Kontzeptua

Hezkuntza Euskal Herrian

Hezkuntza, historian zehar eta bere forma guztietan, betebehar jakin bat du, Jacques Delors mahaiburu zeneko Nazioarteko Batzordeak UNESCOri egindako Txostenean (1996: 55) adierazten den bezala: "norbanakoen artean guztien erreferentzietatik etorritako gizarte-lokarriak ezarri. Erabilitako baliabideak kultura eta egoeren aniztasunaren araberakoak dira, baina, kasu guztietan, hezkuntzaren helbururik garrantzitsuena gizakiaren bere gizarte dimentsioko erabateko garapena da. Kulturen eta baloreen garraiatzaile bezala definitzen da, sozializaziorako eremu baten eraikuntza eta guztion egitasmo baten bilgune gisa". Hezkuntzaren funtsezko gaia, beraz, hauxe da: zein egitasmo kulturali zerbitzatu nahi dion. Hezkuntza prozesuan parte hartzen duten beste gainerako elementuak bere zerbitzutan daude.

Kulturaren sozializaziorako edota asimilaziorako hezkuntza prozesua, gizarte primitiboetan batez ere, funtsean era informal eta asimetrikoan egin da, hau da, komunitatearen bizitzan parte hartuz eta elkarbizitzaren bitartez. Sozializazio primario mota hori indarrean jarraitzen du; hala eta guztiz ere gizarte garatuetan, lanaren zatiketak ezagutzaren gizarte-banaketa sorrarazi du eta bigarren mailako sozializazio prozesuak ezarri dira, belaunaldi batetik besterako kultura eskualdatzea era argi eta arautuan ziurtatzeko. Eskola beti izan da eta izaten jarraitzen du, kulturaren barneratze eta besterentzea ziurtatzeko baliabideetariko bat, garrantzitsua zalantzarik gabe baina ez bakarra.

XXI. mendean lehen eta bigarren mailako sozializazioaren arteko mugak gero eta zehaztugabeagoak dira. Sozializazioaren agente hezitzaile bezala, sendiaren eta komunitatearen eragina gutxituz doa, baina komunikabideen presentzia eta eragina, eta zehatzago esateko agente sozializatzaile bezala informazioaren eta komunikazioaren teknologiak, gero eta handiagoa da eta gero eta tokirik gabekoagoa. Aldi berean, hezkuntza sistema ofizialaren eremutik kanpo gauzatzen diren gizarte agente ez formalen bitartezko kulturaren besterenganatzearen garrantzia hasiz doa.

Aitzinsolas horiekin, eskola eta, oro har, hezkuntza formala, hezkuntzara garamatzan bideetariko bat dela goraipatu nahi da. Eskolak, hezkuntza eragile bezala duen eragina bere tokian jarri eta erlatibizatzea bidezkoa da baina, hala eta guztiz ere, alfabetatzearen oinarrizko tresna izaten jarraitzen duela onartu beharra dago eta ofizialtasun izaeraz bizitzarako bidea ematen duena ere. Pasabide hori eskuratzeko leihatilatxoa hezkuntza formala kontrolatu eta ziurtatzen duten Estatuen esku dago.

Denboraren joanean zehaztasun era desberdinak izan dituen kurrikulumaren bitartez, belaunaldi bakoitzaren hezkuntza ideia ezarri da. Eskola kurrikulumaz hitz egiterakoan, kurrikulum "agiri" bezala kurrikulum "praktika" bezalakotik bereizi eta erlazionatu beharra dago. Kurrikulum, "agiri" bezala, ikasleek euren ikasketak burutzeko eta dagokien titulua eskuratu ahal izateko jarraitu behar duten ezarritako ibilbide edota bidea jasotzera datorren programari deritzo. Kurrikulum, "praktika" bezala ulertuta, ikasleak eskolaren gidaritzapean egiten dituen benetako esperientzia guztiak ditugu.

