Kontzeptua

Artearen Historia (2008ko bertsioa)

Erdi Aroa izenez ezagutzen den garaia iritsi arte, Euskal Herriaren kasuan X. mendean K.o. hasten dena, aurreko garaietan -Prehistorian eta Antzin Aroan- kontserbatutako aztarnak bai kulturalak bai artistikoak gutxi daude Euskal Herriko lurraldetan. Egiaztatuta badago ere Prehistoriaz gero izan zirela bizigune garrantzitsuak gure lurraldean, eta berez aztarna ugari daude haitzuloetako pinturak edo arte higigarriko piezak osatzen dituzten diziplinetan, beste arlo batzuetan, arkitekturan adibidez, egiaztatutako gertaerak baino arrastoak soilik aurkitzen ditugu, eta horregatik, Euskal Herriko artearen historiaren abiapuntua eta hasierako bilakaera xehetasunez zehaztea oso zaila gertatzen zaigu. Nolanahi ere, argi eta garbi hiru fase bereizten dira -Prehistoria, erromatarren kolonizazioa eta kristautasuna- eta horien arabera ikertuko ditugu kontserbatutako arrastoak eta arrasto horien eragina Euskal Herriko artearen historiaren ibilbidean.

Prehistoria deritzogu gizakiaren historiako lehen aldiari, gizadia sortu zenean hasi eta lehen dokumentu idatziak agertu zirenean amaitu zenari. Garai horren zehar, gizakiaren bizimoduan pixkanaka hainbat aldaketa eman ziren, eta horrela, gizakiak nomada izateari utzi zion eta sedentarioa egin zen, ehiza egiteari eta fruituak biltzeari utzi eta nekazaritzari eta abeltzaintzari egiteari ekin zion, eta haitzuloetan bizitzeari utzi eta lehenengo eraikuntza arkitektonikoak altxatzen hasi zen. Prozesu honetan, behin behar oinarrizkoenak eta nagusiak beteta, gizakiak beste motatako sorkuntzak asmatzen hasi zen, behar materialekin baino gero eta garatuagoa zegoen pentsamenduarekin harremanetan zeudenak. Sorkuntza berri hauen artean adierazpen artistikoak nabarmendu ziren, eta batzuetan soilik helburu dekoratiboa bete bazuten ere, bestetan betekizun konplexuagoa betetzen hasi ziren, bat eginez gizakiaren pentsamendu garatuarekin. Horregatik, nabarmendu beharreko lehen adierazpen artistiko garrantzitsu hauek egun guretzako oraindik misteriotsuak dira, ez baitira dekorazio hutsera mugatzen baizik eta transmititu, komunikatzen baitute antolatzen hasia den pentsamendu garatu berria. Hala ere, bilakaera hau mantsoa izan zen eta lau etapetan banatutako garapen geldo baten ondorioa izan zen: Paleolitoa, Mesolitoa, Neolitoa eta Metalen Aroa.

Euskal Herrian, Europa mendebaldeko lurralde gehienetan bezala, garai luze honi buruzko berri gutxi ditugu. Aztarnategi antzinakoenak Goi Paleolitikoak (K.a. 30.000-10.000) dira; fase honetan, klima hotza izan zen nagusi, gizakia ehizatik elikatu zen eta haitzuloetan babeslekua bilatu zuen. Mesolitoan (K.a. 10.000-3.500), Euskal Herriko lurraldetan bizi izan zen gizakia haitzuloak husten hasi zen eguraldia epeldu egin baitzen, eta elikatzeko orduan ehizaz gainera basa-fruituen bilketa eta arrantza bezalako aktibitateak gehitu zizkion. Baina benetako aldaketa Neolitoan (K.a. 3.500-2.500) gertatu zen, etapa honetan nekazaritza eta abeltzaintza Euskal Herriko lurraldetan garatzen hasi baitzen, eta horrela gizakia sedentarioa egiteaz gain, eta behar zituen espazio arkitektonikoak eraikitzeaz batera, bai espazioen bai gizakien arteko harremanen antolamendua planteatzen hasi zen. Azkenik, Metalen Aroan, aldi historikoaren aldaketaren aurreko azken milurtekora arte iraun zuen garaian, metalak eta metalen aleazioak -kobrea, brontzea eta burdina, hurrenez hurren- erabiltzearekin batera, lehendabiziko populazio eta kultura konplexuen bilakaera iragartzen duten lehen adierazpen artistikoen ondareak aurkitzen dira, era berean geroago Antzin Aroan garatuko diren zibilizazio konplexuagoen azalpena antzematen duten aldaketa historikoak iragarriz.

Hala ere, Prehistorian gizadiaren lehenengo adierazpen artistikoak lehenagokoak dira. Behar nagusiak aseta zituelarik, gizakia gainerako animalietatik bereizten hasi zen berezko kultura garatzen hasi zelako, eta hasiera bertatik, kulturaren bilakaera horretan adierazpen artistikoek funtsezko garrantzia izan zuten. Hain zuzen ere, Goi Paleolitotik aurrera, gizakiari laneko tresnak apaintzea eta haitzuloak margotzea bururatu zitzaionetik aurrera, esan daiteke izaki horiek hominido izateari utzi eta gizaki bihurtu zirela. Horregatik, adierazpen artistikoak gizakiaren ezaugarrietatik berezienetakoa eta funtsezkoenetakoa dela esan dezakegu, hizkuntza edota elkarbizitzeko eta antolatzeko gaitasuna gizarte moduan gizakien ezaugarriak ere diren heinean.

Garai hartako sorkuntza artistikoetatik lan antzinakoenak tresna apainduak, aurrena harriaren gainean eta geroago egurrean eta hezurrean eginak, eta haitzuloetako pinturak dira. Geroago, Neolitora igarota, zeramika bezalako euskarriak agertu ziren batetik, eta bestetik, berriz, bestelako adierazpen forma berriak eraikin megalitikoak bezala, harrizko bloke handiez eginiko lehen eraikinak. Aurrerago, Metalen Aroarekin batera, lehenengo herrixkak sortu ziren. Honelako adierazpen artistikoak Euskal Herriko lurraldean ere sortu eta garatu ziren, baina bizitzeko aurrerapenekin gertatu zen bezala, gure lurraldera berandu heldu ziren eta Europako barrualdetik iritsi zitzaizkigun, eremu hartako iparretik eta sortaldetik. Gainera, garai horretatik aurrera lurralde batetik bestera garapenean desberdintasunak sumatzen hasi ziren; hala, Paleolitoko eta Mesolitikoko artea, nagusiki, gure lurraldeko iparraldean garatu zen neurrian, Neolitikoa eta Metalen Aroko artea, berriz, gehiago nabarmendu zen Euskal Herriko hegoaldean.

Prehistorian gizakiak garatu zituen lehen adierazpen artistikoak pinturarekin eta eskulturarekin izan zuten zer ikusia. Klima hotzagatik eta beharrezko aurrerapen teknikoak ezagutzen ez zirelako, Prehistoriaren lehen aldi honetan arkitektura ez zen garatu, eta ondorioz, sentsibilitate artistikoa azaleratzeko oinarrizko beharrak asetzeko behar zituzten lanabesak, hala nola, ehizarakoak, jatekoak edo su egitekoak, dekoratuz eta bizitzeko zituen haitzuloetako hormak margotuz baliatu zen. Beraz, ehiza eta haitzuloa elementuei atxikirik aitzinatu zen artea. Horregatik, adierazpen forma hori zergatik garatu zen azaltzeko garaian, hots, orduko esanahia ulertzeko ahaleginean, teoria hedatuenak dio lehenbiziko adierazpen artistiko haiek izaera magiko erlijiosoa zutela eta ehizarekin -bizitzeko baliabide nagusiari- eta gizakiaren ugalketarekin bereziki harremana zuzena zutela.

Euskal Herriaren historiaren lehen fase honetatik iritsi zaizkigun aztarna gehienak Goi Paleolitoko azken fasekoak dira, eta kantitatez urriak badira ere, garaiko Europako testuinguruan adierazgarriak eta garrantzitsuak dira. Guztietatik zaharrenak Bizkaiko Karrantza herriko

Etxeko erabilerako lanabesetan eta haitzuloetan egiten zituzten erliebeen kasuan, bereziki haitzuloetako sarreretan, dudarik gabe zailtasun teknikoaren ondorioz, labar pinturan baino eskematismoa gehiago baliatu zuten, baina errealismoz guztiz biluzi gabe eta naturalismorako joera argia erakutsiz. Haitzuloetan grabatutako figuren adibide onenak Urdazubiko Alkerdiko (Nafarroa) eta Isturitzeko (Nafarroa Behera) haitzuloetan aurkitzen ditugu; bertan, haitzuloen hormetan baxuerliebeez gainera, hezurrean egindako higigaiak ere aurkitu zituzten, hala nola bastoiak, hagaxkak eta eskulturak. Bestalde, Oiartzunen (Gipuzkoa), La Torre haitzuloan aurkitu zuten hezur batek, zazpi animalien figura grabatu dauzkana, garai honetako horrelako adierazpen artistikoen adibide esanguratsua eta ederra da.

Neolitoan, Goi Paleolitoaren ondorengo aroan, azaldu ziren Euskal Herriko lurraldetan lehenbiziko ontzi zeramikoak, eta Bizkaiko Areatzako haitzuloan eta Arabako

Metalen Aroan aldaketa handiak gertatu ziren, lehengai horien aurkikuntzak eta aplikatzen hasteak aurrerapen handiak ekarri zituelako gizakiaren bizitzako esparru guztietan, bereziki merkataritza eta lehenbiziko populazioen sorrera nabarmenduz. Metalen kanpoko merkataritzaren lekuko ditugu Gipuzkoako Eskoriatzako Axtrokin aurkitutako urrezko ontziak, eta Pagobakoitzeko kanpai-formako basoa, baita Gipuzkoan aurkituta ere, eta aurreko kasuan bezala, honetan ere dudarik gabe kanpoko merkataritzaren lekuko.

Herrixkei dagokionez, Euskal Herriko lurraldeko hegoaldeko eremuan bakarrik aurkitu dira aztarnak, eta ongien kontserbatu direnak Nafarroako Cortesko Alto de la Cruzeko bizilekua eta Arabako Biasteriko La Hoyakoa dira. Batean nahiz bestean, aurkitu diren aztarnak -harresiak, etxeak, sarkofagoak- azpiegitura urbanoa finkatua erakusten dute eta Europa iparraldetik zetozen herri berrien kutsua ageri dute. La Hoyan bereziki nabarmentzekoak dira etxeak, oinplano laukizuzenarekin, apur bat trapezoidalak, eta egurrezko egiturarekin eginak. Cortesen, aldiz, etxeak buztin eta lastozko adobez eginak ziren, eta auzo txikietan antolatuta zeuden, horrela adieraziz bertako herritarrak talde izaera finkatuta zutela. Bukatzeko aipatu, garai honetan Euskal Herriko lurraldeko iparraldean eraikin megalitikoekin jarraitzea, hegoaldean, aldiz, bien bitartean, lehenbiziko populazioak garatzen ziren bitartean, egitate honek zera planteatzen digula, batetik lurraldearen dibertsitatea, baina bestetik ere garatzeko erritmo desberdinak egon zirela.

Idatzizko lehen dokumentuen eta lehen zibilizazio garrantzitsuen agerpena, aro historiko eta artistikoaren aldaketa ekartzen digu, eta horrela, Prehistoriatik Antzinako Historia arora pasatzen gara. Idatzizko lehen dokumentuak Ekialdeko Ertaineko antzinako zibilizazioetan -hots, Mesopotamian eta Pertsian-, Afrikan -Egipton- eta Mediterraneoan agertu baitziren. Aro berri hau, Antzinako Historia bezala ezagutzen duguna, garai honetako inperio garrantzizkoena desagertzearekin batera amaitu zen, hau da, Erromako Inperioa, zein aurrez lortutako aurrerapen guztiak sintetizatzea ez ezik, Erromako Inperioak Europa osora hedatzea ere lortu baitzuen.

Artearen ikuspegitik, Erromak greziarrek garatutako estiloa eta formak bereganatu zituen, baina pragmatismoa eta monumentaltasun handiagoa erantsiz. Gainerakoa, hala Greziak, nola Erromak, beren kulturaren eta arte lanen bidez, artearen geroko bilakaera historikoan sekulako garrantzia izan zuten balioak eta elementuak transmititu zituen, adibidez, proportzioaren eta armoniaren sena, errealismoaren eta naturalismoaren kontzeptua eta, batez ere, existentziaren beste interpretazio desberdin bat, erreferentzi nagusia gizakia zuena, eta garaiko Europako kultura eta artea duda izpirik gabe irauli zuena.

Euskal Herrian Antzin Aroa erromatarrak iritsi zirenean hasi zen. Erromatarrak K.a. III. mendean iritsi ziren Iberiar penintsulara nahiz laborantzako nahiz meatzaritzako lehengaien bila; hain zuzen, erromatarren bizigune haietakoak dira Euskal Herriko biztanleez ditugun idatzizko lehen erreferentziak. Berez, gure lurraldean bizi ziren tribuak izendatzeko baliatzen ditugun izenak (autrigoiak, karistiarrak, barduliarrak, beroiak, baskoiak, tarbelliak, etab.) erromatarrek utzi zizkiguten izendatuak eta idatziz, eta egun oraindik horrela erabiltzen ditugu.

Erromatarrentzat Hispania garrantzi handiko lurraldea izan bazen ere, oraindik ez dago garbi Euskal Herriak garai hartan zein eginkizuna bete zuen. Aztarnek eta agiriek adierazten dutenez, erromatarrak eremu jakin batzuetan finkatu ziren, eta nolabaiteko kolonizazio prozesu bat abian jarri bazuten ere, ezin zehatz daiteke zenbaterainoko eragina izan zuten. Bistakoa dena da, hori bai, are nabarmenago agertu zela euskal lurraldean Prehistoriatik zetorren ikuspegi bikoitza; horrela, Inperio Erromatarra berak ager vasconum izendatu zuen Mediterraneo aldeko isurialdeari, erromatarrek eragin handiena izan zuten lurraldeari, eta saltus vasconum Atlantiko aldeko isurialdeari, Erromatik zabaldutako antolaketa moldeek eragin gutxien izan zuten lurraldeari.

Kontuak horrela, orduko adierazpen artistiko gehienak Araban eta Nafarroan aurkitzen baditugu ere, Irunen, Hondarribian eta Oiartzunen (Gipuzkoa) aurkitutako aztarnak, Oiasso toponimoari dagozkionak, Bidasoa ibaiaren inguruan ere nukleo garrantzizko bat bazela erakusten digute. Euskal Herriko lurraldetan garai honetan garatu ziren diziplina artistikoei dagokionez, bereiziko ditugu, alde batetik, arkitektura -iritsi zaizkigun eta mantentzen diren azpiegituren bidez azalduko duguna- eta, bestetik, arte plastikoak, arrasto eskultorikoak nabarmenduz, eta bereziki, mosaikoak. Azkenik, Euskal Herriko artearen historiaren lehen zati hau amaitzeko, kristautasuna Euskal Herrira heltzearekin harremana duten sorkuntza artistikoak aztertuko ditugu.

Idatzizko berrien arabera erromatarrek Euskal Herrian hainbat hiri eta hiribildu sortu bazituzten ere, aztarnei dagokionez ez dago haiek egindako arkitekturaren edo hirigintzaren berri askorik. Indusketa arkeologokoen bidez zenbait etxeen eta tenpluen oinplanoak agertu dira, baita galtzada erromatarren arrastoak ere, baina azken hauek bigarren mailakoak dira. Heldu zaizkigun lekukotasun gehienak erromatarrek berek sortutako herrietakoak dira, hala nola, Pompaelo (Iruña, Nafarroa), Andelos (Mendigorria, Nafarroa), Iruña (Araba) eta Oiassokoak (Irun, Gipuzkoa) dira, eta landa inguruetako hiribilduetakoak, adibidez, Arellano eta Ledeakoak (Nafarroa).

Garai honetatik ongien gorde diren aztarnak ingeniaritza obrenak dira, izan ere, erromatarrek ingeniaritza lan handiak egin behar izan zituzten beharrezko azpiegiturak osatzeko, eta horrela, lurralde hau konkistatu eta ustiatu ahal izateko. Azpimarratzeko dira, Nafarroan Lodosako akueduktua, Andelosen aurkitutako urtegia, ur biltegia, akueduktua eta termak, eta Aezkoako Urkuluko dorrea, kare harrian eginiko ebakidura zirkularreko eraikina eta forma tronkokotikoa duena, eta egun oraindik ez dakiguna zer funtzio bete zuen. Araban, Mantibleko zubiaren arrastoez gainera, azpimarratzekoak dira Iruñan aurkitutako eraikin elementuak eta apaindurak, aztarnek erakusten dutenez, oinplano ortogonaleko herria baitzen eta hesi batez inguratuta baitzegoen. Bai egun, bai etorkizun hurbil batean baita ere, aurkitzen ari diren aztarna garrantzitsuenak Iruñakoak -bertan aurkikuntza oso interesgarriak egin dira adierazpen ikonografiko kristauaren inguruan- eta Oiassokoak dira, Txingudi badiaren inguruetan zubi, galtzada eta itsas portuetako azpiegituren garrantzi handiko lekukoak aurkitu baitira.

Erromatarren garaiko arrasto eskultorikoak ez dira esanguratsuak. Berez, harrizko eta brontzeko zatiak besterik ez daude gordeta Euskal Herriko museotan, nabarmenduz kapitel dekoratu batzuk eta aldare botibo inskripziodunak; adibide onenak Iruñan eta Oiasson aurkitu dira. Hala ere, erromatarren presentziaren garaian elementu eskultoriko garrantzitsuena estela funerarioa da, lan hauetan apaindura urritasuna da agerian geratzen den ezaugarria, batez ere, Erromako Inperioan nagusia zen estiloarekin eta gustuarekin konparatzen badugu. Estela hauek aurrez funtzio funerarioa betetzen zuten eraikin megalitikoen ordezkoa bilakatu ziren, eta bere erabilera erromatarren nagusigoak iraun zuen denbora guztian luzatu zen, bai eta geroko aldietan ere. Aipatu dugun bezala, bai apaindurak bai inskripzioak xumeak eta laburrak dira, eta azaltzen diren figura gehienak gizakiak edota animaliak izateaz gain, zaldiak bezala, baita erromatarren eta zelten tradizio figuratiboko sinboloak ere -gurutzeak, zirkuluak- azaltzen dira.

Zenbait historialarien interpretazioaren arabera, bai estelak bai eraikin megalitikoak, orduko Euskal Herrian bertan eta bertatik eginiko berezko artearen adierazgarriak izango lirateke. Ildo horretan, esan beharra dugu estelak ez direla bakarrik euskal lurreko sorkuntza, baizik eta, garai hartan, Inperio osora zabaldu zirela. Hala ere, eraikin megalitikoen kasuan bezala, deigarria da, denboran hain luze baliatu izana, artisautzaren apaingarrietan izan zuten eragina -zurezko edo larruzko lanetan ikusten diren sinbolo askok esteletako zeinu grabatuetan dute jatorria- eta erakusten duten lana xumea.

Baina garai hartako adierazpen artistiko nagusia mosaikoa da. Bai tenpluetako bai etxeetako zoruak eta paretak apaintzeko erabilia, bereziki Nafarroako hegoaldean, mosaikoen adibide ugari heldu zaizkigu, eta gainera erakusgarri ongi kontserbatuak dira, ondorioz, eta bistan denez, Euskal Herriko hegoaldean landako herribilduen sarea garrantzizkoa izango zen. Garrantziaren arabera, Tuteran, Villafrankan, Ledean eta Alesbesen bildutako mosaikoak dira nabarmenenak, eta gehienak ere, garaiko beste aztarnak bezala, gaur egun Iruñeko Nafarroako Museoan daude. Errepresentazioen arloan, eszena mitologikoak hartzen dute gaina oro har, eta Inperioaren amaiera aldeko estilokoak direnez gero, errealismo nahiz zehaztasun handiz eginak dira, hala ere, eguneroko bizimoduko eszenak, begetalak eta irudi geometrikoak ere diseinuetan ageri dira.

K.o. V. mendean Erromako Inperioaren gainbehera etorri zen, eta Europako Ekialdetik heldu ziren herrialde desberdinak hartu zuten Europa. Hispanian, herri inbaditzaileen artean, bisigodoen herria izan zen garrantzizkoena, berriz, Ipar Euskal Herria frankoen esku gelditu zen. Honela, historian eta artearen historian deritzogun Erdi Aroa izeneko aldia hasten da, hurrengo atalean aztertuko duguna, eta lehen arte kristaua kronologikoki lehen aldi honetan sartzen badugu ere, estiloaren aldetik Erromako Inperioak eta erromanizazio prozesuak sortutako adierazpen artistikoekin elkartu behar dugu, beraiekin baitago harremanetan.

Erromako Inperioaren desagerpena baino mende bat lehenago, hasita zegoen Euskal Herrira kristautasunaren eragina zabaltzen. Erlijio horrek gure lurretan izan zuen zabalkundearen berri askorik ez baditugu ere, dauden datu apurren arabera berehala hartu zuela indarra eta erromatartze prozesuarekin batera zabaldu zela ematen du; hala, mediterraneo aldeko isurialdean edo ager vasconum izeneko eremuan IV. mendetik aurrera egin zituen erroak, eta isurialde atlantikoan edo saltus vasconum izeneko esparruan, berriz, IX. mendekoak dira lehen berriak. Datu horrek ere bi alderdi horien arteko zatiketa zein garbia zen erakusten digu.

Aztarna arkeologiko eta artistiko gutxi aurkitu dira V. mendetik X. mendera bitarteko garai honetan. Erromako Inperioaren gainbeherarekin, haren azpiegiturak eta erakundeak desagertzearekin batera, klasiko deritzon artea ere desagertu zen. Ondorioz, garai hartako artearen erakusgarri nagusiak Trebiñoko (Araba) konderriko zenbait herrietan harkaitzean zulatutako basilikak dira. Multzo nagusiak Laño, San Julian, Peña de Santiago, Santorkaria, Montico de Charratu eta Harkaitzeko Andre Mari haitzuloetan aurkitu dira. Haitzulo hauetan, beste areto batzuez gainera etxebizitzak bezala, harkaitzean zulatutako basilikak bereizten dira, oinplano basilikalaz eraikiak, absidea eta absidea aurrekin, eta alboan ganberak dituztela. Detaile konstruktiboen artean deigarrienetakoa gangak dira, kanoi gangak baitira, inposta jarraitu batzuetatik abiatzen diren arku fajoiez osatutak, Lañon dagoen bezala, eta Santorkarian ere, azken hau beheratua badago ere.

Horrez gainera, garai honetako beste elementu eskultoriko batzuk ere baditugu, Idiazabalgo eta Ormaiztegiko bataiarriak kasu, biak Gipuzkoan, edota Astigarribiako San Andres elizako sarkofagoak, baita Gipuzkoan ere. Beste eliza batzuetan, hala nola Arrigorriagan Abrisketako San Pedrorenean (Bizkaia) edota Zalduondon Astreako San Julianenean (Araba), garai honetako elementu dekoratiboak eta konstruktiboak aurkitu dira, esate baterako, gaur egun desagertuak dauden antzinako eraikinetako leihoak, eta geroagoko eraikinetan berriro erabiliak izan direnak.

Adibide guzti hauetan, nabarmentzekoa da jadanik ez dela estilo klasikoak adierazteko ohikoa zuen modurik eta baliorik ageri. Erromako Inperioaren krisiarekin eta Europako Ekialdetik herri berrien etorrerarekin, artea erabat aldatu zen, bai trebetasun ezagatik, bai beharrak eta helburuak ere aldatu baitziren -egoera politikoa, ekonomikoa eta sozialarekin gertatu zen bezala-, eta ondorioz, adibidez, errealismoa eta naturalismoa bigarren mailan geratu ziren, edota proportzioa eta armonia bezalako gaiak garrantzi gabe gelditu ziren. Modu horretan, Erdi Aroa izenez ezagutzen dugun beste aldi bat hasi zen.

K.o. V. mendetik aurrera eta germaniar herrien inbasioarekin hasi zen Europan Erdi Aroa deitzen dugun garaia. Orduan, erromatar inperioa desegin egin zen, eta erresuma andana batek ordeztu zuen. Lehen mendeetan, ezegonkortasun handia eragin zuten europar kontinentean, inbasioari barne borroka ugari jarraitu baitzitzaizkion. Gainera, VIII. mendetik aitzina, arabiar inbasioa ere heldu zen Europara, eta Iberiar penintsula ia osoa azpiratu zuen. Nolanahi ere, aldi horretan, Europan, boterea ez zen izan monarkien eskuetan, baizik eta jaun feudalen eta Elizaren eskuetan. Egia esan, Elizak sustatu zuen kultur sorkuntza, eta, handik aurrera, kultura erlijioaren zerbitzura egon zen.

Erdi Aroan, bada, lehenik ordena monastikoek bultzatu zuten estilo berri bat sortzea. Erromanikoa deitu zuten. Mendebalde kristau osoan zabaldu zen, X. mendetik aurrera. Lehenagoko zenbait herentzia artistiko integraturik, arte erromanikoak ederki erantzun zien une horretako premia materialei eta espiritualei. Halere, XII. mendearen hondarretik aitzina, hiriak hazi egin ziren, monarkiek indarra hartu zuten eta burgesia sortu zen. Horrek guztiak gizartearen pentsamoldea aldarazi zuen. Hortik, arte berri bat etorri zen: gotikoa. Arte hori gizakiagana eta naturara hurbildu zen emeki-emeki, eta erlijioaren monopolio esklusiboa izateari uzten hasi. Izan ere, monarkek, burgesek, nobleek eta Elizak, guztiek bultzatu zuten, batera, artearen gizatiartze prozesua. Horrek hurrengo aro historikoan, Aro Modernoan jo zuen goia: Errenazimentuan.

Euskal Herrian, berri gutxi dugu Erdi Aroaren hasieraz. Badirudi, nahiz eta IX. mendera arte ez dugun testigantza fidagarririk, bisigodoek ez zutela batere kontrolatu lurraldea, eta, beraz, Euskal Herriko jendeak erromatarren garaitik jasotako eran eta moduan jarraitu zuela bere burua gobernatzen. Badakigu landa aldea garatu zela, eta, beraz, jaun feudalen boterea hazi zela; bai eta Elizarena ere, apezpikutzen eta monasterioen bitartez. Arabiar herriaren etorrerak gutxi aldatu zuen egoera. Nafarroa hegoaldean jarri ziren bizitzen, eta, Banu Qasi familiaren bitartez, bi mendez eduki zuten mendean Erribera, harik eta nafar erregeek garaitu zituzten arte.

Beraz, Erdi Aroko lehen garai horretan, Euskal Herria lurraldeak menderatzeko borroka garratzean egon zen sartuta buru-belarri, Europa osoa bezala. Borroka horrek noble ugari, apezpikuak eta erregeak jarri zituen elkarren aurka. Egun Euskal Herriko eremuan sartzen ditugun lurraldeetan, erresuma bakarra eratu zen garai hartan. Iruñeko Erresuma hartu zuen izentzat aurrena, eta Nafarroako Erresuma, gero. Gure geografia ia osoa eduki zuen mendean. Erresuma hura bere eremua handitzen saiatu zen, beste guztiak bezala, baina Gaztelarekin eta Aragoirekin egin zuen topo, eta borroka ugari izan zituen biekin. Hala eta guztiz ere, Nafarroako erregeek nobleekin eta Elizarekin partekatu behar izan zuten lurraldearen kontrola, zeren, egia esan, talde horiek baitzeukaten boterea garai horretan, eta kontrol politikoa, ekonomikoa eta kulturala zerabilten biztanleen gainean.

Euskal Herrian sortu ziren lehen agerpen artistiko garrantzitsuak erromaniko deitzen dugun estilokoak dira. Estiloa arestian aipatu dugun kontrolaren zati gisa sortu zen. Elizak, izan ere, nobleek eta erregeek bezalaxe, Europa mendebaldeko lurralde kristauen batasuna agertuko zuten sinboloak behar zituen. Beraz, aniztasun geografikoaren, ekonomikoaren eta politikoaren aurrean, Elizak artea erabili zuen elementu bateratzaile gisa, bere boterea ahalik eta lurralde gehienetan ezartzeko. Hortik datoz arte erromanikoaren izaera homogeneoa eta osagai didaktikoa. Izan ere, orduko gizartea landan bizi zen, eta nekazaritzan eta abeltzaintzan aritzen zen; biztanle gutxi ziren, eta egoera politikoa beti koloka zegoen: agintariak etengabe aldatzen ziren. Erromanikoa bihurtu zen kultur erreferentzia nagusi, gizarte osoa batu zuen estilo.

Frantziako klunitarren ordenako monje beneditarrek sortu eta hedatu zuten erromanikoa. Mendebaldeko mundu kristauaren kohesioa eta uniformetasuna bermatu behar zituen horrek. Horretarako, monasterio, apezpikutza eta erromes-bide sare zabal bat eratu zuten; gure lurraldearen kasuan, Done Jakue bidearen inguruan. Gero, haren bitartez eta hartatik abiaturik, agerpen artistiko ugari hasi ziren sortzen Euskal Herrian. Agerpenek erlijio premia batzuk konpontzen zituzten, eta, gainera, estilo bati eta printzipio batzuei erantzuten zieten, zeinek helburu zehatz batzuk iristea bilatzen baitzuten, adierazpen artistikoaren bitartez. Garbi esan behar da, bada: erromanikoa da Euskal Herrian egindako lehen arte estiloa. Halere, Euskal Herrian garatu zen erromanikoa bere xumetasunagatik nabarmendu zen. Gogoratu behar da estilo erromanikoa Frantzian jaio zela, eta, mendebal Europa osoan hedatu ondoren, oso berandu heldu zela Iberiar penintsulara.

