Kontzeptua

Hezkuntza Euskal Herrian

1975ean Franco jenerala hil egin zen eta, horrenbestez, bere aginte-moldea amaitu. Baziren motiboak, lege-marko berri bat eratu eta euskaldunak, aspaldiko partez, bertako hezkuntza-sistemaren moldatzaile izan ahal izango zirela uste izateko. Aldaketa politikoak behar ziren horretarako: Konstituzio demokratikoa eta Autonomia estatutua. Ez hori bakarrik, ordea: marko politikoa aldatu hutsaz ezin zen euskal eskola zutitu eta zabaldu. Eragozpen nabarmenak zeuden horretarako. Hasieran, ikastolen 1960tik 1975era arteko sorreran eta lehen hazkundean, lau elementuok ziren eragozpen larrienak: martxan zeuden eskoletan euskara edo euskaraz irakasteko baimen ofizialik eza, ikastola zabaltzeko baimenik eza, ikasleak atenditzeko eraikuntzarik eza eta andereñoen soldatak eta gainerako gastuak ordaintzeko diru-laguntza publikorik eza. Eskola-etxerik ez izatea, eta halakorik zabaltzeko baimenik lortu ezina, oztopo larria zen noski. Dudarik ez zen egiten, ordea, marko politiko berriarekin herri-ikastetxeak bederen hor izango zirela, herri-aginteen esku. Baimena ere bai, lehenxeago edo beranduxeago. Eta baimenarekin, azkenik, diru-bidea. Lau eragozpen horiek, hortaz, benetakoak baina harian-harian gainditzekoak ziruditen 1975etik aurrera.

Arazoak ez ziren ordea hor amaitzen: ezintasun politiko horien ondoan baziren oinarrizko beste hiru eragozpen: kontratatu nahi eta ahal izanik ere, ez zegoen behar adina irakasle, euskaraz irakasteko gai zenik; behar bezalako eta behar adinbat ikasmaterial ez zegoen euskaraz, ez ikasleentzat eta ez irakasleentzat; hizkuntza bera, azkenik, irakaskuntzan erabiltzeko behar bezala prestatu eta landu gabe zegoen.

  1. Irakasleei dagokienez, EAEko (berdin Nafarroako) ikastetxe publiko eta pribatuetako ia maisu-maistra guztiak erdaldunak ziren. Siadecok 1976an egindako azterketaren arabera Eskolaurreko eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetan ez ziren %5era iristen, euskaraz bazekitela aitortzen zuten irakasleak. Datu zehatzik ezagutzen ez bada ere, uste izatekoa da ikastetxe pribatuetako egoera, Batxiler edo Lanbide Heziketa mailakoa bezala, ez zela oso diferentea izango. Irakasle-eskoletan ez zegoen irakasle euskaldunak sortzeko planik. Ez planik eta ez modurik. Irakasle erdaldunak sortzeko diseinatuak zeuden irakasle-eskolak, eta halaxe jardun zuten, oro har, 1979 ingurura arte.
  2. Euskara edo euskaraz ikasteko ikasmaterial gutxi zegoen eskueran. Bai ikasleentzat testu-liburuak falta ziren eta bai, oro har, irakasleen formaziorako erreferentzia-material gutxi zegoen. Euskara-metodoak ere 70eko hamarkada hartan hasi ziren kaleratzen: gutxienak zeuden, hasierakoetan, zuzen-zuzenean eskola-umeentzat pentsatuak. Hiztegiak ere orduantxe hasi ziren prestatzen: bai orokorrak eta bai eskola-mundura zuzenduak.
  3. Hizkuntzaren idatzizko erregistro formal-espositiboa eta hainbat alorretarako terminologia teknikoa, azkenik, inor gutxik menderatzen zituen artez. Autoalfabetatzeko abentura batean sartzea zen, irakasle gazte gehienentzat, euskal irakaskuntzari heltzea. Etxetik zekarten erregistroa ez zen askotan ontzat ematen: dialektalismoz kargatuegia zen hainbatean, erdararekiko interferentziez beteegia zenbaitetan eta, goragoko ikasmailetan jarduteko bereziki, dentsitate kontzeptual handiko azalpenetarako behar baino gordinagoa. Euskara batu eta, hainbatean, "landu" bat eskatzen zuen eskola-munduak.

