Kontzeptua

Hezkuntza Euskal Herrian

XIX eta XX. mendeetan zehar Euskal Herritik ziren eskola proposamenetatik abiatuz euskal hezkuntza sistema bat eraikitzeko aukera, historikoki egiaztatu daitekeen ebidentzia da. Frantziar eta espainiar estatuek bideratutako "nazio" hezkuntza sistemek, berdintasuna, derrigortasuna eta doakotasuna ekarri zuten. Horrekin batera "nazio hizkuntza" eta frantziar estatuaren lurraldeetatik patois izenekoen, euskara ere, ezabapena inposatu zen, nahiz eta, baserri-lurraldeetan batez ere, euskara gehien erabilitako hizkuntza zenaren aitorpena izan. Hala ere, Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian 1876ra arte -Iparraldean jada Frantziar Iraultzarekin galdu ziren eta Nafarroan 1841ean- Foruak indarrean egoteagatik, maisuen izendapenean eta estatuaren ikuskaritzan salbuespena lortu zen, 1857ko Moyano Legeak zuen bezain besteko garrantzizko beste lege batean. Estatuaren ikuskatzea, bai Frantzian bai Espainian, "nazio hizkuntzen" inposizioarekin bereziki beligerantea izan zen, euskararen nagusitasunari esker inposatzearen zailtasunen jakitun ziren arren.

1876an foruen desagerpena izan aurretik, Bigarren Guda Karlistan zehar, eta epe labur jakin batetan (1875-1876), aldundiek Osasun eta Herri Instrukziorako Batzorde Gorena ezarri zuten eta, bestalde, Bizkaian eta Gipuzkoan Lehen Instrukziorako beste batzorde bat, hurrenez hurren. Batzorde bi horiek izango dira karlisten menpe dauden lurraldeetako irakaskuntzarekiko organo erabakitzaileak. Batzorde horien jardueraren oinarriek lehen irakaskuntza guztiari eragiten zioten, maisuen izendatzea, ikuskatze propioa, irakaskuntza katolikoa eta irakaskuntzan euskara sartzeari buruzko defentsa eginez. Horrela bada, foruak indarrean izan ziren bitartean, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako aldundiek foruen aurkari ziren Gobernu zentralaren xedapen guztiei buruzko etengabeko zaintza erakutsi zuten, foruari zor zitzaion itzalaren eske Erreginari zuzentzera iritsiz. Aldundiek, estatu legediaren inposaketaren aurrean, euskal kultura eta hizkuntza elementu propio gisa defendatzeari ekin zioten lehendabiziko aldiz. Foruak galdu izanarekin eskumen politikoak galdu egin ziren ere, Ekonomia Itunek aldundienak ziren administrazio eskumenak zainduko zituzten arren.

XIX. mende bukaeratik eta XX. mendeko lehen herenetik, Frantzian zein Espainian, lurralde bakoitza horietako nazio hezkuntza sistemen eskutik frantses eta espainoltze prozesuak ematen hasiak dira. Eskola eta irakaskuntza izango dira prozesu horien eragileak. Euskara erabili ahal izango den eremu bakarra kristau-ikasbidearen irakaskuntza izango da baina jada, 1902an, Espainiak debekatu egingo du kristau-ikasbidearen irakaskuntza gaztelara ez den beste hizkuntza batean izatea. Testuinguru horretan, espainiar nazionalismoaren berformulazioa, euskal eta katalan-abertzaletasunaren pixkanakako gorakadarekin eta honek Gorteetan, aldundietan eta udaletxeetan lortuko dituen hauteskunde-arrakastekin batera gertatuko da. Nazionalismoa eta abertzaletasuna eremu garatuetan sortu izanak, modernotasun elementu gehigarria ematen zien. Ezaugarri hau, dinamismo handiago batean eta Errestaurazioko sistema politiko zaharkituarekin zuten lotura eskasean nabaritzen da. Sabino Aranak gauzatutako ideologia abertzalean, hezkuntza gai garrantzitsua izango da. Maisu "maketo"ari egindako kritika-urteak dira eta, sarritan, eskola publikoarekiko gaitzespen urteak eta eskola españolizatzaile eta laikoaren aldizkako irtenbide gisa lehen ikastolak sortu ziren garaia ere izan zen. Egoera horrek espainiar Guda Zibilera arte iraungo du, espainiar hezkuntza sistemarekiko kritika mantenduz, batez ere oinarri dituen zutabe bi hauei dagokienez: lehen irakaskuntza eta maisutza. Horrela bada, lehen abertzaletasunak eskola espainiarra laikotasunaren sartzaile eta euskal herriaren nortasun-ikurrak ukatzera zetorren ernamuintzat jo zuen. Hortaz, gaztelaniaren erabileragatik zein espainiar abenda eta bandera bezalakoek euskal umeen artean arrotza zen abertzaletasuna ezartzen zuelako, eskola hori eskola espainolizatzailea izanaz salatuta izan zitekeen. Jarrera hori denboraren joanean moderatuz doa, bere ardurarik nagusienen ardatzak euskararen egoera, maisutza eta berrikuntza eta irakaskuntzaren deszentralizazioa izanik. Bilakaera hori euskal abertzaletasunak duen bilakaerarekin batera ematen da. Prozesu horretan, Eusko Ikaskuntzak irakasle propiodun euskal eskola eta unibertsitateaz egindako ekarpenak garrantzitsuak izan ziren.