XII. mendearen hondarretik aitzina, beste kultur korronte bat heldu zen, eta, poliki-poliki, erromanikoa ordeztu zuen. Gotikoa zen. Ordu arte, erromanikoa indar desberdinez hedatu zen Euskal Herrian. Nafarroan handiagoa izan zen indarra, Done Jakue bide nagusia hortik baitzihoan; gainera, nafar erregeek lagundu egin zuten monasterio beneditarrak sortzen, bai eta estiloa zabaltzen ere, eraikin erlijiosoak eta zibilak egiteko erraztasunak emanda. Araba eta Iparraldea ere bide nagusiaren ondoan egoteak erromanikoaren garapena lagundu zuen; Bizkaian eta Gipuzkoan, aldiz, erromanikoaren indarra apalagoa izan zen. Estiloaz bezainbatean, Euskal Herriko zein zona den, Frantziako, Aragoiko eta Gaztelako erromanikoen elementuak eta aztarnak aurkitzen ditugu nahasita. Baina arkitektura nagusitu zitzaien arte plastikoei, eta arte erlijiosoa, arte zibilari. Lurralde guztietan ikusten dugu hori.

Arkitektura izan zen erromanikoan gehien garatu zen diziplina artistikoa. Bera bihurtu zen erromanikoa hedatzeko tresnarik hoberena. Nobleek eta Elizak, bost mendeko ezegonkortasunaren eta gerren ondoren, eraikin bereziak behar zituzten. Haiek biztanleen premia berrietara egokitu behar zuten, baina, gainera, eginkizun militarra eta eginkizun didaktikoa eduki behar zituzten: kristau fedean hezi behar zuten gizartea, baina, orobat, botere zibil eta erlijioso berrien nagusitasuna adierazi behar zuten.

Euskal Herrian, ez ditugu gorde garai erromanikoko eraikin erlijioso asko. Bai garai hartako egoera politiko nahasiagatik beragatik, bai denbora luzea joan delako, eliza anitz galdu dira, edo, bestela, eraldatze-prozesu hain sakonak jasan dituzte, non tenplu askotan, egun, soilik ateetan, leihoetan eta horrelako elementuetan baizik ez baititugu aurkitzen erromanikoaren hondarrak. Izan ere, eraikin haiek gehienak txikiak eta apalak izan ziren, bai formalki, bai materialki, garai hartan Euskal Herriko eskualde gehienek garapen maila ekonomiko eta politiko txikia baitzuten, eta, horregatik, gero beste eraikin batzuez ordeztu zituzten, eraikin berriek hobeki betetzen baitzituzten, formalki eta kontzeptualki, geroko belaunaldiek eduki zituzten premiak.

Arkitektura erromanikoak, estilo horretan garatutako gainerako kulturak eta arteak bezala, arte erromatarraren eraikuntza-tradizioa berreskuratzen du, eta, horri, Europa inbaditu zuten herriengandiko beste elementu batzuk gehitzen dizkio. Hala, elizek ezaugarri hauek eduki ohi dituzte: gurutze latindarrezko oinplanoa, nabe bat edo hiru, gurutzadura markatua, eta abside erdizirkularrak dauzkan burualdea. Eraikuntzan, elementu hauek nagusitzen dira: erdi-puntuko arkua, kapitel historiatuak, kanoi- edo ertz-ganga nabeetan, labe-ganga absideetan eta, azkenik, tronpen gaineko kupulak zinborioan. Garai horretan eraikitako monasterioak eta elizak tamaina txikikoak dira, biztanleria ez baitzen oso ugaria. Gainera, lodiak egiten zituzten hormak, eta estuak, leihoak; ez soilik erromatarren eraikuntza-trebetasun teknikoak galdu zirelako -prestakuntza eskola gehienak jadanik ezkutatuak ziren-, baizik eta premia berriek beste eraikitze-molde batzuk eta beste ezaugarri batzuetako eraikinak eskatzen zituztelako, halaber.

Jadanik aipatu dugun bezala, Nafarroan garatu ziren erromanikoko eraikinik onenak Euskal Herrian. Leireko San Salbatore monasterioko kripta eta absideak eta Aralarko San Mikel elizako eraikuntza-elementu batzuk dira estilo horretan eraikin ziren lehen obrak. XI. mendearen hondarrean izan zen hori. Eraikin horietan, bistakoak dira erromanikoaren hasierako xumetasuna eta are zakartasuna ere: pilare eta kapitel lodiak, eta kanpoko kontrahorma izugarri handiak. Halere, Nafarroako erromanikoak XII. mendean ukan zuen unerik distiratsuena. Nafarroako Erresuma sendotu egin zen, Frantziako eta Aragoiko erresumekiko harreman estuei esker, eta musulmanei zenbait lurralde konkistatu zizkielako. Erresuma hazi egin zen ekonomikoki, eta eliza andana bat eraikitzeari ekin zioten. Haietako batzuk kontserbazio-egoera onean daude oraindik. Iruñeko katedrala izan zen garaiko obra nagusia, baina haren hondar gutxi gelditzen zaigu egun. Izan ere, XII. mendearen hasieran eraiki zuten, Compostelako Done Jakue katedrala eredutzat hartuta -hiru nabe, gurutzadura eta hiru abside-, baina, zorigaitzez, 1390ean hondoratu zen, eta estilo gotikoko katedral berri batez ordeztu zuten.

Iruñea Done Jakue bidean dago, eta, beraz, bide horretantxe aurkitzen ditugu erromanikoko obrarik onenetako batzuk. Garai horretakoak dira: Iratxeko monasterioko lehen eraikina, gero beste eraikin batzuez ordeztua, eta Uxueko Santa Maria elizako absidea, non Jacako katedralaren eredua erabili baitzen -hiru nabe, gurutzadura, hiru abside, eta horma sendo eta bao gutxikoak-, eta hiru absideen hormak soilik gelditzen dira, gainerakoa aro gotikoan bota baitzuten, eta, orain, eliza gotikoak dauzka bereganaturik aipatu hormak. Zangozako Santa Maria la Real elizan, aitzitik, hiru absideez gainera, haren portada nagusia eta portadaren apaingarri guztiak atxiki ziren garai erromanikotik, baina gainerakoa fase askotan eta beste estilo batzuez ordeztu zen.

Esanak esan, ordea, Nafarroak dauzka Euskal Herriko arkitektura erromanikoko adibiderik onenetako batzuk. Lizarran, esate baterako, Ruako San Petri elizan, tenpluaren puska handienak hor dauzka oraindik jatorrizko trazak eta elementuak, nagusiki klaustroa, horren bi alde gordetzen baitira. San Mikel elizan, aldiz, hiri berean, burualdea bakarrik da garai erromanikokoa, elizaren gainerakoa zistertarra baita.

Gaur arte gordetako nafar erromanikoko bitxirik ikusgarrienetako batzuk oinplano zentralizatuko elizak dira. Muruzabal herriko Eunateko Andre Maria eliza eta Torres del Rioko Hilobi Santua eliza dira adibide onak. Tamaina txikia dute; eraikuntza bakuna, ia apaingarririk gabea, eta oinplano oktogonala. Eunateko kasuan, eliza inguratzen duen arkuteria oktogonala da berezia. Torres del Rion, berriz, eraikinaren barneko kalifa-ganga nabarmendu behar da. Gangak, bestalde, gurutzatzen diren baina giltzarrian bat egiten ez duten arkuak ditu, zeinek arkitektura mozarabiarra gogorarazten baitute.

Bai Lizarrako bi elizak, bai oinplano zentralizatuko beste biak, Euskal Herriko erromanikoko azken garaikoak dira. Sasoi horretan hasi zen nabaritzen zistertarren eta haien erreformaren eragina. Tuterako katedrala da Nafarroan presentzia hori hobekien salatzen duen eraikina. Zistertarren arkitekturaren eskemei jarraiki, eraikin horretan hiru nabe egin ziren, erdikoa alboetakoak baino handiagoa eta goragoa, eta gurutzadura eta burualdea bost kaperarekin garatu ziren. Eraikin horrek goiera, zalutasun eta argitasun handiagoak iristen ditu, bai elementu eutsietan, bai euskarrietan. Eraikuntza-tekniken ezagutza handiagoa nabari da hor, batetik, eta ase beharreko premia berri batzuk, bestetik. Argitu behar da aldaketa ekonomikoek eta zetozen aldaketa sozialek sortzen zituztela premia berri horiek.

Araban, landa eliza txikiak dira nagusi batik bat. Horiek, estilo erromanikoari jarraiki, oso modu bakunean berrinterpretatu dute eraikina, eta ez harmoniarik eta proportziorik gabe. Gehienak lurraldeko hegoaldean daude, Done Jakue bidearen ondoko lurretan. Arabako landa erromanikoaren ezaugarriak hobekien ageri dituen elizetako bat San Vicentejo da. Trebiñon dago. Nabe bakar gisa dago egina, bi atalekoa, eta presbiterioa, hirugarren atal motzago batek osatua. Abside erdizirkular bat du. San Vicentejo elizak txit ongi laburbiltzen ditu era bakunean berrinterpretatutako erromanikoaren ezaugarriak. Hona antzeko beste adibide batzuk: Tuestako Andre Maria, Gaubean; Tourseko Andre Maria, Gazeon; Markinezko San Joan, Bernedon; San Joan, Karkamun; Andre Maria, Toberan, eta Jasokundea, Alaizan. Eliza horietan gehienetan, ez dakigu eraikuntza daturik eta zirkunstantziarik, ez eta nolako bilakaera izan duen haien kontserbazioak gero, baina erromaniko herrikoiaren adibide interesgarriak dira.

Hala ere, bi eraikin nabarmendu ziren Araba mailan, beren dimentsioengatik eta lurraldean izan zuten eraginagatik. Estibalizko Andre Maria elizaz eta Armentiako San Prudentzio elizaz ari gara. Bi kasuetan, gurutze latindarrezko oinplano bakarra aurkitzen dugu, eta hiru ataleko nabe bakarra; abside erdizirkular bakarrarekin, Armentian, eta hiru abside erdizirkularrekin, Estibalitzen. Estalkiei dagokienez, Armentian, nabeak kanoi zorrotzeko ganga du, eta absideak, labe-ganga; gurutzadurak, berriz, lau arku toral bikoitz zorrotz ditu, eta, horien gainean, zinborioa altxatzen da, zeina erdian diagonalean gurutzatzen diren arkudun gangaz baitago estalia. Estibalitzen, nabea kanoi zorrotzeko gangaz dago estalia; hiru absideak, esfera-laurdeneko gangaz, eta gurutzadura, azkenik, erdiko giltzarririk gabe diagonalean gurutzatzen diren arkudun gangaz.

Iparraldeari doakionez, frantses lurraldean ere foku erromaniko garrantzitsu bat garatu zen, nagusiki barnealdean, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, Done Jakue bideak zeukan eraginagatik. Zuberoako Santa Garaziko eliza da eraikinik antzinakoena eta garrantzitsuena. XI. mendean eraiki zuten. Erromaniko frantseseko elementuak biltzen ditu. Eta eskualdeko arkitektura herrikoiaren ezaugarriak; teilatuaren malda handia, esaterako. Zuberoan, honako hauetan ere badira elementu erromanikoak: Hauzeko elizan (Atharratze) eta San Blas elizan (Maule-Lextarre). Eta Nafarroa Beherean, honako hauetan: Haranbeltzeko San Nikolas elizan eta Apaten, Donazaharren. Lapurdin, Lehuntzeko herrixkak bakarrik gorde du XII. mendean eraikitako elizatxo bat.

Bizkaian eta Gipuzkoan, aldiz, erromanikoaren eragina askoz txikiagoa izan zen. Izan ere, kasurik gehienetan, heldu zaizkigun hondarrak urriak dira eta, gainera, arkitektura-elementu isolatuak, hots, portadak, leihoak, bataiarriak eta antzekoak, zeinak geroagoko eraikinetan berrerabili baitituzte.

Oro har, Bizkaiko eta Gipuzkoako erromanikoak Arabakoaren ezaugarri berak ditu. Bi lurralde horietako elementu bereziena Bizkaian erabilitako abside zuzena izan zen. Honako hauetan erabili zuten: San Pelaio elizan, Bakion; Zumetzagako San Mikel elizan, Mungian, eta Abrisketako San Petri elizan, Arrigorriagan. Eliza bakunak dira, tamaina txikikoak. Nabe bakarra dute, egurrezko egitura batez estalia, eta burualdea, kanoi-ganga batez. Eliza horien elementu berezia, hau da, forma karratuko absidea, ezaugarri nahiko arrunta izan zen kantauri itsasertz osoan, eta ez soilik Bizkaian. Garaiaren azkenean, Elexaldeko Andre Maria eliza eraiki zen, Galdakaon. Eraikuntza-elementu gotiko batzuk ditu -arku zorrotzak, nabearen lehen bi ataletan- ezaugarri erromanikoekin nahasita.

Gipuzkoan, hondar erromanikoak are urriagoak dira. Honako hauek aipa ditzakegu: Aretxabaletako hilerriko eraikuntza-elementu isolatu batzuk, hau da, bi arku geminatu, mainel batekin, Bedarretako San Mikel elizatik datozenak, eta bi leiho erromaniko absidial, bata bestearen gainean ipinita, Bedoñako Santa Eulalia elizan, Arrasaten. Ondoko hauetan ere gordetzen dira hondar erromaniko batzuk, hots, Idiazabalgo San Mikel, Abaltzisketako San Joan Bataiatzailea, Zumarragako Antigua eta Tolosako Andre Maria elizetako ateetan. Gipuzkoako eliza erromaniko gehienak eraikin txiki eta behin behinekoak izango ziren, segur aski, eta horrek esan nahi du baliabide ekonomikoak urriagoak zirela.

XII. mendearen hondarrean, erromanikoaren eta gotikoaren arteko estilo artistiko berri bat hedatu zen Europan. Zistertarrek bultzatu zuten, San Bernardok sustatutako erreformatik abiaturik. Ordena berriak aurre egin zion beneditarrek ezarritakoari. Kultura eta arte aszetikoago eta austeroagoak proposatu zituzten. Apaingarriak kendu zizkieten eraikinei, eta eraikuntza-teknika berriak sartu zituzten: arku zorrotza eta gurutze-ganga, adibidez. Eraikuntza-teknika berri horiek gangen zamatik libratu zituzten hormak, arindu egin zituzten haiek, eta goiera eta argia handitu ziren horrela. Estilo berri hori ere Done Jakue bidetik sartu zen, eta eragin berezia eduki zuen Nafarroan, nahiz eta gero Euskal Herri osora hedatu, kasu askotan erromanikoarekin bat egiten zuela. Fiteroko, Irantzuko eta La Olivako monasterioak izan ziren estilo horretan egindako eraikin nagusiak. Nafarroan daude guztiak.

Arkitektura zibilaz bezainbatean, gordetako eraikinak erlijiozkoak baino urriagoak dira oraindik. Garai horretan, nobleek eta monarkiak ez zeukaten Elizak adinako funtzio didaktikorik egin beharrik, eta, gainera, gatazka militarrek mota horretako ondare arkitektoniko gehiena galtzea ekarri zuten. Lizarran dagoen Nafarroako Erregeen Jauregia da arkitektura zibil erromanikotik gelditzen zaigun adibiderik onena. Eraikin sobrio eta bakun sorta batek osatzen du. Egun, etxearen aurpegia bakarrik jo daiteke erromanikokoa, barneko espazioak eraldatu egin baitzituzten gero. Aurpegi hori arkuteriazko bi oinetan dago antolatua -behean arkupea, goian areto handiko leihateak- non bakoitzak zutoin ordena gainjarri desberdina duen.

Gordetako gainerako eraikin zibiletatik, honako hauek nabarmentzen dira: Biana, Arrada eta

Erromanikoan, diziplina plastikoek bigarren mailako tokia eduki zuten, beti arkitekturaren mendean. Haien eginkizuna pedagogikoa izan zen batik bat. Izan ere, helburu nagusia kristau fedea zabaltzea zen, eta Elizak ordezkatutako erlijio-boterea eta nobleek ordezkatutako botere zibila ziren horretarako bitartekoak. Arrazoi horregatik, kontakizun biblikoetako irudiak egiten ziren gehien bat, eta irudi profanoek -abereak, landareak eta eguneroko bizitzako irudiak- bigarren mailako eginkizuna zeukaten, apaingarri hutsak ziren. Errealitatearen eta naturalismoaren zentzua, eta orobat proportzioarena eta harmoniarena, galdu egin ziren, eta erromanikoak, bereizgarriak sinplifikatu ez ezik, puztu ere egin zituen. Aldaketa horretan, teknika zehatzago baten falta ez ezik, artearen kontzeptuaren eta zentzuaren eraldaketa handi bat ere sumatzen da, bai haren eginkizunari dagokionez, bai haren helburuei dagokienez.

Euskal Herrian, gorde diren diziplina plastikoetako hondar gehienak eskultorikoak dira, eta elizetako portadak eta klaustroak apaintzen dituzte. Kasu honetan ere, Nafarroan aurkitzen ditugu adibiderik onenak. Honako hauetan, zehazki: Iruñeko katedral erromanikoaren klaustroko kapiteletan, Tuterako Azken Judizioko portadan, Lizarrako San Mikel elizako alboko portadan eta Zangozako Santa Maria la Real elizako portada nagusian, non baitago, ezbairik gabe, garaiko eskultura multzorik osoena eta interesgarriena. Gainerako elizetan, bai Nafarroan, bai Euskal Herri osoan, apaingarri geometriko bakun eta soilak dira nagusi.

Zurez egindako eta kolore anitzez margotutako eskultura exentuak dira hurrengo agerpen eskultoriko garrantzitsuena. Ama Birjina eserita haurra belaunen gainean duela eta Kristo gurutziltzatua dira gehien ikusten diren irudiak. Garai horretako eskultura exentuetatik, honako hauek nabarmentzen dira: Araban, Estibalizko Ama Birjina, eta Nafarroan, Torres del Rioko Hilobi Santua elizako Kristoa.

Pintura adibiderik ez zaigu heldu -Elgoibarko (Gipuzkoa) San Llobente baselizan aurkitutako horma-pintura apaingarri hondarrak izan ezik-, baina bitxigintza pieza batzuk, bai, esmaltezko akaberaz eta zilarrez, urrez eta boliz egindako lanak. Aralarko (Nafarroa) frontala, Frantziatik ekarria, da piezarik interesgarrienetako bat, eta Europako obrarik onenetako bat jotzen dute. Iratxeko Ama Birjina (Nafarroa) ere nabarmendu behar da. Zurezkoa da, eta zilarrez estalia. Eta Artaxonako (Nafarroa) Jerusalemgo Ama Birjina. Gainera, Nafarroak baditu arabiarrek boliz egindako bi kutxatila berezi. Fiteroko eta Leireko monasterioetatik datoz. Fiteroko kutxatilan, geometria- eta landare-motiboak dira nagusi, eta Leirekoan, gai horiek berak eta giza irudiak ageri dira nahasita.

Gotikoa XII. mendearen hondarrean garatu zen Europan. Kultur mugimendu horrek erromanikoa ordeztu zuen. Europan sortu zen gizarte mota berriagatik jaio zen gotikoa. Izan ere, Erdi Aroko bigarren etapa horretan, Euskal Herriak, Europa osoak bezala, garapen ekonomiko handia izan zuen, artisautzaren -antolamendu-sistema gremial batekin- eta merkataritzaren berpizkundeari esker. Garapen ekonomiko horrek biztanleriaren hazkunde handia ekarri zuen noski. Hiriak indartzea eta hiribilduak sortzea ere bai. Jakina, hiria eta burgesia, hots, garai horretan indartu zen klase sozial berria, oinarri berri bat bilakatu ziren. Oinarri horretan, eta monarkiak, Elizak eta nobleek aurretiaz jarritakoetan altxatu zen gotikoa. Garai horretan hasi zen beheraka sistema feudala. Hain zuzen ere, sistema feudalaren gainbehera hasi zenean, monarkiek ederki baliatu zuten abagunea, beren boterea handitzeko eta erresuma zabalagoak osatzeko.

Elizak ere erantzun beharra zeukan egoera berriari. Kultur mugimendu berri bat sustatu zuen, erromanikoa ordezteko eta sortzen ari zen gizarte berrira egokitzeko. Gizarte berri hori hiritarra zen batez ere, eta, erromanikoaren proposamen austeroen eta zorrotzen aurrean, bestelako lengoaia bat eskatzen zuen, lengoia hurbilagoa, zuzenagoa, gizatiarragoa eta naturalagoa. Elizak ederki sortu zituen, fedearen eta predikazioaren alorretan, ordena monastiko berriak, ordena irekiagoak eta klase sozial berriei nahiz mentalitate berriei egokituagoak -frantziskotarrak, domingotarrak-, eta, ere berean, estilo humanistagoa bultzatu nahi izan zuen, hots, gotikoa, premia artistiko berriei hein berean erantzuteko. Horregatik, eta nahiz eta gotikoak ere erromanikoaren izaera homogeneoarekin eta didaktikoarekin jarraitu zuen, Elizak bazekien estilo berriak bestelako jarrera bat eduki behar zuela, hau da, gizarteagandik hurbilagoa eta elkarrizketazaleagoa.

Garai horretan, Euskal Herriak aldaketa garrantzitsuak ezagutu zituen, nahiz eta era desberdinetan gertatu. Izan ere, Nafarroako Erresuma gainbehera-prozesu batean sartu zen, eta, azkenean, Gaztelako tropek konkistatu zuten, 1515ean. Araban ere, atzerakada handia gertatu zen, lurraldea gelditu egin zen poliki-poliki. Bizkaia eta Gipuzkoa, aldiz, beren aurrerakada ikusgarriagatik nabarmendu ziren. Itsasertzeko bi lurraldeek gora egin zuten, burdina-mearen ustiaketari, arrantzari eta Gaztelako produktuekin Ipar Europarekin egindako merkataritzari esker. XIV. mendetik aurrerako garapen ekonomikoak biztanleria haztea ekarri zuen, eta, horren ondorioz, hazi egin ziren, halaber, gizarte eta kultur oparotasuna. Hala, Arabak eta Nafarroak Erdi Aroko lehen fasean iritsia zuten aldea berdindu egin zuten itsasaldeko bi lurraldeek, eta, ordutik aurrera, iparraren garapena handiagoa izan zen hegoarena baino.

Arteari dagokionez, gotikoak sekulako arrakasta izan zuen Euskal Herrian eta, batik bat, Bizkaian eta Gipuzkoan, nahiz eta Nafarroan, Araban eta Iparraldean ere obra garrantzitsuak eta interesgarriak egin zituzten estilo horretan. Egia esan, gotikoak XVI. mendera arte iraun zuen Euskal Herrian, errenazimentuak ordeztu gabe, estilo berri hori XIV. mendearen azkenean sortu bazen ere. Beste behin ere, arkitektura izan zen gehien garatu zen diziplina artistikoa, nahiz eta eskultura ere independizatzen eta bere kabuz garatzen hasi zen. Euskal Herriko estilo gotikoak eragin ugari jaso zituen: Gaztelatik, Aragoitik eta Frantziatik aurrena, eta, gero, Erdialdeko Europatik, hau da, Flandriatik eta alemaniar erresumetatik. Azkenik, gorde diren obra ugariek eta haien kontserbazio-egoera onak lagunduko digute euskal gotikoaren ikerketan.

Euskal Herrian garatu zen arkitektura gotikoa bere bakuntasunagatik eta austeritateagatik nabarmendu zen batez ere, eta, bestalde, bere izaera hibridoagatik, ezaugarri erromanikoak atxiki baitzituen hasieran, eta ezaugarri errenazentistak hartu, azkenean. Erromanikoko, gotikoko eta errenazimentuko teknika-, eraikuntza- eta apainketa-elementu horien nahasketa bi arrazoigatik gertatu zen: eraikinek luzaroan irauten zutelako, eta elementuak eta materialak eraikuntza-prozesuko une desberdinetan berrerabiltzen zirelako. Hain zuzen ere, hiztegi gotikoko oinarrizko elementuak -arku zorrotzak, gurutze-gangak, arbotanteak- ez dira beti ageri Euskal Herriko eraikinetan. Aitzitik, beste ezaugarri batzuk -zabaltasuna eta altuera espaziala, edo eraikuntza-elementu apaingarrien pieza eskultoriko falta-errepikatu egiten dira garaian zehar.

Tipologiei dagokienez, Euskal Herrian gehien garatu zen tipologia erlijio-izaerakoa izan zen, eta, egia esan, eraikin gehienak, bai kopuruan, bai garrantziagatik, tipologia horretakoak dira. Esan dugu, jadanik, arkitektura zibil erromanikoko hondar gutxi gelditzen direla. Gotikoan, aldiz, eraikin zibil ugari egin ziren. Egia da gehienak aldatuta heldu direla guganaino. Halere, nahikoa dira garai hartako bizitza zibila nolakoa zen asmatzeko. Gainera, eraikin gehienak Euskal Herriko familia garrantzitsuenen jauregiak eta dorretxeak diren arren, badira eraikin arrunten hondarrak ere, eta geroko euskal baserriaren egitura igartzen hasten uzten digute.

Garatutako forma arkitektoniko nagusien artean, nabarmendu behar da erlijio-arkitekturan oinplano-eredu ugari zabaldu zirela, baina haietako bat erabili zela gehien, hots, hiru nabeko oinplano basilikala. Horrek gurutzadura garatua, presbiterioa eta girola zituen, eta, azken horren gainean, sekzio poligonaleko kaperak irekitzen ziren. Euskarriei dagokienez, pilareak bakunak eta austeroak ziren, sekzio zilindrikokoak gehienetan, fustea horzduna zutela pilarearen perimetroan, gangetatik eta tertzeleteetatik jasotzen zuten bultzadari dagokionez. Garai horren azkenean, pilarea gehiago sinplifikatu zen, nerbiodurak pilarean lotzean; horrek pilare zilindrikoa erabiltzea ekarri zuen, askoz bakunagoa baitzen. Estalkien egituran ere, pilareetako bakuntasun eta austeritate bera kontzentratzen dugu, eta, oro har, gurutze-ganga nagusitzen da, ikuspegi sobrio batetik asmatua; apainketan lizentzia bakarra ametitzen zen, hau da, tirante kopurua handitzea, bultzadak deskonposatzeko, tertzelete gehiago sartuta; garaiaren azkenean bakarrik aberastu ziren tertzeleteak, kopatzeak erabilita elementu apaingarritzat.

Lurralde banaketari gagozkiola, garai gotikoan Nafarroan eraiki ziren eraikin gehien, nahiz eta, Araban edo Iparralde barnealdean bezalaxe, eraikitze-erritmoa dezente moteldu zen, garai erromanikokoarekin alderatuta. Bi arrazoi nagusi ziren moteltze horren gibelean: batetik, lurralde horietako ekonomia ahuldu egin zen, eta, bestetik, baziren jadanik erromanikoan eraikitako eraikin ugari, eta ederki betetzen zituzten premiak. Aldiz, Bizkaian, Gipuzkoan eta Iparraldeko itsasbazterrean, zehazki Lapurdin, sekulako hazkundea gertatu zen eraikinen kopuruan. Garapen ekonomikoari eta hazkunde demografikoari esker, eraikin berriak egin ziren lurralde horietan.

Nafarroan, Orreagako Santa Maria eliza da, dakigula, garai gotikoko lehen eraikina. XIII. mendearen hasieran eraiki zuten; Frantziako Paris eskualdeko lehen estilo gotikoari jarraiki, eta ez une horretan Gaztelako katedral nagusien eraikuntzan eragiten ari zen gotiko erradialari. Elizak bost ataleko hiru nabe ditu, erdikoa besteak baino goragoa. Burualdea pentagonala da, leiho handiz hornitua. Tenpluaren elementu gehienak frantziar arkitekturako kanonikoak dira. Honako hauek nabarmentzen dira: pilare zilindrikoak, triforioa eta Euskal Herrian lehen aldiz erabili zen elementu bat, hots, gurutze-gangen zama kanpoko kontrahormen gainean deskargatzen zuten arbotanteak.

Nafarroan, ordea, Iruñeko katedrala da gotikoaren adibiderik onena. Bi aldi bereizi behar dira haren eraikuntzan: lehenengoan klaustroa eraiki zen, eta bigarrenean, eliza, 1390ean eroritako tenplu erromanikoaren hondakinen gainean; bigarren fase horretan, Barbazana kapera ere eraikin zen klaustroan, non haren izar-gangaren trazatua nabarmentzen den. Elizaren egiturari dagokionez, garai horretako gotiko kanonikoaren egiturari jarraitzen dio. Aipagarriak dira kontrahormen artean eta alboko nabeen goiera berarekin irekitako kaperak, zeharkako nabe batek osatutako gurutzadura, zeina oinplanoan eta altxaeran nabarmentzen den, eta triforiorik eza, eraikinari itxura sobrioa eta bertikala ematen diola. Aipagarria da, baita ere, burualdearen osaketa. Hor, kaperek espazio unitarioa osatzen dute, eta espazio hori bakarrik gangen zatien antolaketan banakatzen da.

Nafarroako gainerakoan, eraikitako eliza gehienak bakunagoak dira. Hor ditugu, esate baterako, Erriberriko San Petri eta Santa Maria, Artaxonako San Saturnino, eta Uxueko Santa Maria. XIII. mendearen azkena eta XIV. mendearen lehen erdia bitartean eraiki ziren. Eliza xumeak dira, nabe bakarrekoak. Antz handiagoa dute landa elizekin, hiri elizekin baino. Bilatortako Jasokunde eliza, Zizur Nagusiko San Andres edo San Martin Unxekoa ere Nafarroako landa gotikoaren adibide onak dira. Geroagokoa eta, beraz, hiru nabez eta eraikuntza-soluzio aurreratuagoez osatua da Bianako Santa Maria eliza.

