Kontzeptua

Hezkuntza Euskal Herrian

Informazio osagarria



Hezkuntza gertakarien konplexutasunak eta beroiek testuinguru zehatz batean aztertu behar izateak ikerketa bera eta horri dagozkion ikuspegiak ugariak izatea eskatzen dute. Xedea ez da hezkuntzarekin lotutako gertaera, erakunde, petsonai eta pasarteen zerrenda luzea eskaintzea, aitizitk Euskal Herriko hezkuntzari buruz usmatzen diren husune eta gabeziak argitzea alegia.

Zentzu horretan bi kontu azpimarratu beharra dago: bata, lurralde eremuari dagokio eta, bestea, denborari. Euskal Herriaz arituko gara, bere osotasunean, eta gogoetak azken berrehun urteotara mugatzen dira. Muga horiek ezartzeak bere zentzua du. Frantziako Iraultzaren ostean hasten dira ia Europa osoan nazionalak izendatu zituzten hezkuntza sistemen hedapena. Sistema horiek, oro har, estatu ikuspegitik eratorriak ziren eta horregatik curriculum-ean gai jakin batzuk ezarri zituzten, hezkuntza derrigorrezkoa bihurtu zen eta Estatu bakoitzaren hizkuntza derrigorrezkoa bilakatu zen. Euskal Herriari dagokionez, kontutan izan behar dugu bi estatuen artean zatituta zegoela, Frantzia eta Espainia alegia. Horren ondorioz, Iparraldean Foruak galdu zituzten, baina Espainiako estatuari dagokionez, Foruak 1876ra arte bere horretan mantendu ziren, Ekonomia Itunak izenpetu ziren edota autonomia handiko garaiak bizi izan ziren. XIX eta XX. mendeetan zehar, aipatutako egoera politiko-administratiboek ez dute euskal kulturaren eta hizkuntzaren mantenua eragotziko, aurretik gertatu zen bezala. Azkenik, xehetasun bat aipatu behar dugu: oro har, lehen mailako edota derrigorrezko hezkuntzaz arituko gara, bestelako esparruetan ematan diren ekarpenak ere garrantzitsuak direla onartuz, esaterako, lanbide heziketa, hezkuntza erlijiosoa, bigarren mailako hezkuntza edota Unibertsitatea bera. Hezkuntzaren maila hori bereziki landu da esparru honetan bideratzen diren ekimen gehienak horretara mugatzen direlako, hau da, neurri politikoak, curriculumaren ekarpenak edota hainbat hezkuntza esperientzia. Dena den, ezin dugu alde batera utzi historian zehar Euskal Unibertsitatearen alde nabarmena izan den joera, horren eraginez, besteak beste, Gerra Zibilaren erdian Bilboko Medikuntza Fakultatea sortu baitzen. Gerora, Euskal Herriko Unibertsitatea bera sortu zen eta bertan goi mailako hainbat ikasketa elkartu ziren. Badira gure artean Eusko Ikaskuntza bezalako erakundeak ere, goi mailako hezkuntza bideratzeko plangintza gauzatzea helburu dutelarik.

Premisa horiek aintzat hartuz, Euskal Herriko hezkuntzaren funtsezko oinarri diruditen hiru eremu jorratuko ditugu. Historia aldetik garrantzitsuak dira baina baita etorkizunari begira izan ditzaketen ekarpenengatik ere. Zentzu horretan, gai guztien artetik honako hauek aztertuko dira: hezkuntza erakundeak, horien bilakaera historiakoa landuz; curriculumaren inguruko hezkuntza politikak (euskal curriculumaren ekarpenak) eta euskararen inguruko hezkuntza politikak. Euskal hezkuntza sistemaren oinarri bilakatu diren hiru zutabe dira, gizartea, kultura eta hezkuntzari lotutako egoerak denboraren joan-etorrian aldatuz joan diren arren.