Bestalde, Frantzian irakaskuntzan ziharduten erlijio-kongregazio eta ordenak, 1904 eta 1914 urte bitartean, Combes ministroaren dekretu bitartez kanporatuak izateak, aipatutako erlijio kongregazio horiek hego euskal lurraldeetara etortzea ekarri zuen. Euretariko asko, berezitasunez Kristau Eskoletako Anaiak, La Salle, Gipuzkoan aurkitu zuten babesa, irakaskuntza herrikoiaren baitan ospe eta itzal handia lortuko zuten eskola eta ikastegien sarea antolatzea lortuz. Kasu batzuetan La Salleko Anaiak lurralde kontinentalean zeuden euskal herrietatik zetozen eta, beraz, euskara ezagutzen zuten. Denborarekin, hizkuntza horretan eskola testuen sorkuntza eta euskararen erabilera ahalbidetu zuten bokazio asko sortu ziren euskal lurraldeetan. La Salle Ikastetxeak euskal lurraldean zehar izan duen egonkortasuna, bertora iritsi zeneko 1904. urtetik aurrera etengabea izan da.

Euskal abertzaletasunaren gorakada izan zeneko garaian, hastapeneko abertzaletasunaren jatorrizko pentsamoldea aldarrikatzeari utzi gabe, abertzaletasunaren pentsamoldearekin bat zetorren eskola bizitzan euskararen presentziaren, maisutzaren eta eskola baten oinarriak ezartzen dituzten pedagogia planteamendu berritzaile eta hezkuntza alorreko esperientzia sorta batzuk gertatuko dira. Ipar Euskal Herrian euskararekiko anbiguotasuna etengabea izango da, aipagarriak liratekeen hezkuntza-esperientziarik ez emanez. Prozesu honetan Eusko Ikaskuntza - Sociedad de Estudios Vascos izeneko erakundea sortu izana, eta egindako ekintza mota guztiak, batez ere gizarte anitz baten adierazpide diren kongresuak eta baita gizarte bizitzaren esparru guztietan, eskolakoa barne, izandako proposamen berriak ere garrantzitsuak dira. Kongresuotan lehenesten diren gaiak hauek dira: euskararen egoera gizarte elebidun batean eta hezkuntza beharrizanei egokitutako maisutza baten bilaketa. Bizkaian "auzo eskolak" eta Gipuzkoan "landa eskolak" sortzea ere eremu euskaldunetan irakaskuntza euskaraz izatea aurreikusten zuen pedagogia formulatik abiatuz baserri aldeko analfabetotasunari irtenbidea ematen ahalegintzeko erakusgarri bi dira. Esperientzia horiek gerora sortuko diren hizkuntza politika guztien aurrekari bezala aintzat hartu daitezke, euskararen edo gazteleraren nagusitasunaren araberako esparruak aitortuz. Une esanguratsu horiez gain, foru aldundien politika nagusia, batez ere Bizkaian eta Gipuzkoan, euskal kultura eta euskara sustatzeko helburua zuten ekintzak babesteko prest zegoen, bai euskarazko testuak argitaratzeko laguntzak eskainiz, bai erakundeei diru-laguntzak emanez. Zentzu horretan, eskoletan erabilgarri izan zitezen eskola-testu batzuk argitaratu ziren. Eskola proposamen horiek guztiak hezkuntza sistema erabat zentralizatuta zegoen testuinguruari zegozkion esperientzia zehatzak dira.

