzabal herriko Eunateko Andre Maria eliza eta Torres del Rioko Hilobi Santua eliza, Estibalizko Andre Maria eliza eta Armentiako San Prudentzio eliza, eta Zuberoako Santa Garaziko eliza.

Euskal Herrian gorde diren bestelako diziplina plastikoei dagozkien aztarnak aztertuz, gehienak eskultorikoak dira, eta elizetako portadak eta klaustroak bereziki azpimarratzekoak dira. Kasu honetan ere, Nafarroan aurkitzen ditugu adibiderik onenak, besteak beste, Iruñeko katedral erromanikoaren klaustroko kapitelak, Tuterako Azken Judizioko portada, Lizarrako San Miguel elizako alboko portada eta Zangozako Santa Maria la Real elizako portada nagusia. Azken horretan dago multzorik osoena eta interesgarriena. Gainerako elizetan, bai Nafarroan, bai Euskal Herri osoan, apaingarri geometriko soilak dira nagusi.

XII. mendetik aurrera, fedearen eta predikazioaren alorretan, Elizak ordena monastiko berriak sortu zituen, izaera irekiagoa eta klase sozial zein mentalitate berrientzat egokiagoak suertatzen ziren ordenak alegia -frantziskotarrak, domingotarrak-. Era berean, estilo humanistagoa bultzatu nahi izan zuen, hots, gotikoa, premia artistiko berriei hein berean erantzuteko. Horregatik, gotikoak erromanikoaren izaera homogeneoarekin eta didaktikoarekin jarraitu zuen bazuen ere, Elizak bazekien estilo berriak bestelako jarrera eduki behar zuela, hau da, gizarteagandik hurbilagoa eta elkarrizketarako irekia.

Arte

Arteari dagokionez, gotikoak sekulako arrakasta izan zuen Euskal Herrian, batez ere Bizkaian eta Gipuzkoan. Dena den, Nafarroan, Araban eta Iparraldean ere obra garrantzitsu eta interesgarriak gauzatu zituzten estilo horretan. Egia esan, gotikoak XVI. mendera arte iraun zuen Euskal Herrian, Errenazimenduak ordeztu zuelarik. Beste behin ere, arkitektura izan zen gehien garatu zen diziplina artistikoa, eskultura askatasun handiago lortu eta bere kabuz garatzen hasi bazen ere. Euskal Herriko estilo gotikoak eragin ugari izan zituen, hasiera batean Gaztela, Aragoi eta Frantziatik, eta, jarraian, Erdialdeko Europatik. Azkenik, gorde diren obra ugariak eta horien kontserbazio-egoera onak lagungarriak gertatu dira euskal gotikoa ikertzerakoan.

Euskal Herrian garatu zen arkitektura gotikoa soila eta apaindurarik gabekoa izan zen. Bestalde, bere izaera hibridoa ere azpimarratu behar da, hasieran Erromanikoaren ezaugarriak hartu baitzituen eta amaiera aldean Errenazimendukoak. Teknika, eraikuntza eta apainketa mailan Erromanikoa, Gotikoa eta Errenazimenduaren arteko nahasketa bi arrazoigatik gertatu zen: eraikinak gauzatzeko denbora asko behar izaten zuten, eta eraikuntza-prozesuaren hainbat unetan elementu eta material berberak erabiltzen zituzten. Tipologiak aztertzerakoan, zera esan genezake, Euskal Herrian gehien garatu zen tipologia erlijioarekin lotuta zegoena izan zela. Dena den, erromanikoaren garaiko oso eraikin zibil gutxi geratzen badira ere, gotikoa garatu zen heinean eraikin zibil ugari gauzatu ziren. Egia da gehienak itxuraldatuta heldu direla gureganaino. Halere, nahikoa dira garai hartako bizitza zibila nolakoa zen ezagutzeko. Gainera, eraikin gehienak jauregiak eta dorretxeak diren arren, badira eraikin arrunten aztarnak ere, eta geroko euskal baserriaren egitura igartzen hasten uzten digute.