Araban, garai horretan egindako eraikinak urriak dira, baina eraiki zirenak, zinez esanguratsuak. Gasteizko eta Biasteriko tenplu berriak nabarmentzen dira. Gasteizen, Santa Maria eliza dugu garai hartako eraikinik garrantzitsuena. Egun, Katedral Zaharra deitzen zaio. XIII. mendearen hondarrean hasi zituzten haren lanak, eta XV. mendearen azken aldera, osatu. Tenpluan, oinplano basilikal bat hobetsi zen. Bost ataleko hiru nabe dira, gurutzadura zabala eta burualdea, non girola zentrala -zeinetan hiru kapera poligonal irekitzen diren- lau kapera angeluzuzenekin konbinatzen baita. Tenpluaren elementu gehienak kanonikoak, sobrioak eta bakunak dira. Haietan, triforio estu bat nabarmentzen da, tenpluaren perimetro osoa korritzen duena. Gasteizen, estilo horretako beste eliza batzuk ere eraiki ziren garai hartan: San Bizente, San Mikel Goiaingerua eta San Petri Apostolua. Azken hori nabarmentzen da, sarbide arkupeduna baitu burualdearen ondoan, tenplua harresiari erantsita zegoelako. Beste ezaugarri batzuk: lau absidedun burualdea, trazeriez apaindutako leihate zabalak, eta triforio-zati bakarra, gurutzaduraren hegoaldeko muturrean.

Biasteri izan zen Arabako bigarren gune garrantzitsuena. San Joan Bataiatzailea eta Santa Maria de los Reyes elizak eraiki ziren bertan. Lehena XIII. eta XIV. mendeen bitartean eraiki zen. Garai horretako eraikitze-modu gotikoen eskema klasikoei jarraitu zieten. Hiru nabeak eta gurutze-ganga nabarmentzen dira. Santa Maria de los Reyes elizak, berriz, nahiz eta geroago eraiki zuten, hau da, XV. eta XVI. mendeen bitartean, bere arkitektura-egitura gotikoaren elementu gutxi atxiki ditu, baina garai hartako ongien kontserbatutako portada eskultoriko bat dauka.

Arabako gainerakoan, honako herri hauetan dira estilo gotikoan eraikitako elizak: Lasarten, Kanpezun, Bilarren eta Agurainen. Halere, ugari dira, Nafarroan bezala, landa gotikoan eraiki ziren baselizak eta eliza txikiak. Gotikoko eta erromanikoko elementuak nahasten dira horietan, eta, XVI. mendetik aurrera, errenazimentuari dagozkion elementu apaingarriak.

Iparraldeari gagozkiola, Baionako katedrala da estilo gotikoan egindako eraikin garrantzitsuena. XIII. mendearen hondarrean hasi zuten. Parterik handiena XIV. mendekoa da, eta Frantziako Champagne eskualdeko estilo gotiko erradianteari eta, zehazki, Reimseko eta Bordeleko katedralen proiektuen ereduari jarraituta egin zen. Katedralak XVI. mendera arte luzatu zituen eraikitze-lanak, eta XIX. mendean fatxadako dorreak eraiki zirenean eman ziren amaitutzat. Haren itxura ikusgarria nabarmentzen da. Bera da Euskal Herriko katedralik handiena eta gorena. Aipagarriak dira beste ezaugarri hauek ere: gurutze latindarrezko oinplanoa eta ez basilikala, nahiz eta orain geroago erantsitako alboko kaperek ezkutatu duten, eta klaustroa, hobekien eraikitakoetako eta kontserbatutakoetako bat, bai bere egituragatik, bai bere apaingarriengatik.

Bizkaiari eta Gipuzkoari doakienez, aurreko garaian ez bezala, garai horretan eraikin gehiago eta kalitate hobeagokoak eraiki ziren. Halere, berandu samar, XIV. mendera arte ez baitziren egin lehen eraikin esanguratsuak. Bilbon, Jakue Apostolua eta San Anton elizak dira Bizkaiko gotikoaren erakusgarri onak. Eredu bakun eta austero baten arabera eraiki zituzten, eta Frantziako nahiz Gaztelako estilo gotikoen eraikuntza-elementuak erantsi zizkieten. Hona, jarraian, Jakue Apostolua elizaren ezaugarri nagusiak: hiru ataleko hiru nabe, gurutzadura alienatua, presbiterioa, kapera nagusi poligonala eta girola, zeinak zazpi kapera dituen, pentagonalak gehienak. Eliza hori Iberiar penintsulako ipar aldeko beste eraikin batzuekin kidetzen da horrela: Burgo de Osmarekin, Palentziarekin, Santanderrekin eta Castro Urdialesekin. Gurutze-ganga erabili zuten eraikina estaltzeko, gurutzaduraren erdiko atalean -non tertzelete batzuk eta bost giltzarri erabili ziren- eta burualdean -zazpi giltzarriko izar-ganga ipini zuten- izan ezik. San Anton elizari dagokionez, haren hiru nabeetatik erdikoa nabarmentzen da, beste biak baino zabalagoa eta bi bider goragoa baita; absiderik ere ez da, barruko frontisa horma zuzen batekin itxi baitute; Bizkaiko beste eliza batzuek bezala, San Anton elizak ere triforio bat du.

Halere, Bizkaiko estilo gotikoko eraikinik bitxiena Lekeition dago. Herri horretako Andre Maria elizak XIII. mendeko gaztelar estiloaren traza orokorrei jarraitzen die, baina haiek sinplifikatuta. Hona tenpluaren ezaugarri arkitektoniko nagusiak: hiru ataleko hiru nabe, gurutzadura, hiru kapera burualdean, pinakuludun arbotante-bateria bikoitza, nerbio baten presentzia estalkiaren luzera osoan, hari sendotasuna ematen diola, eta haren atzeko partearen ardatza ipar alderantz desplazatzea dakarrela, eta leihateetako trazeriak, zeinak ingelesen eraginaren pean egin baitziren.

Bizkaiko gainerakoan, Gernikako Santa Maria eta Ondarroako Santa Maria elizak nabarmendu behar dira; azken horretan, batez ere, gurutzadura eta abside falta, eta apainketa arkitektonikoa, trazeriak baititu baotan eta erlaitzetan, eta pinakulu eta gargola adierazkorki apainduak. XV. eta XVI. mendeen bitartean, Bizkaiko gainerako eliza gotiko nagusiak eraiki ziren. Honako hauek dira aipagarrienak: Urduñako Santa Maria, Begoñako Andre Maria, Portugaleteko Santa Maria, Balmasedako San Severino, Galdakaoko Santa Maria eta Ziortzako Kolegiata, Markina-Xemeinen.

Azkenik, Gipuzkoak ere, Bizkaiak baino gutxiago eduki arren, baditu gotikoko eraikin aipagarri batzuk. Guztietan, gotikoa ez da bakarrik garatzen Gaztelako ereduari jarraiki, Bizkaian gertatu zen bezala, baizik eta frantses gotikoaren eragina ere nabari da, hark lehenik Nafarroan eduki zuen eraginaren bitartez, eta gotiko mota austeroago eta bakunago bat hartu zen lurralde horretatik, non erromanikotik hartutako eraikuntza-elementu eta elementu estetiko batzuk ere gordetzen diren.

Getariako Done Salbatore da lurraldeko elizarik bitxiena. XIV. mendean eraiki zuten. Hiru ataleko hiru nabe ditu, erdikoa goragoa, eta atalak, berriz, zutabeak datxezkien pilare zilindrikoz daude bereizita. Tenplua gurutze-gangez dago estalia; bakunak dira alboetakoak, eta izar-gangak, erdiko nabekoak. Horien bultzada dagozkien horma-hortzek jasotzen dute barruan, eta kanpoko kontrahorma batzuetara bidaltzen, arbotanteen bitartez. Daukan planimetria irregularra da, haatik, elizaren elementurik harrigarriena, hormak ez baitira paraleloak, eta ez baitago korrespondentzia simetrikorik eraikinaren luzerako ardatzarekin; gainera, oinen eta burualdearen artean metrobeteko desnibela dago hegoaldeko aterantz. Trazatu irregular hori da eraikinaren alderik originalena, eta, horrekin batera, eraikinaren horma perimetralak korritzen dituen triforioa. Garai horretan, Debako Santa Maria eliza ere hasi ziren eraikitzen Gipuzkoan. Hiru nabeko tenplua da, eta burualde zuzenekoa. Bertan, portada eskultoriko eta polikromatua nabarmentzen da, Biasteriko Santa Maria de los Reyes elizan bezala.

Hondarribiko Jasokundeko eta Sagarrondoko Andre Maria, Oñatiko San Mikel eta Donostiako San Bizente elizak, berriz, hiru gauzagatik nabarmentzen dira, hots, beren itxura militar eta defentsakoagatik, gangei eusten dieten pilare zilindrikoengatik eta, hiru nabe eduki arren, alboetakoak ia erdikoa bezain gora iristen direlako. Gotorleku itxura dauka Zumaiako San Petri elizak ere, nahiz eta kasu honetan lau ataleko nabe bakarra daukagun, abside poligonala, eta estalkia, berriz, nerbio nabarmeneko tertzeletedun gurutze-gangez hornitua. Gotorleku itxurako gotiko bitxi horrek garapen handia eduki zuen Gipuzkoan XV. mendetik aurrera eta XVI. mendean zehar, eta herri hauetako parrokia-elizetan ikus dezakegu: Eibar, Segura, Oiartzun, Elgeta, Alkiza, Ezkio, Asteasu, Zegama eta Berastegi, Herri horietako elizetan, gotiko sobrio, bakun eta elemental bat erabili zen, nahiz eta ez zitzaion falta monumentaltasunik, zeren aurrerapen ekonomikoak eta sozialak aise onartzen baitzuten era horretako eraikina egiteak zekarren gastua. Eraikinei uniformetasun eta erregulartasun handiagoa ematen dizkien eraikuntza-formula horrek jadanik hallenkirche motako eliza iradokitzen digu. Eliza mota horrek izugarrizko transzendentzia izan zuen Euskal Herrian garai errenazentistan, eta "euskal gotiko" gisa ezagutzen dugu.

Arkitektura zibilari dagokionez, italiar eraginpeko hiritar jauregi motako eredua izan zen, frantziar arkitekturaren elementu ugari izan zituen arren, nagusitu zena. Bere bolumenak erregularrak dira eta fatxadaren konposaketan simetria zorrotza izanez ardatz nabarmendunen bitartez banatzen dira; fatxadaren konposaketan, behealdean sendotasun itxura ematen zaio solairurik garrantzitsuenean elementu apaingarririk gehienak biltzen diren bitartean; hortik aurrera, goiko solairuetan arian arian tratamendu apaingarria gutxituz doa teilatura iritsi arte.

Araban zein Nafarroan, aldi honetan zehar egindako arkitektura zibil eklektikoari dagozkion ereduak ugariak dira. Iruñan, estilo mudejarrean egindako Iruñaldeko Mankomunitatearen egoitza aipatu daiteke eta Vitoria- Gasteizi dagokionez estilo errenazentistan Pantaleón Iradierrek egindako Bigarren Hezkuntzako Probintzia-Institutua -egun Eusko Legebiltzarraren egoitza dena- eta ukitu neolandatarra duen Julio Saracibarrek egindako Posta eta Telegrafoen eraikinaz gain, Saracibarrek garai horretan arabar burgesiarentzako egindako ekialdeko elementuak eklektismo historizistarekin elkartzen dituen etxalde ugariak -Hereclio Fournier, Zuloaga Etxea, Jaquecas Etxea, Sofia Etxea- azpimarratu ditzakegu.

Gipuzkoan, Donostia, mugimendu ezberdinak elkartuz bere zabalguneko erakinak eraikitzen hasi zen, nagusiki errenazimendura eta barrokora jo bazuen ere. Eraikin horietan -Gipuzkoako Aldundiaren Jauregia, Kasinoa (egungo Udala), Victoria Eugenia Antzokia, Maria Cristina Hotela, Miramar Jauregia, Amarako Eskolak, Zuloagako Eskolak, Probintzia Institutua (egun Koldo Mitxelena), Arte eta Ofizioen Eskola (egungo Posta etxea) - arkitekto talde jardun zuen -José de Goicoa, Luis Aladren, Adolfo Morales de los Ríos, Francisco Urcola, Juan Rafael Aldai, Benito Olasagasti, edota Charles Mewes eta Selder Wormun kanpotarrek- eta arkitekto guzti horiek formei dagokienez eklektikotasun atsegina egitea lortu zuten, inola ere gainkargatutako apaingarrietan erori gabe, eta etxebizitzarako gainerako eraikuntzekin zabalgunean integratzen jakinda. Hautatutako estilorik garrantzitsuena irakurketa erraz eta soileko errenazimendua izan zen arren, bere orijinaltasunagatik nabarmendu beharrekoa ingeles-landazabaleko etxe baten pintoreskotasunaren antzera Wormunek egindako Miramar Jauregia da.

Eklektikotasunak Bilbon, errenazimendura ere jo zuen arren, bai konposaketan bai dekorazioan ere gainkargatutako irakurketa eginez barrokoa berreskuratzea nahiago izan zuen. Estilo horren adibide bat Bizkaiko Aldundiaren jauregia dugu, Luis Aladrenek eraikin solemne eta galanta egiteko asmoz egina, barroko estiloduna eta dekorazio-xehetasun rococoduna. Hala ere, Bilbon dagoenik estilo barrokoaren adierazgarririk hoberena udaletxean eta Arriaga antzokian ditugu, biak Joaquin Rucobaren lanak; antzokian nabarmentzekoa da irudi zuzen eta bihurgunedunen arteko txandaketa eta bere aurrealdearen apaindurazko narotasuna. Beste gainerako eraikinei dagokienez -Alhondiga, Bidebarrietako Liburutegia, Deustuko Unibertsitatea, Basurtuko Ospitalea, Lezama-Leguizamon jauregia- Manuel Maria Smith, Severino Achucarro, Ricardo Bastida eta Calixto Emiliano Amannen lanek, besteak beste, estilo kopuru askorekin nahasten diren eklektikotasuna adierazten digute, Leonardo Rucabado arkitekto kantabriarraren kasua bezala mendi-arkitekturaren elementu herrikoiak txertatuz. Arkitekto horrek zein beste bere belaunaldiko batzuk ere, estilo horren lekukotasuna Getxoko Areeta, Algorta eta Neguri auzoetan, lurraldearen industrializazioari esker aberastu ziren familia burgesen jauregietan, itxi zuten. Hala ere, Euskal Herrian arkitektura herrikoira itzultzeko modak bere episodio berezia XX. mendearen hasieran etxebizitza familiabakarrera bideratutako eraikinetan batez ere euskal baserriaren tipologiaren berrinterpretazioan bere oinarria duen neoeuskalduna deritzon estilo baten agerpenean izan zuen. Horrela, lapurdiko baserriaren elementurik funtsezkoenen bilketatik abiatuta -teilatu eta aurrealdeetako disimetriak, bano handiak eta egonleku zabalak, helburu apaingarridun aurrealdeetako margodun egur-estrabeek egindako jokoa, etxearen oinaldean harriaren erabilera-, Edmond Durandeau, Henri Godbarge, Jean Longeray eta William Marcel arkitekto frantsesek izan ziren Lapurdiko itsasertzeko turismo-lekuetan estilo hori garatu zuten lehendabizikoak.

Geroztik, gainerako Euskal Herri guztian zehar zabaldu zen, Pedro Guimon, Amann, Smith, Rucabado, Achucarro, Bastida eta beste euskal arkitekto batzuk egindako lanari esker, bai etxebizitza familiabakarrekoen arkitekturan bai aduana-eraikinetan edota trenbidearen geltokiak bezalako tipologiadun eraikuntzetan ere.

Arte plastikoek ere garapen handiagoa izan zuten garai horretan. Kontserbatzen diren adibideak, gainera, ugariagoak dira, eta aldaketa garrantzitsuak nabari dira erabiltzen den teknikan eta erakusten diren gaietan.

Estilo gotikoko eskultura independizatzen hasten da esparru arkitektonikotik, eta modu exentuan egindako obra aipagarriak aurkitzen ditugu. Teknikari eta tematikari dagokienez, erromanikoak laga zituen naturalismoa eta errealismoa berreskuratzen ditu eskultura gotikoak, eta, bestalde, humanismo handiagoa errebindikatzen du itxuratutako motiboetan, garatzen ari den gizarte hiritar berrira zuzenago eta modu hurbilago batean hurreratzeko.

Alabaina, elizetako portadetako eskultura apaingarriak artean bere garrantzia atxiki zuen, eta oso adibide onak dauzkagu Nafarroan, Araban eta Gipuzkoan. Nafarroan, Erriberriko Santa Maria eta Uxueko Santa Maria elizetako portadak nabarmentzen dira, eta Iruñeko katedraleko klaustroko apaingarri eskultorikoak. Araban, Gasteizko Santa Maria katedralak eta San Petri elizak ere portada interesgarriak atxiki dituzte, nahiz eta adibiderik ikusgarriena lurraldeko hegoaldean aurkitzen dugun, Biasterin, zeren Santa Maria de los Reyes elizaren portadako multzo eskultorikoak bere jatorrizko polikromiaren parte handi bat gorde baitu, arkitekturak berak babestu duelako. Gipuzkoan, Debako Santa Maria la Real elizaren sarrera nagusiko multzo eskultorikoak ere baditu polikromia hondar batzuk oraindik, baina gutxiago eta egoera kaskarragoan, agerian egon baita denborarik gehienean, eta inongo elementuk babesten ez zuela. Elizen barruan, berriz, nahiz eta pintura agerpenek protagonismo handiagoa zuten eskultorikoek baino, garai horren azkenean multzo eskultorikodun erretaulak aurkitzen hasten gara: Lekeitioko Santa Marian bat, flandestar eragin garbikoa.

Eskultura exentuari gagozkiola, Nafarroak gordetzen ditu, garai erromanikoan bezala, adibiderik onenak. Kasu horretan ere, naturalismoranzko eta errealismoranzko joera nabari da, Ama Birjinaren gaia aukeratzen da, eta Kristo Gurutziltzatuaren itxurapena baztertzen. Horrek guztiak erakusten du eliza-erakundeek gizartera hurreratzeko gero eta nahi handiagoa zutela. Anitz dira garai horretan egindako Ama Birjinaren irudiak. Honako hauek nabarmenduko ditugu: Orreagako Ama Birjina haurrarekin, Uharteko Andre Maria Zuria, Olaztiko Ama Birjina, Erriberriko Ama Birjina eta Urantziako Ama Birjina.

Garai horretako obrarik adierazgarrienak, ordea, garaiaren azkenean egin ziren, eta tipologia berriei jarraituta. Hala, XIV. mendetik aurrera, lehen hilobiak aurkitzen ditugu. Karlos III.arena eta haren emazte Leonorrena nabarmentzen dira, Iruñeko katedralean; Villaespesa kantzelariarena, Tuterako katedralean, eta Oñatiko kondearen hilobia, Oñatiko San Mikel elizan. Hiru adibideetan, aipagarriak dira sarkofagoetako erliebeak, non pertsonaia batzuk ageri diren hilen alde otoitz egiten.

Bitxigintzak aurreko garaian bezalako garrantzia atxiki zuen, eta, kasu honetan ere, obrarik esanguratsuenak Nafarroan daude. Honako pieza hauek gailentzen dira: Karlos III.ak Uxueko elizari eman zion kaliza -egun Nafarroako Museoan dago- eta erlikiak gordetzeko erlikiontziak; Karlomagnoren Xakea deritzana, tartean, bere diseinu koadrikulatu bereziagatik deitzen baitiote horrela.

Pinturari doakionez, gotikoan zehar agerpen piktorikoen hondarrak aurkitzen ditugu Euskal Herrian. Erdi Aroan, eta baliabide ekonomikoak zeuzkaten guztietan, erlijio-irudiez eta beste apaingarri batzuez apaintzen zituzten elizak. Tamalez, kasurik gehienetan ez dira ongi kontserbatzen, zeren beste apainketa mota batzuez ordeztu baitzituzten gero, edo kendu egin baitzituzten, besterik gabe, beste irizpide estetiko batzuk nagusitu zirelako eta elizetako horma-irudiak kentzea hobesten zelako, batez ere XIX. mendean.

Garai horretako lan piktorikoek funtzio didaktiko bat dute, eskulturaren kasuan bezalaxe. Sinestunari irakastea zen xedea, eta, horregatik, gai gehienek erlijio-gertakariak edo Bibliako pasarteak erakusten dituzte. Kontserbatzen ditugun obrarik zaharrenak XIV. mendekoak dira, eta, nahiz eta oro har europar korronteek -protogotikoa, lineala, italogotikoa, nazioartekoa eta hispanoflandestarra- ezarritako pautak jarraitzen diren, Euskal Herrian estilo horien interpretazio bakuna eta eskematikoa egin zen.

Iruñeko Nafarroako Museoak dauzka obren hondarrik garrantzitsuenak. Aragoiko fokuaren eragina da nagusi horietan. Lehen garai protogotikoan, honako hauek sartzen dira: Artaitzeko San Martin elizako, Artaxonako San Saturnino elizako eta Erriberriko San Petri elizako pinturak. Iruñeko katedralak, eta Ekaiko, Olletako, Arletako, Eriztaingo eta Galipentzuko elizek geroagoko garaietako hondarrak gordetzen dituzte, gotiko linealekoak bereziki. Flandestar eragina beranduagokoa da, eta Lizarrako San Mikel elizan nabari da, eta zenbait taulatan eta erretaulatan, Tuterako nagusian barne.

Araban, dokumentatutako pintura gotikoko lekukotzen artean, bi adibide nabarmenduko ditugu: Alaizako Jasokunde elizan, pintura hondar garrantzitsuak baina denboran sailkatzen gaitzak kontserbatzen dira; bai estiloan, bai garatutako gaietan, elementu eta ezaugarri ugari nahasten dira, eta horrek bigarren mailako eta garai horretako ezaugarriak berandu bereganatu zituen tailer bat salatzen digu. Gazeoko elizan kontserbatutako hondarrak, aldiz, gotiko linealaren fasekoak dira, eta garatutako programa ikonografikorik onenetako bat osatzen dute.

Aro Modernoa deritzogu, 1492an Amerikako kontinentearen aurkikuntzarekin hasi eta 1789an Frantziar Iraultzarekin amaitu zen historiako aldiari. Lau mende horietan zehar, sistema feudalaren ordez, ordura arte nobleen eta elizaren kontrolpean zegoen boterea hartu zuten monarkia indartsuak barneratu ziren eta azken hauek zenbait erakunde antolatzen hasi ziren. Modu horretan, nobleek etsi egin behar izan zuten, aldi horietan protagonista nagusi bilakatu ziren hirien bultzadaren aurrean: jarduera ekonomiko nagusiak antolatzeaz gain, sormen kultural eta artistikorako gune bilakatu ziren, behin-betiko. Elizari dagokionez, botere moral eta ekonomikoa mantendu zuen arren, Luteroren Erreformaren garapenaren ondorioz bere boterea murriztu egin zen.

Dena den, aldaketak ez ziren politikoak eta ekonomikoak soilik izan. Amerikaren aurkikuntzari, aldi honetako bizimodua errotik aldatu zuten beste asmakuntza eta aurkikuntza batzuk -astronomia, fisika, mekanika edo filosofia bezalako arlo ezberdinetan- gaineratu behar zaizkio. Kulturari dagokionez, Aro Modernoan bi mugimendu ezagutu ziren: lehenik errenazimendua, XV eta XVI mendetan zehar eta, geroago, barrokoa, XVII eta XVIII mendeetan. Errenazimenduan, gizakia abiapuntutzat harturik kulturaren eta artearen ikuspuntu berri bat abiatu zen, Erdi Aroko ikuspuntutik at - garai honek Jaungoikoa eta Eliza zituen ardatz, nahiz eta gotiko jadanik gizakiari begira jarri zen-, eta Grezia era Erromako antzinatasun klasikoaren ereduari jarraiki, arteak naturalismoa eta errealismoa, armonia eta proportzioa berreskuratu zituen. Hurrengo aldian, ordea, Eliza gidari jarri zen berriro eta barrokoaren bitartez, sentimendua eta emozioa baliatuz herritarrarekin harreman zuzena izatea bilatzen zuen estilo berri bat sustatu zuen. Gortearen eta herritarren nahimenetik gertuago zegoen proposamen artistiko bat sortu nahi zuen arte dinamikoago eta espresiboago berri hau, estilo heterogeneo bilakatu zen, pentsamendu eta gustu garaikidearen aurrekari izan zena.

Aro Modernoko lehen zati honetan, Euskal Herria, bi monarkia boteretsutan -Espainia eta Frantzia- bereizita geratu zen behin-betiko, eta herrialde hauetako bakoitzak historiako aldi hau taxutu zuten. Modu honetan, nobleziaren eta Elizaren boterea bigarren maila batera pasa zen, eta botere hori aldi horretako protagonista nagusi bilakatu ziren erregeek eta hiriek hartu zuten. Gainera, Elizak, neurri handi batean botere moral eta ekonomikoa mantendu bazuen ere, erlijio-krisia pairatu zuen eta ahuldurik geratu zen, aharik eta Trentoko Kontzilioak berriro gidaritza eman zion arte. Hori dela eta, monarkiak eta burgesiak zalantzan jarri zuten artearen arloko gidaritza hori, eta Euskal Herriak XVI. mendean bizi zuen abagune ekonomiko eta demografikoa itxaropentsua baliatuz, arte-sorkuntza berrien beharrizana sortu eta sustatu zuten. Hala, lehenengo XVI. mende amaierako izurriaren epidemiak eta, ondoren, XVII. mendeko krisi politiko eta ekonomikoak arte-sorkuntza murriztea eragin bazuten ere, Europa Iparraldeko eta Amerikako itsas jarduerari esker Euskal Herriak bizi zuen aberastasuna baliatuz eta Euskal Herriko nobleek estatuko armadan eta administrazioan parte hartzen zutela baliatuz, Euskal gizartearen gogo eta ekimenak, artearen agerpenari garrantzia ematen jarraitzea lortu zuen.

Garai horretan garatu zen estilo artistiko berriari errenazimendua deitu zitzaion, izan ere, helburu nagusia ez zen izan Antzinako Grezia eta Erromako eredu klasikoak birsortzea soilik, kulturaren ardatza ere aldatu nahi zen, dimentsio jainkotiarraren ordez dimentsio gizatiarra finkatuz. Eraldaketa garrantzitsu hau, bere esparruko gustuekin bat egiten zuen estilo artistiko berri bat aldarrikatzen zuen gizarte-klase nagusiak, burgesiak, eta hiriek bultzatu zuten. Horrela sortu zen errenazimendua, eredu klasikoei so abiatu zen estiloa, izan ere, garai hartan eredu jainkotiarrei baino gizakiaren neurrira zegoen arte bat sortu nahi izan zela uste da. Horrez gain, monarkiek modu honetako artearen aldeko apustua eginez, boterearen kontrolean eta sozialki nagusi izatekoa mantentzen zuten lehian noblezia eta Eliza ahuldu zitzaketela ikusi zuten. Elizari dagokionez, behin egoera berrira egokituta, estilo hori bultzatzeko jarrera hartu zuen eta fededunak gero eta ordezkaritza handiagoa erakusten zuten profanoengandik baztertuak ez izateko helburuan saiatu zen. Hori dela eta, azkenean errenazimendua guztientzako propagandazko estilo bilakatu zen, botere zerutiarra eskuratzeaz gain, lurralde-boterea eskuratzeko paregabea suertatzen zen tresna.

Bestela izan ez zitekeen moduan, errenazimenduko ereduak Italiatik iritsi ziren, baina, estilo erromaniko eta gotikoa ez bezala, errenazentista ez zen horren homogeneoa izan eta eredu ugaritasun eta aniztasun handiagoa ezagutu zuen arte adierazpenean. Dena den, jarraitu ziren irizpide guztiak artearen tradizio klasikoa berreskuratzera bideratu ziren, estilo gotikoa alde batera utziz. Lengoaia berri honetan, gizakia izan zen ardatz nagusia, ondorioz, proportzioa, simetria eta armonia bezalako kontzeptuak sintaxi berri honetako ezinbesteko elementu bilakatu ziren, lexikoa antzinatasun klasikoari zegozkion elementuz hornitu zelarik.

Errenazimendua berandu sartu zen Euskal Herrian. Izan ere, XVI. mendera arte euskal probintzietan estilo gotikoa izan zen nagusi, horrenbestez, errenazimenduak mendearen azkenaldian izan zuen azaleko presentzia, funtzio apaingarri eta sinbolikoa baino ez zuena. XVII. mendean, errenazimenduaren garapena hasi zen, nahiz eta barrokoarekin batera bizi behar izan zuen. Halere, errenazimenduaren iraupena murritza izan bazen ere, estilo honetan arte-adierazpen garrantzitsuak sortu ziren eta ez bakarrik arkitekturan, eskulturan ere nabarmendu zen errenazimendua, erromanismo izendatuko dugun korronte batean murgildurik, Nafarroan eta Gipuzkoan eragin indartsua izan zuen korrontean. Estiloari dagokionez, errenazimenduak, Europako -Italia, Herbehereak eta Alemaniako Printzerriak- nahiz Gaztela eta Aragoiko eragina jaso zuen. Modu honetan, Euskal Herriak errenazimendu ez autoktonoa baina berezia garatu zuen, kanpoaldeko eraginen menpe zegoen arte plastiko batekin eta, beste behin, soil eta sinplea izaki- apaingarritasun orotatik at -bolumen eta espazioen nahasketari esker- monumentala zen arkitektura batekin.

Beste behin, aldi honetan arkitekturaren diziplinak hartu zuen gidaritza. Eskulturak eta pinturak arkitekturarekiko independentzia gehiago lortu arren, sasoi honetan diziplina hau izan zen nagusi eta, ondorengoen ezaugarri nagusien erritmoa finkatu zuen.

Sasoi errenazentista honetan Euskal Herrian eraiki ziren obra ugariengan koherentzia zintzoaren aldeko jarrera nekez ikus badaiteke ere- izan ere, ez zen irizpide bateragarririk finkatu eta gure lurraldean estilo hau gidatuko zuen erakunderik ere ez zen izan-, forma tradizional eta klasikoen nahasketa izan zen etengabe errepikatu zen ezaugarrietako bat. Modu honetan, erdi-puntuko arkua eta kapitel-zutabe klasikoa onartu eta laster egokitu baziren ere, errenazimenduko beste elementu batzuk berandu sartu ziren, oinplano zentralizatuak edo kupulen erabilera kasu. Hala, aipatu sasoiaren hasieran, portadetan ageri ziren elementu errenazentista gehienak, baina eraikinaren egitura irizpide gotikoei jarraiki egiten zen. Eraikuntza elementuetan eskulturazko apaingarriak finkatzearen ukoa da sasoi honetako arkitekturaren beste ezaugarri bat, horregatik, apaingarriak portadetan gordetzen ziren.