Bizkaiako eta Gipuzkoako Aldundiek, arte eta lanbide izeneko eskolen sorrera bultzatu zuten ere, lanbide-heziketa berritzeko eta lurralde hauetako produkzio-beharrizan berriei egokitzeko asmoarekin. Horrela, estatuaren legedian aintzat hartu ere egiten ez zen langile eta emakumeen heziketa profesionalerako gizartean zegoen eskabide bati erantzuna eman zitzaion, enplegu eta heziketa mota horretan inoiz arinago lortu ez zen bezalako arrakasta lortuz.

Iparraldeko Euskal Herrian euskal kultura eta hizkuntzaren aldarrikapenak jarraipena izango duen bitartean, eskola-gune edota Elizak sustatutako maisuak hezteko gune batzuetan euskara sartu izatearen esperientzia batzuk bideratuz, arlo horretan izango den esperientziarik esanguratsuena Bigarren Errepublikaren etorrerarekin gertatuko da. Konstituzio errepublikarra, Gorteetan "arazo katalan" bezala aurkeztu zen lurralde nazionalismoen arazoari erantzun bat ematen saiatu zen, Estatu bateratu eta Estatu federalaren aldeko zirenen arteko konpromisozko irtenbi berritsu bat eskainiz. Irtenbide horri "Estatu integrala" zeritzan, garai hartarako oso izendapen bitxia izanik. Errepublikak lurralde autonomiak onartzen zituen, estatutuen onarpen-prozesu korapilatsu batez, eta bestalde, lurraldeen federakuntza eragozten zuen deszentralizazio ez uniforme bat ezarri zuen.. Kataluniako Estatutua (1932) eta Euskal Herriko Estatutua (1936. urria) lortu izanak Estatuaren antolaketan aldaketa garrantzitsua ekarriko du, deszentralizatuagoa izanez, eta Erkidego bi horien esku dagoen irakaskuntzaren kontrola ere. Saiakera bi ezberdin dira eta testuinguru politiko desberdinetan emanak, baina Estatuaren hezkuntza eskumenen ikuspegi berriaren lagin ere. Aipatzen den ikuspegi horretatik, eredu horrek hizkuntza desberdinik izan zezaketen erkidegoetan, bertakoak liratekeen gobernuen kontrolpeko eskola sare bikoitza, lurraldekoa eta zentrala, izan zitekeenaren aurreikuspena besterik ez zuen egiten. Hori guztia 1931ko Konstituzioan ezarritako erreforma programa baten baitan: bateratutako eskola, eskola laikotasuna eta erkidego autonomoen hezkuntza-autonomia.

Euskal lurraldeetan, Estatutua onartu zen egoera (1936ko urriaren 1a), Guda Zibil betean, eta bere jarduera eremuan izan zuen lurralde-eragin urria zirela eta, -behin behineko Jaurlaritzak Bizkaian eta partzialki Araban eta Gipuzkoan jardun zuen-, ez zuen bere gaitasun guztiak garatzeko astirik izan. Halere, ahal izan zen neurrian, Estatuak zuen kontrol urriagatik eta guda egoera izateak eraginda ere, onartuta zituen eskumenen gainetik ere jardunaz, Kultura Sailaren bitartez, lehen mailako eta unibertsitate mailako irakaskuntzei bereziki eragin zion legegintza zabala garatzea lortu zuen. Aipatutako Sailaren hezkuntza politikan katalanen esperientziak eta bestalde Eusko Ikaskuntza - Sociedad de Estudios Vascos erakundeak garatutako hezkuntza arloko aurreikuspenek ere eragin handia izan zuten. Bestalde, Katalunian eta beste gainerako Estatu osoan ez bezala Elizak ere eragin handia izan zuen. Kultura Sailaren hezkuntza-helburua euskararen eta euskarazko irakaskuntzaren aldezpenean zetzan. Horretarako, eskola sarea zabaldu eta ezarri zuen Euskal Eskolen Federazioaren hezkuntza-eredua jarraitu zuen. Eredu horren oinarria, euskal hiztunak zeuden eremuetan euskarazko eta gazteleraren irakaskuntza eta erdal hiztunak ziren eremuetan gaztelerazko eta euskararen irakaskuntza mantentzea zen. Bizkaiko auzo-eskoletan eta Gipuzkoako baserri aldean ere jada saiatua zen, EAJko emakume taldeak babestutako eredu hau. Hala eta guztiz ere, Euzkadiko Jaurlaritzak euskal eskolen antolaketa eredu berdina eta eragin gutxi izan zuten Euzkadiko Eskolak sortzea sustatu zuen.

