Kontzeptua

Artearen Historia

Euskal Herrian barrokoa XVII. mende amaieran hasi zen finkatzen eta XVIII. mendean zehar hedatu zen. Garai honetan arkitektura izan zen diziplina artistiko garrantzitsuena, eta pinturak eta eskulturak atzera pausu nabarmena pairatu zuten krisi ekonomikoak eraginda. Ondorioz, orokorrean garai errenazentistan baino obra gutxiago mantentzen ditugu eta gainera kasu askotan, barrokoa bigarren mailako eraikuntza-elementutara mugatu zen, nahiz eta horiek ere garrantzitsuak izan, esate baterako, portadak eta, batez ere, kanpandorreak. Edozein kasutan ere, eraikin berrien adibide bikainak ditugu, eta horrekin batera arkitektura zibilaren garapen nabaria.

Beraz, beste behin, errenazimenduarekin gertatu zen moduan, barrokoak ibilbide laburra izan zuen gure lurraldean. Hori dela eta, orain ere ezin dugu euskal estilo barrokotzat hit zegin, ez baitu ezaugarri berezirik. Halere, erakinak gauzatzean eginiko interpretazioan, beste behin gehiegikeriak eta apaingarritasuna alde batera uzti zituzten. Eta estiloak laster neoklasizismoan ordezkoa bilatu bazuen ere, barrokoak arte ondarearen adibiderik onenetakoak utzi dizkigu.

Barrokoan arkitektura zibilak garrantzia gehiago hartu zuen erlijio arkitekturak baino, izan ere, eraikin kopurua handiagoa izateaz gain, eraikin horietan gizarteak bere behar eta kezkak islatzen zituen arkitektura eskura izan zuen, elizaren agintariek adierazitako jarraibideen baitan ibili beharrik gabe. Jauregiak eta, batez ere, udaletxeak izan ziren garai honetako arkitektura zibila osatzen zuten eraikuntzak.

Arkitektura zibilean eraikuntza garrantzitsuenak honako hauek izan ziren, Arabari dagokionez Zurbanon kokatzen den Otazutarren jauregia, Zalduondoko Larrañaga jauregia eta Gasteizko Almeda, Nafarroan Iruñako apezpiku-jauregia, Miranda-Argako Colomo jauregia, Barasoaingo Azpilikueta jauregia, Tuterako Uharteko Markesaren jauregia, Oieregiko Reparacea jauregia, Elizondoko Arizkuena jauregia, Iruritako Gaston de Iriarte jauregia eta Corellako Kateen etxea, Bizkaiari dagokionez, Elorrioko Jara eta Tola jauregiak azpimarratu behar dira eta, batez ere, Ermuako Valdespina jauregia, Gipuzkoan Segurako Lardizabal jauregia, Azkoitiko Insausti eta Florida, Tolosako Idiakez, Mutrikuko Montalibet, Usurbilgo Saroe eta Atxaga, Urretxuko Ipeñarreta, Arrasateko Monterron Kondearen jauregia, Aretxabaletako Arratabe, Zarautzeko Portu eta Hondarribiako Zuloaga jauregiak azpimarratu behar dira, eta udaletxekiko Gipuzkoari dagokionez, Bergara, Zestoa, Oiartzun, Aretxabaleta eta Errenteriako udaletxeak nabarmen daitezke garai honetan.

Arkitektura erligiosoan Bastidako Jasokundeko Andre Mariaren eliza, Iruñako Karmeldar Oinutsak, Corellako Gizakundea, Bianako San Frantzisko eta Lizarrako Kontzepzionista Errekoletoen komentuak nabarmendu behar dira, Bilboko Santos Juanes eliza, Loiolako basilika, Donostiako Koruko Andre Mariaren basilika, eta kanpandorreak, non Gipuzkoan aurkitzen dira kanpandorre azpimarragarrienak -Elgoibar, Andoain, Tolosa, Eskoriatza, Bergara, Hondarribia, Ordizia, Usurbil, Hernani, Ibarra, Aretxabaleta, Aretxabaleta-, beste lurraldeetan ere adibideak ikus ditzakegun arren.

Eskulturari dagokionez, Euskal Herriko eskultura barrokoak ez zuen errenazentistak lortutako garrantzia eta osperik erdietsi, eta sarritan, Espainiako beste lurralde batzuetan zeuden lantegietara jo behar izan zuten. Berez, XVII. mendean nagusi izan zen estiloa erromanismoaren segida baino ez zen izan. Ondorioz, dinamismoa, adierazkortasuna, apaingarrien pilaketa eta konplexutasuna ezaugarri zituen estilo barroko berria ez zen XVIII. mendera arte iritsi. Dena den, benetako aldaketa Churrigueratarren lantegia Euskal Herrian lan egiten hasi zenean eman zen.

Pinturari dagokionez, Euskal Herriko museotan pintore espainiar barroko ugari ageri da, horien artean, Jose de Ribera, Francisco Zurbaran, Mateo Cerezo, Alonso Cano, Antonio Pereda eta Juan Carreño de Mirandaren lanak nabarmendu behar dira.