Kurrikulumak agiri bezala, are gehiago deskribatzailea baldin bada eta baliabideak ere arautzen baldin baditu, praktikan bere abiaraztea baldintzatu egiten du, baina ez du erabat erabakitzen, batez ere Euskal Herria bezalako egoeretan, bere historia, hizkuntza eta kulturagatik xehetasun bereizgarri zorrotzak dituelako. Kurrikuluma, ikuspegi osatuago bat eduki ahal izateko, ikuspegi bi horietatik aztertzea komeni da. Hortaz, Euskal Herrian derrigorrezko eskolaren osagarri biren konbinazioaren emaitza bezala ulertuko da kurrikuluma. Gainera, bi osagarri horiek utzi eta uzten duten aztarna handiagoa edo txikiagoa izan da eta da, inguruabarren eta egoera desberdinen arabera.

Kurrikulumaren oinarrizko zeregina gizarte- eta kultura-integrazioa lortzea da eta, era osagarrian, kurrikuluma derrigortzailea izan daitekeen neurrian, kontrol eta arautegi zeregina ere bete behar du. Herritar guztiek derrigorrezkoa den oinarrizko kurrikuluma partekatzen duten heinean, gizarte- eta kultura-nortasun loturak sortzen dira. Aldi berean, irakaskuntza derrigorrezkoa denez, Estatuaren Administrazioak jakintzaren antolaketa arautu eta kontrolatzen du, edukiak, ebaluaketak eta metodologia prozedurak ere ebaluatuz. Kurrikulumari buruzko eztabaidak pedagogia osagarri bat du, baina batez ere gizakiari eta gizarte ereduari buruzko eztabaida ideologikoa da.

Derrigorrezko eskolaren kurrikuluma erabakitzea nori dagokion, oraindik ere eztabaida teorikoaren eremuan kokatutako zabalik jarraitzen duen gaia da baina, praktikan, Estatuak dira, euren hezkuntza politikaren arabera, kurrikuluma era zabalago edota hertsiagoan ezartzen dutenak. Tradizioak eta prozedurak zentralistagoa den frantziar ereduaren edo liberalagoa den anglosaxoi ereduaren eragina izaten dutenaren arabera aldatzen dira, baina Estatuen parte hartzea kasu guztietan nabarmena da. Euskal Herriak maila desberdineko tradizio zentralista duten bi estaturen hezkuntza politika bereganatzailea dauka.

Derrigorrezko eskolarekiko Kurrikulumaren definizioan Estatuaren parte hartzea, ideologikoki berdintasunaren eskubidearen eta derrigorrezko irakaskuntzaren unibertsaltasunarekiko printzipioan oinarritzen da. Aurrera pausu historiko ukaezina dakarren aldarrikapen hori, frantziar Iraultzatik aurrera batez ere gorpuzten joango da, baina benetan XIX. mende bukaeraren eta XX. mendean zehar gauzatuko da. Prozesu horretako erreferente nagusiak Frantzian Jules Ferryren Legeek (1881-1882) sustraitzen zuten doako eskola publikoa, laikoa eta derrigorrezkoa eta Instrukzio Publikoaren Legea, Espainian Moyano Lege bezala (1857) ezagututakoa, izan ziren.

Derrigorrezko irakaskuntzaren unibertsaltasunaren eta berdintasunaren printzipio teorikoak nekez dira eztabaidagarri baina, bere aplikazioa askoz ere zalantzagarriagoa da, batez ere berdintasuna bezalako balore handien izenean homogeneotasuna inposatzen denean eta unibertsaltasunaren izenean uniformetasuna. Frantzian eta Espainian irakaskuntza frantsesez edo gazteleraz emango da eta, gutxituak izango diren euskara bezalako beste hizkuntza batzuen erabilera, debekatu egingo da. Halaber, kurrikulumaren bitartez kultura uniformetasuna inposatuko da. Egoera horrek Frantzian jarraitu egingo du eta Espainian, Konstituzioaren onarpenarekin (1978) eta Estatu osorako guztien gutxieneko eduki batzuk garatzeko eskuduntzak ematen zaizkien Autonomien garapenarekin, argitu egin da.