Eraikuntza nagusien artean honako hauek nabarmenduko ditugu. Arkitektura zibilean: Erriberrin Karlos III. erregearen jauregia, Gasteizen Kordoi etxea eta Arrieta jauregia, Araban Gebaratarren jauregia eta Mendozatarren dorretxea, eta Berriatua dorretxea Mutrikun eta Dorre Luzea Zarautzen. Erlijio arkitekturan: Nafarroan Orreagako Santa Maria eliza, Iruñeko katedrala, Erriberriko San Pedro eta Santa Maria, Artaxonako San Saturnino, Uxueko Santa Maria, Gasteizen Santa Maria eta San Pedro Apostolua elizak, Biasterin San Joan Bataiatzailea eta Santa Maria de los Reyes elizak, Baionako katedrala, Bilbon Jakue Apostolua eta San Anton elizak, Lekeition Andre Maria eliza, Getariako Done Salbatore, eta azkenik Hondarribiko Jasokundeko eta Sagarrondoko Andre Maria, Oñatiko San Miguel eta Donostiako San Bizente elizak.

Arte

Arte plastikoek ere garai honetan garapen eta hedapen handiagoa izan zuten. Horren adbibide eta eredu ugari daude eta aipagarrienak honako hauek dira: Nafarroan Erriberriko Santa Maria eta Uxueko Santa Maria elizetako portadak, eta Iruñeako katedraleko klaustroko apaingarri eskultorikoak; Araban, Gasteizko Santa Maria katedralak eta San Pedro elizak ere portada interesgarriak dituzte, artelan ikusgarriena Biasterin aurkitzen badugu ere, Santa Maria de los Reyes elizaren portadan; Gipuzkoan, Debako Santa Maria la Real elizaren sarrera nagusiko multzo eskultorikoa nabarmentzekoa da.

Garai horretako obrarik adierazgarrienak tipologia berrietan oinarrituz gauzatu ziren. Hala, lehen hilobiak aurkitzen ditugu. Karlos III.arena eta haren emazte Leonorrena nabarmentzekoak dira, Iruñeko katedralean eta Oñatiko kondearen hilobia, Oñatiko San Miguel elizan.

Errenazimendua berandu sartu zen Euskal Herrian. Izan ere, XVI. mendera arte euskal probintzietan estilo gotikoa izan zen nagusi. Horrenbestez, Errenazimenduak mendearen azkenaldian azaleko presentzia besterik ez zuen izan, funtzio apaingarri eta sinbolikoa nagusituz. Halere, Errenazimenduaren iraupena murritza izan bazen ere, estilo honetan arte-adierazpen garrantzitsuak sortu ziren eta ez bakarrik arkitekturan, eskulturan ere nabarmendu zen. Berez, erromanismoa izenez ezaguna den korrontearen bitartez eskulturak aparteko indarra hartu zuen, Nafarroan eta Gipuzkoan eragin nabarmena erdietsiz. Estiloari dagokionez, Errenazimenduak Europako -Italia, Herbehereak eta Alemaniako Printzerriak- nahiz Gaztela eta Aragoiko eragina jaso zuen. Horrela, ezin esan daiteke Euskal Herriko Errenazimendua autoktonoa zeink, baina ezaugarri bereziak bereziak garatu zituen. Arte plastikoak kanpoaldeko eraginen menpe zegoen eta arkitektura, aldiz, soila eta sinplea zen, apaingarriak alde batera utzita, monumentala bazen ere.

Arte

Beste behin, aldi honetan arkitektura bilakatu zen diziplina nagusia. Eskulturak eta pinturak arkitekturarekiko askatasun handiagoa erdietsi arren, sasoi honetan diziplina hori izan zen nagusi eta, oinarrizko ezaugarriak finkatu zituen. Errenazimendu garaian Euskal Herrian eraiki ziren obra ugarietan forma aldetik koherentzia nekez ikus badaiteke ere, ia leku guztietan etengabe errepikatu zen ezaugarria forma tradizional eta klasikoen arteko nahasketa izan zen.