Irakaskuntza horren xehetasunak abertzaletasunarenak ziren oinarrien ardatz nagusia zuten arren, herrikoi, gizartekoi eta demokratiko bezala agertuz, egia esan gauzatzeak oso urriak izan ziren eta intentzioen adierazpenean besterik ez ziren gelditu. Kultura Sailaren baitan Euzkadiko Kultura Kontseilutik eta Zuzendaritza Nagusitik hasi eta Ikuskaritzara arteko erakunde multzo ugari antolatu izan ziren; gainera Behin-behineko Jaurlaritzaren ekintzaren zati handi bat guda gatazkan haurrek zituzten arazoak atontzea izan zen. Aldi berean, Instrukzio Publikoari buruzko Ministerioak bere neurri deszentralizatzaile propioak garatu zituen hainbat erakunderen bitartez, hots, Irakaskuntzaren Komisariategia, Euzkadin Irakaskuntzen Nazio Ordezkaritza, Bizkaiko Irakaskuntzarako Lurralde Batzorde, Bizkaiko Lehen Irakaskuntzarako Lurralde Kontseilua eta toki kontseiluak. Erakunde amarauna hori guztia nekez azal zitekeen autonomiadun jaurlaritza izanik, baina Estatuaren eta autonomiaren eskumenek horrela eskatzen zuten.

Frankismoak eremu askotan iraganerako itzulera ekarri zuen, baita hezkuntza zentralizazioaren eremuan ere, baina, batez ere, ezin ahantzi daiteke Guda Zibilak ekarri zituen ondorio kaltegarriak maisutzaren garbiketan eta erregimenarekin bat ez zetozen hainbat eta hainbat maisu eta andereñoen erbestean. 1938an gertatutako autonomia eskumenen deusestatzeak eta nazio eskola katolikoaren ezarpenak iraupen luzea izango du; bestalde, eskola eredu berriak aberriaren balore tradizionalak, erlijioa, gaztelaniaren inposaketa, giza mailen banaketa, sexu banaketa eta kurrikum bakarra ezarriko ditu. "Lurralde traidore" deituak izan ziren lurraldeetako aldundiek ezarri zuten erresistentzia urria, Estatu zentralistaren inposaketaren bitartez gelditu zen.

Iparraldeko Euskal Herrian "euskalkien" eta tokiko historia eta geografiarekiko irakaskuntzaren eskariei erantzuna emanez, lege testu multzo bat emango da. Hala ere, lege hauek ez dute ondorio praktiko handirik izango, Askapenaren ondoren desagertu egingo baitira. Izan ere, 1951 urteko Deixonneren Legearen eta 1986ko lege arau multzo baten eraginez besteriz ez dira berriz ere berrezarriko, eta ahalkez gainera, Testuinguru horretan, 1959an Ikas elkartea sortu izana, aldarrikapen mota horietarako erreferentziagune izango da.

Gizarte- eta ekonomia-beharrizan berriek hirurogeiko hamarkadan lehen hezkuntzaren modernizazioa eskatzen zuten. Modernizazio hori 1970eko Hezkuntzaren Lege Nagusiarekin lortu zen, bertan hezkuntza-legedian gerora izan zitezkeen aldakuntzetarako oinarriak ezarriz. Halaber, lege horrek ez zuen eskumenen lurraldekako banaketan funtsezko aldaketarik ekarri, baina eremu periferikoan zentralizazioaren arrazionalizazio prozesua bultzatu egin zuen. Gainera, lege horrek 1975ean "herri-hizkuntza" deituak ziren hizkuntzen irakaskuntza lehen aldiz eskoletan sartzea ekarri zuen.