Muga-gabezia estruktural horiek guztiak tartean zirela heldu behar izan zitzaion hortaz, 1978-79tik aurrera, marko politiko berrian euskal eskola eraikitzeko saioari. Lan gaitzak ziren horiek: denbora gutxian, trebakuntza handirik gabeko giza taldeen bidez eta ia inolako finantziaziorik gabe egin beharreko lanak. Errazegi ahanzten dira orain orduko nahi eta ezinak, argi-ilunak eta lorpen-porrotak: ez da jokabide zuhurra, kontuak artez atera nahi dituenarentzat.

EAEko hezkuntza-moldeak Espainiako Konstituzioa eta Euskal Autonomia Estatutua ditu marko-arau gidari. 1978ko Espainiako Konstituzioak ofizialtasun-statusa aitortzen die gaztelaniaz aparteko beste hizkuntzei, zeini bere lurraldean (3. artikulua, 2. eta 3. pasarteak). Horretan oinarrituz, Euskal Autonomia Estatutuak zera dio bere seigarren artikuluan: 1.- Euskara, Euskal herriaren berezko hizkuntza, gaztelaniarekin batean hizkuntza ofiziala izango da Euskadin. Bertako biztanle guztiek dute hizkuntza bata zein bestea jakiteko eta erabiltzeko eskubidea. 2.- Euskal Autonomia Erkidegoaren amankomuneko Erakundeek, leku batetik besterako desberdintasun soziolinguistikoak kontuan izanik, hizkuntza bien erabilera garantizatuko dute, beren izaera ofiziala arautuz eta beren ezaguera ziurtatzeko behar diren neurri guztiak hartuz eta bideratuz.

Hori da, funtsean, 1978az eta 1979az geroztik indarrean dagoen lege-marko nagusia. Lege-marko horrek ezarritako helburuei eta gizarte-eskari jakinari erantzuteko neurriak hartzea eta baliabideak eskuratzea: hori izan da, hein handian, Eusko Jaurlaritzak 1980tik aurrera ele biko hezkuntzaren alorrean eraman duen bidea. Hala egin du herri-ikastetxeetan, aurrez aurreko ekimenez, eta halatsu ikastegi pribatuetan, arauak eta laguntza-bideak ezarriz.

Garrantzi bereziko legea egin nahi izan zuten EAEko herritarren ordezkari demokratikoek, EEN prestatu eta onartu zutenean. Tramitazio luze samarreko legea izan zen: denbora hartu zen legea idazten, berridazten, eztabaidatzen, zatiz zati adosten eta erdibideko adostasun-formulak asmatzen, berriro eztabaidatzen eta, azkenik, onartzen. Horretarako hartu zen denbora, eta prozesu osoari eman zitzaion errespetuzko trataera, lege "berezi"-ren baten seinale dira nolazpait. Bere edukian sartu gabe ere, azaletik beretik badu EEN legeak aparteko izaera berezia.

Gobernu Zentralak errekurritu egin zuen legea, Eusko Legebiltzarrak onartu eta handik gutxira. Ez lege osoa, bertako zenbait artikulu edo pasarte baizik. Artikulu eta pasarte horiek ez ziren, funtsean, hezkuntzakoak. Bai, ordea, EAEko euskara-erdaren konpartimentazio territoriala edota soziofuntzionala bideratu ahal izateko aparteko garrantzia zutenak, alde batetik, eta EAEko esparru osoan hizkuntza alorreko erabakimena zein aginteri (zentralari edo bertakoari) zegokion eztabaidatzen zutenak bestetik. 1986an etorri zen Konstituzio Epaitegiaren erantzuna. Eusko Legebiltzarrari eman zion arrazoi errekurritutako puntu gehienetan: EAEren bertako aginteari zegokion Erkidegoko hizkuntza-politika zehaztea, estatuak ezarritako marko nagusiaren baitan. Aginte zentralaren mendeko instantziek ere Eusko Legebiltzarrak esandakoa bete behar zuten, hortaz, EAEn. Aldiz, kontrako epaia eman zuen puntu batzuetan. Batek zuen garrantzi nabaria: euskara hutsezko jardunbide elebakarrik (euskara hutsezkorik) ez zuen onartu zonalde euskaldun itxietan (arnasguneetan alegia). Aldaketa eta berrespen, EENren izaera berezi hura indarrean dago orain ere. Zer du EENren mamiak berezirik?