Arkitektura forma nagusien deskribaketari dagokionez, erlijio-arkitekturan oinplano eredu ugari aurki daitezke, ondorioz, erromanikoan eta gotikoan gertatzen zen bezalaxe, nekez egotz dakioke garai honi eredu bakarra. Hala, Euskal Herrian badira nabe bakarreko elizak eta hiru nabetan eginak ere aurki daitezke, baina gainera, hiru nabetako ereduari jarraiki egin eta aretozko oinplano bilakatu zirenak ere badaude. Altuerari dagokionez ere oparotasuna dugu, eta altuera ezberdinak hartzen dituzten elizak aurki ditzakegu alde batetik eta gehienezko altuera estalduretan hartzen duten elizak, beste alde batetik. Dena den, badira sasoi ezberdinetan maiztasunez errepikatzen diren arkitektura forma batzuk. Esate baterako, bertikaltasuna eta apaingarririk gabeko kaxa zuzenen itxura prismatikoa dira kanpoaldetik Euskal Herriko eliza gehienen ezaugarriak; berez, burualde zuzen eta poligonalak eta trazaketa adierazten duten kontrahormak dira euskal elizetako kanpoaldean nabarmentzen diren bolumen bakarrak. Barrualdeari dagokionez, gehienek batasun espaziala transmititu nahi zuten, ondorioz, kapera urritasuna, joera laukizuzeneko oinplanoak eta euskarri ugari ziren nagusi.

Deskribatutakoaren arabera, erlijio-tipologiak kopuruari eta garrantzia sozialari dagokionez garrantzitsuena izaten jarraitu bazuen ere, arkitektura zibila indarra hartuz joan zen, izan ere, azken honek arkitektura gero eta garrantzitsuagoa garatu zuen. Dena den, sasoi honetako erlijio-arkitekturan, errenazimenduaren eragina zuen elizaz gain, Euskal Herriari dagokion berezko estilo ez badu ere-izan ere, aurretik Europan sortu eta Penintsularen iparraldera hedatu zen- gure lurraldean asko hedatu zen eliza mota bat aztertuko dugu, mantendu diren adibide ugaritan egiaztatu daiteken mota, euskal gotikoa izenez ezagutzen duguna.

Lurralde guztietan antzeko garapena izan bazuen arren, kostaldean kokatu ziren elizek garrantzia handiagoa hartu zuten. Erlijio-tipologiari dagokionez, Gipuzkoa eta Bizkaiak, euren herrien bultzada ekonomiko eta demografikoarekin bat zetozen tenplu nabarmenak egiteko ahaleginarekin jarraitu zuten eta, Araba, Nafarroa eta Iparraldean jarduera artistikoaren gainbehera fase bat bizi izan zuten barrokoan ere iraun zuena, izan ere, aurreko sasoietan eraikitako eraikuntzekin izpirituzko beharrizanak ase zirenez, hiru probintziok iraunkor mantendu ziren, aurrerapenik gabe, nekazal arloari hiri arloari baino garrantziagoa emanez. Estiloari gagozkiola, eraikin gehienak XVI. mende amaierakoak eta XVII. mende hasierakoak dira eta plateresko estiloan eginak daude, garatu zirenen artean apaindurari garrantzia gehien eman ziona eta herreriatarrena, berantagoa eta soilagoa.

Adibideen artean, Arabako Eltziego eta Lapuebla de Labarcan eraiki ziren elizetako monumentuzko fatxadak aipatu behar dira, erdi-puntuko arkudunak. Nafarroan ere portada adierazgarrien hiru adibide aurki daitezke Kaseda, Los Arcos eta Vianako elizetan, azken honek errenazimenduan egindako portada bikaina du, garaipenaren arkuarekin enkoadratutako exedra formakoa. Halere, lurralde hauetan estilo honi dagokion adibide bitxiena Araban aurki daiteke, Aguraingo Andre Mariaren parrokiako koruan, adibide hau giltzarri da Euskal Herriko errenazimendu platereskoaren lehen aldian; ukitu gotikoa duten punta zorrotzeko arku zuzenen gainean jasoa, Aguraingo koruan, tertzelete-ganga nabarmentzen da. Araban, Estamonako San Andres elizan eta Kanpezuko Jasokundearen elizan ere koru errenazentistak aurki ditzakegu. Komentu-arkitekturari dagokionez, Orreagako, Fiteroko eta Iratxeko monasterioetan errenazimenduko lehen aldia baliatu zuten, oraindik ere gotikoaren eragina antzeman dakizkiokeen estilo sinpleetan eraikitako klaustroak eraikitzeko. Gainerako eraikuntzei dagokienez, eliza errenazentista sinpleak aurkitzen ditugu, bai egitura eta bai apaingarriei dagokienean, Lerin, Larraga, Ziga, Otsagabia, Erronkari, Milagro, Arguedas, Kaparroso eta Garesen, Nafarroan, eta Bastida eta Oionen, Araban.

Iparraldean ere, eliza txiki eta sinpleetan elementu gotikoen eta errenazentisten nahasketa izan zen nagusi, bereziki Zuberoako probintziako nekazal eremuan eraikiak. Herrietako biztanleriak gora egiten zuenean eraikitzen ziren egurrezko galeriak eta gurutze banaz azkendutako (erdikoa handiagoa zelarik) hiru dorrez osatutako kanpai-hormak ziren eliza hauetako bi elementu nagusienak. Interpretazio ezberdinen arabera, dorre hauen forma eta kokapena gurutze-bidearen edo hirutasunaren ikur ziren, Ingalaterrako elizaren eragina ere izan zitekeen arren, izan ere, lurralde hau sasoi ezberdinetan Ingalaterraren menpe egon zen. Halakoak dira Gotogeño, Undureiñe, Altzuruku eta Zalgizko elizak, eta aipatu kanpai-horma mantentzen dute.

Gipuzkoa eta Bizkaiari dagokionez, aipatu bezala, kostako bi probintzia hauen hazkunde ekonomiko eta demografikoari esker, bertako arkitektura harrigarriki garatu zen garrantziari eta kopuruari dagokionez. Garai gotikoan korronte berria kostako herrietan nabarmendu bazen, garai honetan barnealdeko herriak dira, batez ere, korronte honen eragina hartzen dutenak, bertako nobleziak estatuko administrazioan parte hartzen zuela baliatuz. Gauzak horrela, estilo honetako adibideak aurkitzen ditugun lehen herrian -Oñati (Gipuzkoa)- jaio zen eraiki ziren eraikuntzen mezenas, Rodrigo Mercado de Zuazola, Avilako gotzaina eta Gaztelako Gorteetako kontsultaria. Gipuzkoako herri honetako San Migel elizako klaustroa eta Errukineko kapera estilo errenazentistan eraiki ziren. Dena den, Bidaurretako monasterioa da Oñatiko erlijio-eraikuntza nagusia, komentu-elizen eskema klasikoari dagokiona, kontrahormen artean kapera baxuak dituelarik.

Komentu-tipologiaren barruan, trazatzaile berari zor dizkiogu hiru proiektu nagusiak, Frai Martin de Santiagori, zeinak Salamancako San Estebango ereduari jarraiki, Bilboko domingotarren Gizakundea komentua eta Donostiako San Telmo proiektatu zituen; San Telmo da bietan hobeto mantentzen dena, euskal arkitektura errenazentistako eraikin nagusietako bat. Bolumenari eta eraikuntzari so eta Trentoko Kontzilioak zehaztutako kontzeptu errenazentista soil eta landuago berri bati erantzunez, oso soila eta sinplea den monasterioa honetan, eliza nabarmentzen da, bertan, ojiba-arkudun estaldurak eta gurutze-gangak zilindro formako euskarriekin batera barneko espazioa bateratzen dute, halaber, klaustroa ere aipagarria da.

Gainerako elizei dagokionez, Bizkaian, garapenaren arkuaren itxura hartzen duten portada errenazentistak nabarmendu behar dira, Begoñako Andre Maria, Bilboko San Anton, Portugaleteko Andre Maria eta Zornotzako Abandoko San Bizente tenplu gotikoetara erantsiak. Bukatzeko, azpimarragarria da, halaber, Markina-Xemeinen kokatzen den Ziortzako Kolegio-klaustroa eta Balmasedako San Severino elizan dagoen Santo Cristo kapera, azken honetan, izar-gangak nabarmentzen direlarik.

Azkenik, Trentoko Kontzilioaren bitartez Eliza katolikoak bultzatutako ikuspuntu aldaketak, arkitektura estilo, soilagoa, irmoagoa eta monumentalagoa ekarri zuela nabarmendu behar da, euskal gotiko izenez ezagutzen duguna, hain zuzen ere. Ikuspuntu aldaketa honi esker, Euskal Herrian sasoi gotikoko elizen eredua, eta eredu hauen eta apaingarririk gabeko elementu errenazentisten arteko nahasketak berreskuratu ziren. Ondorioz aretozko oinplanodun elizak sortu ziren -zutabedunak izenez ere ezagunak-, honako ezaugarriekin: altuera handiko hiru nabe (nahiz eta nabeen artean ez zegoen alderik), gurutze-gangak, kanpoaldean kontrahormarik eta arbotanterik gabea, eta eredu errenazentistari dagozkion kapiteldun zutabeak.

Mota honetako elizak Bizkaian eta, batez ere, Gipuzkoan aurkitzen dira, garai horretan biztanleria hazkunde nabarmena eman zen herrietan, zeinaren ondorioz, espazioa bateratzeko joera hartu zen, edukiera, ikuspen eta akustika arrazoiak zirela-eta. Estilo honetan egindako eliza anitzen artetik Azpeitiko (Gipuzkoa) San Sebastian de Soreasu eliza nabarmendu behar da, bertako kasetoidura nerbioak dituen ganga trenkatuekin. Gainerakoek, apalagoak izan arren, euskal arkitekturako paisaiaren ikur bilakatzea lortu dute, bertikaltasunari eta kanpoaldeko prisma itxurari esker. Bizkaian, Lezama, Elorrio, Gernika eta Turtziozeko parrokiak nabarmendu behar dira eta Araba eta Nafarroan, Gasteizko San Bizenten, Cascanteko Jasokundean, eta Cintruenigoko San Joan Bataiatzailean baino ez ditugu estilo honetako adibiderik topatu ahal. Gipuzkoan, aitzitik, etengabe agertzen zaizkigu halako elizak paisaian zehar; Tolosan, Seguran, Idiazabalen, Azkoitian, Bergaran, Hernanin, Zumarragan, Eibarren, Irunen, Deban, Lezon, Oiartzunen eta Errenterian kokatzen dira adierazgarrienak. Nabe bakarreko elizek, bertikalki eraikitako eta espazio bateratua duten elizen hauen beste aldagai bat osatzen dute; nagusiki nekazal eremutan eta komentuetan eraiki ziren eta gehienek bizpahiru tramutako nabe laukizuzena izaten dute, kontrahorma bidez markatuak eta burualde zuzen edo zortzialdekoz amaitua; Gipuzkoan, Soraluzeko Andre Maria, Itziarko Andre Maria eta Orioko San Nikolas eliza dira mota hauen adibide.

Arkitektura zibilari dagokionez, garai honetatik mantentzen diren jauregi anitzez gain, lehen ospitaleak, unibertsitateak eta udaletxeak nabarmendu behar dira, gerra gutxiagoko garai oparoago baten adierazgarri. Tipologia honen garapenak erakusten digunez, herrietako botere zibila erlijio-boterearen sareetatik askatzen ari zen eta berezko eremua aldarrikatzen zuen nola gizartean hala hirien osaeran. Garai honetan euskal baserriaren tipologia ere zehaztu zen, izan ere, egungo baserriaren arkitektura-ezaugarriak XV. mende amaieran ezarri zirela uste bada ere, garai honetakoak dira topatutako lehen adibideak.

Tipologia orokorrari dagokionez, jauregia izan zen eraikin hedatuena eta hamaika egitura ezagutu ditu, nahiz eta erlijio-arkitekturan gertatu bezala, oinplano laukizuzenak eta apaingarri gabezia ziren irizpide nagusi, halaber, defentsa-izaera desagertu zen eta dorreak, eguterak, heraldikak, burdin hesiak, angeluetako zaintza-etxolak, teilatu-hegalak, eta, batez ere, goialdeko solairuetan bao ederrak eta logiak agertzen dira. Garai honetan Euskal Herrian bi jauregi mota hedatzen dira, trinkoa, barne ataririk gabea, atlantikoko isurialdean eta mediterraneo erakoa, barnean ataria duena, lurraldearen barnealdean.

Euskal Herriko lurralde guztietan aurkitzen ditugu arkitektura zibilari dagozkion adibideak. Nafarroan, Nafarroako Ospitale Orokorra -egungo Nafarroako Museoa, zeinetatik portada platereskoa mantentzen den-, Aio, Zangoza eta Tuterako udaletxeak, Lizarrako San Kristobal jauregia eta Tuterako San Adrian Markesaren jauregia nabarmendu behar dira, azken hau da ikusgarriena, mediterraneoko ereduari jarraiki eraikitako teilatu-hegal, arkuteria eta barne atariekin. Iparraldeari dagokionez, berriro ere deskribatu berri ditugun jauregi ereduetatik aldentzen gara eta trazaketa italiarrei jarraiki eraiki ziren aurki ditzakegun jauregi urriak -ia aztarnarik utzi ez dutelarik-.

Nabarmendu ditugun bi jauregi ereduei jarraituz, Gipuzkoan lehenengo ereduari dagozkionak -Carlos V jauregia, Hondarribian- nahiz bigarren ereduari dagozkionak -Narros Zarautzen eta Ubillos Zumaian- aurkitzen badira ere, adierazgarrienak Gasteizen topatuko ditugu. Bendañako jauregian, esaterako, barnealdea nabarmendu behar da, hiru solairutan antolatua eta eskuadrazko galeria-atari batekin. Erdiko atari lauki baten inguruan antolatutako oinplano laukizuzena duen Montehermoso jauregia, aitzitik, bazterretako lau dorreak nabarmentzen dira, eta Salinaseko jauregian arkitrabezko kanpo-galeria azpimarratu behar da, lau solairuz eta portada dintelduaz osatzen den egitura nagusia amaitzen duen hamar zutabe dorikoekin. Baina Eskoriatza-Eskibel jauregia da garai honetako jauregi garrantzitsuena; Carlos I-aren mediku, Fernan Lopez de Escoriazak agindutako eraikin honetan, oinplano laukizuzenaren perimetroa inguratzen duen kanpoaldeko kateadura nabarmentzen da; barnealdean, ataria hiru horma-arteren inguruan antolatzen da, bi solairutan, eta Italiako logien antza duten erdi puntuko arku konopialak ditu. Tipologia honekin amaitzeko, eragin mudejarra duen jauregi bat aipatu behar da Urolako eskualdean (Gipuzkoa). Adreiluz egindako egitura atlantikoa duen jauregi mota honen jatorria, XV. mende amaierako Loiolatarren dorrearen estiloan bilatu behar dugu; beranduago, errenazimenduan, Azpeitiko Antxieta jauregia eta Azkoitiko Froreaga egin ziren, azken honek galeria bikoitza duelarik.

Dena den, Euskal Herriko arkitektura zibilari dagokion adibiderik adierazgarrienetako bat beste eraikin mota batean bilatu behar dugu, unibertsitatean. Rodrigo Mercado de Zuazolak sortutako Oñatiko (Gipuzkoa) Sancti Spiritus unibertsitatean, Itailako errenazimenduko elementuak eta elementu gotikoak nahasten dira. Rodrigo Gil de Hontañoni trazagileari zor zaion eraikinaren diseinuak -eraikinaren gauzapena Domigo de Guerra maisu gipuzkoarrari zor zaio- bi solairutako oinplano laukizuzena dauka, erdiko atari batekin eta angeluetan dorreak dituelarik. Ataria da eraikinaren elementurik garrantzitsu eta bereizgarriena, zutabe korintiarren gainean sostengatzen diren bi arkuteria solairutan antolatuta.

Euskal baserriari dagokionez, bere egiturak jadanik Erdi Aroaren eragina jasan bazuen ere, garai honetakoak dira mantentzen ditugun lehen adibideak, non nahiz eta errenazimenduaren eragina jaso, aurrez aipatutako soiltasuna zen nagusi. Bi uretako estaldura duen tamaina handiko eraikin monolitiko lez lehen aldiz aintzat hartzean datza, sasoi honetako baserriaren fabrikazioak duen garrantziak. Ordura arte, nekazal ingurunean banaka eraikitzen ziren egurrezko eraikuntza multzo hauek -etxebizitza, ukuiluak, aletegia, garaia, dolarea- eta sasoi honetan guztia eraikin batean bateratzen da, lehenengo solairua harriz eta gainerako solairuak, egituraren sostenguak eta itxiturak egurrez egiten direlarik. Eraikin berri honetan gauzatzen ziren jarduera guztiak, gauzak horrela, garatuko ziren jardueren arabera egitura ere aldatu egiten zen, ondorioz, hiru baserri mota bereizten dira: bizkaitarra, gipuzkoarra eta lapurtarra. Zuberoako baserria da eraikin mota hauen salbuespena, izan ere, eremu honetan Pirinioetako etxeak bere eragina utzi zuen, bertan L formako oinplanoa txikiagoa da eta estaldura pikoagoa da eta arbelean eginda dago. Gainerako euskal baserrien oinplanoa laukizuzena da.

Arte plastikoei dagokienez, eskultura izan zen garai honetako protagonista nagusia. Berez, agirietan aurki daitekeen lehen euskal artista entzutetsua eta ospetsua -aurretik baziren beste batzuk, baina apenas gorde da haien daturik- garai honetako eskultore bat da, Juan Antxieta, hain zuzen ere. Eskultore honen obrek eta hark abiarazitako lanarekin jarraitu zuten dizipuluenak erromanismo izena hartu zuten; estilo hau euskal arteari bete-betan ez badagokio ere, Errioxa bezalako beste eremu batzuetan ere garatu zelako, euskal artearen berezitasun bat da, izan ere, garai hartan indar handia hartu zuen eta ondorengo sasoietan ere eraginak utzi dituelako. Edozein modutan ere, garai honetako euskal eskultura ez zen erromanismora mugatu eta beste estilo batzuk ere izan ziren.

Arkitekturaren arloan printzipio errenazentistak aplikatzen hastearekin batera, XVI. mende erdialdean, Gaztela, Frantzia eta Herbeheretatik etorritako zenbait eskultore lurralde honetara joan ziren, momentuko oparotasun ekonomikoa probestuz. Gehienak ospe handiko artistak ziren -Diego de Siloé, Pierres Picart, Beaugrant sendia- eta Euskal Herrian kutsu gotikoa zuen eskultura-estilo bat landu zuten, ondorioz apaingarritasunaren aldeko joera eta motibo ugaritasuna erakusten zuten. Obra aipagarrien artetik, honakoak nabarmendu daitezke: Gipuzkoan, Oñatiko Unibertsitateko eskultura-multzoa eta Oñatiko San Migel elizan kokatutako Rodrigo Mercado de Zuazolaren hilobia; Bizkaian, Bilboko San Anton eta Portugaleteko Andre Maria elizetako portadak, eta Balmaseda eta Markina-Xemeingo elizetako apaingarrizko elementuak.

Lehen fase honen eta erromanismoaren artean, trantsizio epe bat dago, bitarte horretan eskultura apaingarritasuna alboratuz joan zen eta klasizismo kutsu bat sumatzen zaio; garai honetan aurkitzen ditugu euskal eskultoreen lehen izenak, aurrekoen dizipuluak eta Antxietaren belaunaldirako bidea egokitzen dutenak. Hala, hurrengo lanak egin izana egiaztatzen duten agirietan Andres Araoz, Juan de Ayala, Esteban de Obray edo Pedro de Aponte bezalako izenak ageri dira: Gipuzkoari dagokionez, Eibarko San Andres, Zarautzeko Andre Maria eta Aiako San Esteban elizetako erretaulak eta Oñatiko San Migel elizako errukiñeren kapera, eta Nafarroan, Genevillako eta Oliteko San Migel elizetako erretaulak edo Iruñako eta Tuterako katedraletako aulkiteria.

Manierismoa izeneko Miguel Angel artista italiarrak errenazimenduaren azken fasean utzitako eragina abiapuntutzat harturik, Espainian, XVI. mende amaieran sortutako eskulturgintzaren korronteari erromanismo deritzogu. Fase honetan, aurreko faseetako apaingarritasun joerari muzin egin zitzaion eta sinpleagoak eta soilagoak izanik ere formaren aldetik adierazkortasun gehiago zuten eraketen aldeko apustua egin zen; halere, irudiek dinamismoa, mugimendua eta polikromiaren bitartez nabarmentzen eta indartzen den sentimendua erakusten dute. Protestantismoari aurre egin nahian, erromanismoak Eliza katolikoaren helburuak jarraitzen zituen eskulturgintza bezalako diziplina baten eta erretaula bezalako elementu baten bitartez, azken honetan, irudien irakurgarritasuna errazten duen ordena eta egitura zehatz bati jarraitzen zaio.

Erromanismoa, Italiatik barna iritsi zen Euskal Herrira, Gaspar Becerra eta Pedro Lopez de Gamizen eskutik. Haiekin prestatu zen Juan de Antxieta, eta modu horretan, artista erromanista belaunaldi oso bat sortu zen, tartean, besteak beste, Ambrosio Bengoetxea, Pedro Gonzalez de San Pedro, Jeronimo de Larrea, Joanes de Iriarte eta Martin Ruiz de Zubiate, ageri zirelarik. Estilo hau XVI. mende amaieran hasi zen garatzen eta XVII. mendean zabaldu zen, batez ere, Gipuzkoan eta Nafarroan. Lan garrantzitsuenen artean, honakoak nabarmentzen dira: Gipuzkoari dagokionez, Zumaiako San Pedro, Donostiako San Vicente eta Berastegiko San Martin elizetako erretaulak eta Alkizako parrokiakoa. Nafarroan, Agoitzeko parrokiako erretaula eta Caseda eta Tafallako elizetakoak.

Urregintzari dagokionez, diziplina honek garai honetan une oparoa ezagutu zuen, batez ere, Elizarentzako pieza ugari ordaindu zituen hirietako burgesiaren artean sortutako mezenasen zabalkundeari esker. Hasiera batean, ezaugarri nagusiak sinpletasuna eta doitasuna baziren ere, geroago, konplexuagoa bilakatu zen, bereziki, Europan garatzen ari zen estilo berriaren, barrokoaren, eragina iritsi zenean.

Pintura arteari dagokionez, eskulturgintzan gertatu ez bezala, garapen urriagoa izan zuen. Alde batetik, Kontrarreformak berak, eskulturaren eta erretaulen erabilera gomendatzen zuen bere fededunen artean doktrina barneratzerakoan; beste alde batetik, Europa iparraldearekin zabaldutako merkataritzari esker eskatzen ziren pintura arteak inportatzea ahalbideratzen zen -erraz garraiatu zitezkeen-, hori dela eta, Euskal Herrian pintura flamenkoaren adibide bikainak ikus ditzakegu. Modu honetan, dagoeneko XV. mendean geroztik eta merkataritza harremanei esker, Van Connixloo edo Van der Goes bezalako artisten obrak aurki ditzakegu, edota Metsysen lantegiak topa ditzakegu Gipuzkoako hainbat elizetan, Zumaiako San Pedro elizan eta Bergarako San Pedro elizan edota Aizarnako parrokian.

Ondorioz, XVI. mendean Euskal Herriak ekoizpen urria ezagutu zuen pinturari dagokionez, eta agertzen diren adibideak Espainiako erreinuko pintoreek egindakoak dira, Luis Morales, Juan Pantoja de la Cruz eta Alonso Sanchez Coellok, hain zuzen ere. Oritzen kokatutako Cruzatdarren jauregiko horma-pinturak dira salbuespena, bai gaiari dagokionez eta bai teknikari dagokionez ere, izan ere, grisailak dira eta guda eszenak irudikatzen dituzte, Carlos V enperadoreak tropa protestanteen aurkako batailak, zehazki. Obra honen egileen izenak ez ditugu ezagutzen, dena den, obraren kalitateak ez gaitu harritu behar, izan ere, eskultura erromanistak erretaulak polikromatzen zituzten pintoreak behar zituen, ondorioz diziplina hau garatu egin zen, nahiz eta obra sendorik ez lortu.

Barrokoaren garaian (izen honekin ezagutzen da Aro Modernoaren bigarren zatia), Euskal Herrian, Europan gertatu bezala, XVII. mende zaila eta gatazkatsua bizi izan zen. Erlijioaren beheraldiari krisi ekonomiko sakona eta estatuak zorretan sarrarazten zituzten Europako monarkien arteko gerra etengabeak erantsi behar zaizkio. Gainera, sasoi honetan, ohikoak ziren gizarteko hiru estamentuetako kideen arteko borrokak -monarkia, noblezia, Eliza, burgesia, artisauak eta nekazariak-, ondorioz ezegonkortasuna izan zen nagusi.

Horrenbestez, halako egoera gatazkatsuan, ez da harritzeko artearekiko gustu berri bat sortzea. Gauzak horrela, sasoi honetan Elizak ekimena berreskuratu zuen eta bere erlijio-ordenen bitartez -jesuitak, kaputxinoak, karmeldarrak-, sentimenduak eta emozioak baliatuz herritarrarekin komunikazio zuzena bilatzen zuen estilo berri bat sustatu zuen. Dinamikoagoa eta adierazkorragoa zen estilo berri honek, Eliza katolikoa gizartearengana hurbildu nahi zuen, gortesauengandik eta herritarrengandik gertuago kokatzen zen proposamen artistiko baten bitartez. Hori dela eta, barrokoa estilo heterogeneo bilakatu zen, diziplina artistiko bakarrean ere ezaugarri formal kanonikorik gabea; aitzitik, irizpide orokor batzuk abiapuntutzat hartuz, eremu edo eskualde bakoitzak, artista edo eskola bakoitzak, askatasunez jardun zuen eta espazio eta garai bakoitzari egokitutako lengoaia artistiko bat garatu zuen. Bide honetatik, lengoaia berri honen jarraibideak Elizak ezarri bazituen ere, botere zibilak baliatu zuen egoera hobekien, estilo berrian herritarrengana iristeko eredu ideala ikusiz eta Elizak hedatutako sinbologiari aurka eginez.

XVII. mendea Euskal Herrian ere gatazkatsua izan zen. Aurreko sasoian aurrerapen ekonomikoaren sostengu ziren zutabeak krisian murgildu ziren eta atsekabe orokorra estamentu guztietara zabaldu zen. Erlijio-ordena berriek estilo barrokoa sustatu zuten erlijio katolikoa fededunengana hurbildu nahirik. Dena den, barrokoak Europa eta Euskal Herrian izandako arrakasta garaiaren berezko ezaugarriei ere zor zaio, zalantzaz betetako garaia zen, ondorioz arte emozionalagoa, dinamikoagoa eta adierazkorragoa sortu zen.

Euskal Herrian barrokoa XVII. mende amaieran hasi zen finkatzen eta XVIII. mendean zehar hedatu zen. Garai honetan arkitektura diziplina artistiko garrantzitsuena zen artean, eta pinturak eta eskulturak atzera pausu nabarmena pairatu zuten krisi ekonomikoak eraginda. Ondorioz, orokorrean garai errenazentistan baino obra gutxiago mantentzen ditugu eta gainera kasu askotan, barrokoa bigarren mailako eraikuntza-elementutara mugatu zen, nahiz eta hauek ere garrantzitsuak izan, portadak eta, batez ere, kanpandorreak, esate baterako. Edozein kasutan ere, eraikin berrien adibide bikainak ere aurkitzen ditugu, arkitektura zibilaren garapen berezi batez gain.

Beraz, beste behin, errenazimenduarekin gertatu zen moduan, estilo barrokoak ibilbide laburra izan zuen gure lurraldean. Hori dela eta, orain ere ezin dugu euskal barrokorik aipatu, izan ere ez da ezaugarri berezirik hautematen. Halere, egin zitzaion interpretazioan, beste behin gehiegikeriarik gabekoa eta apaingarritasunaren aldeko joerarik gabea ageri zaigu. Eta estiloak laster neoklasizismoarengan ordezkoa bilatu bazuen ere, barrokoak arte-ondarearen adibiderik onenetakoak utzi dizkigu.

Estilo barrokoan, arkitektura apaingarrien pilaketarekin lotu ohi da. Baina, barrokoak ez zuen gizartearengana eraikinetan apaingarriak erabiliz soilik gerturatu nahi, herritarrak artea eta bizitza ulertzeko modu berrira gerturatzeko asmoz egindako forma eta egiturazko eraketa konplexuekin -oinplanoak, aurretiko bistak, espazioak- ere, gizartea hunkitu nahi zuen.

Erlijio-arkitekturari dagokionez, nahiz eta beste garai batzuekin alderatuz, eraikin gutxiago eraiki, oraindik eraikin garrantzitsuak eraikitzen ziren elizaren beharrizanak asetzeko. Hala, garai barrokoaren hasieran zehar Euskal Herriko herri nagusietan hainbat komentu finkatu zirela nabarmendu behar da. Gainera, aldez aurretik eliza garrantzitsuak zituzten herrietan, portada berriak eta, batez ere, kanpandorreak erantsi zitzaizkien, eraikinak Elizak markatutako helburu sinboliko berrietara egokitzeko xedez; horregatik, arreta berezia eskaintzen diegu kanpandorreei, izan ere, eraikin mota hau Euskal Herriko arkitektura-paisaian barneratzen den arkitektura-elementu nagusietako bat da.