Kopurua eta gizarte mailako garrantziari dagokionez, erlijio-tipologiak garrantzitsuena izaten jarraitu bazuen ere, arkitektura zibila indarra hartuz joan zen, izan ere, gero eta eraikin garrantzitsuagoak gauzatu baitziren arlo horretan. Dena den, sasoi horretako erlijio-arkitekturan, Errenazimenduaren eragina izan zuten elizez gain, Euskal Herriari dagokion berezko estiloa ez bada ere gure lurraldean hedapen handia izan zuen bestelako eliza mota aztertuko dugu, euskal gotikoa izenez ezagutzen dena alegia. Berez, horren adibide ugari daude gure lurretan.

Zenbait adibide eta eredu aipatzerakoan, honako hauek dira adierazpen nagusiak arkitektura zibilean: Lizarrako San Kristobal jauregia eta Tuterako San Adrian Markesaren jauregia, Narros Zarautzen eta Ubillos Zumaian, Gasteizen Bendañako jauregia, Montehermoso jauregia eta Eskoriatza-Eskibel jauregia, eta Oñatiko Sancti Spiritus unibertsitatea. Arkitektura erligiosoari dagokionez, Arabako Eltziego eta Lapuebla de Labarcan eraiki ziren elizetako fatxadak aipatu behar dira, Nafarroan ere portada adierazgarrien hiru adibide aurki daitezke Kaseda, Urantzia eta Vianako elizetan. Komentuei dagokienez Orreagako, Fiteroko eta Iratxeko monasterioetan, Iparraldean Gotogeño, Undureiñe, Altzuruku eta Zalgizko elizak, Oñatiko San Miguel eliza eta Bidaurretako monasterioa, eta Bilboko domingotarren Gizakundea komentua eta Donostiako San Telmo.

Arte

Arte plastikoei dagokienez, eskultura izan zen garai honetako protagonista nagusia. Berez, agirietan aurki daitekeen lehen euskal artista entzutetsu eta ospetsuaren izena -aurretik baziren beste batzuk, baina apenas gorde da haien daturik- garai honetako eskultorea da, Juan Antxieta, hain zuzen ere. Eskultore horren obrak eta berak abiarazitako lanarekin jarraitu zuten dizipuluenak erromanismo izena hartu zuten.

Azkenik, pinturari helduz, XVI. mendean Euskal Herriak ekoizpen urria ezagutu zuen pinturari dagokionez, eta agertzen diren adibideak Espainiako erreinuko pintoreek egindakoak dira, Luis Morales, Juan Pantoja de la Cruz eta Alonso Sanchez Coellok, hain zuzen ere. Oritzen kokatutako Cruzat-arren jauregiko horma-pinturak dira salbuespena.

Neoklasizismoak Euskal Herrian arrakasta handia izan zuen. Guda eta istilu ugari izan arren, Euskal Herrian arte-agerpen interesgarriak garatu ahal izan ziren, batez ere, arkitektura mailan, barrokoaren aurkako erantzuna agerian uzterakoan gainerako jakintza-arloei aurrea hartuz eta funtsezko papera bereganatuz. Izatez, arkitekturak Ilustrazioaren oinarrizko ideia oso ondo laburbiltzen zuen, hau da, apaindura gutxiko estetikaren alde egin zuen, forma geometriko sinpletan oinarritutako marra zuzenak nagusitzen direlarik. Berez, Ilustrazioaren oinarrizko ideia horiek alor estitikoan ez ezik, morala eta etika mailan ere txertatzen saiatu ziren. Horrela, pintura eta eskulturak tradizio grekolatindarreko ereduak berreskuratzera mugatu ziren eta, berez, Euskal Herrian neoklasizismoak ez zuen artearen arlo horietan aparteko hedapenik lortu. Aitzitik, arkitekturari dagokionez, euskal arkitektoek halako ideiekin bat egiteko aukera ugari izan zuten, aurretik ere soiltasuna eta apaindura urria nabarmenduz bestelako estilo artistikoak garatzen eta interpretatzen ohituta baitzeuden. Iraupenari dagokionez, Euskal Herrian neoklasizismoa XVIII. mendearen amaiera aldean sartu zen, eta XIX. mende guztian zehar luzatu bazen ere, bere gailurra XIX. mendeko lehen erdian gertatu zuen.