Franco hil ondorengo trantsizio demokratikoaren prozesuak Estatuaren lurralde antolakuntza berri baten beharra nabarmentzera etorri zen eta, antolakuntza hori, 1978ko Konstituzioan gauzatuko da "Autonomien Estatua"rekin. Antolakuntza berri horrek ordura arte indarrean izan zen zentralismoaren haustura ekarriko du. Adostasunaren garaia izan zen, autonomia eta demokrazia gizarte-aldarrikapenetan maila berean kokatzen zireneko garaia alegia. Konstituzio horrek, nolabait, ordura arte ezezaguna izan zen abertzaletasun berri bat ere sorraraziko du, "abertzaletasun konstituzionala". Konstituzioaren 2. artikulua ordezkotzarik handiena zuten alderdi politiko desberdinek bere garaian nazioari buruz mantentzen zituzten ikusmoldeen arteko adostasunaren emaitza izan baldin bazen, hezkuntza-eskubideari buruzko 27. artikulua, ezkerraren eta eskuinaren arteko transakzioa izan zen, hau da: hezkuntzan elizaren interes garrantzitsuak defendatzen zituztenen eta hezkuntzaren ikusmolde publikoa eta maila herrikoien interesak defendatzen zituztenen arteko transakzioa izan zen; irakaskuntzaren askatasunaren eta berdintasun printzipioaren artekoa. Eskola-itunaren oinarria printzipio bi horiek bateratzean zegoen.

Egoera konstituzional berriaren emaitzak hezkuntza sistemaren zentralismoaren etena ekarri zuen. Hortaz, autonomia erkidegoek euren autonomia estatutuetan aipatutako eskuduntza guztiak beregain hartu zitzaketen, Estatuaren esku zirenak ezik. Eskumen horien gauzatzearen hastapena, ordura arte administrazio zentralak betetako eta kudeatutako betekizun eta zerbitzuen eta diru baliabideen eskualdaketak zehazten du. Lurraldearen antolaketa eta eskumenei buruzko eredu berri horrek, ordenamendu juridikoaren baitan hezkuntzaz jarduterakoan Estatuaren eta Autonomia Erkidegoen arteko gai partekatu edo helegitezkoa dela aipatzera garamatza. 1992ko autonomia itunek eta 1994an eskumen gehiago bereganatuz estatutu desberdinek egindako eraberritzeak, batez ere irakaskuntza mailan, hasiera-hasieratik eskumen osoak zituzten erkidegoen maila bereko eskumenak lortu baitzituzten, Estatuaren eskumenen aldaketetan inflexio gune bat ezartzen dute eta ordura arte inoiz aipatu ez zen formula ezarri zuen: "nazio hezkuntza sistema", Estatuaren administrazioari zegokiona bere jarraipen eta ebaluazioaren eremuetan.

Hezkuntzako administrazio mailan izan diren aldaketa eta haustura prozesu ororen elementu esanguratsuenetariko bat ahazterik ez dago, hots, aldaketa hori ez dela euren ibilbide historiko propioa zuten hezkuntza errealitate batzuk alde batera utziz edo baztertuz gauzatu. Frankismo garaian zehar sortutako hezkuntza esperientzia edo aukera jakin batzuen garapena dira eta, trantsizioarekin eta estatutuen garapenarekin, nolabaiteko lege onarpena lortuko dute, hau da: pedagogia-berrikuntzaren eta gurasoen elkarteen mugimenduak, andereñoak, euskara eskolara eramate asmoa duten irakasle eta kultura erakundeak, edota Euskal Herriaren kasuan ikastolak sortuz gauzatutako hezkuntza sarea sortu izana. Esperientzia horiek guztiak, lege sarearen baitan hizkuntzaren egoera berrira egokitu beharra duten eskola errealitateak izango dira. Ikastolek izandako prozesuak argi uzten duen gaietariko bat, erakundetzearen prozesu geldoaren aurrean izan zen herri mugimendu bezala hasierako ikastolen ikuspegitik, Estatuaren legegintza orokorraren onarpenetik abiatuta ikastolen eskola-kultura -beste gainerako eskola sare guztietatik zeharo bereizten duen xehetasun nabarmenak dituena baita- irakaskuntza publiko eta pribatuaren arteko formalizazio soil batera ekartzea helburu izan duen hezkuntza politikak euskal hezkuntza sistemaren gainean parte hartu izana dugu. Lege eremu horretan, erresistentziatik desberdina den eskola eredu eraginkor baten gauzatu izanak, ikastolena alegia, hezkuntza esperientzia eraberritzaileen bidez, baina baita antolaketazkoen bidez ere, nazio nortasuna berreskuratzeko etengabeko borroka ekarri du.