Euskal Herriko barrokoaren ezaugarriei dagokienez, espazioaren ikuspuntu berriak garaiz txertatu zirela esan daiteke, erlijio-ordena berriek hainbat komentu finkatu baitzituzten. Eraikin hauetako elizetan arkitektura barrokoaren lehen ezaugarriak ikus ditzakegu: laukizuzen batean gurutze latindarra inprimatua daramaten oinplanoak, burualde zuzena, alboko kaperak kontrahormen artean eta koru garaia elizaren aurrean. Barnealdeari dagokionez: luneta-gangaz edo kanoi erdiko gangaz estalitako nabe bakarra dago, kupuladun gurutzadura petxina gainean kamonatua, eta alboko kaperek ertz-gangak dituzte. Kanpoaldean aldiz, frontoi batekin amaitutako lau angeluko fatxadak nahiz kutsu eszenografiko eta urbanoa izanik, fededunak erakarri nahi dituzten portadak aurki ditzakegu.

Lurraldeei so, estilo honi dagokionez ezberdintasun nabarmenak daude Euskal Herriko probintzien artean. Eraikuntza-berrikuntza nagusienak Gipuzkoan eman ziren, Bizkaian ere berrikuntzak sartu zirelarik; tipologia eta egitura ikuspegitik nahiz apaingarriei dagokienez, bi lurralde horietan aurki daitezke obra eta berrikuntza adierazgarri gehien. Berez, kostako bi probintzien artean ere bada ezberdintasunik, hala, Gipuzkoan, Euskal Herriko eraikuntza garrantzitsuenak -Loiolako basilika- egiten zuen itzalaren ondorioz, barroko joera gehiago duten proposamenak egin ziren, formari kutsu plastikoagoa emanez; Bizkaian, ordea, barrokoak ez zuen hainbeste apaingarri izan. Nafarroa, Araba eta Iparraldeari dagokienez, askoz eraikin gutxiago eraiki ziren, izan ere, beste garai batzuetako eraikinak egonik ez zen berrien beharrik, hori dela eta, estilo barrokoan elementu osagarriak eraiki ziren nagusiki, portadak, kanpandorreak eta kaperak, hain zuzen ere.

Beraz, estilo barrokoan erabat egindako eraikinei dagokienez, erretaula klasizista formako portada duen Bastidako Jasokundeko Andre Mariaren eliza, eta Iruñako Karmeldar Oinutsak, Corellako Gizakundea, Bianako San Frantzisko eta Lizarrako Kontzepzionista Errekoletoen komentuak nabarmendu behar dira Nafarroa, Araba eta Iparraldean; komentu hauen fatxadetan Il Gesú, eliza erromatarraren eragina nabari da, eta Gasteizko San Antonio komentuak Madrileko Gizakundearen komentuko fatxada klasizistaren eragina jaso zuen, kutsu herreriatar argiekin, bere eliz atarian esaterako.

Hiru lurralde hauetan XVIII. mendekoak diren gainerako eraikinetan, barrokoaren eragina antzeman dezakegu elementu apaingarrietatik haratago. Hala, Araban, Aguraingo San Joan elizan eta Tuterako katedraleko Santa Ana eta Espiritu Santu kaperetan, Nafarroan, apaingarri naroaz gain, hausturak eta dinamismoak topa ditzakegu formetan. Espazioei dagokienez, Nafarroan, Tuterako Mariaren Lagunartea elizak oinplanoa oktogonala dauka, Milagroko Zaindaritzaren elizak, guretze grekoa inprimaturik duen oinplano eliptikoa du. Dena den, portadetan hauteman daitezke erlijio-arkitektura barrokoaren adibiderik onenak, Sorladako San Gregorio Ostiense basilika nabarmentzen delarik, Nafarroan, exedra forman eta esfera laurden batekin amaitua.

Bizkaian ere, erlijio-ordena berriek eraikitako komentuen bidez barneratu zen estilo barrokoa. Bilboko Santos Juanes eliza da eraikin interesgarrienetako bat, Euskal Herrian Il Gesúren ereduari jarraitu zion lehen tenplua; barnealdean, zantzu errenazentistak mantentzen ditu, altuera ezberdinak dituzten hiru nabeko oinplanoarekin, baina elementu barrokoak ere badira bertan, gurutzadura eta, haren gainean, petxinak dituen kupula bat, esaterako. Oinplano eredu hau Uribarriko Durangoko Andre Mariaren elizan, Urduñako Familia Santuaren elizan eta Markina-Xemeingo Karmengo elizan ere aurki dezakegu. Portadei dagokienez, Bilboko, Güeñes, Turtzioz eta Gizakundea elizek Escorialeko ukituak dituen eskema sinpleko portadak dituzte. XVIII. mendean Bilboko San Nikolas de Bari eliza nabarmendu behar da, espazio kontuetan adibiderik onenetakoa zalantzarik gabe, oktogono bihurtutako lauki batean txertatutako gurutze grekozko oinplano batekin eta kupula batekin. Portadei dagokienez, Balmasedako San Severino elizan dagoena, eta Durangoko Uribarriko Andre Marian egurrez eraikitako eliz ataria eta Bilboko Santiago elizan harriz eraikitakoa nabarmendu behar dira.

Halere, Gipuzkoan aurki ditzakegu eraikin barroko gehien eta garrantzitsuenak. Lurralde honek, hazkunde ekonomiko eta demografiko handiagoa ezagutu zuen. Azkoitiko Santa Clara komentua izan zen estilo barrokoaren eragina jasotzen lehenengotakoa. Komentu honek, lehen estiloaren tipologiari eusten dio, eraikuntza soila du eta fatxadaren tipologiari dagokionez, laukizuzena da, erabateko biluztasunez gauzatua. Gurutze latindar oinplanozko komentuen eredua eta apaingarrien tradizio klasizista, Alegia eta Pasai Donibaneko parrokietan ere gauzatu zen, eta baita Getaria, Errenteria eta Segurako elizetako portadetan edota Donostiako San Vicente elizako portadan.

XVIII. mendean, Gipuzkoa, bere esanahia zela-eta Euskal Herriko aldi barrokoko eraikuntza garrantzitsuena izango zen eraikin batek baldintzatzen du. Loiolako basilikaz ari gara, barroko erromatarrarekin duen lotura dela-eta eraikin berezienetakoa dena, inguru hauetan oso ezohikoa. Italiako Carlo Fontana arkitektoak, Berniniren dizipuluak, diseinatu zuen eraikuntza hura eraikitzeaz lan-maisu euskaldun ugari arduratu ziren, horien artean Martin de Zaldua, Sebastian de Lecuona eta Ignacio Ibero nabarmendu behar dira; Basilikan parte hartu zuten artista hauek eta beste hainbat artista euskaldunek, apaingarritasunari soilik zegokion proiektu batean, multzoaren oinplanoak aldatu zituzten, Euskal Herrian garatzen ari zen estilo barrokoaren sotiltasunera egokituz. Basilika da multzo guztiko eraikin garrantzitsuena, bertan, sarbide eskalinata, eliz atari ganbila, errotonda formako oinplano zentralizatua eta kupula izugarria nabarmentzen dira, azken honek gainera, haren baitako dorreen artean tiranteak ditu. Loiolako basilikak utzitako eragina oso garrantzitsua izan zen, hala, Bilboko San Nikolas de Bari elizak eta Andoaingo San Martin de Tours elizak, Loiolako basilikaren eragin hori erakusten duten elementu apaingarriak dituzte.

XVIII. mendean Gipuzkoan eraiki ziren elizen artetik, Donostiako Koruko Andre Mariaren basilika da interesgarriena, bertan, aretozko oinplanoa nabarmentzen da, altuera bereko hiru nabeekin eta ganga gotikozko estaldurarekin. Segurako Jasokundea, Azkoitiko Andre Maria, Oñatiko San Migel eta Hernaniko San Joan Bataiatzailea elizateko portadak ere Gipuzkoan mende honetan egindakoaren adibide paregabeak dira. Horietan, fatxada laukizuzena, triangelu formako frontoi bat sostengatzen duten eta arku bat osatzen duten bi pilastraz barneratzen da. Pasaia San Pedroko elizari dagokionez, bertako portadaz gain, hiru nabeko aretozko oinplanoa nabarmendu behar da, eta orokorrean, neoklasizismora hurbiltzen gaituen kubo formako bolumena bera.

Erlijio-arkitekturarekin amaitzeko, Euskal Herriko paisaia arkitektonikoa osatzen duten elementu arkitektoniko bereizgarrienetako bat kanpandorrea dela azpimarratu behar da. Hasiera batean, elizetako kanpaiak kokatzeko eraikiak, dorre mota hau aldi barrokoan zehar eliza katolikoaren ikur eta euskal gizartearen gain zuen boterearen ikur bilakatu zen. Berez, kanpandorreek kanpai-hotsen bitartez egunerokotasuna antolatzen zuten.

Kanpandorrea lau ataletan antolatzen da. Lehenik eta behin oina dago, bazter bakoitzean pilastra banaz apaindutako oinplano koadro bat du eta haren gainean altxatzen da lehen gorputz baxu hau. Jarraian, bigarren gorputza dago, bertan, kanpaiak kokatzen dira eta honek ere angeluetan pilastrak erakusten ditu eta pinakulu apaingarriz hornitzen da. Ondoren taulamendua, erlaitza, eta zenbaitetan, balaustrada kokatzen dira, hauek hirugarren gorputza osatzen dute eta beste bi ataletan agertzen den dekorazioa aurki daiteke. Azkenik, eraikina, kanpaien gorputzak daraman dekorazio berdina (apaingarri gutxiagorekin) daraman linterna batekin bururatzen den kupula batekin bukatzen da.

XVII. mende amaieran eraiki ziren lehen kanpandorreak eta oso sinpleak izan ziren dekorazioari nahiz egiturari dagokionez, azken hau Escorial tradizioko kubo soilekin gauzatua; garai honetakoak dira Araban, Kanpezu, Bilar eta Bastidako dorreak, Markina-Xemein eta Portugaleteko dorreak Bizkaian eta Eibarkoa, Gipuzkoari dagokionez. Dena den, Euskal Herriko paisaia arkitektonikoan garrantzitsuenak eta adierazgarrienak diren dorreak XVIII. mendean eraiki ziren. Dorre hauek deskribatu berri dugun tipologiari jarraitu zieten eta agerian geratzen da Loiolako basilikaren egitura eta dekorazioak utzitako eragina. Gipuzkoan aurkitzen dira kanpandorre azpimarragarrienak -Elgoibar, Andoain, Tolosa, Eskoriatza, Bergara, Hondarribia, Ordizia, Usurbil, Hernani, Ibarra, Aretxabaleta, Aretxabaleta-, beste lurraldeetan ere adibideak ikus ditzakegun arren. Hala, Bizkaiari dagokionez, Portugaletekoa, Elorriokoa, Otxandiokoa, Durangokoa, Balmasedakoa, Ermuakoa eta Gezalakoa dira aipagarri, Araban Gasteizko San Migel eta San Pedro elizetakoak eta Lesakan aurki daitekeena Nafarroan. Azken lurralde honetan, Erriberan, bestelako kanpandorreak aurki daitezke. Hauek, materialari eta egiturari dagokionez, tradizio mudejarraren ondorio dira; modu honetako dorreak aurki ditzakegu, Villafrancako Santa Eufemia elizan, San Julian eta Santa Basilia elizetan Andosillan, Santiago elizan Funesen, Desojoko Andre Maria elizan eta Tuterako katedralean.

Aldi barrokoan arkitektura zibilak garrantzia gehiago hartu zuen erlijio-arkitekturak baino, izan ere, eraikin kopurua handiagoa izateaz gain, bertan, gizarteak bere beharrizan eta kezkak islatzen zituen arkitektura islatu ahal izan zuen, eliza-agintariek adierazitako jarraibideen baitan ibili beharrik gabe. Jauregiak eta, batez ere, udaletxeak izan ziren garai honetako arkitektura zibila osatzen zuten eraikuntzak. Beranduago aztertuko dugu hauen tipologia.

Estiloari dagokionez, soiltasuna eta monumentaltasuna izan ziren arkitektura zibil barrokoaren ezaugarri; berez, elementu apaingarriak XVIII. mendean soilik barneratu ziren. Eraikin zibil barrokoak oinplano laukizuzena, exentua eta aglomeratua, eskailera-kaxa, teilatu-hegal monumentalak, egutera eta lorategia ditu. Fatxadan, inposta-lerroz eta hiru bao-ardatzez (erdikoan balkoia eta armarria kokatzen da) bereizitako hiru motako eskema errepikatzen da. Jauregiei dagokienez, gehienak ez zituen antzinako euskal noblezia lur-jabeek eraiki, noblezia berriak eta merkataritzari, koroan zituzten kargu administratiboei eta Amerikako egonaldiari esker aberastutako burgesiak baizik; hala, garai honetan zein beste garai batzuetan eraikitako jauregi asko indianoek, Ameriketan pilatutako aberastasunarekin euren jatorrira itzultzen zirenean, agindutakoak ziren.

Nafarroan eta Araban, garai honetako jauregi gehienak XVIII. mendean eraiki ziren, Arabari dagokionez Zurbanon kokatzen den Otazutarren jauregia, Zalduondoko Larrañaga jauregia eta Gasteizko Almeda nabarmendu behar dira. Nafarroan, Iruñako apezpiku-jauregia, Miranda-Argako Colomo jauregia, Barasoaingo Azpilikueta jauregia, Tuterako Uharteko Markesaren jauregia, Oieregiko Reparacea jauregia, Elizondoko Arizkuena jauregia, Iruritako Gaston de Iriarte jauregia eta Corellako Kateen etxea nabarmentzen dira; azken hau adreiluz eginda dago eta dekorazio geometrikoa eta paramentuetako pilastrak nabarmentzen dira.

Bizkaiari dagokionez, Elorrioko Jara eta Tola jauregiak azpimarratu behar dira eta, batez ere, Ermuako Valdespina jauregia, izan ere XVIII. mendean eraikitako jauregi honek, Itailako eragina erakusten du, kupulaz estalitako barneko eskailera edo galeria bikoitza bezalako elementuekin. Gainerakoan, probintzia honetan Gueñeseko Hurtado de Amezaga, Mallabiko Arana , Markina-Xemeingo Solartekua, Balmasedako Urrutia, Lezamako Larrako, Lekeitioko Uriarte eta Ispastergo Zubieta jauregiak nabarmendu behar dira, azken honetan, bere kupulak eta dorrez hornitutako fatxadak dinamismo handiago bat ematen dute.

Gipuzkoan garai honetan eraikitako jauregi ugari topa daitezke. Garrantzitsuenak probintziaren barnealdean daude, eta, batez ere, haien soiltasuna eta bai egitura mailan eta bai apaingarriei dagokienez, elementu barroko adierazgarrien gabezia ditu ezaugarri. Segurako Lardizabal jauregia, Azkoitiko Insausti eta Florida, Tolosako Idiakez, Mutrikuko Montalibet, Usurbilgo Saroe eta Atxaga, Urretxuko Ipeñarreta, Arrasateko Monterron Kondearen jauregia, Aretxabaletako Arratabe, Zarautzeko Portu eta Hondarribiako Zuloaga jauregiak azpimarratu behar dira, besteak beste. Lazkaoko Lazkano da garai honetako jauregi bitxiena, bere sinpletasun eta monumentaltasuna dela-eta; Kortetako escorialeko soiltasunari jarraituz eraiki zen XVII. mendean eta bere atari laukia eta fatxada klasizista nabarmentzen dira jauregian.

Jauregiaz gain, udaletxea izan zen garai honetako arkitektura zibilaren adibiderik arrakastatsuena. XVI. mendeaz geroztik Euskal Herrian udal-boterea indartzen hastearen ondorioz, baliabide ekonomiko gehien zuten herriek eraikin berriak egin zituzten, kontsistorioak zituen zereginak jorratzeko. Dena den, ez zen hau izan eraikin mota hauek eraikitzeko arrazoi bakarra; soiltasuna ezaugarri badute ere, kontsistorioak erlijio-boterearekin lehiatzeko nahia ageri da udaletxeengan, hainbeste non, eraikin hauek fisikoki herriko plazan bertan eraikitzen baitzituzten. Gogoan izan behar da, aurreko garaietan udalbatzak elizetan egiten zirela, ondorioz, orain, eraikin berri bat eraikitzeko aukera eta borondatea dagoelarik, alde batetik, udalerriak duen beharrizan bat betetzen da eta, beste alde batetik, erlijioari botere zibila kentzen zaio.

Udaletxeek egitura eta antolamendu sinplea dute. Hala, arkupean dagoen beheko solairua herritarrekin egingo diren zereginetara bideratua dago, lehen solairuan kokatzen da estantzia nagusia, oso bilkuren aretoa eta bandera jasotzeko erabiltzen zen balkoi jarraitua, hain zuzen ere, gainera, agintariak balkoi horretatik zuzentzen ziren herritarrengana. Normalean azkena izaten zen bigarren solairuan, bulegoak eta artxibategia kokatzen ziren, udalerriko armarriarekin eta erlojuarekin batera. Kanpoaldetik eraikin soilak ziren apaingarri askorik gabeak; honakoak dira normalean aurki daitezkeen elementuak: pilastrak, balkoi bakoitzean frontoi txiki batzuk eta eraikinaren zati gorenean, udalerriko armarria babesten duen hiruki formako frontoi bat.

Hona hemen XVII. mendean eraiki ziren lehen udaletxeen ezaugarriak: trazaketa sinple eta funtsezkoak, arkuperik gabeak, eta planteamendu errenazentista eraikinaren egituran; Gipuzkoari dagokionez, Bergara, Zestoa, Oiartzun, Aretxabaleta eta Errenteriako udaletxeak nabarmen daitezke garai honetan. XVIII. mendean egindako udaletxetan, deskribatu berri diren ezaugarri guztiak aurkitzen ditugu, mende honetan honako udaletxeak nabarmen daitezkelarik: Arabari dagokionez, Bastida, Arespalditza, Aramaio, Eltziego eta Araiako udaletxeak; Nafarroari dagokionez, Biana, Bera, Lesaka eta Iruñako udaletxeak; Bestalde Bizkaiari dagokionez, Balmaseda, Bermeo, Otxandio, Orozko, Durango eta Lekeitioko udaletxeak nabarmendu behar dira, eta Gipuzkoan Elgoibar, Andoain, Alegi, Oñati, Asteasu, Astigarraga, Azkoitia eta Arrasateko udaletxeak dira estilo honen adierazgarri.

Garai barrokoan pinturak eta eskulturak atzera pausu aipagarria eman zuten krisi ekonomikoaren ondorioz eta arte-sorkuntzarako bildutako dirua arkitekturan erabiltzea lehenesten zelako, izan ere, arte adierazpen hau lagungarri suertatzen zitzaien, bai erlijio botereari eta bai botere zibilari sozialki garrantzia lortzeko asmoan.

Horrenbestez, Euskal Herriko eskultura barrokoak ez zuen errenazentistak lortutako garrantzia eta osperik erdietsi, eta sarritan, Espainiako beste zonalde batzuetan zeuden lantegietara jo behar izan zen. Berez, XVII. mendean nagusi izan zen estiloa erromanismoaren segida baino ez zen izan, eta Juan Antxietaren jarraitzaileak izan ziren sasoi honetan nagusi. Ondorioz, dinamismoa, adierazkortasuna, apaingarrien pilaketa eta konplexutasuna ezaugarri zituen estilo barroko berria ez zen XVIII. mendera arte iritsi.

Are gehiago, XVII. mendean, Euskal Herrian aldi errealista bat ere izan zen, bertan Gregorio Fernandezen lanak utzitako eraginaren ondorioz; Valladolideko eskultoreak hainbat erretauletan esku hartu zuen, horien artean azpimarragarriak dira, Gasteizko San Migel elizako erretaula Araban eta Bergarako San Pedro elizakoa Gipuzkoan. Bestalde, Hernaniko San Joan Bataiatzailearen elizako erretaulan eta Oiartzungo San Esteban elizakoan, Gipuzkoan biak ere,. erromanismoaren eragina hauteman daiteke oraindik. Nafarroan, Bianako Andre Maria elizako erretaula, Carcargo San Migel elizakoa eta Los Arcoseko Andre Maria elizakoa nabarmendu behar dira garai honetan.

XVIII. mendeko lehen erditik aurrera, euskal eskultoreen belaunaldi berri bat agertzen da -Felipe de Arizmendi, Juan Bautista de Suso, Juan de Apeztegui, Martin Bidatxe- eta ezaugarri barroko batzuk txertatzen dituzte hainbat obretan, esate baterako, Oñatiko San Migel eta Andoaingo San Martin elizetako erretaulan Gipuzkoari dagokionez eta Donibane Lohitzuneko parrokiako erretaulan, Iparraldean.

Dena den, benetako aldaketa XVIII. mendeko bigarren erdian eman zen Churrigueratarren lantegia Euskal Herrian lan egiten hasi zenean. Modu honetan, gure lurraldera rococo estiloa iritsi zen. Estilo honetan apaingarritasuna apur bat urritzen da eta erretaularen egiturari ezegonkortasun eta mugimendu gehiago ematen zaio, izan ere, lerro zuzenak eta kurbak nahasten dira eta frontoi zatikatuak, apur bat ateratako erlaitzak eta moldura gainean sostengatzen diren zutabe konplexuak erabiltzen dira. Estilo honetan, Churrigueratarrez gain, euskal eskultore ugarik ere parte hartu zuten -Tomas de Jauregui, Francisco Vergara, Miguel de Yrazusta- honako erretauletan: Elorrioko Andre Maria elizakoan Bizkaian, Leringo Jasokundearen elizakoan eta Lesakako san Martin elizakoan Nafarroan eta, Gipuzkoari dagokionez, Oñatiko Bidaurreta monasterioko elizetako erretaula nagusietan, Loiolako Basilikan, Pasai Donibaneko San Joan Bataiatzailea elizan eta Donostiako Andre Maria elizan.

Pinturari dagokionez, krisi ekonomikoa gehien pairatu zuen diziplina artistikoa izan zela esan behar da. Hori dela eta, mantentzen diren adibideak, ugariak ez izateaz gain, gehienak Europako beste zonalde batzuetatik hartutakoak dira. Gaiari dagokionez, erlijioak du indar gehien, izan ere, bai euskal nobleziak eta bai euskal burgesiak elizetara emateko agintzen zituzten obrak.

Euskal Herriko museotan pintore espainiar barroko ugari ageri da, horien artean, Jose de Ribera, Francisco Zurbaran, Mateo Cerezo, Alonso Cano, Antonio Pereda eta Juan Carreño de Mirandaren lanak nabarmendu behar dira. Baina Euskal Herrian atzerriko pintoreak ere aritu ziren, hori da Pedro de Obrel flandestarraren kasua, dena den, garai errenazentistako adibideak dauden bezalaxe, garai honetako adibiderik ez da geratzen. Berez, Vicente Berdusan nafarra izan zen euskal pintore barroko aipagarri bakarra. Erlijioaren gaiari jarraituz egin zituen bere koadroak eta, bertan, argiaren efektua eta azterketa atmosferikoa nabarmentzen dira, lerro klasizista bati jarriki. Dena den badakigu beste euskal pintore batzuk ere, Antonio Gonzalez Ruizek eta Ignacio Huartek, Espainiako beste lantegi batzuetan lan egin zutela, erlijio-eszenak eta paisaiak eginez.

Baina panorama eskas honek ez du esan nahi Euskal Herrian beste pintura lanik egin ez zenik. Berez, mantentzen diren aztarnei esker, badakigu, eliza askotan, erretaulak agintzeko adina baliabide ekonomikorik ez zegoenean, eliza pintura bidez apaintzen zela, eta beranduago erretaulekin edo bestelako apaingarriekin ordezkatzen zirela pintura horiek. Aztertu ditugun jauregi batzuetan ere, pintura muralak egin ziren, baina gehienak ez dira mantentzen; Gipuzkoan dagoen Ordiziako Barrena jauregiko pinturetan ikus daiteke adibide eskas bat; bertan, motibo geometriko eta loredunak baliatuz egindako dekorazioa da nagusi, eta ohiko erlijio gaietatik urruntzen hasten diren gaiak ikus daitezke, horrek, artearen zimenduak aldatu zituen sentiberatasun artistiko garaikide berri bat zetorrela adierazten du.

1789tik aurrera gizadiaren historian Aro Garaikidea deritzogun eta egun arte iristen den aro berri bat hasten da. Aro honen hasiera historia-gertaera garrantzitsu eta sinbologia betez jantzitakoaz bideratzen da: Frantziar Iraultza. Hirugarren estamentuaren matxinada -burgesiak, eskulangileek eta nekazariek eratutakoa- Antzinako Erregimenaren oinarrien aurkako zuzeneko eraso garbia izan zen. Baina horrekin, gizartearen antolaketa bakarrik ez ezik, baita Elizak, nobleziak eta monarkiak zeukaten boterearen monopolioa ere zalantzan jartzen ziren. Izatez, aldaketaren hasiera frantziar Iraultzaren eztanda baino arinagokoa izan zen; aldez aurretik, burgesiak industria Iraultzaren bitartez ekonomia-aldaketa hasia zeukan eta, beraz, iraultza politikoa antzaldaketa askoz sakonago baten emaitza izan zen. Aro Modernotik Aro Garaikidera arteko aldaketa, ostera, ez zen baketsua izan; lehenengoz eta behin absolutisten -Antzinako Erregimenaren aldezleak- eta liberalen -burgesia- arteko aurkakotasuna, eta, geroztik, liberalen euren arteko aurkakotasun garbiak, XIX. mendean zehar Europa guztia astindu zuten istilu eta guda ugari sortarazi zituen.

XX. mendeko lehen erdian zehar, munduak mugimendu iraultzaileak, mundu-gudak eta ekonomia-krisialdiak jarraian izan zituen aldi aztoratua bizi izan zuen; izatez, langileen mugimenduak botereaz jabetzeko euren lehendabiziko ahaleginak egiten zituzten bitartean, europar estatu batzuetan erdi mailakoek sistema parlamentarioek bertan behera utzi eta faxismoaren alde ekiten zioten. Mugimendu, iraultza eta boterearen aldaketa horien guztien atzean ekonomia-egoera nabarmen zegoen; mundu mailako ekonomia kapitalista lehen mundu gudan (1914-1919) amaitu zuen norgehiagoka zurrunbilo baten sartu zen; gai honek, hogeita hamar urte beranduago, bigarren mundu gudan (1939-1945) izan zuen bere jarraipena. Istilu bi horien artean dagoen tartean, kapitalismoak bere historia guztiko ekonomia-krisialdirik txarrena bizi izan zuen, Nueva Yorkeko burtsaren krisialdiak 1929an eragindakoa alegia.

Bigarren mundu guda amaitutakoan, mundua, maila politikoa eta gizarte zibila ekonomia-norgehiagokak eta krisialdia saihesteko mekanismoak -artean giza-ongizatearen Estatua- sortzen ahalegindu zireneko aldi berri baten sartu zen. Hala ere krisialdiak ezin eragotzi izan ziren, mundua guda otzaren eztandaren ondoren bi bloketan zatituta gelditu baitzen. Garai honen beste ezaugarri bereizgarrienetariko bat deskolonizazio-prozesua izan zen; europar kontinenteak bere koloniak galdu egin zituen eta, beraz afrikar eta asiar kontinentean herri berriak sortu ziren, estatu-kopurua bikoiztea ekarriz. Aro hau beste krisialdi berri batez bukatu zen, 1973an izandako petrolioaren krisialdia izenekoaz alegia.

Laurogeigarreneko hamarkadatik aurrera, guda hotza amaitu zenean, ekonomia kapitalista berriro ere aro liberal baten -neoliberalismoa- aurkitzen den eta herri aberats eta txiroen arteko desberdintasunak areagotu besterik egin ez diren hirugarren aro baten sartuak gara. Bestalde, zientzia- eta teknologia-iraultzak etengabeak dira, eta beraz, gizartea harrigarrizko abiadan antzaldatu eta aldatzen doa, aurrerabide horiek guztiak, oraingoz behintzat, gizarterik garatuenei berezitasunez eragiten dien arren. Batzuk aro hau globalizazioaren aro bezala izendatu dute, antzina banatzen gintuzten tarte eta aldeak ikaragarri gutxitzen baitaude, nahiz eta, berriro ere, horrelakorik biztanleriaren zati bati bakarrik gertatzen zaion.

Gertakizun horiek guztiak, gainera, ikaragarri azkar gertatu dira. XIX. mendearen erdi ingurutik, politika-, ekonomia- eta zientzia-iraultzen baturaren eraginez bizitzak eraldaketarako gaitasun zorabiagarria lortzea ekarri du. Elementu berri honek gizartearen arlo guztietan eragin izan du eta, beraz, kulturan ere eta, zehatzago esate aldera, artean. Horregatik, beste garai batzuetan izandako estilo-homogeneitatea desagertu egin da, eta etengabeko aldaketa-prozesuan den gizarte baten beharrizanei erantzute ahalegina egin duten ugari, ondoz ondoko eta, sarri askotan, aldibereko arte-mugimenduak sortu dira. Beraz, artistek ordura arte erabilitako lengoaiak bertan behera utzi beharraz eta egin beharraz jabetu izatera iritsi ziren, euretariko bakoitzaren berezitasuna adierazi zezaten forma berriak sortzearen alde ekinaz zeren, azkenik, euren sormenerako gaitasuna askatua izan baitzen.

Hortik eratortzen dira XIX eta XX. mendeetan eman eta XXI. mendean jarraipena izango duten arte-estilo eta mugimenduen bat-bateko etorrera; izatez, neoklasikotasuna, erromantikotasuna, eklektikotasuna, modernismoa, modernitatea, abangoardia, postmodernitatea edo aniztasuna hitzak, ez dira askatasuna lortu duenetik artistaren berezitasunaren baina baita gizartearenaren arabera ere aldatuz doan artea izendatzeko ahaleginak baino, jada bere hastapenetan bezala, artea gizartearen konplize eta, beraz, gizakiaren beraren adierazteko bide delako.