Arte

Bizi izandako aurkako baldintza historikoak ugariak izan arren, Euskal Herrian gauzatutako eraikinen kalitatea eta kopurua apartekoa izan zen. Bestalde, gure lurraldeak eztabaida teorikoan ere esku hartu zuen garai horretako obra eta arkitektorik interesgarrienetako batzuren bitartez. Zentzu horretan, arkitektura neoklasikoa ez zen berandu eta zeharbidez gure lurraldera iritsi zen estiloa izan. Aitzitik, hasiera hasieratik jorratu zen eta artearen inguruan beste estilo berria nagusitu zen arte neoklasizismoari eutsi egin zioten. Berez, estilo berri hori ekelktizismoa izan zen, XIX. mendearen bilakaera historikoarekin bat zetorren estiloa alegia.

Gure garaietaraino heldu diren adibideen artean nabarmentzekoak dira, arkitektura zibilean Gasteizen Plaza Berria eta Arkupetxoen etxeak Justo Antonio de Olaguibel arkitektoaren lanak, Gipuzkoan Pedro Manuel de Ugartemendiak Donostiarako diseinatutako hiri-egituraketa, Bizkaiari dagokionez Otxandio, Ondarroa eta Balmasedako udalak, Gabriel Benito Orbegozoren Atxuriko Ospitalea eta Antonio Echeverriak egindako Gernikako Batzar Etxea; arkitektura erligiosoan nabarmenduko ditugu Iruñako katedralaren aurrealdearen eraikuntza Ventura Rodriguezen lana, Araban Justo Antonio de Olaguibelen Ariñez, Berantevilla, Alegria eta Antoñanako eliza-dorreak, Gipuzkoan Silvestre Perez arkitektoari dagokion Mutrikuko Jasokundearen eliza, Bizkaian Larrabetzuko eta Bermeoko Santa Maria elizak, lehendabizikoa Ventura Rodriguezek egindakoa eta bigarrena Silvestre Perezek diseinatutakoa, eta azken lurralde honetan ere hilerriak nabarmendu behar dira, Elorrio, Aulesti, Abadiño, Dima eta Markina-Xemeingo udalerrietakoak.

Arte

Arte plastikoei dagokienez, oraingoan ere gehien nabarmendu zen diziplina eskultura izan zen, erretauletako irudi eta egitura berrien diseinuen bitartez. Estiloari so eginez gero, eredurik hoberenak Gipuzkoan ditugu, besteak beste, Diego de Villanuevak egindako Donostiako Andra Maria basilikako erretaula nagusia, Ventura Rodriguezek diseinatutako eliza bereko albo-erretaulak eta Errenteriako Jasokundearen Gure Ama parrokia elizako erretaula nagusia, eta Silvestre Perezek egindako Tolosako Andra Mariaren erretaula nagusia.

Pintura mailan, aldi honetako gorde diren obra gehienak Gortean euren zerbitzuak eskaintzen zituzten pintorrenak dira; esaterako, Antonio Carnicero, Vicente Lopez eta Luis Paret.

Artearen esparruan, erromatizismoaren eragina Euskal Herrian ere sumatu zen, berandu eta indar gutxirekin izan bazen ere. Sentsibilitate berri horren adibiderik onena arte plastikoetan aurkitzen ditugu, historizismoak arkitekturaren alorrean ere arrakasta handia izan zuen arren. Egia esan, garai horretan Euskal Herriko hiri nagusiak, bereziki kostaldean zeudenak, izugarrizko hazkundea bizi izan zuten. Hazkundea Industria Iraultzaren eraginez gertatu zen, garai horretan lehen urratsak eman baitzituen, eta horrez gain bestelako eragileak izan ziren, turismoa bera esate baterako. Ondorioz, Donostia, Baiona, Biarritz edo Bilbao bezalako hiriek euren harresiak suntsitu egin zituzten eta hazten hasi ziren, aldi berean behar berriekin bat zetorren artea eskatuz.