Donostiako Etxe-eskolak, 1960tik aurrera sortzen den ikastolen mugimenduaren aurrekari bezala, Elbira Zipitriaren irudiaren inguruan 1946 eta 1969 bitartean garatutako euskarazko eskolatzearen adierazpide ditugu. XX. mendeko hirurogeigarren hamarkadatik aurrera errekuperazio aldi batean eragina izango duten hezkuntza-, kultura-, politika- eta gizarte-aldaketa batzuk gertatuko dira; euskal kulturak eta hizkuntzak izan behar duten jarrera aldarrikatzailean eta ohiko abertzaletasunaren ikusmoldean elementu berri bat sortuz. Hizkuntzaren berreskuratzea testimoniala besterik ez zuen abertzaletasun tradizionala, planteamendu berrien aurrean aurkituko da, bertan hizkuntza diskurtsoaren egituraketaren ardatz izanik. Nazio nortasuna berreskuratzeak ezinbestean hizkuntza berreskuratzea zekarren eta hizkuntzak eskolan egon beharra zeukan.

Testuinguru horretan, ikastolen mugimenduaren sorrera, euskaraz eskolaratzeko beharrizanari erantzuna ematera zetorren ekimen gisa kokatu behar da, Bizkaian eta Gipuzkoan hainbat egoitzen sortzea ekarriz, gerora Iruñako eta Gasteizkoak gehituz (1964ean), eta Baionakoa 1969an. Azken urte honetan izango da Gipuzkoako eta Iparraldeko Euskal Herriko Ikastolen Federazioaren sorrera, Arabakoa 1974an, Nafarroakoa 1976 eta Bizkaiakoa 1977an sortuz. 1988an Ikastolen Konfederazioa sortuko da.

Aurreko eskola-esperientziak klandestinitate onartuaren eremuan gauzatzen baziren eta eskola antolaketarengan eragin gutxi bazuten, sortuz doazen ikastolek beste erreferentzia marko batzuetan mugitzen dira, bai gizarte-aldaketen errealitateagatik bai sorberria den ideologia abertzaleagatik ere. Ikastolak erreferentzia jakin batzuekin sortuko dira eta euskal hizkuntzan eskolaratze prozesurako testu liburuak eta eskola materialaren ekoizkinaren beharrizana ezinbesteko elementua bilakatuko dira. Eskola- eta gizarte-errealitate berriei esker sorrarazi daitezkeen eskabideen eta curriculuan haiek lituzketen eraginaren arabera eskola testuen ekoizpena aztertzearen beharrizanaz aipamen berezia egin beharra dago.

Ikastolen garapenean aldi desberdin bi bereizi beharra dago. Lehendabizikoak, hirurogeigarren hamarkada barne hartuko du, eta bere ezaugarriak honako hauek dira: baliabideen urritasuna, elizaren babesa, autokudeaketa, autofinantziazioa, egoitza urriak, titulaziorik gabeko irakasleak, pedagogia mailan autohorniketa, etab. Bigarren aldia, 1970eko Hezkuntza Lege Nagusiak 1978. urteko Konstituziora arte eskaintzen duen gero eta gehiagoko legeztatze prozesuarekin abiarazten da. Konstituzioarekin lege babesa dago eta ikastolen hedapena hasten da, eraikuntza berriak eginez, irakasle tituludunak izanez, pedagogia materialak eginez, etab., Beraz, ikastola eskola aukeragarri eta, batez ere, desberdindutako euskal eskola mota baten eraikuntzarako kontzientziadun bezala azaltzen da. Beraz, 1960tik eta 1975-76ra arteko epea espainiar hezkuntza sisteman ezezaguna izan zen eskolatzeko sare berri baten oinarriak finkatzeko garrantzi handia duen epealdia dugu, politika gertakariak igaroz joatean euskal eskola publikoaren eraikuntzarako eta, bere inguruan, euskal hezkuntza sistema baten eraikuntzarako derrigorrezko erreferentzia bezala ezarriko zena. Frankismoaren aurkako borroka urteak dira, pedagogia hautabideek funtsezko egitekoa duten urteak, eskolarako testuak egiterakoan zein aukera hartu behar zena barne. Dena dela, hezkuntza arloko transferentziak Eusko Jaurlaritzak jaso ez zituenera arte, euskal hezkuntza sistema osoak ez du corpus instituzional eta administraziozkorik hartuko unibertsitatekoak ez diren beste gainerako maila guztietan.