Estilo neoklasikoa Euskal Herriko artearentzako oso garrantzitsua izan zen, aldi horretan gure lurraldean denboraren joanean europarraren estiloaren parekoa garatu baitzen eta ez beste batzuetan bezala hamarkadako atzerapenez. Hala ere, Aro Garaikidearen lehendabiziko aldi hau ez zen batere erraza izan; absolutisten eta liberalen arteko aurkakotasunak XIX. mendearen lehen erdian zehar lurraldea astindu zuten gatazka eta guda ugari sortaraztea ekarri zuen. Zio horrek eraginda, Euskal Herrian hiru ondorengo gudak, hurrenez hurren, bizi izan ziren: Konbentzio-guda, Askatasun-guda eta lehen guda karlista. Baina gatazka ez zen politikoa bakarrik izan, ekonomia, gizartea eta kultura bezalako beste eremu batzuetara zabaldu baitzen. Liberalismoak, izatez, Antzinako Erregimenarekin identifikatu zen barrokoa izendatzen dugun aurreko aldiaren xehetasunen aldera, Ilustrazio bezala ezagutu zen ideario batetik abiatuta izatasunari aurre egiteko era berri bat proposatu zuen.

Ilustrazioak bizitza errealitatearen eremutik ulertu zuen eta ez sentimenduarenetik eta, arte-dastamenari dagokionez barrokoaren adierazkortasun emozionala eta forma gainkargatuak bertan behera utzi zituen, soiltasuna, marra zuzenak eta, batez ere, dekoraziorik eza nabarmentzen ziren urriagoa zen artearen kontzeptu berri baten alde jardunaz. Horretarako, tradizio klasikoa eta jakintza-arlo guztietan antzinate klasikoaren ereduak berreskuratu ziren; hori dela eta ilustrazioaren arte-estiloari neoklasizismoa deritzogu. Edonola ere, arte-dastapenean aldaketa horren bultzatzailerik garrantzitsuena izan zen arren, gainerako botereak -monarkia, noblezia eta Eliza- ere estiloa aldi berrietara egokitzearen zeinu bezala onartu zuten. Izatez, Euskal Herrian burgesia eta noblezia izan ziren Euskal Herriko kultura mailako enpresa garrantzitsuena izan eta arte-dastaketaren aldaketa babestu zuen Real Sociedad Bascongada de los Amigos del Pais 1763an sortuz Ilustrazioaren izpiritua bultzatzeari ekin ziotenak.

Neoklasizismoak Euskal Herrian arrakasta handia izan zuen. Guda eta istiluak izan arren, Euskal Herrian arte-agerpen interesgarriak garatu ahal izan ziren, batez ere, arkitektura mailan, barrokoaren aurkako bere erreakzioan beste gainerako jakintza-arloei aurreratu zitzaien neurrian zeregin garrantzitsua betez. Izatez, arkitekturak ikuspegi estetikotik bakarrik ez ezik, baita etikotik ere, geometria-forma funtsezkoetan oinarritutako marra zuzenen nagusitasunaren estetika soil baten berreskuratzearen aldeko Ilustrazioaren oinarrizko ideia oso ondo laburbiltzen zuen. Horrela, margolaritza eta zizelkaritza tradizio grekolatindarreko ereduak berreskuratzera mugatu ziren bitartean eta, izatez, Euskal Herrian neoklasikotasuna arte-agerraldi horietan errotu ez zen heinean, arkitekturari dagokion jakintza-arloan euskal arkitektoek, soiltasunaren eta xumetasunaren bitartez garai jakin bakoitzean arte-estiloa berrinterpretatu eta garatzen ohituta zeuden bezala egonda hainbat aukera aurkitu zituzten. Denboran zeharreko bere luzapenaz, neoklasikotasuna Euskal Herrian XVIII. mende guztian zehar luzatu zen, eta estiloa XIX. mende guztian zehar luzatu bazen ere, bere gailurra XIX. mendeko lehen erdian nagusitu zen.

Bizi izandako aurkako inguruabar historikoak izan arren, Euskal Herrian eraikitako lanen kalitatea nabarmena izateaz gain gure lurraldeak eztabaida teorikoan lanetariko batzuk eta garaiko arkitektorik interesgarrienetako batzuen ekarpena eginez parte hartu zuen. Zentzu horretan, arkitektura neoklasikoa ez zen berandu eta zehar-bidez gure lurraldera iritsi zen estilo bat izan, arte-zaletasunean XIX. mendeko bilakaera historikori gehiago egokitzen zitzaion eklektikotasunaren estilo berria gailendu zitzaion arte hasieratik eskuratu eta aldeztu zena baino.

Arkitektura neoklasikoa geometrismo gordina sustatzera zetorren apaingarrien garbiketa eta egitura-argitasunagatik bereziki nabarmendu zen. Arkitekto neoklasikoentzako eraikina bolumen gabi, konpaktu eta hierarkizatutakoetatik, eta geometria soil eta simetrikotik definitzen zen. Horretara, barrokoaren gehiegikeriek ez bezala, arkitekto neoklasikoentzako marrak eta ingeradek ez zuten ez eten ez moztu beharrik, kanpo-bolumenak barrualdea argi erakutsi behar zuen, eta hutsuneak -ate eta leihoak- hormetan, ate-alborik gabe zabaldu behar ziren.

Tipologiei dagokienez, barrokoaren garaian zehar eta politika, ekonomia eta kultura bezalako beste eremu batzuetan ere arinago gertatu zen bezala, neoklasikotasunean tipologia zibilak erlijio mailakoak baino garrantzi handiagoa hartu zuen eta adibide ugariago eta garrantzitsuagoek horrela adierazten dute. Ildo horretan, neoklasikotasunean elizak ere eraiki eta, batez ere hilerriak bezalako tipologia eredu berri interesgarriak garatu ziren arren, botere zibilarekin paraleloan sortu eta bilakatutako estilo bat izan zen.

Erlijio-arkitekturan garatu ziren forma nagusien artean, planimetriari dagokionez, laukizuzen baten txertatutako gerkar gurutzedun oinplanoa, horretara harmailadia eta aurreko atariaren alboko espazio guztiaren elementu bateratzailea osatzen duen erdiguneko ardatza, eraikinaren solemnitatea nabarmentzeko helburuz, bultzatuz; barrualdean erdiguneko kupula, espazioa esanahi bakarrez hornitzeko elementu nagusi bezala, eta kanpoaldean, estalkien konbinazioak.

Erlijio-arkitekturan, eraikitako eraikinen kopurua eremu zibilean direnen besteko ugaria ez den arren, eredu interesgarriak aurkitzen dira. Aldia Euskal Herriari dagokionez Nafarroako lurraldean hasten da Iruñako katedralaren aurrealdearen eraikuntzarekin; Ventura Rodriguez arkitekto madrildarrak, San Fernandoko Arte Ederren Akademiako Zuzendariak, eraikitakoa, lan hori barrokoaren eta neoklasikotasunaren arteko iraganaldikoa da, eta antzinako erromatar jauretxeetan iradokituta dago.

Aipatutako aldi horretan Nafarroako lurraldean egindako beste gainerako eraikinen artean Santos Angel de Ochandategui arkitekto nafarrak egindako lana nabarmendu beharra dago; berari zor diogu Garesko Santiago eta Mendañako San Juan Bautista eliza-dorreen eraikuntza, Iruñako San Lorenzo elizako San Fermin kapera, Alloko Jasokundearen eliza eta oinplano zentralizatuagatik -lauki baten oinarrian egindako gerkar gurutzea- eta erabilitako geometria zorroztasunagatik bere lanik garrantzitsuena Mañeruko San Pedro eliza.

Araban izan zen garaiko euskal arkitektorik garrantzitsuena den Justo Antonio de Olaguibel arabarra aurkitzen dugu. Bere lanik ezagunenak esparru zibilean egin zituen arren, erlijio-arkitekturan ere Ariñez, Berantevilla, Alegria eta Antoñanako eliza-dorreak, Elciegoko San Andresen sakristia berria, Gamarrako Jasokundearen eta Aberasturiko San Esteban elizen eta Arriagako parrokia-elizaren elizpeak, eta Vitoria-Gasteizko Magdalena lekaimetxearen aurrealdeko antolaketa erabat nabarmentzen den madrildar lekaimetxeen aurrealde barrokoak soiltasunetik berrinterpretatzen dituen eraikina bezalako egitasmo aipagarriak gauzatu izan zituen.

Gipuzkoan, lehenengoz eta behin aurreko aldietan egindako elizen osagarri diren elementu formalen eraikuntza da aipatu behar dena. Ateak eta dorreak izan ziren elementurik eginenak, eta euren artean Manuel Martín de la Carrerak egindako Oñatiko San Miguel elizako kanpandorrea eta Azpeitian Soreasuko San Sebastian elizako Ventura Rodriguezek diseinatu baina gauzatu gabeko portada ere berezitasunez azpimarratzekoak dira; bertan barrokoaren aztarna bezala arkuek eta zutabeek sortzen duten argi eta itzalen jokoa nabarmendu beharra dago, planteamendu neoklasikoa frontoiaren marren gardentasunean nabaritzen den bitartean.

Hala ere, eredurik garrantzitsuena Silvestre Perez aragoar arkitektoari dagokio. Mutrikuko Jasokundearen eliza aipatutako tipologia horretan, bai bere soiltasun formalarengatik bai bere bolumenen artikulazio modernoarengatik ere, interesgarrienetariko bat da. Tokiko hiri-egituraren erreferentzia sinboliko bezala diseinatuta, lehenengoz eta behin mailadia eta soiltasun muturreko portiko doriko hexastilodunez osatutako bere aurrealdea nabarmentzen da. Lau zutabe doriko exentudun laukidunetik abiatuta diseinatutako oinplanoari dagokionez, erdiguneko espazioa nabarmentzen da, toral motako lau arkutatik barrualdeari espazioaren esanahi bakarra ematen dion ganga esferiko bat sortuz. Kanpoan, horman zuzenean ebakitako kofadura termalak, estalkien jokoa eta bolumenen antolaketak, soiltasuna adierazten dute.

Bizkaiari dagokionez, oinplano berridun eraikin gehiago aurkitzen ditugun lurraldea dugu. Garrantzitsuenak diren biak Larrabetzuko eta Bermeoko Santa Maria elizak ditugu. Lehendabizikoak, Ventura Rodriguezek egindako jatorrizko diseinu batetik abiatuz egindakoa, laukizuzen baten txertatutako gurutze batez zentralizatutako oinplanodun eredua sartu zuen. Baina lurraldeko egitasmorik garrantzitsuena Silvestre Perezek diseinatutakoa izan zen; Bermeoko Santa Maria elizan laukizuzen baten txertatutako gerkar gurutzea eta erdiguneko kupula handi batez estalitako espazioa aipatu behar dira. Garai horretako beste eliza batzuk Aldeakueba, Murueta eta Nabarnizen aurkitzen ditugu.

Hala ere, Bizkia Euskal Herriko hilerrien eredurik hoberenetariko batzuk zaintzearren nabarmentzen da. Horma-hilobietan hobiratzen den ateburututako eta zutabetutako elizpeko hilobi-sistema bat bezala asmatua, erdigunea baratzerako gordetzen zen bitartean, mota horietako hilerriak erromatar hirien ereduari jarraitzen dio. Garai horretan neoklasikotasunaren eraikuntza- eta dekorazio-elementuekin eraiki ziren hilerriak ugariak izan ziren arren, Bizkaian zaintzen ditugun ereduak Elorrio, Aulesti, Abadiño, Dima eta Markina-Xemeingo udalerrietakoak besterik ez dira; Jose María Lascurain arkitekto arabarrak garaiaren azkenean egindako azken udalerri horretako hilerrian eklektikotasunera hurbiltzen gaituen gerkar eta egiptoar tradizio historikoaren irudiak txertatu zituen.

Eremu politikoa, ekonomikoa, soziala eta kultura arlokoetan bezala, neoklasikotasunean tipologia zibilak erlijio arlokoak baino garrantzi gehiago lortu zuen eta adibide ugariagoak eta garrantzitsuenak horrela adierazten dute. Gainera, eremu zibila ospitaleak, museoak, antzerkiak edo kaiak bezalako tipologia berriekin aberastu eta hedatu zen, industria Iraultzarekin, ekonomia garapenarekin eta demografia hazkundearekin batera sortuz zihoan geroago eta handiagoa zen eskaria asetzeko beharrizana bakarrik erakutsi ez ezik aginte zibilari lotutako eraikuntza berezi batzuen inguruko eskabidea ere asebetez.

Arkitektura zibilaren eraikuntza neoklasikoak xehetasun formalei dagokienez, moldura, mentsula eta karelak bezalako apaindura osagarriak ere baztertzeari ekin zion; nabarmentzen zenaren artean, aipamen konposatzaile bakarra izatera iritsi ziren horman zuzenean hustutako kofadura etzanen marrak eta ondo landutako harlandu handien bitartezko egituraren itxura bolumetriko eta trinkoa eta tamaina nabarmentzen ziren.

Nafarroan, Ventura Rodriguezek lan zibil baten bitartez ere estilo neoklasikoa sartu zuen, Noaingo ubidea. Beste gainerako eraikinei dagokienez, Iruñean antzoki Nagusia -egungo Gayarre antzokia- eta Nafarroako Aldundiaren jauregia aipatu behar dira; lehendabizikoan, Pedro María de Ugartemendia eta Jose de Nagusia gipuzkoarren lana, bere estilo soila eta kanpo bolumenak barne antolaketa antzematen duen xehetasuna nabarmentzen dira, bigarrenean, Jose de Nagusiak egindakoa, zaletasun erromantikoa adierazten duten errenazimendu-xehetasunak nabarmentzen diren bitartean. Hala ere, Nafarroan garai horretan zehar gauzatutako egitasmorik handizaleena Tafallako Enparantza Nagusia, Martin de Saracibar arabarrak, garaiaren amaieran egindakoa, eta laukizuzeneko irudiz egindakoa izan zen, bere beheko solairuan diren aterpeak eta laukizuzen itxurako hutsune xumedun goiko solairu biak nabarmentzen direlarik.

Baina Araban dira berririk gehienak aurkitzen ditugun tokia, Justo Antonio de Olaguibelen lanean hain zuzen. Arkitekto arabar hori, Ventura Rodriguezekin batera, Euskal Herrian, antzinate klasikoa ezagutu bakarrik ez ezik Vitoria-Gasteiz bezalako hiri baten beharrizanei erantzunez inguruan integratzen zekiena erakutsiz lan xume, zorrotz eta oinarrizko baten bitartez neoklasizismoa sartzearen arduradun nagusia izan zen. Bere bi lan garrantzitsuenak, tipologia horretan, Plaza Berria eta Arkupetxoen etxeak izan ziren, Armentian Diaz Espada gotzainaren jauregian ere egin zituen arren, bere xehetasun aipagarrienetako bat bere aurrealde nagusia izanez. Plaza Berria udalak udaletxe berria egin eta beratatik hiriaren hegoalderanzko zabalgune berria bultzatzearekiko helburu bikoitzez egindakoa izan zen; enparantzaren laukidun diseinua aurrealde uniformedun enparantza barrokoen laukidunek zuten lau solairudun, bi arkupean eta beste bi arpupegainean, diseinuari jarraitu zioten. Aldiz, Arkupetxoen etxeetan helburua hirigune zaharraren eta enparantza berriaren arteko malda atontzea zen; irudi xumezko lengoaiaz eta bere izena hartzen duen arkuteriadun igarobide arkupetuen gainean eraikitakoa dela, eraikin horrek dakarkigun berria biltegi bezala erabili izan zen lurraren presioa arintzea ekarri zuten ganga-itxurako espazioetan aurkitzen da.

Gipuzkoan, neoklasizismoaren lengoaia berritzailearen etorrera ezohiko arkitekto baten eskutik etorri zen: Pedro Maria de Ugartemendia. Bere egitasmorik interesgarriena eta berritzaileena Donostiarako diseinatutako hiri-egituraketa izan zen arren, azkenean egin ez zena, hiri berbereko Konstituzioaren Enparantzan arkitektura neoklasikoarekiko bere kontzepzioa era soil eta xumean ikusi dezakegu. Enparantzaren hegaletariko baten eraiki zen Udaletxeari dagokionez Silvestre Perezen lana izan zen, eta bertan aurrealdea nabarmentzen da. Gainerako Lurraldeari dagokionez, Jose de Eleuterio de Escoriazak egindako Tolosako Euskal Herria Enparantza eta Ordizia eta Orendaingo Udaletxeak, lehenena Alexo de Mirandak egindakoa eta bigarrena Justo Antonio Olaguibelek egindakoa eta eredu barrokoa soiltasunez berrinterpretatuta eraikitakoak izanez.

Bizkaiari dagokionez, aroaren hasieratik puntu erdiko arkudun arkupedun eredu barrokoa errepikatzen den Otxandio, Ondarroa eta Balmasedako udalak eta Urduñako eraikin handi baina zurrun eta gogorra den Aduanen etxea eta Gabriel Benito Orbegozoren Atxuriko Ospitale xume, soil eta funtzionalaren eraikuntza bezalako lan garrantzitsuak egin ziren, ospitaleari dagokionez bata bestearengandik banandutako pabilioien eredu britainiarra hartuz ospitale-tipologia berria sartuz. Hala ere, estilo horretako lurraldean egindako asmo handieneko lana Antonio Echeverriak egindako Gernikako Batzar Etxea da; akropoli bat bezala antolatutako eraikuntza-multzo desberdin horretan, erromatarren panteoiaren sarrera bezalako aurrealdearen diseinuari jarraituz egindako Zin-tokia nabarmentzen da. Arkitekto berarena da ere eredu toskanarreko puntu erdiko arkudun arkupeengatik nabarmentzen den Bilboko Plaza Berria.

Euskal Herrian aldi horretan zehar jardun zuten euskal arkitektoen kopuru ugariaren aurrean erabat urria da eskultore eta margolariei buruz dugun albiste-sorta eta kopurua ere. Horretan guztian, zalantza izpiririk gabe, eragin handia izan zuen Elizak bizi zuen egoera larriarekin batera erlijio-ikonografia iradokitzerakoan eredu klasikoen egokitasun -greko-erromatar mitologian oinarrituta- urriak, eliza-agintariek elizetan beste garai batzuetakoak ziren artelan kopuru handiak elizetan gorde izanak eta baita eliza berrien izaera soil, urri eta apaindurarik gabekoak -espazioen argitasun eta zabaltasuna bultzatuz- bezalako beste inguruabar motak batzuek ere.

Inguruabar horietan, berriro ere erretaulen pieza eskultorikoen eta diseinu berrien taxutzean zizelkaritzarena izan zen nabarmendu zen jakintza arlo bakarra. Estilistikoki, eredurik hoberenak Gipuzkoan zaintzen dira, Diego de Villanuevak egindako Donostiako Andra Maria basilikako erretaula nagusia, Errenteriako Jasokundearen Gure Ama parrokia-elizako erretaula nagusiaren egilea ere izan zen Ventura Rodriguezek diseinatutako Donostiako basilikako albo-erretaulak, eta Silvestre Perezek egindako Tolosako Andra Mariaren erretaula nagusia nabarmenduz. Erretaula horien eta beste batzuetan lanean izan ziren euskal eskultoreen artean Francisco de Azurmendi eta Miguel Antonio Jauregui aipatu ditzakegu. Lanotan diseinuen apaindura eta eskultura-atalen adierazpena ere ahalik eta gutxienera arte murrizten dira.

Margolaritza arloa, askoz hobea izan gabe, etorkizun itxaropentsuago bat agertzen hasi zen. Lurralde-erakundeek, udal agintariek eta geroago eta nabarmenagoa zen burgesia, XIX. mendean argazkiak eskatzen hasi ziren, horretara gizaldiaren bigarren erdian berezitasunez garatu zen eskari berri bati hasiera emanez. Edozein kasutan ere, aldi honetako zaindutako lanik gehienek Gortean euren zerbitzuak eskaintzen zituzten margolarienak dira; euren artean Antonio Carnicero, Vicente Lopez eta Luis Paret. Gure lurraldean lanari ekin ziona dakigun margolari bakarra, Gasteiz - Vitoriara hainbat ikustaldi egin zituen Juan Angel Sáenz izan zen.

XIX. mendearen bigarren erditik aurrera burgesiaren botereratzearekin, politika-, ekonomia-, gizarte- eta kultura-egoerak eraldaketa sakon eta berri bat jasan zuen. Estatua artearen bultzatzaile nagusi bihurtu zen eta, horrekin, neoklasikotasuna ordezkatu zuen arte-zaletasun mota berri bat zabaldu zen. Azken baten, burgesiak arte estilo zurrun, idor eta lar serioegitzat zeukan arte estiloarekin ez zegoen batere eroso, eta ondorioz, lortu izan ziren lorpen guztien garaipen eta askatasun nahia ondorengoetaratu zezan sentiberatasun berri baten aldeko apustua egitea nahiago izan zuen. Arte zaletasun berri horrek, erromantizismo izena eskuratu zuen aldezten zituen ondorengo balio guztien ohoretan: sentiberatasuna, grina, norbanakotasuna eta askatasunari maitasuna arrazoiaren eta arauen gainetik. Beraz, erromantizismoa arte estilo bat baino bizitzarenganako sentiberatasun berria zen, ilustrazioari ezberdina eta aurrez aurrekoa zitzaion jarrera.

Ostera, ez zen arte agerraldi ezberdinetan balio erromantikoen ezarpena erraza izan. Izatez, margogintzan eta zizelkaritzan artista-aldra baten bitartez eta lan ezberdinetan sentiberatasun hori garatu zen bitartean, arkitekturaren jakintza arloan ez zen erromantiko bezala izendatu dezakegun estilorik izan. Arkitektura mailan, sentiberatasun erromantikoa iraganeko arte estiloen berreskurapenean gauzatu zen, berezitasunez Erdi Arokoan -neoklasikotasuna landu zuen ohitura klasikoarengandik urrun- eta horrela sortu ziren historikotasun bezala izendatuko ditugunak, eta neorromanikoa izendatuko dugun erromanikoa, mudejarra, edo neomudejarra bezalako beste aldi historiko batzuen berreskurapena.

Artearen esparruan, erromatizismoaren eragina, berantiarra eta azaletik besterik ez bazen ere Euskal Herrira iritsi zen. Sentiberatasun berri honen adibiderik hoberenak arte plastikoetan aurkitzen ditugu, arkitekturaren esparruan historikotasunak ere arrakasta handia izan zuen arren. Egia esan, euskal lurraldeak bere osotasunean eta, berezitasunez, itsasertzeko lurraldeek, garai horretan industria Iraultzak hasitako lehendabiziko aldiaren erasoagatik bakarrik ez ezik turismoaren garapena nabarmendu zen beste egikari batzuengatik ere, aldi honetan zehar euren hiririk garrantzitsuenen hazkunde ikaragarria ezagutu zuten. Ondorioz, Donostia, Baiona, Biarritz edo Bilbao bezalako hiriek euren harresiak suntsitu egiten dituzte eta euren beharrizan berriek asetzera letorkeen artea eskatuz hasi ziren.

Horregatik, XIX. mendearen bigarren erdian zehar hedatu zen garai horri eklektismoa deritzogu, sentiberatasun nagusia erromantikoa izan zen arren aldi horretan zehar sortu eta konbinatu ziren estiloak ugariak izanagatik ez zelako euretatik bakar bat ere nagusitu. Izatez, arkitekturan, historikotasunaz gain, modernismoak ere bere urratsa utzi zuen Euskal Herrian. Hala ere, gauzarik interesgarriena, arte garaikidea irauli zuten estilo eta itxura berriak -burdinaren arkitektura, margogintzan inpresionismoak- ere gure lurraldera heltzen hasiak ziren, XX. mende harrigarri baten berri adieraztera ematen ziguten bitartean.

Estilo eklektikoa ondoen zehazten duen arkitektura-elementua apaindura da, eta ondorioz arkitekto eklektikorik gehienek euren eraikuntzetan estiloak hautatu baino apainketa hautatzen zuten. Elementu apaingarririk gehienak demografia hazkundeak eta ekonomia garapenak eragindako beharrizanak atontzeko helburuz zatituta eta testuingurutik aterata erabili ziren baina baita, gainera, arkitektura eta morala, estetika eta etika neoklasikotasunean bezala aldi paralelotasunez gertatu zirelako, eta eraikuntzak, bere aurrealde nagusiaren bitartez, sinbolikoak izan behar zuela uste zen, hau da, botere zibilaren zerbitzutan izan beharrean egonez.

Zio hori dela eta, Euskal Herriko eklektikotasunean erabilitako arkitektura-formarik garrantzitsuenak garaian garaiko modaren menpe zeuden, baina baita eraikuntzak zeukan zereginaren menpean ere. Horrela, erlijio-tipologiarentzako historikotasun erabilienek erromanikoa eta gotikoa berreskuratzen zutenak ziren heinean, arkitektura zibilean Euskal Herrian eskatuenak ziren estiloak Errenazimentua eta barrokoa izan ziren. Erromanikotik eta gotikotik gehien erabilitako eredua luzera-aldean hiru edo bost gangadun gurutze latindardun oinplanoa izan zen, gurutzadura handikoa, domorik gabeko ertzdun gangak eta kaperez garatutako girola; kanpo itxurari dagokionez, eliza garrantzitsuez jarduten zenetan estilo gotikoan eraikitzen ziren, erromanikoa eliza txikiagoak zirenetarako erabiliz.

Tipologia horretan Euskal Herrian gauzatu zen egitasmorik garrantzitsuena Vitoria - Gasteizko Katedral Berria izan zen. Julian de Apraiz eta Javier Luquek garai gotikoko frantziar katedralen ereduari jarraituz, katedral berria gurutze latindardun oinplanoz, zazpi kapera absidedun girola eta kriptaz diseinatua izan zen. Araban aipagarriak diren beste eredu biak ere geografia jatorri ezberdinetako gotikoa aldarrikatzen dute, eta Fausto Iñiguez de Betolaza eta Cristobal Lecumberriren gotiko ingelesa darabilen Las Salesas monasterioa eta gotiko alemaniarrera garamatzaten Iñiguez de Betolazaren Familia Sakratuaren kapera da.

Gipuzkoari dagokionez, bi egitasmorik garrantzitsuenak hiriburuan egin ziren eta hirigunearen zabalgunean eraikitzen ziren auzo berriekin zerikusia izan zuten. Manuel Echaveren Artzai Onaren katedralak, gotiko alemanaren ereduetan iradokiak, latindar gurutze oinplanoa, hiru nabe, gurutzadura nabarmena eta elizaren oinarrian eraikitako dorre ikaragarri bat ditu. Urumea ibaiaren beste ertzean, Gros auzoan, José de Goicoak San Inazioren eliza egin zuen, hauxe ere neogotikoa, nahiz eta kasu honetan behintzat frantziarraren eraginpekoa izan.

Bizkaian, biztanleriaren gehikuntza askoz ere garrantzitsuagoa izan zenez, tipologia horretan eraikitako hainbat eraikin aurki ditzakegu. Estilo gotikoari jarraituz, Bilbon Luis de Landechok egindako San Francisco de Asis eta Jose Maria Basterraren Sagrado Corazón de Jesus elizek azpimarratu beharra dago. Erromanikoan, erregionalismoarekin konbinatuz, Pedro Guimonen Getxoko Algorta auzoko Hirutasun Deunaren eta Basterrraren Galdakaoko Zuazoko Santa Barbararen eliza aipatu beharra dago. Hala ere, garaiko eraikuntzarik garrantzitsuena tipologiaren kontzeptu erromanikoa eta aipu neoerromanikodun eta neogotikodun klaustrora sartzeko kapera komuna duen Enrique Epalzak egindako Derioko hilerria dugu.

Arkitektura zibilari dagokionez, italiar eraginpeko hiritar jauregi motako eredua izan zen, frantziar arkitekturaren elementu ugari izan zituen arren, nagusitu zena. Bere bolumenak erregularrak dira eta fatxadaren konposaketan simetria zorrotza izanez ardatz nabarmendunen bitartez banatzen dira; fatxadaren konposaketan, behealdean sendotasun itxura ematen zaio solairurik garrantzitsuenean elementu apaingarririk gehienak biltzen diren bitartean; hortik aurrera, goiko solairuetan arian arian tratamendu apaingarria gutxituz doa teilatura iritsi arte.

Araban zein Nafarroan, aldi honetan zehar egindako arkitektura zibil eklektikoari dagozkion ereduak ugariak dira. Iruñan, estilo mudejarrean egindako Iruñaldeko Mankomunitatearen egoitza aipatu daiteke eta Vitoria- Gasteizi dagokionez estilo errenazentistan Pantaleón Iradierrek egindako Bigarren Hezkuntzako Probintzia-Institutua -egun Eusko Legebiltzarraren egoitza dena- eta ukitu neolandatarra duen Julio Saracibarrek egindako Posta eta Telegrafoen eraikinaz gain, Saracibarrek garai horretan arabar burgesiarentzako egindako ekialdeko elementuak eklektismo historizistarekin elkartzen dituen etxalde ugariak -Hereclio Fournier, Zuloaga Etxea, Jaquecas Etxea, Sofia Etxea- azpimarratu ditzakegu.

Gipuzkoan, Donostia, mugimendu ezberdinak elkartuz bere zabalguneko erakinak eraikitzen hasi zen, nagusiki errenazimendura eta barrokora jo bazuen ere. Eraikin horietan -Gipuzkoako Aldundiaren Jauregia, Kasinoa (egungo Udala), Victoria Eugenia Antzokia, Maria Cristina Hotela, Miramar Jauregia, Amarako Eskolak, Zuloagako Eskolak, Probintzia Institutua (egun Koldo Mitxelena), Arte eta Ofizioen Eskola (egungo Posta etxea) - arkitekto talde jardun zuen -José de Goicoa, Luis Aladren, Adolfo Morales de los Ríos, Francisco Urcola, Juan Rafael Aldai, Benito Olasagasti, edota Charles Mewes eta Selder Wormun kanpotarrek- eta arkitekto guzti horiek formei dagokienez eklektikotasun atsegina egitea lortu zuten, inola ere gainkargatutako apaingarrietan erori gabe, eta etxebizitzarako gainerako eraikuntzekin zabalgunean integratzen jakinda. Hautatutako estilorik garrantzitsuena irakurketa erraz eta soileko errenazimendua izan zen arren, bere orijinaltasunagatik nabarmendu beharrekoa ingeles-landazabaleko etxe baten pintoreskotasunaren antzera Wormunek egindako Miramar Jauregia da.