Arte

Horregatik, XIX. mendearen bigarren erdian zehar garatu zen estiloari eklektizismoa esaten diogu. Berez, nagusi izan zen sentsibilateta erromantikoa izan arren, garai horretan zehar hainbat estilo sortu eta konbinatu ziren, bat ere nagusitu ez bazen ere. Berez, arkitektura mailan, historizismoaz gain, modernismoak ere eragina izan zuen Euskal Herrian. Hala ere, punturik interesgarriena zera litzateke, garai hartako artea guztiz aldatu zuten estilo eta forma berriak -burdinaren arkitektura, inpresionismoa pinturan- Euskal Herrira ere ailegatzen hasi zirela.

Dena den, arkitektura herrikoia berreskuratzeko joerak Euskal Herrian bilakaera berezia eta propioa izan zuen, XX. mendearen hasieran neoeuskalduna izeneko estiloa sortu baitzen. Berez, estilo horrek euskal baserriaren ezaugarriak oinarri gisa hartzen zituen familia bakarreko etxebizitza berriak eraikitzerakoan.

Aldi honetako protagonista nagusia arkitektura eklektikoa izan zen arren, XIX. mende bukaeran Europako burgesiak estilo berri baten aldeko apustua egin zuen, modernismoaren alde alegia. Modernismoak eklektizismoa gainditzea aldarrikatzen zuen eta inspirazioa landare eta forma organikoetan oinarritzen da. Euskal Herrian, hain berritzailea zen estilo horrek eragin arina izan zuen, eraikuntzetako etxaurretan eta batez ere, arte aplikatuen eremuan. Hala ere, modernismoari esker Euskal Herriko arkitekturak dekorazio mailan hizkuntzaren erabilera soilagoa erdietsi zuen eta horrekin batera materialen erabilera trebeagoa.

Arte

Burdina eta porlana bezalako material berrien erabilera, arkitekturaren esparruan benetako iraultza baten ataria izan zen. Berez, material berri horien erabilerak eraikitzeko modua antzaldatu eta baldintzatu egin zuen, eta horrekin batera estetika ere aldatu egin zuen, formen diseinuan soiltasuna eta marra zuzenen aldeko apustua egitea ekarriz. Hala ere, euskal industriagintzak bere garapen ekonomikoa metal preziatu horretan oinarritu zuen arren, zutik dirauten garai horretako eraikinak gutxi dira, burdinez edota beste material berritzaileak erabiliz burutuak alegiak.

Arte plastikoetan ere eklektizismoa nagusitu zen, eta horrela, erromantizismoa, historizismoa eta kostunbrismoa izan ziren pinturan zein eskulturan landu ziren estilo garrantzitsuenak. Edonola ere, teknika eta forma aldetik, klasizismo zorrotzenari eutsi zitzaion eta estilo aldaketa jorratzen ziren gaien inguruan sumatu zen bakarrik.

Garai honetako obra, arkitekto eta artista esanguratsuenei dagokienez, oso zaila da izen gutxi batzuk aipatzea, asko baitira nabarmentzekoak.

XX. mendean, Euskal Herrian bertan burutu ziren lehendabiziko adierazpenak arte modernoarekin lotutakoak izan ziren. Hala ere, garai honetan Europako beste lurralde batzuetan zehar garatutako kultura zein arte esparruko abangoardiako mugimenduak hemen ez zuten eraginik izan. Berez, Euskal Herrian garai honetan zehar ez ziren abangoardiako mugimenduak sortu. Aitzitik, kanpotik etorritako artea, berandu ailegatzen bazen ere, moldatu eta egokitu egiten zen, hemen burutzen zenaren berezitasunak oinarritzat hartuz. Europan abangoardia garaia esaten zaio XX. mendearen lehen zati horri, baina Euskal Herrian modernitate aro bezala ezagutzen dugu. Kontua da, esfortzu handia egin zutela Europako arte garaikidearekin bat egiteko, baina euskal gizartea ez zegoen prest berrikuntza horiek bereganatzeko eta bertako adierazpen artistikoen neurrizko berrikuntza besterik ez zuen onartu.