Hezkuntza-munduari dagokionez lau ezaugarri nagusi ditu EEN legeak: izaera jeneralekoa eta helburu bakarrekoa da hiritar guztientzat; norbanakoari (ikasleari berari, edo bere gurasoei) uzten dio/e eredua aukeratzen; pausoz pausoko ezarpena planteatzen du eta, azkenik, jeneralista da. Hori dela-eta:

  1. Kasuan kasuko ama-hizkuntza eta zonalde soziolinguistikoa direnak direla ere, EAEko ikasle guztiek jakin behar dute euskaraz eta gaztelaniaz, derrigorrezko eskola-aldia amaitzean. "Behar adinako gaitasun-maila praktikoa" eskuratu behar dute. Maila hori zer den ez dago inon zehatz definitua, baina jomugaz argia da.
  2. Xede nagusi hori betetzeko ez da eskola-molde bakarra ezartzen, aukera diferenteak eskaintzen baizik. Gurasoek edo, adin batetik aurrera, ikasleek beraiek dute eskola-hizkuntza nagusia (euskara, gaztelania edo erdibana) aukeratzeko eskubidea. Eskola-hizkuntza nagusi gisa aukeratzen ez den beste hizkuntza ofiziala, berriz, derrigorrezko ikasgai izango da ikasmaila guztietan.
  3. Pausoz pauso aplikatzeko legea da EEN: legeak ez du espresuki esaten, Herri Aginteek bertako obligazioak noiztik aurrera beren gain hartu behar dituzten osorik. Askatasun-marjina ohargarria ematen die EENk Herri Aginteei, beraiek egin beharreko gauzak noiz egin erabakitzeko. Hiritarrak tempo horretara makurtzera beharturik daude, hainbatean.
  4. Jeneralista da EEN. Hezkuntza/hizkuntza alorrean nora joan behar den adierazten du legeak, nagusiki. Hortik aurrerakoetan, aldiz, zehaztasun gutxi dakar berekin. Hori dela-eta, askatasun-marjina handia ematen du EENk, egin beharreko gauzak nola egin erabakitzeko. Eskuak libre samar uzten dizkie jestore publikoei, iritsi beharreko helmugara iristeko zein bide hartu eta zein ez aukeratzeko.

Legebiltzarrean ere ezer gutxi egin da, oro har, 1982ko EEN legearen hezkuntza atala lege berriez garatzeko, osatzeko edo birmoldatzeko. 1/1993 Legea izan da bere garapen nagusia: hots, Euskal Eskola Publikoaren legea (Irakaskuntza ez unibertsitarioko irakasle-kidegoen 2/1993 Legea ere kontuan izatekoa da, horrekin batera). Berrikuntza hori ere ez da, gainera, alderik aldekoa: 1993ko legeak ere bi elementuok ditu ardatz: a) derrigorrezko eskola-aldia amaitzean EAEko ikasle guztiek gai izan behar dute euskaraz eta gaztelaniaz hitz egiteko, irakurtzeko eta idazteko; b) gurasoek edo ikasleek beraiek erabakiko dute, horretarako zer eredu-bide erabili. Beraiei dagokie, eskola-hizkuntza nagusia euskara ala gaztelania izango duten aukeratzea. 1982ko EEN legeari eusten dio hortaz 1/93 Legeak, puntu horretan ere.

Garapen zabala izan du EEN legeak, aldiz, dekretu eta agindu bidez, lehenengo hiruzpalau urtetan. Ondoko puntuok ezin dira aipatu gabe utzi:

  1. Hiru ereduen arauzko zehaztapena. Eredu-sistema hirukoitza arautu zen 1983an, uztailaren 11ko 138/83 dekretuaz (EHAA, 1983-VII-19), unibertsitate aurreko ikasmaila guztietarako. Arautze-lan hori are xeheago osatu zen hurrengo hilean, abuztuaren 1eko aginduaz (EHAA, 1983-VIII-19). Dekretu-agindu horiek dira, askogatik, EEN legeak hezkuntza-esparruan izan duen arauzko aplikazio-oinarri eragingarriena. Arauzko xedapen asko emana dute, geroztik, Jaurlaritzak eta Sailak. Eragin sozioedukatiboari dagokionez gutxi dira, ordea, dekretu-agindu horien parekoak. Are gehiago: beste xedapen horietariko askoren iturburua 1983ko dekretu-agindu horietan dago orobat. EEN legearen garapena ez ezik beste arau-xedapen askotxoren abiaburua ere izan dira1983ko dekretua eta agindua.
  2. Euskal plazak definitzeko arautze-lana. Funtsezko puntua izan zen hori, hasieratik beretik. Irakasle euskaldun gutxi zegoen sisteman, publikoan zein pribatuan, eta gutxi horiek ahalik eta ongien baliatzea zen kontua. Euskarazko irakaspostuak zentzuz kokatzea, ahalik eta ikasle gehienek euskara(z) ikasi ahal izateko. Hala jokatuta ere ez zegoen une hartako eskea osorik betetzerik: bai, ordea, hartara hurbiltzerik. Erantzun posibleetan egokiena emateko baldintzak jarri nahi izan ziren sektore publikoan, euskal eta erdal plazak banan-banan definituz. Garaiko jerga burolektikoan "plazas a euskera / plazas a castellano" izenez bereiztu ziren batzuek eta besteak, sektore publikoari zegokionez. Tentsio-iturri gertatzen zen, halere, plaza-banaketa hori: gero eta eskola publiko gehiagok A eredutik B eredura (zenbaitek Dra) pasa nahi zuten, eta horretarako irakasplaza guztiak edo gehienak euskarazkoak izatea eskatzen zuten. Aukera egin beharra zegoen: euskarazko (B eta D ereduko) lerro gutxiago zabaldu, eta lerro horietan irakasle guztiak edo gehien-gehienak euskaldunak izatea bermatu, edo euskal plazen portzentajea oinarri-oinarrizko beharretara egokitu eta, horrela, B eta D ereduko lerro gehiago zabaltzeko baimena eman. Eztabaida horren emaitza 1986an estabilizatu zen aldi baterako, "4/4 dekretu"az: hots, B eredua ezartzeko euskara aldetik bete beharreko kopuru-baldintzak zehaztu zituen 1986ko uztailaren 10eko Aginduaz. Gero, 1993-94tik aurrera, birmoldaketa ohargarria izan zuen kontu horrek. Ez erabatekoa ordea: lehendik indarrean zeuden proportzioak mantendu egin ziren hainbatean.
  3. Euskara(z) irakasteko behar den euskara-maila arauz definitzea.
    Oso puntu garrantzitsua zen hori ere. Gauza bat zen A, B edo D ereduko ikaslerro batean zenbat irakaslek euskaldun izan behar zuen definitzea, eta beste bat irakasle horiek zer euskara-maila izan behar zuten zehaztea: zer euskara-maila, eta maila hori nola ziurtatua. Hasiera batean Euskaltzaindiaren "D titulua"rekin lan egin zen (baliokiderik ere izan zuen hasiera batean: Labayruko gaitasun-agiria, esate baterako). Gero, 1982tik aurrera EGA agiria bihurtu zen nagusi. EGA eta bere baliokideak edo parekoak. Uztailaren 11ko 138/83 dekretuak 1983ko abuztuaren 1eko aginduak zehaztu zuten alor hori ere, gehienbat. Irakasmaila ertainetarako, halere, osagarrizko agindua eskatu zen. Euskara-maila ziurtatzeari dagokionez, ohiko bideez gainera IRALE bidezko IGA aldi baterako habilitazio-bidea izan zen. Gero, 1993an, martxoaren 9ko 47/1993 Dekretuak (EHAA, 1993-IV-2) eta 1994ko urtarrilaren 10eko Aginduak (EHAA, 1994-I-26) egungo eramoldearen oinarria ezarri zuten HE1 eta HE2 mailak definituz. Hori da, funtsean, egungo egunera arte indarrean dagoena.
  4. EAEko eskola-curriculuma zehazteko arautze-lana. Hainbat dekretuk eta aginduk zehaztu izan dute bertako eskola-curriculuma. Curriculumaren zati bat Estatuak ezartzen du, eta gainerakoa Eusko Jaurlaritzak. 80ko hamarkadaren lehen erdialdean egin zen EAEko eskola-curriculumaren lehenengo zehazte-lana. Orduan heldu zitzaion espresuki, arauzko xedapen mailan, euskal hizkuntza eta literaturaren ikasketa-planari Eskolaurrean, OHOn eta Batxilergoan. Curriculum-lan horren berrikustapen sakona egin zen laurogeita hamarreko hamarkadaren bigarren erdialdean, garaiko ikuspegi konstruktibistari aparteko lekua eskainiz filosofia jeneralean. Hezkuntza-edukiak zehazteko ahalmen-eskuduntza zein neurritan Estatuak bere esku gordeko zuen (%55), eta zer neurritan Eusko Jaurlaritzaren esku utziko (%45), garai horretan definitu zuen Estatuak berak.