Eklektikotasunak Bilbon, errenazimendura ere jo zuen arren, bai konposaketan bai dekorazioan ere gainkargatutako irakurketa eginez barrokoa berreskuratzea nahiago izan zuen. Estilo horren adibide bat Bizkaiko Aldundiaren jauregia dugu, Luis Aladrenek eraikin solemne eta galanta egiteko asmoz egina, barroko estiloduna eta dekorazio-xehetasun rococoduna. Hala ere, Bilbon dagoenik estilo barrokoaren adierazgarririk hoberena udaletxean eta Arriaga antzokian ditugu, biak Joaquin Rucobaren lanak; antzokian nabarmentzekoa da irudi zuzen eta bihurgunedunen arteko txandaketa eta bere aurrealdearen apaindurazko narotasuna. Beste gainerako eraikinei dagokienez -Alhondiga, Bidebarrietako Liburutegia, Deustuko Unibertsitatea, Basurtuko Ospitalea, Lezama-Leguizamon jauregia- Manuel Maria Smith, Severino Achucarro, Ricardo Bastida eta Calixto Emiliano Amannen lanek, besteak beste, estilo kopuru askorekin nahasten diren eklektikotasuna adierazten digute, Leonardo Rucabado arkitekto kantabriarraren kasua bezala mendi-arkitekturaren elementu herrikoiak txertatuz. Arkitekto horrek zein beste bere belaunaldiko batzuk ere, estilo horren lekukotasuna Getxoko Areeta, Algorta eta Neguri auzoetan, lurraldearen industrializazioari esker aberastu ziren familia burgesen jauregietan, itxi zuten. Hala ere, Euskal Herrian arkitektura herrikoira itzultzeko modak bere episodio berezia XX. mendearen hasieran etxebizitza familiabakarrera bideratutako eraikinetan batez ere euskal baserriaren tipologiaren berrinterpretazioan bere oinarria duen neoeuskalduna deritzon estilo baten agerpenean izan zuen. Horrela, lapurdiko baserriaren elementurik funtsezkoenen bilketatik abiatuta -teilatu eta aurrealdeetako disimetriak, bano handiak eta egonleku zabalak, helburu apaingarridun aurrealdeetako margodun egur-estrabeek egindako jokoa, etxearen oinaldean harriaren erabilera-, Edmond Durandeau, Henri Godbarge, Jean Longeray eta William Marcel arkitekto frantsesek izan ziren Lapurdiko itsasertzeko turismo-lekuetan estilo hori garatu zuten lehendabizikoak.

Geroztik, gainerako Euskal Herri guztian zehar zabaldu zen, Pedro Guimon, Amann, Smith, Rucabado, Achucarro, Bastida eta beste euskal arkitekto batzuk egindako lanari esker, bai etxebizitza familiabakarrekoen arkitekturan bai aduana-eraikinetan edota trenbidearen geltokiak bezalako tipologiadun eraikuntzetan ere.

Aldi honetako protagonistarik nagusiena estilo eklektikodun arkitektura zen arren, XIX. mende bukaeran europar burgesiak modernismoa deritzogun estilo berri baten aldeko apustua egin zuen. Modernismoak eklektikotasuna gainditzea aldarrikatzen zuen, inspirazioa landare-irudietan eta organikoetan aurkituz, linea kurboen nagusitasuna bitarte zela. Euskal Herrian estilo askoz berritzaileagoa zen horrek azal-azaletik besterik ez zuen eraikuntzetako aurrealdeetan eraginik izan eta, batez ere, arte aplikatuen eremuan, burdinez eta beirateetako lanak azpimarratuz. Hala ere, modernismoak Euskal Herriko arkitekturari dekorazio mailan hizkuntzaren erabilera soilagoa ekarri zion eta materialen erabilera trebeago bat ere, adreilu eta zeramika azpimarratuz. Eraginei dagokienez, Donostian frantziar oihartzuneko modernismo mota garatu bitartean, Bilbon modernismo katalanaren urratsa nagusitu zen, Rucabado, Smith, Amann eta Teodoro Anasagastiren lanetan vienarren Sezesioak izandako eragina ere oso garrantzitsua izan zen.

Lanei dagokienez, Iruñan Ogasun Ordezkaritza nabarmendu behar da, Vitoria - Gasteizen Julio Saracibarren General Alava kaleko etxebizitza eta Fausto Iñiguez de Betolazak egindako Erbina Etxea, Bilbon aldiz Campos Elíseos antzokia eta Jean Batiste Darroguyk egindako Montero Etxea, eta Donostian, erabat modernistatzat aintzat hartu dezakegun lanik ez dugula, hiriaren bigarren zabalgunean kokatutako etxebizitza-eraikuntzen xehetasunetan elementu modernistaren batzuk -aurrealdeak, atariak, ikuslekuak- aipa ditzakegu. Amaitzeko, bere berezitasunagatik Mario Camiñak egindako Gorlizko Erietxea azpimarratu behar da, porlanean Euskal Herrian egindako lehendabiziko eraikina izanik eta vienar modernismoaren estiloari jarraitzen dion arren bere xehetasun apaingarrietan bere ildo konposatzaile soil eta bakunetan arrazionaltasuna iragartzen digu.

Burdina eta porlana bezalako material berrien erabilera, arkitekturaren esparruan benetako iraultza baten ataria izan zen; izatez, material berri horien erabilerak eraikitzeko modua antzaldatu eta baldintzatu bakarrik ezeze, estetika ere aldatu egin zuen, formen diseinuan soiltasunaren eta marra zuzenen aldeko apustua egitea ekarriz. Hala ere, euskal industriagintzak bere ekonomia garapena burdinan oinarritu zuen arren, garai horretakoak diren burdinez edota beste material eraberritzaile batzuetan egindako eraikin gutxi zaintzen ditugu.

Adibiderik esanguratsuena Antonio Palaciok egindako Portugaleteko zubi transbordatzailea da, munduko lehen zubi zintzilikatua. Gipuzkoan, Alexander Lavalley ingeniari frantziarrak egindako Ormaiztegiko zubia aipatzekoa da eta Leteourneur eta Eiffel ingeniari bulego frantziarraren Donostiako Iparraldeko tren geltokia. Oinarrietan porlana erabili izanagatik eta burdinazko teilatuarengatik garai honetako beste eraikin aipagarrietariko bat Javier Aguirreren Vitoria - Gasteizko azoka izan zen. Porlanean, Gorlizko Erietxeaz gain, Federico Ugaldek Bilbon egin zuen La Ceres irin-ola ere aipatu beharra dago.

Arte plastikoetan ere eklektismoa nagusitu zen, eta horrela, erromantikotasuna, historikotasuna eta kostunbrismoa izan ziren bai margogintzan bai zizelkaritzan landu ziren estilorik garrantzitsuenak. Edozelan ere, teknikoki eta formalki klasizismorik zorrotzenari ekin zitzaion eta estilo aldaketa tematikoki besterik ez zen erabili.

Euskal margolarien lehen belaunaldia, besteak beste, Francisco Bringas, Antonio Maria de Lecuona, Juan de Barroeta eta Eduardo Zamacoisek osatu zuten; artista horiek erromantizismoa kostunbrismoarekin bat egin zuten, euskal baserri-aldearekin zein burgesiarekin zerikusirik zuten gaiak jorratzen zituen heinean euskal burgesiaren artean nolabaiteko arrakasta edukiz joan zen margolaritza generoa sortuz.

Aldiz, José de Echenagusia, Ignacio Díaz Olano, Alejandro Irureta, Rogelio Gordón eta Ignacio Ugarte nabarmendu ziren hurrengo belaunaldia hurbilduz zihoazen aldaketen zeinuak ematen hasia zen. Egindako ekarpenaren berrikuntzarik nabarmenena, paisaiaren alde egin zuten apustua aipatzekoa da, horrek askatasun sortzailean eta historiadun margolaritzan, aurrerapausoa baitzekarren, zeren gerora arrakasta handiz garatuko ziren ereduetariko batzuk ezartzen hasi ziren.

Hala ere, aldaketaren lehen zeinuak XX. mendearen azkenean ere aurki ditzakegu eta, zehatzago, azken hamarkada bietan. Funtsean Frantzian garatuz zebiltzan estilo eraberritzaileen -inpresionismoa, sinbolismoa, postinpresionismoa- eraginez euskal margolari talde batek Europan garatze bidean zeuden modernitatearen elementu eta zeinuetariko batzuk euren estiloetara egokitzea erabaki zuten. Estilo berri horiekin Euskal Herrian garatuz zebilen klasizismoa nahasteko apustuaren alde jo zuten margolarien artean Anselmo Guinea, Adolfo Guiard eta, batez ere, Darío de Regoyos aipatu ditzakegu; lehendabiziko biak marrazketa bertan behera utzi gabe inpresionismoaren baliabide teknikorik bereizgarrienetariko batzuk eskuratu zituzten bitartean, Regoyosek inpresionismoren funtsaren alde jardun zuen.

Zizelkaritzari dagokionez, inguruabarrak berdinak ziren arren, Euskal Herrian lan egin zuten artistarik garrantzitsuenak beste lurralde batzuetatik etorriak izan ziren. Zizelkariek egindako egun zaintzen ditugun lanen artean Mariano Benlliure nabarmendu dezakegu.

XX. mendearen hasierarekin, kultura eta arte esparruetan modernitatearen kontzeptua sortu zen. Hitz hori garai hartako gizartearentzako eta gaurkotasunaren ikuspegitik egiten zen artea aipatzeko erabiltzen hasi zen, XIX. mendearen amaierako aldi eklektikoan baina iraganaren ikuspegitik bere garaiko gizartearekin ere uztartutako, berezitasunez historikotasunaren bitartez, arteari aurkajarriz. Modernitate horren baitan, ezarritako eta ohiko sorkuntza irudiekin etena proposatzeaz gain arte-lengoaia berrien alde ekiten zioten arte-korronte eta mugimenduei, abangoardia deitu zitzaien.

Euskal Herriak, XX. mendeko lehen aldi honetan, politikoki garai zalapartatsua bizi zuen, hiru hamarkadatan monarkia bat -Alfonso XIIIarena-, diktadura bat -Primo de Riverarena-, errepublika bat -II Errepublika- eta guda zibil bat izan ondoren diktadura berri bat -Francorena-, eman baitziren. Hala ere, Euskal Herriak epealdi horretan zehar kultura, gizarte eta ekonomia arloetan bere hazkunde, garapen eta loratze arorik handiena ezagutu zuen.

Arte esparruari dagokionez, Euskal Herrian egindako artea Euskal Herriaren bitartez ikuspegi espainiarraren abangoardian kokatzen hasia dugu, batez ere arte modernoaren lehendabiziko agerpenak Euskal Herriaren bitartez iritsi zirelako. Hala ere, garai horretan Europako beste lurralde batzuetan zehar -Frantzia, Alemania eta Italia, batez ere- garatutako kultura zein arte esparruko abangoardia mugimenduak, hemen ez ziren ezagutu. Izatez, Euskal Herrian garai honetan zehar ez ziren abangoardia mugimenduak sortu; aitzitik, kanpotik etorritako artea gure lurraldean egiten zenaren berezitasunetara, berandu baina, moldatu eta egokitzen zen. Horregatik guztiagatik, Europan abangoardia garaia deitzen zaion lehendabiziko XX. mendeko aipatutako aldi horri euskal esparruan, europar arte garaikidearen maila berean jartzeko ahalegin nabarmena egin eta euskal gizartearen beharrizan berriei erantzuteko ahalegina azaltzen dituen arren, gizartea bera berrikuntzak bereganatzeko gertu ez izanagatik eta beraz bere agerpenen berrikuntza moderatu bat bakarrik onartu izatearren, modernitate aro bezala ezagutzen dugu.

XX. mendeko lehendabiziko hamarkadetan zehar, eklektismoa Euskal Herrian egindako arkitektura-lanik gehienen estilo nagusia izan zen. Hala ere, aldi horren ekarpenik garrantzitsuena lengoaia modernoaren agerpena izan zen. Bere sorkuntzatik forma eta funtzioa bat eginarazi, material berriak erabili, eraikuntzen beharrezkoa ez zen dekorazioa kendu, formei dagokien balore adierazgarrien estetika azpimarratu eta geometria-formak erabiltzea proposatzera zetorren lengoaia berri hori bere garaiko gizartearen beharrizanekiko arkitektura-erantzun bezala egituratu zen. Bere beharrizanak betetzeko bakarrik ez ezik, nabarmentzeko ere, antzaldaketa eta aldaketa prozesu etengabean zebilen gizarte horrek arkitektura erabili izan zuen.

Berriz ere, bigarren korronte hau Euskal Herrian sartzerako orduan Iparraldeak betekizun erabakigarria izan zuen. Horretara, estilo neoeuskalduna garatzen zihoan hamarkada berean, Iparraldean ere Lapurdiko itsasertzaren turismo abiadarengatik bultzatu eta era formal garbi batez lengoaia modernoa sortu zuten arkitektoek sustatutako arrazionaltasunaren erabilerara bideratutako art déco izeneko estilo bat ere hedatu zen. Adierazitako arkitektura mota horren adibideetariko bat Donibane Lohizungo Louir Mallet Stevens arkitekto frantziarrak egindako kasinoa dugu.

Era berean, gainerako Euskal Herrian mendearen lehen bi hamarkadetatik aurrera lengoaia modernoa besarkatu gabe, xehetasunetariko batzuetan gerora izan zen arrazionaltasuna izendatuko den mugimendurantz joko duten eraikuntzak aurkituz joango gara. Eraikuntzon artean azpimarragarriak dira Mario Camiñak egindako Gorlizko Erietxeaz gain, lehen estilo modernoaren garapenean hain garrantzitsua izan zen itsaso-estetikaren xehetasunak biltzen dituen Antonio Araluceren Algortako Igeretxe balnearioa eta hiru arkitekto bizkaitarren -Teodoro de Anasagasti, Antonio Palacio eta Secundino Zuazo- lana, egindako lanik garrantzitsuenak Euskalerritik at egin bazituzten ere, gaztaroko proiekturen batzuetan Bilbon modernotzat hartu ditzakegun espirituaren aztarnak utzi baitzituzten.

Hirugarren hamarkadatik aurrera lengoaia modernoaren postulatuen onarpena zabalagoa izan zen eta euskal gizartean erabiltzen saiatu ziren lengoaia eurenganatu zuten arkitektoen belaunaldi bat sortu zen. Belaunaldi horrek protagonista esanguratsu bat izan zuen Jose Maria Aizpurua gipuzkoarrarengan eta Joaquin Labayenekin, eta arkitekto gazte txiki batez -Luis Vallejo, Joaquín Zarranz, Tomás Bilbao, Eduardo Lagarde eta Juan Antonio Ponte, besteak beste- GATEPACaren (Arkitektura Garaikidearen Aurrerapenerako Espainiar Teknikari eta Arkitektoen Taldea) abentura sortzaileari gehitu zitzaizkion Euskal Herrian talde horren ipargunea eratuz. Talde horren helburua eklektikotasuna ordeztu zezan forma arrazionalista eta espiritu modernodun arkitektura berri bat egitea izan zen.

Estilo horretan egindako lanak urriak izan ziren arren, sortu ziren gutxiak berritzaileak izateaz gain esanguratsu azaldu ziren. Aipagarriena Aizpurua eta Labayenen Donostiako Club Nautico izenekoa izan zen, estetika berriaren eredua, iraganeko arkitekturarekin berariaz etena sortaraztera zetorrena eta elementu arrazionalista eta espresionistak harmonizatu zituena. Taldeko gainerako kideek ere Tomas Bilbaoren Bilboko Ripa kaleko etxebizitzen eraikina bezalako eraikin batzuk eraikitzea lortu zuten. Hala ere, egindako eraikuntzarik gehienak taldekide izan gabe taldeko kideak ezagutu eta taldearen beraren jardueren informazioak jasotzen zituzten arkitektoek egindakoak izan ziren. Horrela, Fernando Arzadunek Bermeon Kikunbera etxebizitza eraiki zuen, Emiliano Amannek Bilbon Solokoetxeko etxebizitzak, edo Pablo Zabalok Biasterin Lezako tuberkulosiaren aurkako osasun-egoitza.

Hogeita hamargarren hamarkadaren amaieran, lengoaia modernoaren asimilazioa eta onarpena askoz hedatuagoa izan zen eta aurreko hamarkadan bezalako hain kanoniko eta hitzez hitzeko ikuspegitik baino azal azaleko izaeradun era garbi batez lengoaia modernoaren erabilera gauzatzen zuen art décoren irakurketatik egindako adibide gehiago aurkitu ditzakegu. Estilo horretan eraiki zituzten Manuel Maria Smithek Areetan etxebizitzen eraikin bat, Manuel Ignacio Galíndezek Bilbon egindako Equitativa eraikina, eta konpainia berarentzako Fernando Arzadunek Donostian egindakoa, Vitoria-Gasteizen José Luis López Uraldek egindako Goya zerbitzugunea eta San Antonio Kalean Jesus Guinearen etxebizitza-sorta, eta Iruñan Joaquin Zarranzek egindako Sarasate Ibilbideko Caja Navarraren eraikina.

Hala eta guztiz aldi honen amaieran ere Luis Astiazaranen Arrasateko Unión Cerrajera eta Billabonako SACEM fabrikak, Manuel eta Enrique Laborderen Andoaingo Laborde Anaiak fabrika, Eugenio Maria de Aguinagaren Donostiako Sollube etxea, Aizpurua eta Eduardo Lagarderen etxebizitza-eraikina eta Pedro de Ispizuaren Bilboko Luis Briñas eskola-multzoa bezalako eraikuntzen kasuan estilo moderno berriari era kanonikoago baten erantzuten zioten eraikuntzak aurki ditzakegu.

Amaitzeko garai horretan arkitekto berezi bat nabarmendu beharra dago, ordura arte ikusitako guztia laburbiltzen duena: Victor Eusa nafarra. Bere lana Iruñan egindakoa izanik, Eusak ikuspegi pertsonal eta asmatzaile batetik jatortasun material eta egiturazkoarengatik, bolumenen erabilerarekiko trebetasunagatik eta eraikuntza-zintzotasunagatik beti nabarmendu izan zen lanean lengoaia eklektikoa, modernista eta modernoa bateratzen jakin zituen. Bere lanik interesgarrienen artean Iruñan, Seminarioa, Eskolapioen Ikastetxea, Miserikordiaren Etxea eta Bahia eraikina aipatu ditzakegu, eta Tafallari dagokionez udalerri horretako nagusien etxea.

Jakintza-arlo plastikoen artean, margolaritza izan zen aldi honetan zehar garapen mailarik handiena lortu zuena. Geroago eta handiagoa eta aberatsagoa zen burgesia bezeria zorrotza izatera iritsi zen zeren bai beraien ekonomia kaudimena bai euren giza-ospea ere margo-lanak erosi izateak islatzen zuen. Margolaritzaren gorakada hori artista ugariren agerpenarekin eta bereizgarri eraberritzaile batzuen abiarazpenarekin batera eman zen. Edozelan ere, sarreran aipatu dugun bezala, euskal arte-testuinguruan ez zen bere garaiko abangoardiaren aldeko erantzun ez azkarrik ez muturrekorik nagusitu, Frantziatik zetozen bereizgarri berritzaile batzuen bereganatze motel eta mailakatua baizik.

Horrela, inpresionismoa, sinbolismoa eta postinpresionismoa izan ziren gure artistek Parisera egindako bidaia ugarien bitartez garaiko euskal artea zehaztu zuten hiru mugimendurik garrantzitsuenak. Gehienek, atzerrian izan zituzten egotaldiez geroztik, lengoaia berriak azal azaletik egokitzen zituzten, jada nagusia zen gogoa konbentzionaltasunak eta kontserbadoretasunak zehazten baitzuten. Horrela, Guinea, Guiard eta Regoyosen belaunaldiari, euskal artearen inguruan eragin handia izan zuen XIX. mendearen azkenetan jaiotako artisten belaunaldi ugari eta berri batek jarraitu zion. Une horretan euskal artearen hiriburua Bilbo izan zen; hiriburu horretan bizi izan ziren artistarik garrantzitsuenak, interesik nagusieneko erakusketak eta lehiaketak ospatzen ziren, eta asoziazionismoak funtsezko eragina izan zuen, garaiko arte-inguruaren dinamizatzailerik garrantzitsuena Euskal Artisten Elkartea -Bilbon 1910ean sortua- nabarmenduz.

Jatorri ezberdinetako margolariak integratu zireneko belaunaldi horrek, XIX. mendeko euskal margolaritzarena zen ezarritako lengoaia klasikoari paristar eraginak erantsiz joateko joera nagusiarekin jarraitu zuen. Hala ere, eraginaren eta bere asimilazio mailaren arabera, belaunaldi horretan bi talde bereizi ditzakegu. Alde batetik, inpresionismora eta postinpresionismora hurbildutako margolariak ditugu, eta euren artean Francisco Iturrino, Pablo Uranga, Manuel Losada, Juan de Echevarría, Julian de Tellaeche, Ascensio Martiarena, Aurelio Arteta, Antonio de Guezala eta Fernando de Amarica azpimarratu ditzakegu. Gainera, lehendabiziko talde honetan, XIX. mende-bukaerako marrazkiaren izkurritik urruntzen hasiberria zen trazu eta tonalitate argiko paleta bitartez margoarekiko argitasuna lantzearen aldeko estilo eraberritzaileek sustatutako margolarietatik -Uranga, Losada, Martiarena- hasi eta modernitateak gutxika gutxika onartu zuen burgesiaren gogora egokituz eraberritzearen eta tradizioaren arteko etenik gabeko -kasu batzuetan behintzat eduki sozialekoa izan arren- lan atsegina egin zuten lehendabiziko abangoardien -faubismoa, kubismoa, futurismoa- eragin neurritsua izan zuten -Iturrino, Arteta, Echevarría, Tellaeche, Guezala- margolarien artekoak aurki ditzakegu.

Hala ere, hori ez zen euskal artearen inguruan lehen hamarkadetan zen joera bakarra izan. Aldi berean, europar sinbolismotik zetorren sorta kromatiko jakin bat onartu eta ohiko eta klasikoagoa zen lengoaia bati zintzo jarraitzea nahiago izan zuten bigarren artista talde bat ere izan zen; gainera, joera honetako kide zirenek laurogeita hamargarrenekoa eta birsortzailea zen kultura mugimenduarekin bat etorriz gai kostunbristei heltzea nahiago izan zuten. Talde honetako margolaririk garrantzitsuena Ignacio de Zuloaga izan zen baina Zubiaurre anaiak, Angel Larroque, Ricardo Baroja, Alberto Arrue eta Gustavo de Maeztu ere aipatu beharra dago.

Aldi honen bukaeran, euskal artearen eszenan aurreko belaunaldia ordezkatu gabe bererekin bizi izan zen margolari belaunaldi berri bat agertu zen. Gizaldi berriarekin jaio ziren belaunaldi hori ere zati bitan banandu daiteke. Alde batetik, ezarritako ohiko tradizioaren oinordeko eta jarraitzaile ziren margolariak, une honetan gai berrietan ikertzen hasi berriak izanik arinago Frantziatik ekarritako teknika berritzaileetariko batzuk erabat baztertu gabe, ditugu. Lehendabiziko talde horretakoak dira euskal gaien berreskurapenaren aldeko Iparraldetik etorritako modatik abiatuz euskal nortasunaren ezaugarriak goraipatzen dituzten gai kostunbristak garatu zituzten José eta Ramiro Arrúe, Elías Salaverría eta Mauricio Flores Kaperotxipi bezalako margolarietatik hasi eta Bidasoaren Eskola deritzon joera bat zabalduz genero horretan kubismoa erabili zuen Daniez Vázquez Díazen lanetik abiaraziz paisaia berreskuratu eta gai horiei ekitea nahiago izan zuten gorago aipatutako ibai nafarraren ertzean etorria aurkitu nahi izatearen jardunean ekin izan zioten Gaspar Montes Iturrioz edota Bernardino Bienabe Artía bezalako margolarietara artekoak.

Bigarren artista taldea, hala eta guztiz ere, abangoardiekin konpromisoari eutsi eta euren lengoaiei beraien ezaugarri bereizgarriak gehituz jarraitu izanagatik nabarmendu izan zen. Euretariko gehienak, beraz, tradizioa utzi gabe aurreko aldiarekiko elementu eraberritzaileen kopuru handiago bat gehitu zituen estiloa garatzeko margolaritza metafisikora eta surrealismora jo zuten. Lehendabiziko aldi honen amaieran zehar, Donostian izan zen arte-gunerik garrantzitsuena. Izatez, artistarik garrantzitsuenenak hiriburu gipuzkoarrean bizi izan ziren, eta aldiaren hasieran Bilbon gertatu izan zen bezala Donostian ere erakusketa eta jardunaldirik garrantzitsuenak eta GU elkartea bezalako arte taldeak bezalako sorkuntzak ere ospatu izan ziren. Nabarmendu ziren margolarien artean Jesús Olasagasti, Juan Cabanas Erauskin, José Sarriegui, Nicolás Lekuona, Narkis Balenciaga eta Carlos Ribera aipatu beharra ditugu; Bilbori dagokionez José María Ucelay eta Juan de Aranoa ditugu adierazgarri.

Zizelkaritzari dagokionez, akademikotasunetik urrundu eta modernitatera hurbiltzen ausartu ziren lehendabiziko zizelkariak Francisco Durrio, Nemesio Mogrobejo eta Joaquín Lucarini izan ziren. Hala eta guztiz ere, arazo tekniko eta ekonomikoengatik zizelkaritzak ez zuen margolaritzarekin bateratsu garatzerik, eta momentuz, modernismoa edo sinbolismoa bezalako estiloek eragin zuten arlo horretan. Horregatik, zizelkaritzak oroigarri publikoak egiteagatiko eskabide ugari izanari esker aldi horretan garapen unerik ezagutu zuen arren, kasurik gehienean ohiko estilo batera jo izan zen. Aldi horretan zehar gehien lan egin zuten zizelkarien artean, gorago adierazitakoez gain, León Barrenechea, Julio Beobide, Carlos Elguezua, Moisés Huerta, Quintín de la Torre, Ramón Basterra eta Fructuoso

XX. mendeko bigarren aldi hori berezitasunez Euskal Herriarentzako oso zaila izan zen. Francoren diktadurapean, Euskal Herriak politika- eta kultura-errepresio gogorra jasan zuen. Gudaren aurreko arte adierazpen guztiak gogortasunez zapalduak izan ziren -frankismoak modernitatea eta abangoardia demokraziarekin bat egiten zituen-, eta erregimen berriak espainiar Inperioaren mailarik distiratsueneko uneekin diktadurak identifikatzen zituen estiloak berreskuratu zitzan arte konbentzional eta historikorako iraganaren alde jardun zuen. Hala ere, berrogeita hamarreko hamarkadaren azken urteetatik aurrera, ekonomiaren garapenari esker inguruabarrak aldaketarako adierazgarriak eman zituen. Eta nahiz eta esparru politikoan inolako aurrerabiderik egin ez zen arren, kultura mailan aurrera egin zen; berezitasunez Euskal Herrian, XX. mendeko lehen erdiko europar abangoardia historikoaren aire modernoak berriz arnastu eta nazioarte mailan orduan garatzen ziren estilo berrien oihartzuna sentitzerik izan zen.

Horretara, euskal arteak bere kondaira guztian zehar lehendabiziko aldiz bere abangoardia propioa sortzerik izan zuen eta, horregatik darabilgu hitz hori, euskal artean lengoaia berriak sortzearen ahalegina bakarrik -sarritan, bertokotik , modernitatea eta tradizioa- egin ez ezik askatasun osoz sortzeko asmoa ere izan zelako, baina gizartearenganatzekoa ere, berarekin elkarrizketa bat izateari buruzko ahalegina alegia, Europan aldi horretan jada desagertua zen asmoa bestalde. Bigarren aro hori Francoren diktadura zorionez desagertu eta demokrazia ezarritakoan amaitu zen; Euskal Herria arlo guztietan, baita artearena ere, erabat garatu eta aurrera egin izaterik izan zuren aro berri bat izan zen.

Diktaduraren lehen urteetan zehar, erregimenak antzinako estiloen dekoraziora jo zezan sustrai historiko eta herrikoidun nazio-estilo bat aurkitu nahi zuen, bereziki escurialensea, batez ere abagune hori espainiar Inperioraren distirarik gorenarekin identifikatzen zelako. Horrela, garai horretan eraiki ziren eraikinik gehienetan -Iruñako alde nazionalagatik eroritakoei opatutako eliza, Donostiako Abadetegia, Gernikako Enparantza nagusia- exhibizionismoa eta eskala monumentalaren gehiegikeria eman zen. Nazio-estilo bat ezartzearen ahalegin horretan euskal arkitekto bik, Pedro Muguruza Otañok Arkitektura Zuzendaritza Nagusitik, eta Pedro Bidagor Lasartek Suntsitutako Lurraldeen Zuzendaritza Nagusitik funtsezko jarduna izan zuten. Hala eta guztiz ere, arau horiek kasu guztietan ezin ezarri izan ziren zeren ekonomikoki garestiegiak izateaz gainera ez zioten ekonomia egoera larriak berreraikuntza azkar eta nagusia izatera behartzen zuen gizarte baten beharrizanei erantzuten. Horrela, berrogeita hamarreko hamarkadatik aurrera guda aurreko urteetan jardunean izan ziren arkitektoek zein belaunaldi berriek ere, lengoaia modernoa berreskuratzeari ekin zioten. Izatez, Bilbon, Pedro Ispizua, Fernando Arzadun, Pedro Guimón eta Manuel Ignacio Galíndez ditugu, Vitoria-Gasteizen Jesús Guinea eta José Luis López Uralde, eta Gipuzkoan, Ramón Cortazar eta José Antonio Ponte. Horiek guztiak etxebizitzetarako eraikuntzak eginez jarraitu zuten, beraietan art déco xehetasunak eta elementu espresionistadun arrazionaltasuna nahasiz.