Arte

XX. mendeko lehendabiziko hamarkadetan zehar, eklektizismoa izan zen Euskal Herrian egindako arkitektura lanetan nagusitu zen estiloa. Hala ere, garai honetako ekarpenik garrantzitsuena lengoaia modernoaren agerpena izan zen. Hasieratik honako lengoia honek forma eta funtzioa bateratu nahi izan zituen, material berriak erabili, eraikinetan beharrezkoa ez zen dekorazioa kendu, formei dagozkien balore adierazgarrien estetika azpimarratu eta geometria formak erabili. Garaiko gizartearen beharretara moldatzen zen arkitektura-erantzun bezala egituratu zen.

Arte plastikoen alorrean, pintura izan zen aldi honetan zehar garapen handiena lortu zuena. Pinturaren gorakada horrekin batera artista ugariren agerpena ere gertatu zen, eta bestalde hainbat ezaugarri berritzaileak garatu ziren. Edonola ere, aipatu dugun bezala, euskal artearen inguruan ez zen garaiko abangoardiaren alde berehalako erantzunik nagusitu, Frantziatik zetozen zenbait ezaugarri berritzaile piskanaka piskanaka eksuratu zituzten. Horrela, inpresionismoa, sinbolismoa eta postinpresionismoa izan ziren gure artistek Parisera egindako bidaia ugarien bitartez garaiko euskal artea zehaztu zuten hiru mugimendurik garrantzitsuenak. Atzerrian hainbat denbora eman eta gero, gehienek lengoaia berriak azal azaletik egokitzen zituzten, berez joera nagusia ohiko eta betiko osagaiak erabiltzearen aldekoa baitzen.

Arte

Eskulturari dagokionez, arazo tekniko eta ekonomikoak zirela medio, eskulturak ez zuen pinturak adinako garapena erdietsi, eta momentuz, modernismoa edo sinbolismoa bezalako estiloek izen zuten eragina arlo honetan. Horregatik, eskulturak urte horietan garapen handia lortu bazuen ere, hainbat monumentu publiko burutzearren jasotako enkarguen bitartez alegia, kasu gehienetan betiko estiloa bere horretan mantendu zuten.

Garai honetako obra, arkitekto eta artista esanguratsuenei dagokienez, oso zaila da izen gutxi batzuk aipatzea, asko baitira nabarmentzekoak.

Garai honetan, euskal arteak historian lehen aldiz abangoardia propioa sortzeko aukera izan zuen eta, horregatik hitz hori erabil dezakegu. Euskal artean lengoaia berriak sortzeko ahaleginak burutu ziren eta horrekin batera sorkuntza prozesua askatasun osoz bideratzeko nahia agerian utzi zuten. Gizartera hurbiltzeko nahia ere agerikoa zen, gizartearekin berarekin elkarrizketa berria eratzeko. Bigarren aro hori Francoren diktadura zorionez desagertu eta demokrazia ezarritakoan amaitu zen; Euskal Herrian aro berria hasi zen, arlo guztietan erabateko garapena eta hazkundea erdietsiz, baita artearen munduan ere.