Xehetasunetan sartu gabe, bai Espainian bai Frantzian urteen joan etorrian identitate batasun kolektibo frantziarra edo espainiarra sustraitzeko tresna bezala kurrikulumaren zeregina urteen joan etorrian aldagabe mantendu izan da, aurrerabidearen eta normalizazioaren izenean, kultura eta hizkuntza gutxituak asimilatu eta kolonizatzeko asmoz. Kurrikulumaren betekizun hori aro bakoitzean nagusia zen testuinguru eta egoera sozio-ekonomiko, politiko eta ideologikotik haratago, erregimen politiko guztietan era jarraituan zaindu izan da.

Euskal Herrian, agindu kurrikular ezberdin izan dira indarrean izan dira eta euren aztarna utzi dute. Aipatutako Moyano Legearen (1857) ondoren Espainian garatutako agindu kurrikularren artean, hauek dira: Lehen Irakaskuntzako Legea (1945), Hezkuntza Lege Nagusia (1970), Hezkuntza Sistemaren Antolaketa Orokorrari buruzko Lege Organikoa (1990) eta XXI. mende hasieran indarrean dagoen Hezkuntzaren Lege Organikoa (2006). Frantzian, aurretik beste lege batzuek izan zituen Jules Ferryren (1881-82) aipatutako Legeaz gain eta denboran zehar aurreranzko jauzi bat eginik, esanguratsutzat honako Lege hauek jo daitezke: Debré (1959), Faure (1968), Haby (1975), Savary (1984), Jospin (1989) eta Orientazio Legea edota Loi Fillon (2005) XXI. mendean indarrean dagoena alegia. Lege horiek eta bere hezkuntza helburu eta proposamen kurrikularrek aro bakoitzeko testuinguruaren eta inguruabarren emaitza dira, baina guztiak dute frantziar edota espainiar nazio-hezkuntza sendotzeko intentzio eta proposamena.

Kurrikulu ofizialen ikuspegia osatzeko 1980ko urtetik Euskal Autonomia Erkidegoak eta Nafarroako Foru Erkidegoak euren autonomia erkidego izaeragatik, espainiar Estatu osorako guztien oinarrizko kurrikuluma dena garatzeko eskuduntzak dituzte. Hala eta guztiz ere, kurrikulumaren bitartez espainiar edo euskal izaeradun kultura eta nortasunarekiko produktu bat bultzatu nahi izan dutenen artean etengabeko tentsioa izan da. Kurrikulumean euskal kultura eta hizkuntza naturaltasunez onartzeko erresistentzia eta eragozpenen erakusgarri, alderdi konstituzionalista izenekoek Euskal Herria hitzaren erabilerarekin eta euskararen erabilera eta ezagutza ziurtatu dezan hizkuntza ereduaren ezarpenarekin etengabe sorrarazi eta bultzatu duten istilua izan da.

Orain arte izaera ofiziala duten agiri kurrikularrak edo proposamenak aipatu dira, baina Euskal Herrian badira gizarte ekintzatik datozen beste proposamen kurrikular batzuek ere eta, derrigorrezkotasunik ez duten arren, praktikan garrantzi handiko erreferenteak dira. Eragin sendo bat duen proposamenetariko batean, hezkuntza sistema ez unibertsitarioko eragile desberdinak parte hartu izan dute, zehazki, ikastetxe publikoetako, kristau eskoletako, Euskal Autonomia Erkidegoko, Nafarroako eta Iparraldeko hogeita bi elkarte izan dira, guztion artean euskararen Herriko edo Euskal Herriko lurralde desberdinetako hezkuntza sektore osoaren ordezkotza zabala osatuz. Euskal Kurrikulumari eta Berariazko Euskal Kurrikulumarekiko proposamen hori ikastetxek baloratu eta hobetua izan da. Proposamen horretan parte hartu duten elkarteak, "lanaren garapenean lankide izateko eta dagokion balorazioaren ondoren, oinarrizko eta guztien kurrikuluma aplikatzera" konprometitu dira. Bestalde bada, desberdina izan arren, aurreko proposamenaren elementu asko biltzen dituen eta lehen eta bigarren hezkuntzako zuzendarien elkarteak eta eskola publikoko gurasoen elkarteak aurkeztu duen beste proposamen bat ere.