Berariazko arautze-lana egin da mende-laurden honetan, hezkuntza-alorreko zenbait sektoretan, EEN legea pausoz pauso garatzeko. Honako arautze-lanok bederen aipatzekoak dira: Glotodidaktika eta HGA programa batetik, IRALE programa bestetik, EIMA programa hurrena eta, azkenik baina ez azken, NOLEGA programa eta ULIBARRI proiektua. Ikus ditzagun laurak.

  1. Glotodidaktika eta HGA programa. Ikasleen, irakasleen eta, oro har, hiritarren euskara-maila neurtu eta ziurtatzeko mekanismo akademiko-administratiboa sortu zuen Hezkuntza Sailak Euskara Zerbitzuan, 1982an, Euskaltzaindiak ordura arteko "D titulua" emateari utzi eta langintza hori Eusko Jaurlaritzari eskuratu zionean. EGA agiria izan zen, urte luzez, arautze-lan horren lehen emaitza. Bera da orain ere, kopuruz, lurralde-hedaduraz eta homologazio-ahalmenez, euskarazko gaitasun-agiri nagusia. Etengabeko eguneratzea izan du HGAren alor horrek, euskaltegien eta HABEren jarduna bertan txertatuz aspaldiko urteotan. Hizkuntza Eskola Ofizialen lana ere alor horretakoa da. HGA programa osatzera etorri da eskola-esparruan, 1994tik aurrera, irakasleen HE1 eta HE2 azterketen alorra: ikus 1994ko urtarrilaren 10eko Agindua (EHAA 1994-I-26).
  2. IRALE programa. Lehendik eskola-munduan lanean ari ziren irakasleak euskaraz alfabetatzeko edo euskalduntzeko sortu zuen Sailak IRALE programa, 1981ean, eta 1883an arautu (abenduaren 26ko Agindua, EHAA 1984-I-27). Programa horrek birmoldatze sakona izan zuen 1994an (EHAA, 1994-II-11), eta etengabeko eguneratze-prozesuan murgildurik dago harrez gero. Lehenengo hamabost-hogei urtean herri-ikastetxeetako (eta, maila apalagoan, ikastetxe pribatuetako) irakasle erdaldunak euskalduntzea izan du IRALEk eginkizun nagusi. Azken hamarkadan, aldiz, EGA edo HE2 eskuratua duten irakasleen euskara-maila hobetzea du eginkizun nagusi. Ikastetxe pribatuentzako eta euskaltegientzako deialdiak, urtero argitara eman ohi direnak, izan litezke arautze-lanaren emaitza argiena.
  3. EIMA programa. Euskarazko ikasmaterialgintza babestu, indartu eta garatzeko eratu zen EIMA programa. 1981-82an ekin zitzaion langintza horri, aurrez (Autonomia aurrean, batzorde mistoan) emandako lehen pausoen garapenez. Pausoz pausoko prozedura izan zen EIMA programaren osatze-lan hori, eta urteroko agindu-ebazpenez mamitzen da geroztik. Agindu bidezko deialdi bakarraz hasi zen programa, 1983an. Eskola-munduaren beharrak kantitatez eta kalitatez gora egin ahala, eta ikasbideen aldakuntza teknologikoen ildotik, sofistikatuz joan da EIMA deialdien urteroko osaera. Garrantzizkoa da, horrezaz gainera, 1998ko azaroaren 3ko 295/98 dekretua (EHAA, 1998-XI-27).
  4. NOLEGA programa eta ULIBARRI proiektua. Ikasleen euskarazko mintza- eta idaz-jarduna indartze aldera NOLEGA programa eratu zuen Sailak, 1983an. Akronimoa bera arras argigarria da: NOrmalizazio LEgea GAratzeko programa da NOLEGA. Bere sorreraz geroztik etengabe osatu eta zabaldu izan du Sailak programa hori. Agindu eta ebazpen mailako xedapen asko eman ditu horretarako, batetik. ULIBARRI proiektua eratu du bestetik, 2000. urtean, eskola-munduko hizkuntza-erabilera indartzera datozen ekimenei babes-estaldura juridikoa eskainiz.