Arte

Diktaduraren lehen urteetan zehar, erregimenak historian eta herrian oinarritutako estilo nazionala ezarri nahi zuen, dekorazioa estilo zaharren ildotik abiatuz, uste baitzuten horixe zela Espainiako Inperioaren unerik distiratsuena. Horrela, garai horretan gauzatu ziren eraikin gehienetan exhibizionismoa eta joera monumentalaren gehiegikeria agerian geratu ziren. Hala eta guztiz ere, ezugarri horiek ez ziren kasu guztietan bete, batetik oso garestia zelako eta bestetik ez zutelako gizartearen beharrekin bat egiten. Egoera ekonomikoa oso larria zen eta eraikuntza prozesua azkarra izan behar zuen, eraikin ugari behar baitzen. Horrela, berrogeita hamarreko hamarkadatik aurrera lengoaia modernoa berreskuratzen saiatu ziren guda aurreko urteetan jardunean aritu ziren arkitektoen zein belaunaldi berrien eskutik. Hirurogeigarren hamarkadatik aurrera, sentsibilitate berria sumatu zen euskal arkitekturaren inguruan; lengoaia modernoa eta arrazionala aldatu egin zen estilo berriari lekua utziz. Estilo berriari organizismoa esaten zioten. Kurbei lehentasuna ematen zien eta, batez ere, erikinen integrazioari garrantzi handi eman zioten, hau da, eraikinak bat egin behar zuen kokatzen zen inguru naturalarekin eta historikoarekin. Garai honetako azken urte horietan, organizismoa estetika berriena izan bazen ere, hainbat lanetan arrazionalismoarekin bat egin zuen, expresionismoaren osagaiak eta ezaugarriak ere ageri zirelarik.

Frankismoaren lehen bi hamarkadetan arkitekturarekin gertatu zenaren antzera, arte plastikoek ere betiko estilo kontserbatzailearen alde egin zuten, Euskal Herriko artearen baitan joeta eta korronte modernoak erabat dezagertu zirelarik. Pinturari dagokionez, artista gehienek paisaia landu zuten eta euren obrak figuratiboak izan ziren -eta ez errealistak-.

Arte
Lan horietan inpresionismoak eta postinpresionismoak izan zuten eraginaren oihartzunak sumatzen dira. Beraz, berrikuntzak, aldaketak eta etendurak hirurogeigarren hamarkadatik aurrera gertatu ziren. Hamarkada horretan sortzen da Euskal Herrian lehen garaiko abangoardia historikoak berreskuratzearen aldeko apustua egiten zuen pintore belaunaldi berria. Horrez gain, sortzen ari ziren arte mugimendu berrien eragina jasotzearen alde zeuden -informalismoa, espresionismo abstraktua- eta bestetik gizartera hurbildu nahi ziren, aldatzen ari baitzen eta behar berriak zituen.

Eskulturari dagokionez, XX. mendearen bigarren aldi horretan, joera berritzaileekin izandako harreman goiztiarrari esker, hauxe izan zen arrakasta eta garapen handiena eridietsi zuen arloa. Berez, Euskal Herrian berrogeita hamargarren eta hirurogeigarren hamarkaden artean euren lana garatu zuten eskultore taldeari Eskultura Euskal Eskola esaten diote.

Garai honetako obra, arkitekto eta artista esanguratsuenei dagokienez, oso zaila da izen gutxi batzuk aipatzea, asko baitira nabarmentzekoak.

Aurreko aldietan euskal artea europar estilorik garrantzitsuenen gerizpean garatu zen bitartean eta beti nolabaiteko atzerapenez, egun, Euskal Herrian sortutako arte adierazpenak munduko beste hainbat tokietan sortutakoekin batera daude. Berez, gure arte sorkuntzak eta beste toki batzuetan egindakoak ez dira oso desberdinak, batez ere homogeneizazioa eta globalizazio prozesuaren eraginagatik. Berririk garrantzitsuena, arte diziplina desberdinen arteko mugak desagertzea izan da, teknologia berrien bitartez gauzatutako diziplina berrien inkorporazioarekin batera. Ezaugarri hori dela eta, nazioarteko gainerako esparruetan ere topatzen dugun heinean, postmodernitatearekin batera gertatzen baita, garai hau anitza dela esan dezakegu.