Proposamen bi horiek Euskal Autonomia Erkidegoan oinarrizko hezkuntzaren kurrikuluma ezartzera datorren Dekretua gauzatu zenean (2007), eragin sendoa izan zuten. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak estatu espainiar guztirakoak ziren edukiak eta gizarte ekintzatik sortutako bi proposamenak integratzeko jarraitu izan duen prozesua oso korapilatsua eta hobegarria izan da, baina azpimarratu egin behar dena hauxe da: lehendabiziko aldiz gizarte zibilaren ordezkariak eta politikoen ordezkariak adostutako kurrikulum proposamen bat egin ahal izateko elkarlanean aritu izan direla. Jarduteko era horrek atzerabiderik izan behar ez lukeen gerorako bidea ezartzen dgu, kurrikuluma praktikara eramatea nahi baldin bada behintzat. Hezkuntza berrikuntzan aditu diren batzuk hobekuntzak goitik behera eta behetik gora ere abiarazi daitezkeela baieztatzen dute, hau da, administrazioetatik edota eskoletatik. Bide biak izan daitezke eraginkorrak, baina ez dago inolako zalantzarik ere biderik egokiena ikusmolde bi horien arteko osagarritasuna denik.

Une hauetan kurrikulumaren formulazioan ondorio ukaezinak eragiten dituen egikari bat dago eta, bere eragin hori, gainera, etorkizunean gero eta gehiagokoa izango da. Estatu-nazioaren homogeneotasuna eta batasuna sendotzeko jaio ziren nazio hezkuntza sistemen eskemak birrintzera datorren europar espazioaren osaketa da. Izatez, frantziar Orientazioaren Legeak (2005) eta espainiar Hezkuntzarako Lege Organikoak (2006), europar osoko kurrikulumaren erreferentzi esparruan formulatzen diren oinarrizko edo gako diren eskumenei buruz, Europako Kontseiluak eta Legebiltzarrak emandako aholkua bereganatzen dituzte. Euskal Herrian, frantziar alde kontinentalean zein espainiar hegoaldean, lehen aldiz enbor bera duten, euren desberdintasunaren baitan, kurrikuluak partekatzen dira.

Agiri bezala ulertzen den kurrikulum edo egitasmoaren eta bere gauzatze edo kurrikulum errealaren artean beti dago tarteren bat. Kurrikulum ofizialarekin batera eransten diren neurrien bitartez, kurrikuluma praktikan abiarazteko zubia ezarri nahi izaten da. Kurrikulum ofiziala bere gauzatzea ziurtatzeko, beharrezkotzat jotzen diren neurriez osatuta izaten da.

Neurriotariko bat, espainiar eta frantziar Estatuen aldetik, hasiera batean 6 urtetik 9 urtera, irakaskuntzaren derrigortasuna ezartzea izan zen, gero 12 urtera arte eta geroago 14 urtetara arte, egun 16 urtetan finkatuz. Hala ere, une honetan, europar herri batzuen joerari jarraituz, derrigorrezko eskolaratzearen adina, gutxienez zati batean, 18 urtera arte zabaltzeko aukera aztergai jarri da.

Beste neurrietako bat, ministroaren kargutik maisu funtzionarioarenera arte betidanik hierarkikoa eta piramidala izan den eta denboran zehar aldatu diren antolaketa formak izan dituen hezkuntza sistemaren aparatua kurrikulumaren garapen eta kontrolaren zerbitzupean jartzea izan da, guzti horretan eskola denetan kurrikulumaren ezarpen eta kontrola ziurtatzeko ikuskatzaileen zeregina funtsezkoa izanik.

Espainiar eta frantziar estatuek, irakaskuntza Elizaren eskuetan zegoela ikusita eta kurrikulumaren ezarpenean eta kontrolean berme handiagoa izateko nahian, euren eskolak edo nazio eskolak sortu dituzte. Eskola hauetan, estatu-funtzionarioak diren euren maisuak eta irakasleen trebakuntzarako eurenak diren ikastegiak edo eskola normalak aurki daitezke.