Hala ere, berrogeita hamarreko hamarkada ere beste esperimentazio mota batzuentzako berebizikoa izan zen. Horrela, erlijio-arkitekturan II Vatikanoko Kontzilioa ospatzeke zegoen urteetan elizaren tipologiak eraberritze aldia bizi izan zuela azpimarratu beharra dago. Horretara, Francisco Javier Sáenz de Oíza arkitekto nafarrak Luis Laorgarekin batera Oñatin Arantzazuko basilika proposatu zuen. Eliza horrek, tradizioan sustraitutako elementu anitz mantentzen zituen arren, beste kasu batzuetan lengoaia modernoarekiko konpromiso nabarmena azaltzen zen. Aipatutakoa Vitoria-Gasteizen ere aurkitu dezakegu, Javier Carvajal eta José María de Paredesek egindako Los Angeles elizan, eta Miguel Fisac-en La Coronación; eliza biotan nabarmentzen da, dagozkien geometria irregulardun orubeetara egokitutako plastika- eta eskultura-ahalmen handia transmititzen duten, eraikinen euren egitura.

Hirurogarreneko hamarkadatik aurrera, sentiberatasun berri bat agertu zen euskal arkitekturaren inguruan. Lengoaia modernoa eta arrazionala kurbei lehentasuna eman eta batez ere inguru naturalean zein historikoan eraikitako eraikinen integrazioari garrantzi handia ematera zetorren organizismo izeneko estilo berri baterantz garatu zen. Estilo honen hedakuntzan nabarmentzekoa da teoria mailan Juan Daniel Fullaondo bizkaitar arkitektoak izan zuen jarduera, eta Eugenio María de Aguinaga eta Saénz de Oízak estilo horretan, berezitasunez Duranako udalerrian azkenengoak egindako etxebizitza, egin izan zituzten lan mordoa ere.

Edozelan ere, aro horretako arkitektorik garrantzitsuena Luis Peña Ganchegi gipuzkoarra izan zen. Izatez, Zarautzgo Vista Alegre Dorrea bezalako bere hasierako lanetatik aurrera, Peña Ganchegik plastizismoaren eta organizismoaren onuratan paisaiara eta ingurura egokitzeaz gain tokiko historiara ere doitzen zen arrazionaltasun zehatza gainditzearen aldeko apustua egin zuen. Bere hainbat lanen artean Mutrikuko Imanolena Etxea, gipuzkoar udaletxe berean egindako Iparragirre etxebizitzetarako eraikina, Vitoria-Gasteizko Foruen Enparantza eta San Francisco eliza, eta Donostiako Hirutasun eta Tenisaren enparantzak azpimarratu beharra dago; azken honetan, Peña Ganchegik, lursail marjinal baten berreskurapenetik abiatuz, beti paisaiaren zati izan den sentsazioa ematen duen arritmia esanguratsu eta testura adierazgarridun harmailatutako aztarna minimalistadun enparantza azaldu zuen.

Aldiaren amai horretan, organizismoa estetikarik berritsuena izan zen arren, lan askotan arrazionaltasunarekin nahastuz jarraitu zuen, eta xehetasun eta elementu espresionistarik ere izan zen. Estilo horretan lanean jardun zuten arkitektoen artean Fullaondo, Fernando Olabarria, Álvaro Líbanol, Rufino Basañez, José Erbina, Miguel Mieg, Miguel Oriol e Ibarra, Francisco Javier Guibert, Fernando Redón eta Félix eta José Luis Iñiguez de Onzoño anaiak nabarmendu behar dira. Lan aipagarrien artean, Bilbon Txurdinagako irakaskuntza ertainerako institutuak, Donostian kokatutako Deustuko campusa, Iruñako Santiago Apostoluaren eliza, eta eskola-taldeekin zerikusirik duten beste hainbat lan, kultura ekipamenduak eta etxebizitzetarako eraikinak. Halere aldi hori egokien ordezkatzen duen eraikina Rafael Moneo arkitekto nafarraren lehen lan handia den Donostian egindako Urumea etxebizitzen eraikina da, eta bertan Javier Marquel, Javier Unzurrunzaga eta Luis Maria Zulaikarekin batera, paisaia eta hiriburuaren iragana bereganatzen du, lerro uhindunez bateratutako behatokiak zabalgunearen etxadia zehaztu eta laukitzen duten kantoi oktogonalekin elkartuz.

Arkitekturarekin gertatu zenaren antzera, frankismoaren lehen bi hamarkadetan, arte plastikoek ere euskal artearen ingurutik joera eta korronte modernoak erabat desagertuz, ohiko eta kontserbatzailea zen estilo baten ostendu ziren. Margolaritzaren dagokionez, artistarik gehienak paisaiara jo zuten, inpresionismoak eta postinpresionismoak sortarazi izandako eraginaren oihartzunetariko batzuk sumatzen ziren margolaritza figuratiboari -eta ez errealista- ekinez. Estilo horretan, besteak beste, Menchu Gal, Mari Paz Jiménez eta Gonzalo Chillida bezalako margolariek jardun zuten.

Berriak, aldaketak eta, baita, etenak ere, beraz, hirurogeigarren hamarkadatik aurrera etorri ziren. Hamarkada horretan sortzen da Euskal Herrian lehen aldiko abangoardia historikoak berreskuratzearen aldeko apustua bakarrik ez ezik une horretan sortuz zihoazen arte-mugimendu berriengatik -informaltasuna, espresionismo abstraktua- eragina jaso eta, gainera, antzaldatzen zihoan beharrizan berridun gizarteari hurbiltzen saiatzearen aldeko margolarien belaunaldi berri bat.

Programa horretan, lehen aldian bezala, bigarren honetan ere elkartekidetasunak toki erabat garrantzitsua izan zuen. Izatez, berrogeigarren hamarkadaren amaieratik euskal artisten elkarteek birsortzen hasi ziren eta artearen esparrua biziberritzerakoan garrantzi ukaezina izan zuten. Hirurogeigarren hamarkadan, beraz, hainbat izan ziren sortutako taldeak, nahiz eta talde horietatik gehienak bizitza laburra izan eta sortarazi zuten eragina mugatua eta unean unekoa izan zen.

Hirurogeigarren hamarkadan sortutako taldeen artean, osperik handiena izan zutenek 1965. urtean Jorge Oteizaren proposamen eta pentsamenduaren inguruan sortuak izan ziren. Gipuzkoan Gaur, Bizkaian Emen, Araban Orain eta Nafarroan Danok. Izatez, Euskal Herrian lehen abangoardia mugimenduak sustatzearen aldeko-Baita izenez Iparraldean bosgarren bat sortzeko egitasmoa ere izan zen- helburua izan zuten, taldeon bitartez jakintza-alorren arteko harremanaren aldeko apustua egiteaz gain, gizarte-errealitatearekin harremana galdu gabe modernitatea eta tradizioa bat egin zezan artea sortzeko ekimena sustatzearen alde eginez.

Aipatutako taldeek aurrera egin ez zuten arren, euskal artearen esparrura lengoaia berriak ekarri eta figurazioa bertan behera uzteko apustua egin zuten euskal margolarien belaunaldi berri bat agertu izanagatik gorago aipatutako ekimena oso garrantzitsua izan zen. Hala ere, margolari horien artean abstrakziotik gizarte ikuspegi batetik interpretatutako errealismo mota berri batera arteko estilo-aukera ugariak aurki ditzakegu. Lehen estiloan, besteak beste, José Antonio Sistiaga, Rafael Ruiz Balerdi, Amable Arias, Bonifacio Alonso eta Ramón Vargas ditugu, bigarren estiloan Agustín Ibarrola, Dionisio Blanco eta Isabel Baquedano ditugun bitartean.

Zizelkaritzari dagokionez, XX. mendearen bigarren aldi horretan, joera berritzaileekin izandako harreman goiztiarrari esker, arrakasta eta garapenik gehien izan zuen arte-jakintza zizelkaritza izan zen. Izatez, Euskal Herrian berrogeita hamargarren eta hirurogeigarren hamarkaden artean euren lana garatu zuten zizelkari taldeari Zizelkaritzaren Euskal Eskola izena eman zaie.

Adiera hori ez da ideario komunez hornitutako antolaketa sistematiko bezala ulertu behar, berezitasun berdintsuak, desadostasunik izan zuten arren, izan zituzten zizelkari talde baten sentiberatasun komuna bezala baizik, hau da: budinean, harrian edota egurra bezalako materialen erabilera, gizakiaren eta naturaren arteko harreman estua, monumentalitateagatiko zaletasuna eta lengoaia figuratiboagatiko baino abstraktuagatiko nagusitasuna. Hala ere, talde horrek ez zuen nazioarteko egoeraren azken joerekin bat zetorren arte garaikidearen mugimendu bat bakarrik sortu. Horrezaz gain, abangoardia artea egin nahi izan zuen; helburua, abangoardia mugimendurik garrantzitsuenen ekarpenak bertokotasunarekin elkartu zitzan arte-lengoaia berri bat garatzea zen gero gizarteari eskaini ahal izateko.

Berrogeita hamargarren hamarkadan hasitako zizelkari talde horren ekimena Jorge Oteiza Hegoamerikatik etorri izanarekin -guda aurretik joan izan zen bertara- eta Arantzazuko basilikako lanen hasierarekin batera gertatu zen. Eraikinaren eta eraikuntza osatzen zuten margo eta eskulturen eraiketak antzeko sentiberatasuna izan zuten artista-belaunaldi bat ekarri zuen, egitasmoaren inguruan eta lanen egile izan ziren Nestor Basterrechea, Agustin Ibarrola, Lucio Muñoz eta Eduardo Chillidarekin batera Oteizaren nortasun sendoaren inguruan bilduz.

Hirurogeigarren hamarkadan, Arantzazuko taldekideren batzuk Euskal Herriko lurralde eta jakintza-arlo desberdinetako artistak biltzen zitzan arte mugimendu berri baten eraketan berriz ere topo egin zuten. Horretara eratu ziren Gaur, Emen eta Orain, lengoaia modernoak erabiltzearen ahalegina egin, tradizioa eta aro garaididea bat egin, eta gizarteari hurbildu ekion artea burutzeko asmotan. Egitasmo horrek bat ez etortze formal eta ideologikoengatik porrot egin zuen baina euskal zizelkaritzak eta, oroar, arte garaikideak euskal gizartean presentzia ikaragarri bat izatea lortu zuen. Izatez, hainbat dira Oteiza eta Chillidaren -garai horretako bi zizelkaririk garrantzitsuenak-ildoari geroztik jarraitu dioten Remigio Mendiburu, Vicente Larrea, Ricardo Ugarte, José Ramón Anda eta Ángel Bados bezala nabarmentzen diren zizelkariak.

Francoren diktaduraren desagerpenarekin eta demokraziaren etorrerarekin, joera postmodernoak ezarri zireneko hirugarren aro baten sartzen gara, eta ondorioz, ezin ditzakegu estilo edo mugimendu hitza erabili. Hirurogeigarren hamarkadatik aurrera, artearen eremuan bere ezaugarri orokorretan postmodernitate hitzez identifikatu izan den joera baten eragina ezagutu zen. Hitz hori jakintza-arloa testuingurutzeko helburuz historia berreskuratzea proposatzen zuen pentsamendu berri batek zehaztuta azaldu zen. Horretara, hamarkada horretako margolaritzan eta zizelkaritzan bezala figurazioa eta lengoaia narratiboa berreskuratu ziren, arkitekturak XIX. mendearen bigarren erdiko izpiritu eklektikoaren eta XIX eta XX. mendeetako mugimendu eta estiloak berrerabiltzearen bitartez historiara jotzea erabaki zuen.

Euskal Herrian, aurreko aldietan euskal artea europar estilorik garrantzitsuenen gerizpean garatu zen bitartean eta beti nolabaiteko atzerapenez, egun, Euskal Herrian sortutako arte-agerpenak munduaren gainerako tokietan sortutakoekin batera daude. Izatez, gure lurraldeko arte-sorkuntzak beste toki batzuetan egiten direnenganako desberdintasun oso gutxi dute, batez ere homogeneizazioaren eta globalizazio prozesuaren eraginagatik. Berririk garrantzitsuena, arte-diziplina desberdinen arteko mugak desagertzeaz gain, teknologia berriek gauzatutako diziplina berrien eransketa izan da. Bereizgarri horrek, bestalde nazioarteko gainerako eszena ere bereiztera datorrena dela, postmodernitatearekin batera aldi hau anitz bezala izendatzera garamatza, eta aldi berean ate berriak zabaltzen dizkigu, inolako zalantzarik gabe nazioarteko eta euskal artearen inguruarekiko etorkizuna berriro antzaldatzera etorriko baita.

Euskal Herrian Peña Gancheguik diziplina testuingurutzeko helburuz historia berreskuratzea proposatzen zuen pentsamolde berri batek zehaztutako joera posmodernoa jada bere lanean bereganatuta zuen arren, lengoaia berriaren sarreraren aitzindari José Ignacio Linazasoro eta Miguel Garay gipuzkoarrak izan ziren Hondarribiko ikastolaren egitasmoarekin; ikasgune horretan, Linazasorok eta Garayk denboraz kanpoko eta berezko klasikotasun berri bat proposatu zuten, instituzionala eta monumentuzkoa, arrazionalista izan arren arkitekturaren iraganarekin elkarrizketan diharduena.

Ondoren, laurogeiko hamarkadan, ezaugarri nagusiena askatasun formala izan zen eta, arrazionaltasuna birsortu zen arren, zorroztasun konposatzaileagatik nabarmendutako lanetan funtzionalismoa, espresionismoa, historikotasuna eta erregiotasunaz gain detailearen zaintza eta maila zorrotzeko kalitatea bezalako hain desberdinak ziren tradizioak elkartzen ziren nolabaiteko eklektikotasuna, batez ere, nagusitu zen.

Hamarkada horretan, indargunerik eraginkorrena belaunaldi eta estilo desberdineko -Iñaki Usandizaga, Fernando Ruiz de Ocenda, Roberto Ercilla, Miguel Ángel Campo, Javier Mozas, Luis María Uriarte, José Luis Catón- arkitektoek osatutako talde arabarra izan zen. Talde horrek kalitate handiko lana egin zuen eta beste batzuen artean nabarmentzekoak dira Vitoria-Gasteizko gizarte etxeak eta Foru Ogasunaren bulegoak. Gipuzkoan, zeregin berbera egin zuen beste arkitekto talde batek -Javier Marquet, Luis María Zulaika, Xavier Unzurrunzaga, Francisco de León, Ángel de la Hoz, Joaquín Montero, José Antonio Pizarro, Manuel Iñiguez, Alberto Ustarroz- Euskal Unibertsitate Publikoaren campusa osatzen duten eraikinak edota Zumarragako hilerriaren lurpeko kripta bezalako lan estimulagarriak eginez.

Laurogeita hamarreko hamarkadatik aurrera, arkitekturak irakurketa minimalista, erraz, urri eta soilaren bitartez lengoaia modernoaren arrazionaltasuna berreskuratu du, eta nazioarteko arkitektura-esparruan estilo bakarra izan ez den arren -hortxe daude dekonstruktibotasuna edo informalismoa lekukotasuna emateko- Euskal Herrian arrakasta eta onarpenik gehien izan duena izan da. Inguruabar horrek berriro ere euskal arkitekturaren garapenean nagusia izan den sentiberatasunera garamatza, hau da, marra argi, neurridun eta errazetara alegia.

Hamarkada zabaldu eta bere ikur izan zen egitasmoa Donostian Rafael Moneok egindako Kursaaleko Entzunaretoa eta kongresuetarako jauregia izan zen. Eraikin harrigarri horretan, Moneok aurreko arkitektura-tradizio guztia -arrazionaltasuna, organizismoa-bildu zuen, eraikin funtzional , poetiko eta artistikoago bat egiteko urrats aurrerakoi bat gehiago ematen, tradizio minimalista eta land-art izenekoarekin bat egiten duelako, ausartuz. Horrela, Kursaalari jarraituz, azken urteotako egitasmorik interesgarrienek marra zorrotzen garrantzian nabarmendu dira, izaera abstraktudunetan, espresiorik gabekoak izan ez arren. Edozelan ere, narotasuna eta aniztasuna dira beste berezko bereizgarri batzuk, tipologia bereko eta antzeko datetan klasikotasun zorrotza berrinterpretatzen den Nafarroan Manuel Iñiguez eta Alberto Ustarrozek egindako osasun etxea eta moduluzko errepikatze abstraktoan oinarritutako eraikuntza den Luis Maria Uriartek Vitoria-Gasteizeko Ariznavarrako osasun etxea bezalako lanak aurki ditzakegu. Aldiz, Okako Iruñako kirol parkean, Roberto Ercillak eta Miguel Ángel Campok paisaia izaera nagusi den antolaketa nahiago dute, Ignacio Vicens eta Jose Antonio Ramosek Iruñako Nafarroako Unibertsitateko euren giza zientzietarako fakultatean izaera espresibodun bolumenen apustuaren aldeko diren bitartean, eta José Luis Catónek Vitoria-Gasteizko Artium museoan arkitektura arrazionalista historikoa industria-estetikarekin elkartzen du.

Belaunaldi berrien artean lengoaia arrazionalista zehatz baina adierazgarria ondoen erabiltzen jakin izan duena Francisco José Mangado nafarra izan da. Horrela, Oliteko Bodegas Marco Real eta Carlos IIIaren enparantza, Lizarrako Foruen Enparantza, Zuastiko Club de Campo, Iturramako osasun etxea, Mendillorri haurtzaindegia, edo Iruñako Baluarte entzunaretoa eta kongresuetarako jauregia bezalako lanetan Mangadok lan neutro eta sendo batez egitasmoen esentzia, zailtasuna eta heterogeneotasuna jaso, erraztu eta garbitzen dakizkiala erakutsi du.

Bide beretik aritu da Eduardo Arroyo bizkaitarra, bere lanik oraintsukoenetan -Sondikako haurrentzako eskola, Barakaldoko Basamortuaren plaza, Barakaldoko Lasesarreko futbol zelaia- sinplifikazio formalari forma propioen elkartzearen emaitza den osagarri estetiko ukaezina eransten dion arren, forma propioak hiri-mosaiko arin eta aldakorra osatuko balute bezala.

Amaitzeko, gure lurraldean arkitekto kanpotarrek egindako lanak ezin ahaztu ditzakegu. Egun arte asko izan ez diren arren, geroago eta gehiago dira -Jordi Garcés eta Enric Soria arkitektoek Iruñan egindako Nafarroako Museoa, Beatriz Matos eta Alberto Martínezek Basaurin egindako gizarte etxebizitzak, Federico Soriano eta Dolores Palaciosek Bilbon egindako entzunaretoa eta kongresuetarako jauregia, Santiago Calatravak egindako Loiuko aireportua-,eta azken urteotan euretariko bik guregan zirrara handia eragin dute. Lehendabizikoa, Norman Foster britainiarraren lanik interesgarrienetariko bat, ingeniaritza eta arkitektura maisutasunez elkartzen jakin duen Bilboko Metropolitarra da, zulatze-sistemaren beraren moldea adierazten diguten lurpeko galeria bihurgunetsuak azpimarratuz, eta bigarrena Frank Gehry estatubatuarraren Bilboko Guggenheim Museoa da. Itsasadarraren industria-ertzean eraikia, eraikinak hiri egitura zaila bereganatu eta hegazkin-industriaren informatika programa batetik abiatuz tamaina desberdineko pieza-sorta batzuk ezartzen diren beiradun atrio ikaragarri baten inguruan antolatzen da; pieza horiek titanio ezkataz estalita agertzen dira, eraikina, bakarra, berezia, bere ikur-ahalmenagatik eta bere izaera mintzodun eta zoragarriagatik ere miresgarri izatea bihurtuz.

Hirurogeita hamarreko hamarkadatik aurrera, euskal artea nazioarteko esparruan garatzen zihoazen mugimendurik garrantzitsuenen -pop art, minimalismoa, arte kontzeptuala- albiste zuzenak jasotzen hasi zen eta gure artean horiek guztiak eragin bera izan ez zuten arren, gutxienez, ezagutuak izan ziren eta euskal artistek nahiago zuten bidea hautatzerik izan zuten. Iruñako 1972ko Batzarraldiak, amaitu aurretik erregimen frankistak itxiak izan ziren arren, zeregin garrantzitsu bat izan zuten; batzarraldiotan, nazioarte mailako artistarik ospetsuenen azalpenaz gain, Euskal Herrian artearen egoera ere ikusterik izan zen eta euskal artean oraindik diren xehetasunetariko batzuk azaltzerik ere izan zen, alegia: margolaritzaren eta zizelkaritzaren arteko mugen desagerpena, euskal artistak bildu zitzan elkarte edo talderik eza nabarmena, euskal nortasuna bezalako gaiei buruzko jarreretatik urrundu, nazioarteko artearen egoerari buruzko ezagutza zehatza izatea -atzerrian izandako egotaldien bitartez- eta ageriko gizartearenganako inolako harremanik eza. Ezaugarri guzti horiek, nahiz eta sortzaile diren guztietan ematen ez diren, azken hamarkadetako euskal artean ohikoenak izan diren ezaugarriak izan dira.

Lehendabiziko aldi posmoderno honetan nagusi izan ziren korronteei dagokienez, eraginik nabarmenena izan duten mugimenduekiko hurbilpen bat egitea zaila den arren, artistarik gehienek egindako apustua nahiko kontserbatzailea izan zela aipatu beharra dago; izatez, euretatik gehienek, margolaritza eta zizelkaritza erabili zituzten adierazpide nagusi bezala, eta figurazioa eta abstrakzioa izan ziren hautatutako lengoaietatik gehien erabili izan ziren aukera biak.

Hirurogeita hamarreko hamarkadan, izatez, talderik osatu gabe hirurogeigarren hamarkadako tradizio abstraktuari aurre egiten ahalegindu zen artista-aldra bat sortu eta figurazioaren aldeko apustua egin zuen; artista horien artean hurrengoak nabarmentzen ditugu: Marta Cárdenas, Vicente Ameztoy, Andrés Nágel, José Llanos, Ramón Zuriarrain, Juan Luis Goenaga, Juan José Aquerreta, Pedro Salaberria, Xavier Morrás, Pedro Oses eta Clara Gangutia. Hala eta guztiz ere, urte bertsuetan, beste artista talde batek, ikuspegi pertsonalago batetik baina, arte abstraktua egiten jarraitzeari ekin zion; talde horretan Carlos Sanz, Gabriel Ramos Uranga, Carmelo Ortiz de Elgea, Santos Iñurrieta eta Juan Mieg aipatu behar dira.

Hirurogeigarren urteko margolaritza-arteen nagusitasunaren aurrean, hurrengo hamarkadan, zizelkarien belaunaldi gazte batek euskal artearen oinordetzari heldu eta berrinterpretatu bakarrik ez ezik, azken joera posmodernoak sartuz zizelkaritzaren jakintza-arloa egunean jarri zuen; Txomin Badiola, Pello Iraza eta Juan Luis Moraza dira une horretan nabarmendu ziren izenetariko batzuk. Bestalde, Darío Villalba, Esther Ferrer, Elena Asins, José Ramón Morquillas, Fernando y Vicente Roscubas, Pablo Donezar, Prudencio Irazabal, Iñaki Cerrajería, Pablo Milicia, Txupi Sanz, Juan Ugalde, Koldobika Jauregi, Cristina Iglesias, Dario Urzay o Jesús Maria Lazkano bezalako beste artista batzuk -margolariak eta zizelkariak- ez ditugu ahaztu behar, inolako mugimendu zehatzetan ibili ez diren arren, hamarkada horretako euskal plastikari eraberritze-arnasa eta lengoaia garaikide berriak ekarri zizkiotelako.

Aldiz, laurogeita hamarreko hamarkadak pluraltasun handiagoa ekarri du. Aurreko hamarkadan aipatutako ezaugarriak mantendu eta ezaugarri horiei argazkigintza, bideoa edota ordenagailua eta artistari egoki begitantzen zaion beste edozein eratako material, burutazio edo kontzeptu bezalako jakintza-arlo berrien erabilera gehitzen zaizkio.

Azken urteotako artista gazte garrantzitsuenen hautaketa bat egitea, ikuspegirik ez izanagatik askoz zailagoa da, baina sarituak edo hautatuak izan diren abaguneen kopuruari eta euren lana euskal eremuan zein estatu mailan erakusteko hautatua izan denari jaramon egiten badiogu, zerrendan, besteak beste, hurrengoak aipatuko genituzke: Javier Pérez, Ana Laura Alaez, José Rekalde, Francisco Ruiz de Infante, Aitor Ortiz, Javier Balda, Javier Alkain, José Ramón Amondarain, Manu Muniategiandikoetxea, Jesús María Corman, Raúl Urritikoetxea, Edu López, Dora Salazar, Luis Candaudap, Fernando Pagola, Leopoldo Ferrán, Agustina Otero, Maider López, Andoni Euba, Alberto Peral, Pepo Salazar, Jon Mikel Euba, Txuspo Poyo, Asier Mendizábal, Iñaki Garmendia, Sergio Prego, Gema Intxausti, Alfonso Ascunce, Estibaliz Sabada, Itziar Ocariz, Iratxe Jaio, Azucena Vieites, Abi Lazkoz, Ibon Aramberri eta Juan Pérez Agirregoikoa.

  • AA.VV.: Nosotros los vascos: Arte. 5. Vol. Lur, San Sebastián, 1987-1994.
  • AA.VV.: Monumentos Nacionales de Euskadi. 3. vol., Editorial Elexpuru, Zamudio, 1985.
  • AA.VV.: Euskal Artearen Historia. 14 vol., Kriseilua, Donostia, 1992.
  • AA.VV.: El arte en Navarra. 2 vol., Diario de Navarra, Pamplona, 1994.
  • AGIRRESAROBE, I.: Euskal Herriko Artea. Lur, Donostia, 1997.
  • BARAÑANO LETAMENDIA, K.; GONZÁLEZ DE DURANA, J.; JUARISTI, J.: Arte en el País Vasco. Cátedra, Madrid, 1987.
  • CASTAÑER LOPEZ, X. (ed.): Arte y Arquitectura en el País Vasco. Nerea, Donostia, 2003.
  • KORTADI OLANO, E.: Gipuzkoako artea irudietan. Kutxa Fundazioa, Donostia, 2000.
  • PLAZAOLA, J; AYERBE, E.: Euskal Artearen Historia. 5 vol., Ostoa, Lasarte-Oria, 2002-2004.
  • AA.VV.: Nosotros los vascos: Arte. 5. Vol. Lur, San Sebastián, 1987-1994.
  • AA.VV.: Monumentos Nacionales de Euskadi. 3. vol., Editorial Elexpuru, Zamudio, 1985.
  • AA.VV.: Euskal Artearen Historia. 14 vol., Kriseilua, Donostia, 1992.
  • AA.VV.: El arte en Navarra. 2 vol., Diario de Navarra, Pamplona, 1994.
  • AGIRRESAROBE, I.: Euskal Herriko Artea. Lur, Donostia, 1997.
  • BARAÑANO LETAMENDIA, K.; GONZÁLEZ DE DURANA, J.; JUARISTI, J.: Arte en el País Vasco. Cátedra, Madrid, 1987.
  • CASTAÑER LOPEZ, X. (ed.): Arte y Arquitectura en el País Vasco. Nerea, Donostia, 2003.
  • KORTADI OLANO, E.: Gipuzkoako artea irudietan. Kutxa Fundazioa, Donostia, 2000.
  • PLAZAOLA, J; AYERBE, E.: Euskal Artearen Historia. 5 vol., Ostoa, Lasarte-Oria, 2002-2004.
  • AA.VV.: Nosotros los vascos: Arte. 5. Vol. Lur, San Sebastián, 1987-1994.
  • AA.VV.: Monumentos Nacionales de Euskadi. 3. vol., Editorial Elexpuru, Zamudio, 1985.
  • AA.VV.: Euskal Artearen Historia. 14 vol., Kriseilua, Donostia, 1992.
  • AA.VV.: El arte en Navarra. 2 vol., Diario de Navarra, Pamplona, 1994.
  • AGIRRESAROBE, I.: Euskal Herriko Artea. Lur, Donostia, 1997.
  • BARAÑANO LETAMENDIA, K.; GONZÁLEZ DE DURANA, J.; JUARISTI, J.: Arte en el País Vasco. Cátedra, Madrid, 1987.
  • CASTAÑER LOPEZ, X. (ed.): Arte y Arquitectura en el País Vasco. Nerea, Donostia, 2003.
  • KORTADI OLANO, E.: Gipuzkoako artea irudietan. Kutxa Fundazioa, Donostia, 2000.
  • PLAZAOLA, J; AYERBE, E.: Euskal Artearen Historia. 5 vol., Ostoa, Lasarte-Oria, 2002-2004.
  • AA.VV.: Nosotros los vascos: Arte. 5. Vol. Lur, San Sebastián, 1987-1994.
  • AA.VV.: Monumentos Nacionales de Euskadi. 3. vol., Editorial Elexpuru, Zamudio, 1985.
  • AA.VV.: Arkitektura Neoklasikoa Euskal Herrian. Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Turismo Saila, Bilbao, 1990.
  • AA.VV.: Euskal Artearen Historia. 14 vol., Kriseilua, Donostia, 1992.
  • AA.VV.: El arte en Navarra. 2 vol., Diario de Navarra, Pamplona, 1994.
  • AGIRRESAROBE, I.: Euskal Herriko Artea. Lur, Donostia, 1997.
  • BARAÑANO LETAMENDIA, K.; GONZÁLEZ DE DURANA, J.; JUARISTI, J.: Arte en el País Vasco. Cátedra, Madrid, 1987.
  • CASTAÑER LOPEZ, X. (ed.): Arte y Arquitectura en el País Vasco. Nerea, Donostia, 2003.
  • KORTADI OLANO, E.: Gipuzkoako artea irudietan. Kutxa Fundazioa, Donostia, 2000.
  • MAS SERRA, E.: 50 años de Arquitectura en Euskadi. Servicio Central de Publicaciones. Gobierno Vasco, Vitoria-Gasteiz, 1990.
  • PLAZAOLA, J; AYERBE, E.: Euskal Artearen Historia. 5 vol., Ostoa, Lasarte-Oria, 2002-2004.