Arte
 

Arkitekturari so eginez, joera postmodernoak pentsamolde berria ekarri zuen, hau da, historia berreskuratzea proposatzen zuen diziplina bera testuinguru zehatz batean kokatzearren. Ondoren, laurogeiko hamarkadan, ezaugarri nagusia askatasun formala izan zen eta, arrazionaltasuna birsortu zen arren, nolabaiteko eklektizismoa nagusitu zen. Hala ere, oso tradizio ezberdinak bateratu ziren: funtzionalismoa, espresionismoa, historizismoa eta erregionalismoa. Laurogeita hamarreko hamarkadatik aurrera, arkitekturak lengoaia modernoaren arrazionalismoa berreskuratu du, irakurketa minimalista, erraz, urri eta soilaren bitartez, eta nazioarte mailan estilo arkitektoniko bakarra hori izan ez bada ere, Euskal Herrian arrakasta eta onarpenik handieran lortu duena izan da. Horrek gogora ekartzen digu berriro ere euskal arkitekturaren garapenean nagusia izan den sentsibilitatea, hau da, marra argiak, neurrizkoak eta errazak.

Arte plastikoei dagokienez, hirurogeita hamarreko hamarkadatik aurrera, euskal artea nazioarte mailan garatzen ari ziren mugimendurik garrantzitsuenen -pop art, minimalismoa, arte kontzeptuala- berri zuzenak jasotzen hasi zen. Gure artean horiek guztiak eragin bera izan ez zuten arren, gutxienez, ezagunak ziren eta euskal artistek nahiago zuten bidea hautatzerik izan zuten. Iruñako 1972ko Topaketak, amaitu aurretik erregimen frankistak itxi egin bazituen ere, zeregin garrantzitsu bat izan zuten; topaketa horietan nazioarte mailako artistarik ospetsuenen erakusketak ikusgai egon ziren. Horrez gain, Euskal Herrian artearen egoera zein zen aztertu zuten eta euskal artean oraindik bere horretan mantentzen diren hainbat ezaugarri zehaztu ziren: pintura eta eskulturaren arteko mugen desagerpena, euskal artistak biltzen dituen elkarte edo talderik ez egotea, euskal nortasuna bezalako gaiak alde batera uztea, nazioarteko artearen egoeraren inguruko ezagutza zehatza izatea eta gizartearekin inolako harremanik ez izatea. Ezaugarri guzti horiek, nahiz eta sortzaile guztietan ez eman, azken hamarkadetako euskal artean gehien nabarmendu dira.

Garai honetako obra, arkitekto eta artista esanguratsuenei dagokienez, oso zaila da izen gutxi batzuk aipatzea, asko baitira nabarmentzekoak.

  • AA.VV.: Nosotros los vascos: Arte. 5. alea. Donostia: Lur, 1987-1994.
  • AA.VV.: Monumentos Nacionales de Euskadi. 3. alea. Zamudio: Elexpuru argitaletxea, 1985.
  • AA.VV.: Arkitektura Neoklasikoa Euskal Herrian. Bilbo: Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Turismo Saila, 1990.
  • AA.VV.: Euskal Artearen Historia. 14. alea. Donostia: Kriseilua, 1992.
  • AA.VV.: El arte en Navarra. 2. alea. Iruñea: Diario de Navarra, 1994.
  • AGIRRESAROBE, I.: Euskal Herriko Artea. Donostia: Lur, 997.
  • BARAÑANO LETAMENDIA, K.; GONZÁLEZ DE DURANA, J.; JUARISTI, J.: Arte en el País Vasco. Madril: Catedra, 1987.
  • CASTAÑER LOPEZ, X. (ed.): Arte y Arquitectura en el País Vasco. Donostia: Nerea, 2003.
  • FERNANDEZ ALTUNA. J. J.: Euskal Herriko Artea. [Amorebieta-Etxano] : Ibaizabal, 2003.
  • FERNANDEZ ALTUNA. J. J.: Euskal Herriko Arkitektura. [Amorebieta-Etxano] : Ibaizabal, 2004.
  • KORTADI OLANO, E.: Gipuzkoako artea irudietan. Donostia: Kutxa Fundazioa, 2000.
  • MAS SERRA, E.: 50 años de Arquitectura en Euskadi. Gasteiz: Argitalpen Zerbitzu Nagusia. Eusko Jaurlaritza, 1990.
  • PLAZAOLA, J; AYERBE, E.: Euskal Artearen Historia. 5. alea. Lasarte-Oria: Ostoa, 2002-2004.