Boterean den politika erregimenaren ideologia nagusiaren arabera, eskola pribatuen jarduerari buruzko malgutasun txikiago edo handiagoa izan da, baina espainiar Estatuak eta are gehiago frantziarrak batez ere ekonomia kontzentrazioaren bitartez, eskola bat zabaltzeko baimena emateko baldintzak eta bere jarduerarako baldintzak ere kontrolatu dituzte. Kasu guztietan eskola-eskuliburuen baimena eta derrigorrezko irakaskuntzaren amaieraren ondorengo ebaluazioa eta egiaztatzea espainiar eta frantziar Estatuen esku izan da.

Espainiar eta frantziar hezkuntza sistemen bitartez bideratutako kultura egitasmoaren zama guztia, bai nazio eskola publikotik bai Elizaren eskola pribatutik bideratutakoak ere, bere aztarna Euskal Herrian hainbat belaunalditan utzi dute. Bere eragina frantziar edo espainiar hizkuntzetan euskaldun guztiak alfabetatzerakoan, bizitza publikoan eta ekonomikoan ere moldatzen jakiteko beharrezkoak diren tresnen eta kulturaren eroale bezala hizkuntza bi horien egoera jasoagoaren barneratze prozesua eta sustapen pertsonalerako hizkuntza bi horien eragina ere ukaezina izan da.

Zalantzarik gabe hezkuntza sistemak, Estatuen beste instantzia batzuekin batera, euskalfrantses edo euskoespainol bezala euskaldunon nortasun kolektiboaren eraikuntzan lagungarri izan dira, baina gorago esan dugun bezala, sozializaziorako eragileek ez dira eskola eremura ez eremu publiko edo ekonomikora bakarrik mugatzen. Euskal nortasun kulturalaren ondorengoetaratzean lagungarri izan diren komunitate-, aisialdi-, erlijio- etab. bezalako agerraldi desberdinetan azaltzen zaizkigun sendia eta gizarte bizitza bezalako beste sozializaziorako guneak ere badira. Bestalde, arinago esan den bezala Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako Foru Aldundiek XIX. mendean hezkuntza kudeaketan eskumen batzuk mantendu zituzten eta hezkuntza erakunde propioak sortu zituzten. XIX. mende bukaeratik aurrera eta XX. mendearen hasierara arte, euskal abertzaletasunaren sorrerarekin akulturazio egoeraren kontzientzia dago eta eskolaren ekarpena ezinbestekoa denari buruzkoa ere baldin eta euskal kultura eta hizkuntzaren iraupena nahi bada. Pentsamolde aldaketa horrek ondorio asko ditu, hezkuntza eremuan barne, eta euren artean kurrikuluma agiri bezala hezkuntza praktikara gehien hurbiltzen duenari buruzkoa nabarmentzen da: eskola eskuliburuak.

XIX. mendetik Euskal Herrian belaunaldi desberdinetako ikasleek erabili izan dituzten eskola eskuliburuen azterketak eskolaren bitartez besterenganatu izan den kultura egitasmoaren errealitatetik legokeen ikuspegirik hurbilena, dekretu kurrikularrak eurak aztertzea baino hobea, emango liguke. Nabaria da Euskal Herriko ikasleek erabilitako eskola eskuliburuak, orain urte gutxira arte, gazteleraz edo frantsesez idatzitakoak izan direna eta horiei dagozkien edukiak kurrikulu dekretuari zintzoak izan zaizkiona, euren argitalpenerako aldez aurretiko baimena behar izan baitute.