Hori da, labur bilduz, EEN legea garatzeko lehen urteetan sortu zen programa-egitura eta egitura horren arautze-lana. Bada azkenik, horrezaz gainera, Eusko Jaurlaritzatik kanpora egon arren hezkuntza alorreko hizkuntza-normalkuntzan eragiten duen beste zenbait aginte-organo. Foru Aldundiek eta, azken aldean, udalek, nork bere alorrean, ekarpen ohargarriak eginak dituzte oro har Jaurlaritzaren ekimena osatze aldera.

Legeek eta gainerako arauzko erabakiek finkatua duten marko nagusi hori ezin izan da, hasieran esandako motiboengatik, kolpean eta bat-batean hezurmamitu. Pausoz pauso gertatu dira aldaketak. Legeek beraiek transformazio-aldi baten beharra aldarrikatu zuten, eta trantsizio-bide etengabean jardun du oro har, urterik urte eta mailaz maila, EAEko irakas-sistema osoak. Oinarrizko zenbakiak eskaintzeaz gainera koadro-taula sintetikoetan emanik dator bilakaera horren azalpena. Esan bezala unibertsitate aurreko ikasmaila guztiak, hiru Lurraldeak eta bi ikastetxe motak (publiko eta pribatu) biltzen dira atal honetan, emaitza globalak azalduz. 1982-83 ikasturtetik 2007-08 ikasturtera, 25 urteko tartean hortaz, transformazio handia gertatu zen EAEko Haur Hezkuntzan, LMHn, DBHn, Batxilergoan eta Lanbide Heziketan. Hiru lurraldeen batura hartuz erreferentzia gisa, eta ikastetxe publiko zein pribatu guztiak kontatuz, ereduen bilakaera portzentuala ondoko hau izana da:

Ereduen mende-laurdeneko bilakaera portzentuala (maila guztiak: HH, LMH, DBH, BATX eta LH).
Portzentajeak, "X eredua" barne.

Ereduen mende-laurdeneko bilakaera portzentuala

Bilakaera horren zabalaz jabetzeko aski da zenbait datu xume gogoan izatea. Horrela, A (eta "X") ereduan zebiltzan ikasle guztien %80, 1982-83an EEN legea indarrean jarri zenean. Aldiz, handik 25 urtera ikasle-unibertso osoaren %20 inguruan zebiltzan A ereduko ikasleak. Euskal eredu ahulenek (ikasle erdaldunak euskalduntzeko eta euskaldunak alfabetatzeko ahalmen mugatuena dutenek) atzera egin zuten beraz, eta eredu indartsuenek aurrera. Bide batez, X "eredua" desagertu egin da ia: legeak begiz jotako salbuespen-kasuetan bakarrik aplikatzen da. A eredua, hasiera batean (X ereduko ikasleen kontura, besteak beste) asko hazi eta hegemonikoa bihurtu ondoren, atzeraka joanik da etengabe; B ereduak aurrera egin zuen 80ko hamarkadan eta, 1990 ingurutik hona, aurreko hamarkadan eskuratutako hedapen-mailari eutsi egin dio; D ereduak, azkenik, igoera nabarmena izan du urterik urte: azken urteotan bera da eredurik aukeratuena eta bere esparrua zabalduz doa urtetik urtera. Ondoko taulak ematen du, labur bildurik EEN legea onartu eta handik 25 urtera ikasmaila guztietan egoera zein zen:

Kontua ez da 2007-08 ikasturtean amaitu. Geroztik ere aurrera egin du joera nagusi horrek: 2010-11 ikasturtean, konkretuki, hiru ereduen banaketa honako hau da oro har (unibertsitate aurreko ikasmaila guztiak, hiru lurraldeak eta ikastetxe mota guztiak):

