Kontzeptua

Euskal Herriko Hezkuntzaren Historia. Historiografia

Informazio osagarria



Euskal Herriko hezkuntzaren historiak oso leku apala du Euskal Herriko historiaren barruan ikuspegi historiografiko batetik. Hezkuntzaren eremuak ez du arreta nabarmenik piztu historialarien artean eta bazterreratua aurkitzen da beste eremu batzuekiko, politikarena bereziki, baita ere ikuspegi berritzaileak antzeman daitezkeen garaietan. Hezkuntzaren historialariek jatorri jakin bat dute eta horrek ematen du egoera ulertzeko bidea: pedagogiaren eremutik datoz. Dena den, XX. mendeko azken bi hamarkadek -90.enekoa batik bat- piztualdi baten aurrean jartzen gaituzte eta, apala bada ere, Euskal Herriko hezkuntzaren historiak halako piztualdi antzeko bat ezagutuko du ekoizpen historiografikoari dagokionez.

Aipatu egoera ulertu nahian, baldintza akademiko-instituzionalak dira aintzat hartu beharrekoak. Zalantzarik gabe Euskal Herriko Unibertsitatearen sorrerak eta garapenak zuzenean eragin dute Euskal Herriko hezkuntzaren historiaren ikerketa bilakaeran (baita euskaraz burutu izan den ekoizpen historiografikoan), hain zuzen Pedagogiako ikasketen bultzadaz eta, bereziki, Euskal Herriko hezkuntzaren historiari buruz eskaini izan diren doktorego ikastaro eta doktorego tesien eraginez.

Era askotako lan, monografia edota ikerketek osatzen dute Euskal Herriko hezkuntzaren historiografia, jatorri eta ikuspegi teoriko eta metodologiko ugarikoak. Dena den, Euskal Herriko hezkuntzaren historiak baditu ezaugarri orokor batzuk. Lehenik eta behin, denborari dagokionez, aro garaikideak piztu du bereziki historialarien interesa, XIX. mendeak batik bat, nahiz XX. mendeak geroz eta indar gehiago hartzen joan. Bestalde, lurraldetasunari begiratuz gero, ikerketa gehienak Hego Euskal Herrian zentratzen dira, Iparraldeko egoera askoz ere ilunagoa agertzen delarik. Ezin da ukatu, lehen aipatutako egoera akademiko-instituzionalak eragiteaz gain -finean ekoizpen gune nagusiak Hegoaldean kokatzen baitira-, errealitate politiko-administratibo ezberdinek zailtasun agerikoa ezartzen dutenik; hala ere, hezkuntzaren eremuan koka daitezkeen fenomeno eta gertakari askok muga horiek gainditzen dituzte, hizkuntzarekin, kulturarekin eta, zenbaitetan, erakundeekin lotuta dauden ezaugarriengatik. Azkenik, nabarmendu behar da hezkuntza-politikaren eremua dela Euskal Herriko hezkuntzaren historiari begira burutu den ikerketa jardueraren ardatz nagusia. Edozein eran, esparru berrietara ireki da (haurtzaroa, alfabetatzea, generoa, etab.) eta bistakoak dira ere azkeneko urte hauetan berrikuntza metodologikoaren alde eman diren urratsak.