Baina euskaraz ere eskola eskuliburuak erabili eta argitaratu izan dira. 1875etik 1960ra arte argitaratutako eskola eskuliburuen kopurua oso murriztua da eta euretatik gehienak kristau ikasbideak edo euskara ikasteko metodoak dira, nahiz eta geografia, matematikak, geometria, fisika eta kimika... bezalako jakintza arloak ikasteko metodoak ere egon dauden. 1960. urtetik aurrera, gizarte mugimendu bezala sortutako ikastolen errealitatearekin eta, batez ere, 1970etik aurrera mugimendu horrek izan zuen hedapenarekin, kurrikuluma eta ikasturte guztiak osorik jasotzen dituzten eskola ikasliburuen eta euskarazko haur eta gazte literaturako liburuen argitalpenak nabarmenki gora egiten du. Aldi horretan sortzen dira euskarazko eskola-eskuliburuak argitaratzen dituzten Euskal Herrian kokatutako hainbat argitaletxe eta erakunde. 1980tik aurrera, Eusko Jaurlaritzaren laguntzaz, euskarazko irakaskuntza administrazio publikoaren ikastegietara eta gehiengoak erlijiosoak diren ikastetxe pribatuetara ere, zabalduko da. Espainiar argitaletxeak merkatuaren gehitzeaz ohartzen dira eta euskaraz eskuliburuak argitaratzen hasten dira, batez ere 1990etik aurrera Espainian LOGSEren ezarpenaz geroztik. Une horietan euskaraz argitaratutako material kurrikularraren eta eskuliburuen kopurua Euskal Herriaren barruan baino kanpoan argitaratutakoa handiagoa da.

Azken urteotan euskaraz egindako material kurrikular eta eskuliburuei buruzko argitalpenen kopuruari dagokion garapen eta aurrerabidea errealitate nabarmena da batez ere hegoaldeko Euskal Herriari dagokionez, baina euskaraz argitaratzeak ez du zertan kultura egitasmo jakin baten nortasunarekin elkartuta izan beharrik. Zentzu horretan egin diren ikerketek Euskal Herriaren baitan edo bertatik at kokatutako argitaletxeek Euskal Herriaren lurraldetasuna, hizkuntza eta kultura, historia eta gizarte antolaketari buruzko gaiak era desberdinez fokatzen dituztela erakusten digute.

Uneotan, material kurrikularretan, bai euren zereginari dagokionez bai formatuari dagokionez ere, erratzeko arrisku handirik gabe aldaketa esanguratsuak izango direna iragartzera garamatzaten aldagai batzuk elkartzen dira. Konpetentzietan oinarritutako heziketaren ikuspegia hezkuntza paradigmaren aldaketa da eta beraz ekimen didaktikoaren osagarri guztien arteko harremanaren birplanteamendua behar du (testuingurua, asmoa, edukiak, irakaslea, ikaslea), ezinbestean material kurrikularrek inspiratu beharko duten metodologian islatu beharra izanez. Bestalde, Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien presentzia jada ukaezinezko errealitatea dugu. Informaziora iristeko eta informazio hori biltzeko aukerak, nabigaziorakoak ere, eta multimedien gehikuntzak, inprimatutako formatuan dagoen testuliburua formatu digitalak eskaintzen dituen aukeren aurrean zaharkituta gelditzea dakar.

Aldaketa horien ondorioak oraindik aurreikusi ezin daitezkeenak dira, baina eskola liburuak gelan lanerako funtsezko tresna izateari utzi egingo diela argi dago. Kurrikulum ofiziala hezkuntza praktikara hurbildu eta zeharretara kontrolatzeko zuten zeregina, ez da material kurrikular digitalengatik ordezkatua izango, azken hauek material kurrikularren hautaketan irakasleen autonomia maila handiagoa ahalbidetzen baitute.

Aipatutako aldaketek alde guztiei eragingo die, baina Estaturik gabeko hizkuntza eta kultura propioa duten herrien espezifikoagoa den erronka bat azaltzen da. Erronka hauxe da: bakoitzarenetik abiatuz derrigortasunaren eta unibertsaltasunaren dimentsioak bateragarri egin ditzan kultura egitasmo bat garatuz, guztien aldaketen (gaitasunezko pedagogiaren ikuspegira egokitu eta baliabide digitalak erabili) exijentziei erantzuten dion material kurrikularren eskaintza zabala nola egin.

Material kurrikularrekin batera agiri gisako kurrikuluma praktikan gauzatzean badira beste hainbeste edo gehiagoko garrantzia duten beste aldagai batzuk ere. Ebaluazioan datza, oro har, eta batez ere egiztagarri den ebaluazioarena eta irakasleen prestakuntzarekikoa ere, bai hasierakoa bai etengabea ere. Geldi beza, beraz, elementu horien guztien garrantziaren lekukotza eta Euskal Herrian bere garapenaren azterketa sakonago baten interesa eta nazioarteko joeren berri ere.