A, B eta D ereduen hedadura 2007-08an
XAB DGuztira
IkasmailaIkasleak%Ikasleak%Ikasleak%Ikasleak%Ikasleak
HH4260,494.7825,4921.79525,0060.16869,02 87.171
LMH8260,7710.5419,8532.62530,4963.01558,89107.007
HH+LMH1.2520,6115.6658,0554.44027,98123.23463,33194.591
DBH 5040,7314.94721,6118.13926,23 35.55651,41 69.156
HH+LMH+DBH17560,6730.61211,6172.57927,52158.79060,20263.747
Batxilerra 1940,6514.94950,15 3901,31 14.27547,89 29.808
Lanb Hezik 0020.00276,84 6972,68 5.33320,49 26.032
DBHO 1940,3534.95162,591.0871,95 19.60835,12 55.840
Guztira1.9500,6165.56320,5173.66623,05178.40855,82319.587
A, B eta D ereduen hedadura 2010-11n (iturria: HUIS, 2010eko matrikula)
XABDGuztira
IkasmailaIkasleak%Ikasleak%Ikasleak%Ikasleak%Ikasleak
HH4440,53.8244,121.50022,967.98172,593.749
LMH8380,78.6697,432.86328,174.67163,8117.041
HH+LMH1.2820,612.4935,954.36325,8142.65267,7210.790
DBH5230,710.83215,319.80828,039.47455,970.367
HH+LMH+DBH1.8050,623.3258,374.17126,4182.12664,7281.427
Batxilerra1990,713.42445,24711,615.59852,529.692
Lanbide Hezik21.87774,14981,77.16224,229.537
DBHO1990,335.30159,69691,622.76038,459.229
HB68764,413812,924222,71.067
Guztira2.0040,659.31317,475.27822,0205.12860,0341.723

Bilakaera hori behetik gorakoa izan da oro har. Behe-mailetan D ereduak indartuz joan dira, eta gero gorantz egin izan du hazkunde horrek. Haur Hezkuntzan eta LMHn nabarmenagoa izan da, horregatik, eredu batetik besterako transformazio hori. Hurrengo bi irudiek ematen dute garapen diferente horren berri.

Ereduen bilakaera portzentuala EAEko HHn eta LMHn (hasieran EAn eta OHOn)

Ereduen bilakaera portzentuala

Ereduen bilakaera, EAEko Bigarren Hezkuntza osoan

Ereduen bilakaera, EAEko Bigarren Hezkuntza osoan

Labur bilduz: legearen aplikazioa zabala izan da oro har, ereduen bilakaerari dagokionez. Eredurik euskaldunenak, euskararekiko kontaktu zabal eta sakonagoa eskaintzen dutenak, indartuz joan dira oro har eta ahulenak, aitzitik, atzerantz egin du.

Legeak ez zuen hori bakarrik, ordea, begiz joa: euskaraz eta erdaraz (gaztelaniaz) hitzez eta idatziz ondo moldatuko diren gazteak atera nahi ziren eskolatik, derrigorrezko eskolaldia amaitzerakoan. Lortu al da hori? Erabat eta osorik, inola ere ez. Erdaraz ondo (Espainiako Autonomia-erkidego elebakar askoren pare) moldatzen dira eskola-ume gehien-gehienak 16 urte ingurura iristean: hala gertatzen da ahoz eta hala, horretan ñabardura argirik falta ez bada ere, idatziz. Euskaraz, aldiz, ez da halakorik gertatzen: etxetik euskaldun diren haurrek (gehien-gehienek D ereduan egiten dituztelarik beren ikasketak) euskara-maila ohargarria dute, oro har, hitzez eta idatziz (hor ere abaniko argirik ez da falta ordea). Etxetik erdaldun edo erdal elebidun diren eta beren eguneroko bizian euskararekiko kontaktu handirik ez dutenek, aldiz, euskara-maila ahula dute. Batez besteko ondorio horrek badu, halere, barne-bereizbiderik: trebetasun jasotzaileetan (entzutezko irakurmenean, irakurmenean) hobeak dira ikasle horiek, normalean, trebetasun ekoizleetan (mintzamenean eta idazmenean) baino. Eragin bizia du, ikasleek euskara L1 edo L2 duten jakiteaz gainera, beste hainbat faktorek: etxean euskaraz egiten den ala erdaraz, ikasleen lagunarteko hizkera nagusia zein den, eskolako A, B edo D eredua eta banakako ikasleen zenbait ezaugarrik. Horiek guztiek, eta ez elementu batek bakarrik, eragiten dute egungo emaitzen argi-ilunezko egoera hori.